literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Ilustrazioaren eragina euskal literaturan

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Lehenago, Pizkunde garaian, ideia berritzeak, inprimerien sorrera eta erlijiozko borroken eraginez Euskal Herriko ifarraldean literaturagintza hasi zen bezalatsu, Hamazazpigarrenaren azken partean inprimategietan brontzezko plantxak zurezkoen ordez jartzean liburuak apaingarriz irtetzen hasi ziren, lehenago eskuz egin beharrezko hornidurak inprimatuz, eta berritzeok idazkera bera ere aldatuz. Ilustraziogabeko liburuek, ilustratuak bere ederrez adiarazten zuten inguru haren ordez, beharrezkotzat zuten idatzitako adiarazpenaren ingurua agertu beharra eta hemendik etorri zen idazmoldeen aldakuntza, baina baita ere ideian berritzeak eurak ere izan ziren ilustrazioaren mugitzaile. Orduan, era berritze honek zer ikusi handia izan zuen Euskal Herriaren hegoaldean, literaturagintzari heltzeko.

        Lehendik baziren zenbait dotrina euskaratuak, ahozko literatura ere bere aldetik jarraitzen zen, baina literatura landua esan genezakeana orduan hasi zen. Kulturadunak ziren aurrenengo, baina herriarentzat idatziaz. Seguru asko era berrien eraginak mugitu zuen Larramendi, euskaraz guti baino idatzi ez bazuen ere, hor ditugu hiztegia, gramatika (El imposible vencido delakoa), «Corografía» eta abar. Bere inguru, Mendiburu, Kardaberaz eta Ubillos, gehiena erlijio gaiez egin bazuten ere, herria kultur bideetara eramaten ahalegindu ziren, herriari bere hizkuntzaz adiaraziz. Ondorean Enziklopedia zaleak agertuko ziren eta hoien kutsapenak jarriko zituen alde hontako euskal literaturaren oinarriak.

        Behar bada, edo Seguru asko, Sor Luisa izenordez Peñaflorida-ko kondeak 1762an agerrarazi zuen «Gabon-sariak» izeneko antzerki erako lanak markatzen du gure egiazko ilustrazioaren sarrera.

        Xabier Maria Munibe, Peñaflorida-ko kondeak, Frantziatik haize berriak ekarri zituen, eta lehendik errotzen zetorren euskal literaturaren girora lotu zen, Larramendi eta bere jarraitzaileak, Joanes Etxeberri Sarakoa (1725. urtetik 1749ra arte Azkoitiko mediku zena), Mondragoeko eskribau zen Barrutia, Gernikako de la Gandara eta abar, hemen ziren euskal literaturaz kezkaturik.

        Azkoitiko «zalduntxoen» hasiera bateko giroa oso euskaltzalea izan zen; geroago, zoritxarrez, erdaraz landu zituzten beren gaiak. Dena dela, hor dago «Gabon-sariak» izeneko agerraldia, gure ilustrazioko lehen izpia erakusten diguna. R.S.B. de los Amigos del País deitu elkarte bera sortu baino lau urte lehenagokoa.

        Kutsapenezko eraginetan ezta gauza erraza muga zehatzak jartzea, baina mugarik jartzekotan Miserikordiako Sor Luisa-ren izenez agertu zen «Gabon-sariak» jarriko nuke nik. Hala agertu nuen 1974ko abenduaren 27an Azkoitiko Insausti jauregian irakurri nuen txosten hartan (Ikus, «Euskera», XX, 1975, 453/458 orrialdeak).

        Teatro antzera egindako obra honek, ikasi batek egindako kanta herrikoiak ditu. Estilo jolaskorra, baina batez ere erudiziozkoa, jakintzaz hornitua, eta hau da hain zuzen ilustrazio garaiko agergarririk bereziena.

        Gizarte krisis handien inguruan idatzia da eta bere gogoko gizartegintza berria kantatuko zuen Jesus Salbatzailearen ohoretan. Behar bada Bergarako Mintegiaren sorrera ideiak bere baitan hasi ziren garaia eta Testamentu zaharreko pasarteak gogoan (Isaias, 11, 4.):

 

                Ezpatak, lantzak eta

                beste arma guziak

                Erositzen dituzte

                Errementariak;

                Ta alperrikan ez dediñ

                Galdu burni hura,

                Enpleatzera diaz

                Gure probetxura.

 

                Atxur, burdiñara ta

                Golde bihurturik,

                Nekazari langiñak

                Ongi giaturik,

                Emango digu lurrak

                Garia ta artoa,

                Gaztaña, sagardoa

                Ta ardo nahikoa.

 

        Idealetan gora joango da eta Paradisu berri baten ametsa ekarriko digu:

 

                Ez da honezkero esango

                Gezurrik batere,

                Egia esango dute

                Dendariak ere:

                Juan da hemendik tranpa

                Ta pede gaiztoa

                Ia ur bage saltzen da

                Tabernan ardoa.

 

        Honela, Hamazortzigarren mendearen azkenaldirako euskal literatura tinkatzen da mugazemendik, era aski irekian, ondotik etorriko zaizkigu Añibarro, Mogeldarrak, Mateo Zabala, Iturriaga eta abar, Iztuetarekin erromantikoen garaira lotu arte eta hauegandik gure gizaldira arte.

 

Juan San Martin

1976-X-11

 

Bilaketa