literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurre politikoa

 

Jose Azurmendi

 

«Herriaren lekuko»

Rikardo Arregi

Jakin, 1970

 

        (1942-1969) laudoriozko aipamenez eta gorazarrez betetzea ote da hari zor diogun eta gure partetik dagokion omenaldia? Ez, hobe dugu haren pentsamenduak eta harenekin batera geureak berriro pentsatu.

        Rikardoren politikazko idazkiak probetxuz irakurriaz idazlearen pentsabidean eta nortasunean barneratu nahi lukeenarentzat eskaintzen dut hitzaurre hau. Inori idazkiak berak arretaz irakurtzea eskusa lezaiokeen azterketaren baten azkeneko emari gisa ez baino, haiek irakurri bai eta egin ere problema batzuekin egiteko hitzaurre hutsaren arabera. Hemen ez du irakurleak Rikardoren ideia eta asmo politikoen kontaduriarik eskuratuko. Rikardoren iritziak ugariak dira, haren ardurak bezalaxe. Beharrezkoa da haiek biltzea, noski, baina ez bilduta gero haiekin taloren bat egin eta lasai jateko. Iritzi ugari horiek tema bat-beraren bariazio antza bait dadukate, eta tema horixe da, nire ustez, bariazioan artean idoro beharrezkoena. Rikardoren nortasun politikoa dagien tema. Baina tema ere ez da id tema bariazioak kenduz gero, eta ez dizkiot nik, eskema bat egitearren, kenduko. Bariazio berriak probatu baizik.

        Areago, hitzaurre honek ez du, Rikardo zenaren nortasunaz axolatu arren, haren sikografiaren bat dibujatu nahi. Irakurlearen begiak idazle politikoaren nortasunera eta honen inguruaz idazkietan agiri diren goiti-behiti batzuetara itzularazi nahi lituzke bakarrik. Rikardoren ideiak eta asmoak berak banan banan ebakitzea, bereztea eta judikatzea, oraindik batere egin gabeko lana, eta zaila izango litzake horrelakorik egitea ere haren obrak osorik argitaratu arte eta bere biografia zehatz ezagutu gabe. Hemen ohartaraziko dena ez da (noski!) Rikardoren idazkietan ohargarri den guzia. Idazkiok, gehienetan, berez dira esanahitsurik aski eta berez mintzatzen dira hobekien beren buruez. Idazki bakoitzean bakan hartuta jakingarrientsu izan daitekeenera ez baino, hortakoz, idazkiok denak batera eta batasunean hartuz aurkitzen diren arazoren batzuetara zuzendu nahi du hitzaurre honek irakurlearen oharmena. Irakurlea beste gauza askori ere adi egotearen kalterik gabe.

        Hitzaurreak ez bait du hitzaurretutakoa baino inportanteagoa azaldu behar!

 

        Rikardoren nortasun politikoaz lehenengo hitzak

        Presentaziorik... ez du noski gure artean Rikardo Arregik inolazkorik behar, eta ezerk baino gutiago haren politikazko idazkiek. Euskal jenderik gehienak ezagutu zuen eta pertsonalki ezin izan zutenak ere aditzeraz eta irakurtzez behintzat hurbil egon zitzaizkion. Era askotarikoa izan da Rikardoren lana. Ozta-ozta geldituko da Euskal Herrian kontzientzia sozial biziko euskaldunik inor, nola-bait hari zorretan egon gabe. Haren idazkiak ez dira eskierki bere nortasunaren arrasto bat besterik, baina idazkiotan distiratzen edo islatzen den idazle politikoaren nortasunaz bakarrik ardura nindeke hemen ni. Hemen bertan ere lan izugarria pilatzen da.

        Esaldi arrunt batez esan ohi den bezala esateko, Rikardo bizirik dago. Modu askotara bizirik, baina egiten digun bere faltagatik batez ere.

        Baina baita bere idazkiak ere, bizirik daude oraindik. Ez dio ezer gutitzen, halare, haren idazki lanen berezko merezimenduari, idazkion aldean hemen idazlearen nortasun politikoa zerbait herezkotzat goratzeak. Bere idazkietan bertan ere idazkiak baino askoz gorago zegoen Rikardo; ezagutu genuen guziok ohartu genuen hori. Hain ikaragarri orijinalik izan ere ez bait ziren beti haren eskribuak. Presaka eta lasterka aritu behar izan beti. Eta orbelduta, zimelduta eta badagoke iadanik, apika, Rikardoren zenbait asmo eta uste. Gainera, haren idazkiak ez dira berez ere ideia politikoen esku-liburu bezala edo debozionario gisa irakurtzeko. Eta, gero, denbora ere ez dago lo. Biztuz ere berriro itzaliz doaz problemak, premiek bultzata. Rikardoren idazkietan beretan nabari da nola problema batzuek denbora joanaz abandonatuta gelditzen diren eta berriak azaltzen. Martxan dago Rikardo. Eta problemen desarroiloarekin batera ikusgune berriak eraikitzen ditu, eta ikusgune berriak ikuskera ere aldatu eragiten dio. Konzeptu berriak gehienetan aurrekoak aberastera etortzen zitzaizkion (Rikardo oso gazterik hasi zen politikaz idazten), baina batzutan aurreko usteak ukatuz eta puskatuz ere bai. Nahiko ezaguna da bere buruaren errebisionixta porrokatua zela Rikardoren eboluzioa ez zen zartada eta hartat-honat galantik gabe egin. Hauxe izan daiteke haren lehenengo irakaspena: ibiltzen ausartu behar dugu, eta behin emandako pausoak ez kanonizatzen.

        Baina lehenengo problema ere hementxe aurkezten zaigu: modu ezberdin askotan ulertu izan da eta uler daiteke Rikardoren desarroilo hori. Eta argitasun batzuek egin beharra dago hortaz, kontu asko ekar bait dezake luzarora desarroilo hau modu batean ala bestetan esplikatzeak.

        Batzuetan konbersio itxura zedukaten aldakuntza hoetxetan ikusten da, nire ustez, inun baino agiriago Rikardoren nortasun politikoa. (Idazle politikoaren, alegia, berriro esateko). Idazkietako tensio, hautsi-une eta etendura (itxura) guzien gainetik desarroilatuz baina konstante altxatzen bait da nortasun hori. Itxuraren kontra, halare, ez erori altxatuz, eta hai beti zutik eta deliberamenduz. Bere posturak ez dira kasualidadeak diktatuta sortu. Okerren damu-aitortzak egin izanak berak eta bere egiteko erak erakusten dute, leku une batetatik besteren batetara iragatekoan Rikardo ez zebilela haizeak nundik jo. Ez haizearen alde eta ez derrigor kontra (kontra egotea moda samar eta Rikardo bere ikutu gabeko ez izan arren). Bere zindotasunak eta une oroko reflesio kritikoak ezartzen dituzte, nire ustez, Rikardoren eboluzioaren muga hesiak, baina baita haren jarraikitasuna ere.

        Gauza agerikoa zen Rikardo zurrunbilo askorekin zebilela beren pentsamenduarekin. Labirinto baten modukoa da azkenean haren idazlana, eta Ariadneren hari bat gabe galdu egingo litzake irakurlea artikulu laburren ugaritasunean. Badirudi, haren aitortza eta damuak hitzez hitz hartzekotan behintzat. Rikardok berak ere subjetibuki nahiko konbersio antzean hartu zituela bere pentsabideetan sortu ziren kolpeak, diferentziak, bihurguneak eta joera berrikuntzak. Baina objetibuki azterkatuz gero, ez dago hiru edo lau Rikardorik, agerpen ezberdin guzien azpiko bat bakarra baizik. Eta hori, besterik pentsa ahal badaiteke ere, ez da Perogrulloren egiarik: barnean bere batasunik sortu gabe makina bat nortasun politiko ezagutu izan bait da bazterretan, Euskal Herrian azkeneko boladan batez ere. Nortasunaren batasunak ez bait dakar berez nortasun politikoaren batasunik. Baina Rikardoren pentsamenduak ezpairik gabe daduzkan tirandura eta koska guzietan ere eskizofreniarik ez dago.

        Bere barrean asko ibili gabe egin zuen Rikardok Kristau Demokraziatik sozialismora eta marxismoraino ailegatzeko bidea. Bere baitan sakonduz, hori bai. Eta hor ez dago postura nahasterik: ez dago Rikardok une bakoitzeko bere konbizioei ematen zien indarra dogmakeriatzat hartzerik. Esaterako, dogmakoikeriatik askatuzko konbersio baten frutu bezala adierazten digu Txilardegik Tierra Vasca-ri (Rikardo Arregi hil da!) Rikardoren sozialismoa eta askatasuna elkartu nahia:

 

        Marxismoaren ortodoxiatik eta espainol trotskismotik hurbil egon zen bolada batez, eta aitortu egin du jator izkribuz. Baina konturatu zen ultra-ortodoxia haiek ez zutela inora eramango; eta Gora Rebisionismoa artikulua argitara zuen ezkeroztik (Dubcek txalotuz) gero eta garbiago agertu du bere helburua: sozialismoa eta askatasuna ezkontaraziz sortu behar dugun sozialismo berria.

 

        Baina asmo hori, reflesioaren argi berdinarekin ez bazen ere beti, hasiera samartsutik nabari zaio Rikardori. Gehiago ere esango nuke: azken finean askatasunagatik nahi zuela Rikardok sozialismoa, Aegia. (Ongi Rikardok Txekoslobakiako inbasioa komentatuz: Sobietarrek eta bere monagiloek libertadearen usaia entzun ere ez dutela egin nahi demostratu digute, cfr. JAKIN, 31-32, hor. 76). Eta hor goian aipatzen diren ideologia horietatik hurren, Txekoslabakiako trajeriaren ondoren ere jarraitu zuela baieztuko nuke. Rikardo ez zen, aiurrez, inor kondenatuz gero gaitzeritzitakoa deabruarentzat uzten zuenik. Eta pentsamenduz, Rikardoren dohainik harrigarrienetako bat hain zuzen bere ideologia kontrarioei ere konbentzio gutirekin eta aurre-iritzirik gabe hurbiltzeko erraztasuna zen. Rikardo ezaguarazten zuen seinalea zen ikusita gero bakarrik sinestea, jelosiaz zaindutako beren pentsamenduaren autonomia. Horregatixe, aldez aurretik erabakitako programaren bat onartzeko haren nekea (ez berea ez beste programarik nahi ez zuelako, pentsamendu kontuetan programa gizonik batere ez zelako baino).

        Halabaina, konbersio hoek problema zail bat jartzen dute: Rikardoren konbizioak noraino fede eta noraino arrazoiak arrazonatutako ote ziren. (Bistan dago baitipat, biok ez daudela elkarrekin zerikusirik gabe, baina bion elkartasun honetan elkarren kontradizioarena da zinez joku honen ikusalderik lehen ikustaldian nabarmenena). Beraz, dogmaz dogma ote doan Rikardoren eboluzioa (euskal gazteriarena omen doala esaten den legez) edo-ta dogmaren batetatik harengandiko liberaziora, ala ostera bere pentsabideetan egiazka dogmarik batere ba ote dagoen inon.

        Idazki bakan bakoitza irakurtzeko da garrantzizkoa hori aldez aurretik argitzea. Desarroiloren barruan ikusi behar bait dira idazkiok, eta ez denborarik gabeko balira bezala. Desarroilo-une bakoitza dogmakoi eta bere baitan hertsi balitza, ordea, desarroiloaren konzeptu bereziarekin begiratu beharko litzaioke Rikardorenari.

        Txilardegi izan zen, ezpairik gabe, inoiz Rikardo idazle politiko bezala zakarkien jorratu eta kritikatu zuen idazlea. Baina ekiboko batekin, uste dudanez. Ikus JAKIN, 26 (1967) 3-21 aldizkari horrietan Igara izenordekoz agertarazitako saiakera Marxismoa modan egon zen. Rikardo Arregiri erantzunez. Esaldirik garratzenak idazlanaren azken aldekoak egiten dira: Savonarolarekin eta Stalinekin alderatuta uzten da bertan Rikardo.

 

        Stalin apezgai izan zen. Gure arteko marxistarik kupidagabeenak eta gogorrenak Apaiztegian egonak dira. Savonarola biztuko balitz, marxista izango litzake segurki! Hortan datza marxistekin alkarraitzeko zailtasun guzizkoa. Marxista bat ez zientzia-gizon hotz bat. eskuarki apostolu fededun bat da. Apostolu guziak bezala errespetagarri, hau bai. Baina aurretik eta beti apostolu sutsu.

 

        Burubide honetakoxe pertsonaia bat Elsa Scheelen nobelan eman digu berriro Txilardegik: Pierre Meunier. Kristau aurrera-zaletasunetik marxismo betera igaro ninduen hortara ezarian-ezarian.

        Fedezko jokabideak ez dago arras ukatzerik Rikardoren pentsabideetan. Alegia, bi ertzen arteko hutsuneak salto batekin betetzeak. Baina dogmakoikeriarik? Hots, salto hori beharrezko, posible bakar eta arrazoiak erakutsitzat edo-ta edozeinentzat baliozkotzat edukitzerik? Rikardok ikusten zuen problema eta justifikatzen ere saiatu zen noizpait. Ikus, adibidez, JAKIN, 25 (1967) 12:

 

        Ba dakit beste gauza bat déla erabat eta benetan manikeista izatea, mundua bitan erdibituta dagoela uste izatea, batetik onak eta bestetik gaiztoak daudela uste izatea. Eta sentidu horretan politikalari, politikagile, politikazale edo politokologo batentzat manikeista izateko eskubiderik ez dago. Dudarik gabe. Baina ezin dezakegu uka politika egiten dutenak etenik gabeko egon-ezin dialektiko batean arkitzen direla, une bakoitzean bakoitzarena bestearena baino hobea dela uste izatetik bakoitzarena dela Ona eta bestearena Gaiztoa uste izatera dagoen muga lehertu eta apurtu daitekeelako, etab.

 

        Txilardegik ezagutzen du, eta salatu ere egin izan du, fede famatu horrekin hatera aritzen den arrazoinalismoa. eta berak ez bestek du fedea dogmakoi bihurtzen. Niri, ordea, Rikardoren idazkietan arrazionalismorik egotekotan Txilardegiren arrazionalismork berak haren baitara proiektaturikoa bakarrik izan daitekeela iruditzen zait (halako arrazionalismo tankera bat beti eduki du zorionez Txilardegik, arrazionalismoaren kritikan bertan ere) eta ohargabeko proiezio horretxek posibilitatzen diola Rikardo, bere azpijorran, dogmakoi fededun suposatzea, ezen-eta ez probatzea: isil isilik ideia batzuen eta idazle osoaren, edo-ta idazlearen eta bere terminologiarekin dabiltzan beste askoren identidadea presuposatzen bait du. Horregatik pasatzen da, zubi oharkabeki postulatu horretatik, ideia eta terminologia batzuetatik haien atzean berak presuposatzen zuen errealidadera. Eta horrelaxe juzgatzen du Txilardegik Rikardo haren funtsezko barneenean dagoen postura propioa eta jarraikitasuna igarri gabe, inolaz ere bere lagunik ez zirenen lagunartean. Hau da, Rikardoren esaldiren batzuek pertsonaia horiekin zedukaten antz okasiozkoa sustantzialtzat hartuz. Rikardoren bolada bateko hizkuntza dogmakoiki erabilitako ideologia batek erantsitakoa izateak ez bait zuen hura bertan bera dogmakoiekin berdintzen, ezta inolaz ere.

        Neuk ezer azkeneko hitzarekin erabaki nahi gabe ere, bada, (irakurlearentzat utziko dut hauzi hau xehekiago begiratzea) zilegitzat dadukat ohar batzuek eginaz jarraitzea. Txilardegi zuzen aritzekotan asko aldatzen bait da Rikardo irakurtzeko nire ustez behar litzakeen izpiritu-zabaltasun onarkorraren postura. Ez luke balioko honek, eta bere lekuan eszeptizismorik gogorrenarekin irakurri beharko lirake idazkiok, edozein iritzi dogmakoi bezalaxe.

        Aldi bateko idazkiaren eta bereko idazlearen artean erabateko ezberdintasunik egon ezin daitekeen jakina badago ere (Txilardegiren kritika ez zen motibu edo kariarik batere gabekoa: hor gelditzen da problema, zein bere eta zein bere inguruko aurre-baldintzak egiten zuen posible Rikardok terminologia posible bat bereganatzea) ez dago faktore haien (idazkiaren edo aldiren baten eta idazlearen) artean, gauzaren eta bere okasiozko formaren artean bezalaxe, erabateko identidaderik zergatik ikusirik. Batez ere idazlea, Rikardok aritu behar izan zuen bezala, bere hitzaren preso eta bere inguramenduaren (edo-ta inguramendu hori burrukatu beharraren) esklabu dabilenean. Ez bait da ahaztu behar, aurren-aurrenik, askatasun eta aukera handirik gabeko gizarte batetan hazi eta hezi zela Rikardo, eta prentsa ofizialari buru egin beharrik jardun zuela bere idazle lan osoan. Eta bigarrenik, albistaritzan hasten den euskaldunak ez duela inolako terminologiarik eginda aurkitzen, tradizioari lotzeko. Egoera honetan kontuz ibili behar da, terminologia bat erabiltzeak zuzen-zuzen bere ideologia agertarazten duenik errazegi erabakitzeko. Eta gehiago, terminologiaren atzean eo ipso bere posturaren bat edo-ta honen giharra eta gunea bera ere asmatu samartzeko. Postura ezberdin asko dago ideologia berdineko gizonen artean ere, eta gehiago terminologia berdinekoen artean. Areago, ideia berdinek ere bizitza ezberdina dadukate postura pertsonal batetan ala bestetan. Rikardoren postura basikoak, hortakoz, bene-benetan bere aldian aldiko terminologiak edo apropos egindako gai hautapenak Txilardegiri susma arazten zion posturarekin estaltzen ote ziren azterkatu beharko da. Terminologiaren desarroiloa eta posturarena elkarrekiko zein ikusitan doazen aurrera. Dena dela, Rikardoren moduan mintzatzen zirenen batzuen posturak eta Rikardorenak berdintzerik ez zegoena, asko itxadon gabe ikusi ahal izan zen.

        Berezkuntza hoek ez dute beti berdin balio (idazle askorentzat egia bait da terminologiak larru gorrian erakusten duela idazlearen nortasuna) baina Rikardoren azterketarako bai, balio dute. Gudu osteko euskal idazleen artean segurki intelektualik argiena eta zorrotzena izango den Txilardegiri ez zitzaion akordatu Rikardoren aro bateko terminologia eta azalpenak eta haren postura basikoak, eskierki biok Rikardoren eboluzioan elkarri eraginez aritu arren, agiazki zeharo edo noraino koinziditzen zuten astiro begiratzea, —esan dezadan hobeki, mikro-begiratzea—. Bestela ez zuen sorpresarik hartuko Gora Rebisionistak etorri zenean. Ezen-eta Rikardoren funtsezko posturak ikertuz gero ondo agiri bait da, terminologia marxistarekin batera oharkabean nahiz gogotik han arrunta den apriorismo eta postulatu eta irizpide maneju zenbait (edozein pentsamoldetan bai dago holakorik ugari) sartu bazitzaion ere, ez zela inoiz konfesionalismora heldu.

        Halare ez dago Rikardoren inoizko zalantzak eta balantzak inportantzia gabekotzat agertarazteko premiarik batere. Berberak hamaika aldiz kontatua da garai batetan marxismoak nola liluratu zuen. Lilura hau Rikardoren nortasun politikoari eragipen sakona erantsi gabe gelditu ez zena, haren idazkiak irakurri ala ebidentzia frankoz ikusten da. Apaiztegiko dogmakeriatik dogmakeria marxistara, ordea, ez zen Rikardo sekula pasatu. Rikardoren nortasuna bazen indartsurik eta bererik aski. hezkuntzak ezarritako dogmakeria batetik bere burua (inoiz han egon baldin bazen behintzat: nik neuk Seminarioan zegoela ezagutu nuen eta ez nuen iritzi hori atera) beste batetan erori gabe liberatzeko. Norberaren inpresio pertsonalak arrazoi antzean aipatzea itsuzko ager badateke ere, aitor dezadan niri ez zitzaidala inoiz iruditu Rikardo ironia fineko eta eskeptiko aire voltaireanokoa ideologiaren baten dogma-saskiaren azpian erraz konformatzeko oila-loka izan zitekeenik.

        Beraz, bere tinkotasuna ez da intolerantzia, bere segurtasuna ez dogmakeriatik. Ez zegoen Buridanen asto xelebrea bezala, ezkerrean ala eskuinean belarra jan erabaki ezinda. Posibleen artean deliberatuki segitzen zuen probableena eta egokiena iruditzen zitzaion bidea. Baina ez zen erori aukera hau norberak berak hobe iritxia ez baino aukeratutako bideak berak bere gehiago edo hobetasun agirikoarekin ezarria eta arrazoizko bakarra zela baieztatzeko itsukerian, dudak eta problemak dogmaren batekin hertsiz. Errespetatuz beste, horregatik, azterkatu eta ikasi ere gogotik egin zitzakeen besteen iritziak.

        Bururazioek Rikardo zuzen azterkatzeko lehenengo eta funtsezko problemara sartarazten gaituzte: zer da Rikardoren asmo eta ideien erdigunea, nukleoa, zeren erreferentziaz beste azalpenak oro irakur eta neur litezkeen, beren testuinguruarekin ulertzeko. Zer da haren nortasun politikoaren azkeneko maratila. Hori bilatzeko gogoa iruditzen zait irakurlearen lehen-lehenengo baldintza, Rikardoren lerroak ez baino ideiak irakurri nahi baditu behintzat.

        Eta hori egiteko beste bi gauza hauteman behar du irakurleak, oraindik: Rikardoren pentsabideetako eboluzioak eragiten zituzten faktoreak eta Rikardoren nortasunak zedukan faktoreon eragina bere eran barneratzeko moldea. Ez naiz ni hesiko hemen horrelako detaile eta xehetasunen ihizian. Bihoakio hitzaurre orokor bat pondu honi ere, halare.

        Desarroiloaren eta alde orotatiko eragipen kontradiziozkoen gorabeheretan mugitu izan arren, Rikardoren nortasun politikoak eta posturak ez du nire ustez, funtsezko kraskadura edo ahutsi-unerik agiri, gutiago izakeraren metamorfosirik. Beraz, ez da fragmentarioa bere bizitze laburrarekin utzi digun nortasun irudia. Arrazoi honegatik da garrantzizkoa hauxe: geroago ere oroitarazi beharko dudanez, haren politikazko pentsamendu osoaren euskarri egiten Rikardok berak inoiz sistimazki eta propio aitortu edo formulatu gabeko printzipio batzuek —etika bat— daudelako. Printzipio horietxek sor zezaketen, eta sortu zutenean ez zen batere harrigarri gertatu Txekoslobakiako inbasioaren aurrean Rikardok amorrazioz garraisika bota zuen ezezko biribila: Gora Rebisionistak! Rikardoren erizpideen sustraietan haien presupostu diren printzipio horiek azterkatzeak eta bilatzeak Rikardo ondo ulertzeko derrigorrezkoa dirudi. Halare, ez Rikardoren nortasuna eta ez haren iritziak eta ez asmorik zegoer aldakaitz. Irekia zen. Ez kamaleoiak bezala itxura soila gainetik aldatzeko, ezpada, barne-barnetik berritzeko ere bai. Sozialismoak konbentzitu zuenean, eta areago, Marx ezagutu eta, berak zion bezala, ikaragarrizko debozioz eta urduritasunez irakurri zuenean, mundu berri batetarako ateen giltzak sortu zitzaizkion eskuetan. Une batez bere buruaren eta arrazoiaren domeinua galdu zuela bazirudien ere. bere senak ez zuen inoiz abandonatu. Garai hoetantxe iluntzen da zerbait Rikardoren boz propioa, bai bait dirudi nortasun arrotzen bat mintzatzen dela bere lumaren bidez, hots, aurkitu berri duen konzeptu-sistimak bere etorri naturala ito diola. Rikardok inoiz eraman zuen inarrosirik bortitzena egiazki marxismoak eragindakoa izar zen. Krisi-irakin bat, esango litzake, euskarri eta habe oro dardarazi ziona.

        Ez dago duda-mudarik hortaz: Rikardori —euskal gazteriaren sinbolo eta esponente honi— ez zitzaion batere erraza egin berezko desarroiloa geldiarazteke bere posturari irmo eustea. Kritizismoaren garaia zen nunahi, eta arrazoi xit biribilak zerabilzkien posturarik ez edukitzeko posturak. Berak sarri aitortu ez balitu ere aisa igartzeko modukoak ziren bete printzipioak eta ekintza ikusten zuen errealidade sozialari buruz elkarren ukazio bihurtu gabe antolatzeak kontzientzian jarri zizkion bidegurutze eta herstuasun larriak. Problema berriekin eta reflesio eta jakite berriarekin izakera berria irabazten zuten bere printzipioek ere. Ezin esan daiteke Rikardoren Kristau Demokraziako denboratik marxismoa ezagutu zuenekoa haren printzipioak aldatu gabe geratu zirenik. Eta hementxe seinalatu nahi nioke irakurleari eskuan daduzkan idazkiok irakurtzekoan adi egotea merezi litzaiokeen beste problema bat. nola konportatzen dira Rikardoren baitan bere eboluzioa eta bere nortasun politikoa elkarrekiko? Ez bait dago akatsik, ez orbanik gabeko Rikardorik: eboluzioak irabazpidearekin batera galpidea dakar, eta Rikardok berak ikusi zuen, ponduren batzuetan, irabazi ez baino galdu egin zuela, hots, irizpide eta jokabideren batzuekin bere burua engainatu zuela. Ezen-eta politikazko hauzietan esperantza printzipio bait da, eta garrantzizkoenetakoa izan ere, baina Rikardoren esperantzak askotan izatezko errealidaderen batek bere baitatik ernarazitakoa baino gehiago dirudi errealidade baten ukazio beharrez ametsak sortutakoa. Zer pentsaturik eta desengainaturik franko sortu zion Rikardori Txekoslobakiako inbasioak. Baina halako problemak gehiago ere badaude errebisioa egitera obligatu zituzten jazoera sozialen baten xokerik ezagutu gabe. Adibidez, bere ezkerrari buruzko optimismoak prekritikua dirudi, eta beste hainbeste problema batzuk burgesiaren xartelarekin besterik gabe likidatzeko manerak (halaxe egingo du M. Lasaren euskal kulturari buruzko kritika batekin), etab.

        Rikardoren nortasuna, azkenik, ez zen politika eskolaren batetan xukun-xukun moldatutakoa. Bere inguruarekin burrukan ari zen burutzen. Euskal giroan guti gora behera 65 ostean sortu zen higidura jeneralean, gauza batek bakarrik zirudien erabakita: oin azpiko errealidadea ukatzeko premiak. Etorkizunari buruz, halare, dinamika desberdinekin ari ziren joera desberdinok, ikusgune eta interes desberdinekin bait ziren abiatzen, beraz, postura ezberdinetan finkatuz ekin ere. Hala sortutako nahaspila izugarrian Rikardo bapo nazkatuta zebilela esan behar, ez besteekin bakarrik, bere buruarekin ere baizik. Ezin zuen bere burua inorenarekin identifikatu, ez inoren asmoekin konformatu. Gehiegi bait da gure eginbeharrekoa, dena da ezin gerorako luzatua, ezin asma daiteke zer den aurren-aurreneko burutu beharrezkoa. Garai haretan (eta berdintsu oraindik ere) hitz berdintsuak zerabilzkitenen artean ere maiz ezberdin formulatuta (edo sarriago, formulatu ez arren idurikatuta) zeuden helburuaren faktoreak. Horregatik da hain gogoangarri, bestela huskeriatsu izango litzakeen hau: Rikardok bere posturak hartzen zituenean, beste hamaika bazterraratzen zuen, kontzientzia guziarekin bazterreratu ere. Beraz, hori ere Rikardoren ukaziozko definizio bat dela gogaraziko nioke irakurleeri.

        Zer baztertzearen aldetik ere ez du edozer baztertuk balio berdina. Rikardok inoiz zaharrak guti edo gaitzetsi zituenean ez zuen noski egutegia madarikatu, etab. Baina gainuntzeko zereginok utzita, Rikardo sozialista zen eta sozialismo ezberdinen artean leku arrazoizko bat sortzean ikusten zuen bere arazoa. Ez zuen berak leku hau ez zimurrik, ez bekaturik gabeko programa bezala pentsatzen, jokabide bezala baino. Eta manikeismo leporatu izan zitzaion Rikardok, egia esateko, manikeistaz josita somatzen zuen bere ingurua.

        Nik neuk Rikardori eskerrak ezagutzen dut zerbait bere inguruko sozialismoa. Eta haren bidez agiri zaidanez, Rikardoren garaiko aurrera-zaletasun zale zenbaitek (egiazki aurrera-zale ote den epaitu gabe) marxismoa eduki zuen progresismo bakartzat. Konbentziturik. Besteren batzuei buruz, ordea, maleziarik gabe esan daiteke, ideien eta asmoen berezko balioari baino gehiago begiratu diotela haien etiketari, eta marxismoa ezagutu aurretik ziren marxista. Ez ziren ideia eta asmo batzuk jarraitzeagatik ezkerrean aurkitu, aitzitik baino; derrigor ezkerrean eta ahalik ezkerrenean egoteagatik kausitu ziren ideia eta modu batzuekin. Eta ideia haiek jantzi zituzten, moda sai zenean. Honelako batzuen progresismoa ofizial bihurtu zen, ezin zuten ezertan ere jende arruntarekin koinziditu, salomon bat esaten zuten ahoa zabaltzen zuten guzietan, besteen uste guziak erlatibuztatzen zituzten —hori bai, heuren buruaren edo kapilaren kultoa ez beste dena. Hoetakoren batzuentzat marxismoa bera ere laster bihurtu zen antigoaila, eta autore berrien bila joan ziren hortik aurrera. Besteren batzuentzat, heuren progresismo guzia guziaren aurretik heuren buruak jartzea zenez gero, laster ez bait zedukaten beren buruekin zer eskainirik gehiago azkeneko salbazioa taula bilakatu zen marxismoa: ez ziren berak marxismora ailegatu, ezpada marxismoa ailegatu zitzaien. Eta balentria entzungabearekin igo egin ziren kandelario honetara ere, euskal jende pobrearen aurrean misteriotsu, esotiko, etab., eta batez ere, inor ez bezain ausardia-distiraz agertuz.

        Rikardoren kezka bat zen aurrerazaleentzat eta nolanahiko snobistentzat Marx negozio bat bihurtu zela. Bait bera ere aurrera-zale eta Marx-zale genuenez gero, irakurlearentzat hemen uzten dudan azkeneko problema da funtsean hauxe besterik: Rikardo non dagoen bere garaikao joeren artean eta aldean. Hots:

 

        1.— nolakoa den Rikardoren marxismoa, bere garaikoekin alderatuta, alegia, bai bere garaiko Euskal Herrikoekin, bai atzerrikoekin.

        2.— marxismoa Rikardoren pentsamenduan primario ez denez gero, eta konfesio edo aitortza fedezkorik ere ez, zein leku daduka haren pentsamenduan: alegia, marxismoa haren pentsakerari, eta haren pentsakera bere marxismoari nola eragiten zioten. Baita zerikusiok nola mugitu ziren ere haren eboluzioaren une bakoitzean.

 

        Hau argituz bakarrik aurkitu ahal izango litzake Rikardoren pentsamenduaren gakoa. (Jakina, guzi honek Rikardoren pentsakera funtse-funtsean marxista ez beste zerbait zela suposatuz eduki dezake zentzurik, eta nik horixe suposatzen dut guzi honetan!). Baina ezin utz daiteke hau aldrebes jardun beharra ere oroitarazi gabe: gako hori hipotesi moduan ezarriz gero hura problema hoetan egiaztatzea probatu beharko bait da, ea balio ote duen.

        Niri iruditzen zaidanez askatasuna har daiteke probisionalki haren pentsabideetan barneratuz gero erreferentziarako aipatzen dudan erdigune edo gako bezala. Rikardo baitan daduzkan bere hiru mailetan hori: norbanakoaren askatasuna (oroit Mounieren eragina, URRS-eko intelektualen aldeko Rikardoren protestak, etab.), nazio-arteko goitibehetietako nazioaren askatasuna (hasieratik beterik axolaz beterik agiri da Hirugarren Munduko nazioen zorteaz; nardagarri aurkitzen du mundua bi sailetan banatuta egotea; gogoko du neutralismoa, etab.) eta geroago batetan, batez ere marxismoak lagunduta agertuko zaion askatasun ekonomiazkoa (politikoaren eta askatasun formalaren aldean). Azken finean askatasuna beti helburu. Àskatasunaren kurubil handiagoak aurkitu ala burutzen da bere desarroiloa. Askatasunaren alde berriak ikustatu ala, edo haren faltaren forma berriak ezagutu ala bere eboluzioak.

        Baina askatasunaren hiru maila horren artean elkar jo, ukatu eta altxatuzko dialektika dagoenez gero, joku hori Rikardok nola mugatu zuen azterkatu beharko da.

        Orain arte ez dut handik eta hemendik problemak inguratu baina haiek behar punttekin ikutu abartu orduko berriz utzi besterik egin. Eta abstraktuegiak gelditzen dira honela. Problema hoetakoren batzuek geroago atzera aipatu beharko dira hitzaurre honetan. Beste batzuek, gehienak, abstraktu eta orokar gelditu beharko dute ezinbestean, irakurraldiak eta ez nik konkretatzeko. Guziok dadukagu Rikardoren nortasuna nolakoa zen uste hurbil-ingurukoren bat, baina inportantziarik gutienekoa hortxe zein baino zein zuzenago ibili iruditzen zait (besterik biografiaren bat egin nahi izanez gero). Gauza bati begiratu behar bait zaio: Rikardoren idazkiok berak ere hitzaurre, hots, gure etorkizunaren hitzaurre bilakatzen direla, bilduma gisa argitaratze honekin. Horregatik, Rikardoren politikazko idazkien hitzaurre bat gaur egiteak begi bat atzeraka eta bestea aurrerantza begira edukitzeko mirari zaila eskatzen du (Sartreren begiak ez dituenarentzat behintzat). Beraz, hitzaurre honek berak bakarrik ezer argituko ez balu, baina Rikardoren idazkiak irakurri ala bai argitu egingo balitza, hitzaurre hau hitzaurre izango litzake, eta hitzaurre bat egiten asmatu duen lehenengo euskaldunetakoa izango nintzake ni. Bestela, berriz, asmatu ez zuten askotakoa.

        Nolanahi ere zihur nago Rikardok gure ekintzaren hitzaurre egiten jarraituko lukeela nik inola galerazi gabe. Hona hemen nola:

 

        Rikardoren gaurkotasunaz

        (edo gure gaurkotasunaz

        Rikardorekin batera ikusita)

        Egiten digun bere faltagatik dagoela Rikardo Arregi bizirik, batez ere, esan dut hasieran, —beraz, guk guziok falta horren kontzientzia edukitzean ere superbizitzen du baitipat. Rikardori berari zor bait diogu, hein handi batetan, gaur haren premia sentitu ahal izan hortxe ere. Baina falta ez digu eskierki Rikardo langile porrokatuak bakarrik egiten. Haren jokabideak dira gure maisurik maisuen. Jauna, jauna dioten guziak zeruetako erreinura sartzen ez omen direlako diot hau. Hau da, Rikardo xalotzea baino inportanteagoa delako haren jokabideak segitzea.

        Baina ez kopiatuz segitu. Geure nora eta nonbideak berpentsatzeko aukera aproposa eskaintzen digu Rikardo zenaren lanari astiro begiratzeak, aurren-aurrenik. Ez gero eskola Rikardo-zale edo Rikardotiarren bat sortzearren (ez bait dut uste Rikardo inolako eskolatakoa zenik, ezta haren eskolarik ere pentsa, nezake) gure eginkizunen plan egiteko baino. Jende askok ezingo lituzke Rikardoren ideia eta iritziak konbanatu, haren forma berean bederik, heste joera edo barneko denbora batzuekin dabil-eta. Haren usteren batzuk eta kezkak berak ere, bestetik, ez dirudite iadanik gaurkotasun guzizkodunak. Baina haren esaldi bakan bakoitza zaharrago bihurtu ala bere lanaren guzitasuna paradoxiazki gaurkotasun berriz berbizten da, fenis egaztiaren moduan. Haren hitzak pasatuago eta, hitzok zerk sortarazi zituen begiratuz gero, are gaurkoago Rikardo bera eta bere metoduak eta bere asmoak eta hoekin aritzeko izpiritua.

        Asmo hau, niri agiri zaidanez, hauxe izango litzake: Euskal Herriaren etorkizuna erabaki (alegia, euskal herriak berak erabaki, ez bait da herriari aldez aurretik ezarritako helburu metafisikorik gurea ere) eta, etorkizun horretarako beharrezko diren oinarrietan hezkuntza burutu. Auto-hezkuntza bakarrik izan daiteke horrelakoa. Herria hezi nahi zuen Rikardok, eta hezi ere maisu bezala ez baino solas eta lankide bezala gehiago. Hezi, hots, ez propaganda egin bakarrik. Ezta irakatsi bakarrik ere. Rikardok lanaldi baten hasieran lan egin zuen: eginkizuna eta dinamika utzi dizkigu, eta hortxe dago bizirik Rikardo. Herria hezi beharra Rikardoz gero maila berri batzuetan sartu izan arren, edo delakoxe, bizirik.

        Beraz, Rikardoren eskribuak orain, bera hilda gero, irakurtzean ez da ahaztu behar beren denboratik aldatuta daudela. Hemen ere egia da letrak hilarazi egiten duela, letrari bakarrik atxikiz gero, izpirituak ostera biziarazi. Ezinbesteko izango du irakurleak lerro artean eta letra zirrikitu artetik idatzi gabeko asko igartzen saiatzea eta ausartzea. Aurreko autoaren norazkoa ikusiz zer atzekoak egin jakiteko auto hegaletan keinu argiek bezala balioko dute aldian aldiko testuek. Bide seinale-edo bezala. Rikardo baino luzeagoa bait zen bidea, halabeharrez. Eta gu haren atzetik gabiltza, baina iadanik hura baino aurrerago. Norbanakoak bezalaxe taldeak, eta beste hainbeste belaunaldik dadukate premia beren buruaz eta, asmoez, nondik norakoez beti berriro atsedenik gabe berpentsatzeko. Gizarte batetan aritu behar eta nahi dugunez gero, haren barruan jarri behar ditugu geure buruok eta, geure buruok hantxe (ez haren gainean) ikusiaz egin meditazioa. Rikardok badu honetaz irakaspen ederrik hamaika —eduki guzientzat daduka noski, baina herriaren kulturagintzan saiatzen diren guzientzat batez ere. Denbora aurreratu ala geure hasieretako gogoetak berpentsatzea eskatzen bait zaigu beti berriro, esan bezala, sustrairik gabeko goroldio gisa korronte behera irrista ez gaitezen.

        Rikardo euskal herriaren pedagogoa zen.

        Bere eginkizun honetan aurkitu zituen premisak, orokarki, herri ezjakin jakin-nahi baten betikoak ziren, batez; testez, ordea, gainbehera eta, gaingoraren artean zegoen euskal kulturaren krisiarenak. Bere aldetik, zitekeen guzia eta guzitik egin beharra.

        Krisi aldi guzietan bezala oso zaila agiri zen Rikardoren hasieretako giroan tradizioaren problema. Gudu osteko hazaldiak ozta-ozta zedukan tradizioarekin gurasoen belaunaldiak eskuz-esku eman zezaiokeena beste hartuemanik (konbentuak aparte utzita). Gazteria, halare, gurasoen belaunaldiari ukazio eginaz heldu zen gehienbat bere buruaren jabegora, oso goizik heldu ere. Euskal Herri hilduratuan nagusitzen hasi ziren idazleak, ekileak, politika-zaleak, artistak, etab., hogei urte ingurukoak ziren. Xikiak handi. Xiki-xikitatik handi, gainera. Gure egunotan arrazoi guziarekin itzuli dira batzuek tradizioaren sustraiak ohi genuen baino urrunago bilatu nahirik. Ez literaturan bakarrik, beste barruti batzuetan ere baizik: Rikardo bera zegoen, adibidez, lehen karlistadan oso interesaturik. Bidezkoa zen belaunaldi hau ere luzarora atzera begiratu gabe ezin egotea, eta asko aurreratu baino lehenago gainera. Oswald Spenglerek antzeman bezala, inoiz bere ubidetik atera arren kondaira atzera bere lehen-denboretako istinto edo senen askatasunera —premietara esango nuke nik— itzultzen da-ta (Die Geschichte kehrt zur Freiheit ihrer urzeitlichen Instinkte zurück). Tradizioa praksigrama baten antzekoa bait da, horrela esaterik baldin badago behinepehin, etorkizunari buruz nola jardun ikasteko.

        Baina lana 60 inguruan abiatu men gazteriarentzat soka oso laburra zen tradizioa, eta hura errepresentatzen agiri zirenak ez zuten inola ere tradizioaren gomendio onegirik egiten gazteen begietan. Konfidentzialki aitortzeko, gure gazteriarentzat de fakto mundua berekin edo beren gurasoekin hasi balitza bezalatsu zegoen: herbesteak bakarrik zirudien lehenagokoa. Gure tradizio guzia elkar hartzea zen, elkarrengandik ikastea. Baziren tradizioaren ardura jakintsuagokoren batzuek orduan ere. Adibidez, Krutwig eta Villasante literaturan. Baina gazteriarentzat lujo garestiegiak ziren asmobide haiek eta haizeak eraman zituen. Orain berriro tradizioaren arazoa jarrita dagoenean ere pentsatzeko da zein irizpiderekin ibili behar den. Gure duela hamar urtekoek ez dute eskierki honez gero balia, beraz, ez du balio lehenagokoan setatzeak. Orduko lanik larriena basi edo oinarriko taldeak biltzea zen, eta egoera haretan ezinbestekoa zen, esaterako, euskalkiaren usarioa, sakabanaturik eta ezer gabe bait zegoen basia. (Eduki beza hori gogoan Rikardo giputzegi egiten zaion irakurle ez giputzak). Dagoeneko taldeok batera lotu beharra dago, eta horretarako tradizioak ere lehen eztako betekizuna irabazten du: alegia, nire ustez, basia bere baitan irmotzekoa batez ere eta bere horizonteak zabaltzekoa. Politikan, literaturan, eta edozein gauzatan hori. Euskera bateratuan tradizioa haintzat hartu, hortakoz, horretarakoxe zerbitzatzen duen eta horixe behaztoparazten ez duen neurrian hartu behar litzake nire iritzian (oso iritzi insegurua). Eta hori ez dago a priori jakiterik. Beste irizpideak (euskera aberats eta ederrenak, zahartasunarenak, etab.) ez dira berez xarrak, baina bildur naiz oraindik oraingoz gure diruarentzat lujosoegi ez ote diren, behinalako Villasanteren asmoen antzean. (Zeren-eta, zeinek esan euskera aberatsa, etab., direla gure hizkuntzarako beharrezkoenak iadanik? Hori egia baldin bada, nik sinetsi baino aurrerago gaude). Honek ez du egiten ari garena deskoalifikatu nahi. Batzuek ikusi dute, besteek ez dute ikusi nahi, segi dezaiogun ikusi duenari. Beste ordu bat bait da, erlojuan baino gizartean gehiago gainera. Gure gaurko premisak, halabaina, ez dira lehenagokoak, Rikardorenak izan ziren bezalakoak, adibidez. Halare, Rikardo bere tradizioan (hots, bere denboran) nola hartu zenaren gomutak geure egoera, zereginak eta ahaltasunak hobeto berpentsatzeko lagun dezaiguke.

        Rikardo ere ez zen ezerezetik sortu. Bere aurretik hasi ziren euskal literaturako indarrak bateratuen. Baina erlijiozko literatura utzita behintzat —beti (bere modura) pedagogia zaleago— Rikardo hasi arte ozta-ozta zegoen euskeraz herria kultureztatzeko eta eskolatzeko literaturarik. Eta zegoentxo hura ere sakabanaturik edo herriraino heldu ezinik zegoen. Bi lan bururatzen zaizkit une honetan aipagarrienak bezala Rikardoren aitzindarien artean: JAKIN aldizkaria (1956-ean sortua) eta urtearen daturik gabe Baionan argitarazitako Txilardegiren Huntaz eta Hartaz (1965-ean, uste dut; halare autore honen lehenengo saiakera gisako nobela eta JAKIN denbora berean sortu ziren). Kultur-berbiztearen hasiera honen ondorioan sortu zen Rikardo Arregi, eta JAKIN aldizkarian erne ere. Baina lehen lehenengo Iokin Zaitegi errazegi ahaztua eta isildua hasi zen gerra ondoren kulturaren goldaketan, Guatemalako Euzko Gogoa-rekin eta bertako idazleekin (1950). Euzko Gogoa-n kukura lantzen zebiltzenak ez ziren denak berriak. Sail on bat gudu aurretik zetorren. Belaunaldi berri bat ere agertu zen, ordea, bide berrien bila: Txilardegi, Krutwig, San Martin (Otsalar), Etxaide, Aresti, Mirande, Peilen, etab. Talde honen lan izugarriari ezkerronezko justitzia egiteko gaude oraindik. EGAN-ek eta JAKIN-ek Euskal Herrira barruratu zuten lan hau. Halare marfil gazteluko zientzia gehiegiz eta herriari ezinbestean urrunduegirik burubidatzen zen hasieran lan guzi hau. Rikardok betiko euskaltzaleen ghettotik, herriaren plazara ailegarazi zuen kultur-burruka. Ez berak bakarrik, baina eginkizun honetan lehiatsuenetako bat bera izan dugu.

        Kultur barrutiko lan horrez gainera, literatura ederraren indarberritzeak egiten du Rikardoren bigarren premisa. Salbatore Mitxelenak argitu zuen literatur-sentia 1949-ko Arantzazuko euskal poema-rekin. Urrengo urtean Orixeren Euskaldunak, luzaro itxadona, zetorren. Gero, bion lan gehiagorekin batera, Iratzeder, Jon Mirande, Otsalar, Gandiaga (bere poemarik gehienak askoz beranduago arte ezin argitaratu zituena), etab. agertu ziren. 1954ean Aita Onaindiak bildutako Milla euskal olerki eder. 60 garren urteetan euskeraz garai haretan idazten zen ororen gailena irabazi eta finkatu ahal izango du literatura ederrak, poesiak bereziki, eta Gabriel Arestiren merezimenduz batez ere. Literaturaren goraldi honek izugarrizko eragina eduki zuen zientziari hurbiltzen zitzaion kultur-lan guzian ere, saiakeretan bereziki. Szienzia guzietako letratu handiak euskera errazaren bila hasi ziren batetik, eta beste alderditik herriari lotu gabeko kulturarik ez dagoela agertu zen. Berehalaxe nagusitu ziren gai berriak eta baita euskera berria ere. Biotarako lehenengo eragina multzoan biltzen hasi, halare, nobelarekin hasi zela iruditzen zait, 55 inguruan: Etxaide, Loidi Bizkarrondo, Txilardegi, etab. Gero, baina indar gehiagorekin poesia etorri da: Aresti, Lasa, Lete, Sarasola, Saizarbitoria, Mikel Azurmendi Intxausti, Harzabal, etab. [1]. Luzarora euskerazko idazkintza guzia literatura ederragandiko dependentzia oso bat sofritzen gelditu bada, eta estetizismorako lerrabururaino bertaraino apainduz desnaturaltzen bada ere, iturburu honetan dago horren hamaika arrazoietako ez azkenekoa. Benetan pentsaraztekoa da premisa honi buruzko Rikardoren jardupidea. Errazegi pasa bait liteke forma berrien, premiatik berritasuna. forma bihurtzera. Ezkierki elkarren antzagatik baino beren arteko diferentziagatik gehiago, eta ez idatzi duten hainbatagatik bakarrik, ezpada zer eta nola idazten ohi dutenagatik aurrren-aurretik, Txilardegi eta Aresti izan dira oraingo euskal literaturak izan dituen forma berrien reproduzitzailerik argienak eta bortitzenak. (Topikoa bilakatu da iadanik ezaguera hau). Haien atzetik ari dira geroko guziak. Beren gisara ibiltzen saiatzen ari direnak ere berdintsu. (Eta beharbada bera ere bere buruaren atzetik doa Aresti behintzat, Harri eta Herri-rekin Euskal Harria alderatuz susmoa hartzen zaionez). Forma eta ekaia banatzerik ez dagoena jakinda ere, Arestiren izena bere literaturaren formagatik eta Txilardegirena mamiagatik finkatu direla batez ere esango nuke, laburki, karekterizatzearen proba antzean. Horientzat ez dakit zer izango den, inola ere ez jolasekoa, baina horien ondotik etorri direnentzat ere ez da erraza izan idazlearen forma-independentzia, forma tradiziozkoekin etorri zirenentzat batez ere. Halakoa bait zen Rikardo. Haren lehenengo idazkiak begiratuz gero, bere buruaren prehistoria dirudite: gaia oraintasunari arrotzak, euskera herriarentzat inposiblea. Laster batetan erretiratu zen joera haietatik, halare, premisa honen jarraikitzapenean aritzeko. Baina, eta horixe ohargarria da, Rikardok errezeloz ikusi zuen beti literatura ederraren, batez ere poesiaren idazkintza guziaren gainetiko nagusitasuna. [2]. Bere idazkera, horregatik, kontuz itzuri edo ebitatu zuen poesiaren kutsu oro. Oinezkoen euskera praktikoa egin zuen beti.. Eta implicite behintzat tradiziorik ez dagoen barrutietako euskeraren problema jartzen zuen horrekin: albistaritza, zientzia, etab. Ez bait da lesikoaren gorabehera bakarrik horietan dadukaguna.

        Rikardo Arregiren pedagogi lanak bere aurretik aurkitu zuen hirugarren premisa (premisaok ohartarazi bakarrik egiten dut hemen, eta okasiozko soilak dira hemengo haien azalpenak) 60 inguruan berotu zen politikarako gogoa eta politikazko bizitza ziren.

        Lehenengo premisaren ondotiko Rikardoren lana bere kulturari buruzko idazkietan ikusiko du irakurleak. Hemen bigarrenaz eta hirugarrenaz bakarrik ardura ninteke ni: haren pedogogiazko hizkuntzari laburki begiratu ondoren, batez ere Rikardo hirugarren premisako aurrez-emanetan eta egitakoetan nola xertatu zen azterkatuko dut.

        Rikardoren hizkuntzaz, aurrenik. Bere bokazio politika-zalearekin batean ikusi behar da heren hizkuntza. Rikardoren euskera xarra da. Literatur zale baino gramatika-zaleago den jende askok berehalaxe antzeman zion horri, gehiago ikusi gabe halare. Baina hemen Rikardoren literaturaren araberako jokabideei ere begiratzea ez da muntarik gabekoa: ondo ikusten bait da bertan Rikardo zuzen zuzen gauzara, problemaren bere ustezko gakora doala, ez forma edo itxurara, inguruetara. Objetibutasuna nahi duela lehen-lehenik, ez hautemate subjetibuaren espresioa. Gure artean beste inorentzat baino premiazkoago egiten da, orduan, Rikardo baitan euskera eta idazkera, estiloa bereztea. Nahi haina sintasiko eta morfologiazko faltarekin ere, Rikardoren hizkuntza bizia da, segurua, konkretua, artez mugatua, plastikoa, zehatza, (kasu guti batzuek kenduz gero behintzat) emozio dardararik gabeko deskribitzailea. Bere esanahi justuarekin dago hitz bakoitza. Labur, baina ez motz esaldia. Ez arabeskorik eta ez barrokorik daduka bere idazkerak, eta gaurko estiloarein ohitutakoari inpresio gehiago egiten diona, sujetibutasunaren apar oso guti dago bere eskribuetan.

        Jokabide honekin, esan bezala, azkeneko denborotan gure literaturan gailendutako moduaren aurka zegoen Rikardo. Gusto surrealista edo expresionista kolore eta sujetibutasun zaleak bait dira nagusi. Bere okerrek biluzia gorriagoan agertarazten duten Rikardoren hizkuntza, ostera, albistariaren objetibutasun nahiak ezartzen dion formaren errealismorik gordinenarekin finkatzen da kasu bakoitzean: zehaztasun asko bezain pathos gutirekin. Rikardok langailu zuen luma, eta haren idaztea lan egitea zenez gero, esku-estiloa da berea, lan-estiloa. Buru-buruan jotzen dio hiltzeari, eta bere hitza mailua da. Estiloa xukundu-edo egiteko astirik ere ez bait zedukan (Guretzat, Euskal Herriaren belaun galdu honentzat, beta izatea da loteriarik handienetakoa, JAKIN 35, 25). Ezta bere burua hitz ederrezko aureolaz inguratzeko ere. Gauzak trinko eta zuzen esatea zen bere lehenengo agindua eta eduki ere dohain aparta zedukan eginkizun zail horretarako. Joera errez-zalearen hasieran predikatzen zen euskera iadanik vulgare aulicum illustre neorrenazentista batetaratzen zen artean Rikardo berean tinko ikusteak pentsarazi egin beharko liguke. (Izan ere, beste non da poeten hizkuntza albistarien edo zientzia-gizonen espresiorako eredu?). Etorri zaila eta nahastua dugunok inbiriaz begiratuko diogu Rikardori.

        Hirugarren premisaz esan daitekeen ia gauza esan gabetsu utz daitekeena bakarrik da— Dena dela, utz dezagun Rikardoren ekintza, utz orobat bere lanaren ekintzarekiko koordinazioa konkret erakustea, eta bana ditzagun zerbait, Rikardori haina geuri begiratuz, haren politikazko burubideak albistaritzan aztertzeko asmoak.

        Rikardok ekintzarekin batera nahi zuen burutu bere idazletza. Bi aldetatik hori: bera ere ez zegoen mugitu gabe. Alfabetatze Kanpainan, herriz herri emandako konferentzietan, etab. gure politikazko arazoetan sartuta ibili zen, nahiz eta bera gehienbat kultur-sailean bakarrik aritu zuzenki. Gero, Euskal Herrian politikazko ekintzak eta premiek eskatu bezala taxutzen zuen bere periodismoa. hamaika oztoporen gainetik ibili beharrik ere. Aukeratzen zituen gaiak ikusi besterik ez dago. Eta munduan gertazen ari zenaren barruan mintzatzea zuen, horregatik, Euskal Herriaz mintzatzeko, ez atxakia, bai ordea bide. Ondo erakutsi zuen borondate hau Lauaxeta Saria irabaztean (Rikardok Sari guti irabazi zuen, asko merezi) Baionan egindako erantzunarekin:

 

        Ez dut nik sari hau merezi. Sari hau bestaldeko isilpeko albistari ez-ezagunek merezi dute nik baino areago. Haiek dituzte merezimenduak, arriskutan eta beren izena aipatu ere egiten ez dela beren lanari ekiten bait diote ausartki. (Txilardegiri harturik aipatua).

 

        Euskal gizartearen premien araberakoa nahi zuen bere albistaritza. Bere burua herriaren premia objetibuen mitologia haretan nahastu gabe egin ere. Begiek erakutsi zizkioten herriaren premiak, ez ideologiaren batek. Eta bere herria jendea zen. Orain aski da lanen bat, berez xarrena ere, kanonizatzeko herriaren aipua. Edozer gauza justifikatzeko balio du herriaren izenak. Norberaren nortasunari kapa bat ezartzen zaio herritasunaren trazendentziarekin, eta herriaren kulto liturgia bat bihurtu da edozer gauza egitea eta idaztea; kulto hori berriz, negoziante batzuen trazendentzia. Berriz ere apaizek asmatu dute Jainkoa. Eta Jaungoikoak beren behindako ohore eta ospe guziak galduta daudenez gero, Olinpo apoteosiari Parnasoko apodemosiak segitu dio... (Herria hitzik gabe utzi duelako deritza, apika, halako zenbaitenari herriaren hitz). Ai leza norbaitek gure artean ere Die Heiligie Familie-ren bigarren lehen kapitulu bat asma! Rikardoren herria, ostera olinporik gabeko oinez doan jende kaskarra da. Jende kaskarra, zu eta ni bezalakoa. Filosofiaren baten galbahetik iragazi gabe bertanbera eskura zetozkionak ziren bere herriaren premiak: ez bait dago herria bera baino herriago den herririk. Gizalege honekin gure herriaren nazio eta gizarte arazoez arduratzen zen, alderdi-bakarkeriarik gabe. Rikardok bere Zeruko Argia-ko lehenengo artikuluan Nasseri buruz diona idazleari berari buruz itzul daiteke: alde batetik sozialista porrokatua eta besterik abertzale bero-beroa (ZA 4, 3). Nazio-zaletasun hutsik ez zuen nahi:

 

        Naziotasuna klasearen batasunetik kanpo pentsatzea sozialista joera batean inola ere onartu ezin daitekeena da... Sozialista politika batean ezin daitezke nazioa eta gainuntzekoak lehendabizi jarri; eta gero sozialismoari dei egiteak hori defenditzeko, sentidurik ez du (JAKIN 24, hor. 50).

 

        Ez zukeen nahiago, halare, nazio-arazoa zabartuzko sozialismorik, gure herriarentzat behinepehin.

 

        Bai buru txarra dutela komunistak! Berei komeni zaienean gogor asko eskatzen dute bada herrien autodeterminazioa! Zergatik orain ez (Alemanian?) Ez zaielako komeni (ZA 700, 5). Abertzaletasuna eta rebisionismoas hara hor gure etsaiak, zion Moskuko irratiak Txekoslobakiako gertaerak komentatuz. Ezin zitekeen hobeto mintza. Inperialista batentzat gauzarik okerrena eta bildurgarriena horixe bait da; mendekoak abertzale bihurtzea. Menderatzailearen abertzalekeria itsuaren aurka menderatutakoen abertzaletasun jatorra esnatzea (JAKIN 31-32, hor. 76). Nolabaiteko euskal jacobinismo baten beharraren aurrean aurkitzen garela uste dut, —dio beste testuinguru batetan ere— Nazio bat sortzerakoan edo sendotzerakoan, iraultza bat jaiotzerakoan edo bere oinarriak jartzerakoan jacobismotik pasatzea premiazkoa izaten da. Euskaldunok ere, euskaldun-herri bat izan nahi badugu, lehendabizi euskaldun izan behar dugu. Gero gerokoak (JAKIN 34, 57).

 

        Kezkatuta zedukan, ausaz, batez gehiegizko nazio-zaletasunak nazismora irristarazi lezakeela kontzientzia, bestez ekintzako ardura sozial hutsak, bertanberako helburu politikoak bakarrik haintzat hartuz, gizarteen nazio-faktoreak ahaztarazi litzakeela ikusteak. Baina badut susmoa hemen bere zentzu arruntak, teoriekiko baserritarraren eskeptizismoak eutsi ziola terminu biokin jokatzen duen pentsamoldean, eta ez teoriaren aldetik askabidea garbi jakiteak. Rikardoren hauzi zailenetakoa izan zen hau. (Geroxeago itzuliko naiz atzera pondu honetaz jardutera).

        Beste euskaldunekin batera nahi zuen lan egin. Atsekabe zitzaizkion sektak. Zaharren eta gazteen arteko gatazkan ere konziliatzaileenetakoa genuen bera. Zerek ez duen esan nahi, halare, alderdion arteko ezberdintasunik hautemanen ez zuenik. Eta batzuetan gogorki eraso ere. (Beharbada, horregatik, ez dute guziek nire berdin pentsatuko, eta nik baino arrazoi hobeekin agian). Besteekin batera jardun nahi honek sarri eraman zuen eztabaidara, baina ez gutiagotan besteen arrazoiak ikastera. Hartueman ugarikoa zen, eskuinera ala ezkerrera. Baina batez ere herria eduki nahi zuen solaskide, eta herria hezitzea izan zen bere lanik gogozkoena, lankide ere herria edukitzeko. Asmo honekin politikaren izena bera onargarri bihurtuz hasi behar izan zuen, eta hortxe ikusten da ordutik honerako aldapena.

 

        Hezurretaraino sartua dadukagu, politika alperrikakoa dela, politikoak berekoi eta enganatzaile batzuek besterik ez direla; hitz batean esateko, politika egitea alperrikakoa dela, horregatik onena bakoitzak berea egitea dela. Nun egongo ginake gaur, denek berdin pentsatu izan balute? Libertadeagatik eta demokraziagatik burruka egingo ahal zuten horrela pentsatu izan balute? Ez, ez dadukagu ukatzerik, demokraziak on asko ekarri dizkigu, ez bizimodu hobea bakarrik, gizonaren askatasun handiagoa ere bai. Lapurrak beti izango dira, baina gero eta gutiago izatea lor daiteke eta batez ere guziak epaitu eta zigortzea. (ZA 26, 3).

 

        Agiri denez, bizimodua hobetzeko eta justizia eta askatasuna finkatzeko da politikan parte hartzea. Baina atentzio hotsegiten duen gauza bat, hemen bakarrik ez baino Rikardoren baitan usu, politika eta demokrazia izen elkar-trukagarriak direla ikustea da (demokraziarik gabeko gizarteak kasernak irudituko ziaizkio). Dena dela, batasuna Rikardoren hasiera-denboran baino gogotiago hartu beharrik gara gaur gu. Askoren ustez hauxe izango bait litzake gaurko eginkizunik premiazkoena.

        Printzipio batzuekin egin nahi zuen politika, eta ez zuen printzipiorik gabeko politikarik nahi. Aurren-aurrenik, politika egin nahi zuen. Ez zebilen euskeraren edo euskal gorabeherak kultur-arazo huts izan behar omen luketelakoan-edo. Gero, bere printzipioek ez zuten Alderdi edo programaren batenekin koinziditzen. Ez zedukan alderdirik. Eta ez dago haren politikazko ideien gramatikarik. Baina egun haietan zabaltzen ziren programa ezkertiar gehienekin elkar-adi zitezkeen bere azalpenak. Oinarrizko arazoekin saiatzen bait zen, hor ere agiri dago lanaldi baten hasieretakoa zela bere lana. Horregatik, haren ideia eta iritzi bakoitzak ez baino haien batasunak eta, areago, haien erabilkizunak egiten du Rikardoren berezitasuna (askotan behintzat kopiatutakoak bait ziren haren ideiok, ideiok hitzetatik bakarrik bildu behar baditugu behinepehin). Programarik ez zedukanez gero, elkar-kontragintza edo tensio bixi-bixian uzten zituen bere printzipioak, esaterako, politikazko ekintzaren printzipio bat da efikazia, baina Rikardok sarri salatu izan ditu efikaziaren eta beste printzipioren batzuen arteko ezin-ikusiak. Errealismoa printzipio ezik politikagintza ororen aurre-baldintza ere bada, baina Rikardok ezin zuen beti begi onez ikusi ahal izan hura. Elkarren hurbilegi somatzen zituen antisobietismoa eta antisozialismoa, baina Rikardo sozialista irekiak berak ezin izan zuen sekula URSS-ekin adiskidetu, etab. Konfliktootan zeinek zein eta nola mugatu, askatu gabeko problema zen Rikardorentzat. Gizarte pluralista batetan egoteaz beste, bere barruan zen pluralista Rikardo: parlamentu oso bat bere burua eta boz diferenteak hitzegiten zuten han. Baina ez zuen zalantza hori alderdi-hartze positiburen batekin eta politikazko sistimaren bat finkatuz behin betiko geldiarazi. Ikusten zuen alderdi hartzeko premia. Baina Rikardo bera ez zen, uste dudanez, Alderdiren batetan egoteko gizona ezta halakoak sortzeko balio zuena ere. Bere elizari ere, katoliko deklaratu arren, laudorio baino kritika gehiago esan zion. Rikardok berezkoa zuen urduritasuna, eskeptizismoa, kritizismoa. Horregatik eboluzioa ez da Rikardoren pentsamentuan zehazki leku batetan muga daitekeen zerbait. Ez doa handik eta hemendik, ez da uneren edo boladaren batekoa: haren pentsakeraren izaera bera da.

        Hemen badago idazleoi egunoro berriro sortzen zaigun beste problema inportante bat. Badago politikalari idazlea, idaztea bere politika konkretuaren zerbitzuan darabilena, eta badago idazle politikan sartzen dena ere. Orain ez dugu biok zehatzago berezi beharrik. Bigarrenetakoren batzuek, beren konpromisoaren aginduz alderdi hartu beharrik, Alderdi bat hartu dute. Beste batzuek ez dute halakorik egin nahi, baina bai gure munduari buruz-buru irmoki alderdi hartu. Hala Rikardok.

        Jokabideok biok daduzkate beren alderdi onak eta xarrak, eta beren problemak. Nik neuk ere, eta literaturaren eta politikaren arteko harremanen azterketak orain horixe erakusten didalakoan, bigarren bidea hobesten dut, lehengoa erabat arbuiatzeke. Ezen-eta batak ala besteak egin bait ditzakete printzipialki gauza berdintsuak, nahi izanez gero. Baina bigarrenean arrisku tendenzialak ukakorreria, isolazioa eta eragikortasunik eza diren artean, lehengoarenak Alderdiaren enkarguzko pentsatzaile eta idazle, haren apologeta, funtzionario eta morroi, monagilo bilakatzeak dira.

        (Ohargarria bait da: idazleak berak ez dira ia sekula, beren idazle asmoak hobeki betetzeagatik, Alderdiren batetan hartu beharrean kausitzen —beren ekintza zehazki joera jakin batetan mugatu dutenean ezpada— eta bai gehien-gehienetan aitzitik Alderdiak idazleen premian).

        Izan ere politikazko arloak azken-finean —nola esan?— moraltasunarenak izaten ari dira. Politikazko egiturak hobetzea ez da berez aski (borondate gaiztoaren problema utzita ere). Geroz-eta lege demokratikoagoak eman arren, legegintzarik onenarekin ere ezin lortuko dira erabateko demokrazia eta nolanahiko jauntxokeriak eta egitadak eliminatzea, herria (guziak eta banako bakoitza) bene-benetan bere buruaz jabetzen ez bada. (Horrekin ez ditugu moraltasuna eta politika berdindu nahi. Horrezaz geroago berriro). Hori xiki-xikitandik eta aspertzeraino entzun behar izandakoa eta sekula garbi arrazonatu gabeko zerbait bada tamalez, batez ere premia hori moraltasun ez sozial, ezpada indibidualaren eta intimoaren, kasi konkretatu ezinaren heinean bakarrik aditzen zelarik gainera (Jesus Nazaretakoaren bihotz konbersio batetik asmo galant eta bestetik sinplifikazio galantago berarekin jarraituz —cfr. Bultmann, Theologie des NT, 1965, hor 18-19— noizpait eskarmentatzeko bi mila urte handi aski ez dugularik) eta entzunaren entzunez azkenean ezin entzuneratu bagara ere ez da inportantzia izugarria gabekoa hori. Herriak, eta edozeinek, lege onez beste, bere bihotz-konbertitua, moraltasun politikoa, kontzientzia eduki beharko du, ahalez gero zer hautatu jakiteko, nola berez jardun, etab. Eta horretarako hezkuntza ezin izan daiteke zuzenki Alderdiren batekikoa edo batetarakoa bakarrik, gizartea bere buruaren jabe eta nagusi itzultzekoa baino. Bestela beti geldituko da (gizartea) daduzkan egituren mendean. (Narzisismo hutsak iruditzen bait zaizkit norberaren Alderdiaren eta gizartearen arteko identidadeak predikatzea, nahiz-eta gure mende honetan holako makina bat entzun behar izan den). Erantzukizun bildurgarria, hortakoz, eskolena, idazleena, intelektualena, artistena, albistariena, sermolariena, etab., herria dotrinatu ez baino hezi egiteko. Hori gabe nahiko alferrikakoa izango bait da politikalariek demokraziaren mekanismo geroz-eta finagoak, seguruagoak legegintzaz zertzea, hesion barruan aritzeko bait dira berez horiek, baina zertarako, herriak zer aritu ez baldin badu. (Kontu egin gabe, gainera, beti izango dela legeak onetan on baino gaiztotan gaiztoago borondate gaiztoa, sozialista askoren utopietako gizon berria sortu arte behinepehin, eta haren kontra legeak baino zerbait gehiago beharko dela). Beraz, legeak hobetuz joan ala herria heziz ere jardun behar. Horregatik iruditzen zait Rikardoren jokabide zabala, Alderdiez gainetikoa, baina ez inola ere konpromisorik gabekoa, bereziki xalogarri.

        Ez bait dago ahazterik nahiko demokratikoki aginteratu zirela Duvalier Haitin, Hitler Alemanian (idazle askoren laguntzarekin gainera), etab. Kontzientzia eskaseko herria bere hondamendian amilduko da. Denok dakigu, adibidez, gaur egun ez direla hain zuzen langileak USA-n aginpidea eskuetan dadukatenak. Baina nola dute galdu? Marxek ondo juzgatzekotan behinepehin 1864-ean langileak (bait ziren USA-ko), Ifarraldean aginpide politikoaren egiazko erakarleak. Nolabait hartu ahal izan du mendean burokraziak herri erreboluziogile osoa eskualde sozialistetan ere. Rikardok, bada, Alderdiren baten Rabinorik izan gabe nahi zuen herria hezitzen jardun, printzipioak gogaraziz.

        Rikardok, azkenik, printzipialki eta joera neurrian behintzat, zientziazki azterkatu nahi zuen politika. Eta bera haiek kutsatu gabe ezin izan arren, erabat arbuiatu zituen, nire ustez, ideologiazko dogmak. Bazekien politikan zientziazkotasunak zentzu lazo berezia bakarrik dadukana, eta kasu bakanaren azterketa positibuak aldez aurretik egindako (edo postulatutako) interpretazio-sistimek igarri gabeko karakteristikak edireiten dituena ere. Beraz, ez zen gelditzen jazoera bakoitzean a priori batzuen konfirmazioa bakarrik bilatzen. Horregatixe ere, soluzio baino problema gehiago aurkitu zuen bere lanean. Eta politikazko gaien azterketan zientziazkotasuna zer den zehazki mugatu ezin izandu arren, bazekien zer behintzat zientziazko ez den: jazokunde oro sistimaren baten Prokuste-ohean ezean-arazi eta haren interpretazioa bortxatzea.

 

        Ezin engaina dezakegu gure burua, askotan gauzak nola diren esaten ari garelakoan, uste ezean ere, nola nahi genituzkeen adierazten ari gara (Politikaren atarian, 1969, hor. 21).

 

        Erraza ez beste guzia zen hau. Politikoak ez omen gara sekula izan euskaldunok. Baina ez-jakinak beti izan gara, eta jakintzak ezjakinago bihurtu gaitu azkenean, ikasi berri dugun zenbait jakintza geure gutizien fedea besterik ez zen-eta. Halako fede baten kritika JAKIN-en 24. hor. 39 topatzen dugu: euskaldun abertzaleren batzuen sozialismo esenzialista. Zenbaki bereko hor. 44-ean beste adibide bat: sasi-marxistena.

        Halare, Rikardoren azterketak berak zientziazko politikaren maila gainean baino gehiago mugitu ziren haren azpian, hots, etika politikazko eta sozialaren heinean. Eta gutien-gutienez oso nekeza da hemen ideologiari ihes egitea... Rikardok ia beti printzipioekin neurtzen ditu gertaerak, eta objetibutasunaren formarekin ere ezin du azken-finean sujetibutasunik galantena gainditu. Rikardo ez zela politika gaietako profesionalik esan behar da bere alde: ez zedukan zientzia politikoen konzeptuzko interpretazio-aparaturik, huraxe gogotik bilatu arren. (Dadukagun ez-edukitzea ugarian bat horixe da). Dena dela, badirudi zientzia politikoak Rikardoren ustez zientzia izateko marxismotik pasatu behar zuela. Marxismoarekiko irekiak «Marx berpentsatu eginen dute gure zirkunstantzia konkretuetan. Ez dute bat-batean eta besterik gabe Marx-ek esandakoa onartzen, lehendabizi pentsatu egiten dute, eta gero, beharrik baldin badago, pentsatu hori zabaldu eta osatu. Ez dira batere dogmatikoak, hitsiak, edozertara irekiak daude, dinamikoak dira» (JAKIN 24, 45). Marxekiko posturetan hauxe iruditzen zaio berari jatorrena eta beretzat gutien-gutienez marxismoari erreferentziarik gabeko politika zientziarik kabitzen ez den itxura dago 1967 inguruan. Harrez gero Marx gaur nola pentsa eta erabil litekeen pentsatzen ari zela uste dut, heriotzeak eraman zuen arte. Ordurako, halare, galdua zegoen beretzat Marxismoak behingoan zedukion distira magikoa («Neronek ere aitortu behar dut nere bizitzako une bortitzenetakoak, pozez eta bildurrez betetakoak Marx eta marxistak irakurtzen hasi nintzanekoak direla»).

        Hemen ere Rikardo iadanik gure aurrez-eman edo premisen artean, gure aurrean dagoela iadanik, gelditzen ari dela behintzat, iruditzen zait. Printzipioak gauzetaratuz programak eta egitarauak atontzea herriaren esku hartzerik gabe, burutu izan dela gehienbat esan daiteke. Ezin zitekeen besterik, agian, ahal izan ere. Baina orain arteko kritizismoarekin batera herriak programak egiterantza edo epaitzeko lain ezagutzerantza urrats batzuek entseatzeko orduak, betidanik jota ez baldin bazegoen behintzat, honez gero ondo jota dagoela dirudi. Horixe uste dut adierazi nahi zuela Rikardok berak, gure buruarekin pentsatzen hasi behar dugu (Politikaren atarian, hor 20) esanez. Bere azkeneko asmoetako bot kulturaren herritartzearen oinarrizko liburuen sail bat sortaraztea zen. Baina urrats hori nora eman jakiteko, eta emateko premia ezagutzeko ere, orain artekoaren kritika kupidagabeenarekin behar dugu hasi. Rikardok JAKIN-en (zenb. 35, hor. 56) agertarazitako azkeneko lantxoan esaldi hauxe kausitzen da: «Masokismoaren beldur ez banu, nere buruaren autokkritika etengabe egiten jardungo nintzake». Ni, bada, Rikardorena bezain neure eta, derizkiodanez, nire belaunaldiko gehienen kritika hori egiten atrebituko naiz, gero gerokorik gabe.

        Ez dadukagu printzipio orokarren heinean bakarrik jarraitzeko eskubiderik: printzipioen arteko mugaketa eta aukera bat egin beharrean gara. Ez dadukagu ideologiak inportatuz gero lasai gelditzerik ere: egiztatu egin behar dira haiek gure arazoetan. Baina ideologia hertsien alboan moralismoa da politikazko azterketen gauzazkotasuna, zientziazkotasuna sarri asko lausotu ohi duen beste faktore bat. Gehienetan biak batera ibiltzen dira. Eta biok batera dira printzipio orokarrekin gehiegi ibiltzearen frutu eta metafisikazko espejismo, hots, gauzen berehalatik hauteman ahalezko irudi edo agerpen haraindiko zer-izan definitibuaren batean ustariak sortarazitako (erraza bait da gauzen ba omen azkeneko zer-izana eta hura zer izatea nahi litzakeena elkarri ahokatzea) biok bait dute nolabait gauzen nahiz prozesoen azken-fineko zer izan bakun, garbi, soila presuposatzen: moralismoak, ideologiakeriarik eta printzipialismorik gehien gehien gehienetan hirutasun santu bat osatzen dute. Burrukazaleak bere asmoen funtzioan judikatzen du oro, nola zeruan hala lurrean amen. Eta batzutan seriotasun faltarainoko seriotasun animala agertzen dute ekileok beren guzizko printzipialismoan. Euskal Herriko gazteriaren mito xipitzen marka guziak hautsi beharra, esaterako, nabarmenki hurbiltzen zaio izpiritu horri, ez dago mitologietan bertan arketiporik gabe (Prometeo, Sisifo) eta antz izugarriak daduzka edozein erlijioetako neofitoen iniziazio-ritoekin. (Han batzutan oinaze izugarriak sofrituzko ritoengandik itxadoten ziren jakituria osoa, sekretu ororen desestalpena eta errebelazio metafisikoak —Jainkoen izenak, etab. arrazoimen kritikoarengandik itxadoten dira gaur, cfr. M. Eliade, Das Heilige und das Profane, 1957, hor. 110, Iniziazioaren fenomenologia). Iniziatuaren eran altxatzen da gaur arrazoinalista kupidarik gabe kritikoa ere, bigarren jaiotze batekin itxuraldatuta, mundu zahar eskas eta merkearen, profanoaren gainetik, supergizon edo Jainko berbiztu baten solemnidadez. Ez dadukate astirik xipikeria profanoez aztertzeko... Bazuen horrelako zerbaiten zerbaitik Rikardok, esaterako, Urtainen mitoaren aurka irten zenean, irtetzea orduantxe nahi haina premiazkoa izan bazitekeen ere. Seriotasun radikal berarekin baieztatzen zuen Marxek ere huskeria hutsak zirela Koloniako Katedrala eta Egiptoko Piramideak Ruhreko lantegi-ximinia baten aldean, gizartearen aurrerapenerako. Radikaltasun bereko esaldi asko dago Jesus Nazaretekoaren hitzaldietan eta tradizioan ere. Burrukazaleok burruka gisa bakarrik uler dezakete mundua, ez dute xantzarik ametitzen eta zuzen zuzen helburuaren asalto edo erasora doan hoplita-falangearen tankeran ikusi nahi lukete gizarte osoa. Berokeria eta militantismo hau ez dago utopiarekin ere loturarik gabe. Eta beharrik ere, baina ez noski menturaz bakarrik, utopistek irudikatu dizkiguten gizarte guziak ziren edozein kasernak baino ordenu gehiagodunak, bakoitzak bere eginkizunak errobot hoberenak baino hobeto beteaz, eta gustora bete ere (Adibidez, Leninek: El Estado podrá extinguirse por completo cuando... su trabajo (gizonena) sea tan productivo, que trabajen voluntariamente según su capacidad). Xipikeria handi samar batzu aiputan hartzeke bakarrik imajina zitezkeen holakoxe gizarteak, halare. Esaterako, nik dakidanik oraino egiteko dagoen baina xit interesgarria iruditzen zaidan analisi bat utopisten uharteetan emakumeari ematen zaion lekua azterkatzea izango litzake. Hasi Platonekin eta Morus, Campanella, Bacon, etab., guzietaraino, kasi ohartu gabe gelditzen da gizadiaren erdia baino gehiago hau. Eta horiena bezalaxe Marxen etorkizuneko gizartea ere emakumearentzako ikuspegi piska batekin bederen, emakumearen beraren ikusgunerik gabe, zeharo maskulino, ar dago pentsatuta. Maskulino antolaturiko erakundeotan emakumeari zereginik, esan bezala, falta ez arren. Norbanako edo pertsona bakanaren ardura-gabezia moraltasun horren aje gaitza baldin bada (cfr. Txilardegi, Huntaz eta Hartaz, hor. 105) hau ez zait samurrago iruditzen, etorkizunerako ereduak asmatzekoan eta erabiltzekoan gizartearen ia hiru laurdenezko erdiaren ausentzia hori birtute ez bada behinepehin. Gure moral guzia erabat gizonek, eta gehienetan mutil zaharrek egindakoa delako kexatuz dabiltzanak ez dabiltza agian arrazoirik gabe... Baina utz ditzagun inguru-bazterrok.

        Moralistak ez du gizartea positibu azterkatzen, haren fikzioaren bat baino. Kontradizioa errealidadearen eta posiblearen artean ikusi ordez errealidadearen eta idealaren artean jartzen duenez gero, bere gizarte-kritikan deskribitzen duena, ile eta seinale guziekin deskribituta ere, ez da errealidadea bera, errealidadearen baitan bere idealaren kontradizioa baino. Honelakoek, errealidadeaz gogotik mintzo direnean ere, ez dute besterik egiten, kategoria moralak konzeptu eta asmo politikoz bete (edo aldrebes) besterik. Ideologiak inolako kontzesiorik egin gabe zaindu nahi lituzketenen artean ibiltzen dira honelakoak batez ere, eta pozik azaltzen dira jator eta antirrebisionista eta pintzipioen zaintzaile bezala. Nekeak asmobide eta gogo horiek programa batetan ponduz-pondu zertzekoan sortzen dira. Azkeneko helburuak berehalakoxeen lekuan jarrita bait daude hor. Politika horren etsairik amorratuena kalkulua izaten da.

        Politika ez da horientzat posiblearen artea, helburu moralarena baino. Makiabelismoan edo utilitarismoan erori ez den edozeini gertatzen zaio hau apur bat. Baina batzuentzat arrain handiaren urdailean bizirik iruntsitako arrain xipiren bat bezala dago nunbait politika moralaren barruan. Orduan morala ez dago politika argitzeko eta helburura gidatzeko bakarrik, hari une oro motor bezala eragiteko baino. Horrelako idealismorik aitortu nahi izaten ez bada ere egiazki politikagintzaren azkeneko motorrak arrazoi moralak balira bezala judikatzen da, eta, de fakto, motorra hauxe balitza bezalakoxe ekintza eskatu ere bai. Rikardok joera hau barru barruan zeramala uste dut eta bere autokritika etengabean akordatu gabe uzten zuela. Erreboluzioa egiteko kondizio objetibuen zain lotzen diren Mosku-zaleak kritikatu ondoren, segun eta nola hartu erreboluzio-zale batek esateko bildurgarria izan daitekeen esaldi hauxe aurkitzen diogu (eta aipatzen dituen ezker berrko horien artean sartu samarturik susmatzen zaio bere burua):

 

        Hirugarren munduan, miseria hain handia denez, sozialismoak, burua erne duen batentzat, derrigorrezkoa dirudi. Hazitako eta erabat industriatutako Herrietan, berriz, derrigorrezkoa baino gehiago, gizatasunaren aldetik egin litekeen aukera bakarra bezala agiri da (azpimarkatuak nireak). Behar bada, mendebaleko gizona salbatzeko posibilidade bakarra sozialismoa dela, eta hau izateratzeko benetan erreboluzio bat nahi eta nahiezkoa dela, diote ezkertiak berriak (JAKIN, 26, hor. 28).

 

        Ohargarria benetan hor (eta ez Rikardo baitan bakarrik) gertatzen ari den metamorfosia. Kondairak nahitaez profeziaren plagio bat izan beharko balu bezala. Marxek erreboluzioa ezinbestezkoa, derrigorrezkoa zela ekarrarazi zion bere orduko gizartearen azterketari. Gizarte hura ikusirik, egiantz guzizkoa zen emaria. Gizartearen prozesoetako nahitaez printzipiozko eta metafisiko bezala hartu zen gero, halare, derrigortasun hori. Ez zegoen, hortakoz, azterketak ezer erakutsi beharrik, aldez aurretik zegoen jakinda erreboluzioaren orain ala geroko ezinbestezkoa, naturaleza horrexekin presuposatzen bait zen azkenean gizartearen edozein prozeso. Hauxe konfirmatzeko bakarrik izan zitezkeen azterketak. (Jesus Nazaretekoak ere bere mundu konkretua ikusiz berehalaxerako eta ezinbestezkotzat eduki zuen azken judizioa. Baina ez zen etorri. Gero munduaren naturalezaren arabera azken-finean ezinbestezko bezala esplikatu zen). Baina erreboluzioaren derrigor hori produzio-harremanen produziokortasunaren aldetiko arrazoietan ikusterik ez zegoenez gero, Marxen kalkuluek huts egiten zutenez gero, derrigorraren edo erreboluzioaren zentzuaz berpentsatu ordez, haren jite metafisikoari amor eman gabe, hura derrigortasun moralki metafisikora aldatzen da. Erreboluzioa kondairaren ekonomiazko prozesoek berez ekarri beharrezko bezala ez baino moralki derrigorrezko gisa agertarazten da. Arrazoiari buruzko optimismo izugarria dago horren barrenean. Honela irakurtzen da Txurdintxoren lan batetan, Eusko burkideon elkarteruntz, BRANKA 9 (1969), hor. 16: Arrazoia, hots, kultura, jakintza, azkenean beti garaile irtenen dira. (Niri, ordea, garaitzen duen oro arrazoi eta kultura deklaratuz bakarrik egizta litekeen axioma iruditzen zait hori). Beste muturrean P. Meunier jarri du Txilardegik: partida galdu duten guziak egia ziaten; partida irabazi duten guziak, aldiz, oker zeuden eta oker zeudelako hain zuzen irabazi ditek. Horra zein mailatara eraman dugun erreboluzioaren hauzia!... Horietxek eta antzekoak dira, hain zuzen, aurrerantzean bota bakarrik ez baino argitu egin beharko diren esaldiak. Horregatixe deritzat printzipioak mugatzen eta, argitzen hasi beharrik garela.

        Dena dela, kritika zorrotza egin beharko litzake Rikardoren arrazoibideetan zientziazkotasuna, ideologia eta moraltasuna elkar nola adituta ote dauden erabakitzeko. Mereziko luke, gainera. Ez Rikardoren flakia zenbait harrapatzeko gutiziagatik, zozokeria bait litzake hori, baina bai haren eskribuetan oraingo jokabide askoren gakoa adierazpidatuta edo senplifikatuta erakusteko. Gure belaunaldia —gerra ondoko izaki— printzipio gose amorratu batekin hazi da, eta zeinek haiek emanik gabe gehienetan, hutsune politiko batetan jaio zelarik. Guretzat, horregatik, azterketa-printzipioak eta kategoria moralak, baliogo-judizioak ezin ziren nahastuta ezik desarroilatu. Horrez gainera, inguratzen gintuen hutsune intelektualean xit sinisbera agertu gara euskaldun fededun umeok geu ere. Gure gizarte-kritikak judizio moral eta estetikoago ziren beste ezer baino: hasieran ez zegoen azterketa, eta bai akusazioa (tesia). Eta azkenean geure nahaste honek preso hartuko gaitu, gainditzen ez badugu behintzat.

        (Ez da hau gure politikazko hizkuntzako eta kultur-lanetako nahasmendu eta okerren azterketa egiteko unea. Gutiago haien kausak bilatzekoa. Ik. azkenekoaz M. LASA, Euskal kulturaren kinka larria. JAKIN 34, hor. 34-39, zenbait euskaltzalek eta haien artean Rikardok berak atsekabe kausitu izan arren nire ustez oso lan irakurgarria.)

        Gure orain artea gainditzeko aro berri bati ekiteko asmoa ez da nirea: Rikardok berak bilatzen zuen hori eta hura programatu nahirik zebilela hil zen. Aro horretan geure buruekiko kritizismoak batez ere gogor jarraitu behar zuen.

 

        Bai, bada konformagaitzen konformismo bat. Bada protestalarien eskolastizismo bat. Erru honetan eror nintekeela, eta zenbaitetan erooi naizela ere, aitortzen dut... Eskolastizismoa, neurri handi batean gutienez, besteek esandakoa birresatea da. Horregatik, konformagaitzentzat jatortasunik-eza, orijinalitaterik-eza hobeto, da arriskurik handiena (JAKIN, 35, 56).

 

        Orijinaltasun falta baino okerragoa iruditzen zait niri gauzak argiegi ikustea, gehiegi jakitea, seguruegi ibiltzea, gure arrazoiak ebidenteak balira bezala jardutea. Zitekeenik desbereziena izan bait da gure lan asko. Konzepturik zailenak ere geure esku-barneak baino zentzu-korapilo gutiagorekin aurkitu ditugu nonbait, eta problemak askatzeko hitz magiko batzuekin dena eginda balego bezalatsu ibili gara: sistimak, egiturak, errealidade objetibuak, etab., etab. Eta kontserbakor hutsa, horrekin konbentzitu ez zena.

        Euskal kultura berrienean, abestietan, hitzaldi eta predikuetan, egoerari kontradizio sortzeak ematen zien konkretasun trinkoa zedukaten iraultza, askatasuna, justizia, kultura herritarra, egia, maitasuna, etab., bezalako hitz beste edozein lekutan abstraktuek. Gurean konkretuak ziren eta jendeak konkretu ulertzen zituen. (Ez dago abesti berriak ikusi besterik). Baina konzeptu horiek denak barrutik zatitu eta xipitu eta ordenatu behar geroz eta handiagoa dator egunik egun, kontzientzia errebelatuak forma har dezan. Aidean urtu edo kaos bihurtu egiten da kritizismoa ukazio zehaztugabetik zehatzera (determinate Negation) eta azkenik baieztazio edo posiziora iragaten ez denean. Eta ezin iragan daiteke autokritika bihurtu gabe.

        Ezin ahantz genezake inola ere prozeso baten hasieran bakarrik gaudela oraindik. Eta eginkizun praktiko bezala zailena horixe genuen apika (errefrauaren jakintzak dioenez lehenengo urratsa izaten omen bait da zailena) baina bigarrenen bat edukitzeak bakarrik bihurtzen du lehenengo edozer gauza.

        Rikardok, Politikaren Atarian, hor. 20:

 

        Gure buruarekin pentsatzen hasi behar dugu. Politikaren zientziari dagokionez lehendabiziko erdal soziologia aurreratuenak noraino iritxi diren ikusi ondorean sail honetako ezagutzea eskuratu behar dugu. Baina guk geok ere ezaguera horiek gerekasa egiten ikasi beharko dugu. Eta batez ere inbestigazioak eta esperimentazioak gerekasa egiteaz gainera, horiek ematen dituzten datoekin pentsatzen hasi.

 

        Rikardoren eboluzioez

        Rikardoren politikazko aburuez gauzarik jakinenetako bat aburuon denbora guzion asko aldatu izana da. Bere konpromisoaren agindua zuen hori. Bere suharra. Eta eboluzioak, benetakoa denean, ulergaitz bihurtzen du autorea, hau bere eboluzioarekin aritu nahiez gero bederen. Franko nabarmena, bestetik, Euskal Herria ere eboluzio bizi biziaren irakinaldian dabilela berebat. Euskal Herriaren eboluzio hau da azken finean guretzat inportante. Baina hau batetik Rikardoren eragile zen bezalaxe da bestetik Rikardok berak eragindakoa. Rikardoren eboluzioak, bada, herri guziarena kontraespilatzen du (haren piska bat bakarrik, noski).

        Zer esan Rikardoren eboluzioaz? Nik behintzat misterio bat zaidala esan behar lehen lehenik. Zeren-eta eboluzioa bere azkenetik begiratuta judikatzen bait da hobekien, eta hemen hura arras falta da: Rikardorena berarena haina hura barruan zedukan euskal herriarena. Agian eboluzioaren hasiera bera ere ez dago oso garbi. Itxuraz eta axaletik bakarrik lotzen bait da Rikardo bere lehenagoko hurbilekoenekin: gauaren azpian bere buru politikoa demititu zuen belaunaldi baten barnean hasi zen, izan ere, Rikardo —eta haren antzean bere hazaldia. Industria eta eskolak konzentratuta dauden hirietan ezpada, herrisketako gazteriaren hasiera politikoak aidean, deskontentu kontzientzian forma hartu gabekoan, noragabezian, etab. ezerezean zeduzkan bere erroak finkatu gabe finkatuta. Zedarritzeko insegurua da gure nondiko politikoa eta oraindik xeheki azterkatu gabe dago.

        Honetaz biziki garrantzizkoa iruditzen zait arestian herbestetik sartzen zen literaturak gazteriari eragiten zion zirrada. Irakurritako munduak bertakoaren ziztrinkeria erakusten bait zuen. Bertako adimenarekin 39 gradua baino aruntzago oso nekez heldu ahalik, izan ere, eta harrez geroko bertako inteligentzia gizarte kritikan gehienez ere metaforaz bakarrik ausart zitekeenez gero, gehienetan ordea Aginpide irrazionalaren ohaide bezala gustora aritu, herbestetiko irakurgaiek bakarrik lagun zezaketen zetioa hausten. Gogotik eraiki zen herbestearen ospea kontrastez bertako lozorroa inarrosteko premisa legez (horrela geure tradizioetan sustraitzeko era galduz). Garai honetako pioneru-lanik ausartenak aldi berean sekula santako plagiorik izugarrienak ere bazirela baieztaizea ez doake noski inoren kaltetan (eta ez litzake zailegia izango egiaztatzea). Gizarteko egoerak berak jarri arazi zuen herbestearen mende, horrekin erdibituta (entzweit), hemengo errealidadea eta hango ideiak, gelditzen zen gazteria; hau da, alienazioaren baldintzapena amiltzen zen esklabua eskema ezagun baten bidez adierazteko. Bide batez amets eta protesta eta burrukarako tresna bihurtu zen eskua herbestera luzatzea. Gure hasiera gure hezala ezaguerazten duena hemen bilatu behar dela deritzat. Hementxe dago, orobat, berehalaxe ikusiko dugun zenbait mordoiloren jatorria ere duda-mudarik gabe.

        Kritizismoa prestamotik bizi zen. Beraz, landuta zegoen lurra dogmakeriaren haziak frutu ugari emateko. Eta sortu ere halaxe sortu Marxomania.

        Itzul nadin hitzaurre jeneral honekin, Rikardoren eboluzioez mintzatzera. Eta neure kontsiderazioak kontsideratzera, aurren aurrenik.

        Rikardoren burutapenen trazo handienak soilik erakutsi nahi izan ditut goiko guzian. Xehetasunak argitzeko eta argitasun honekin atzera trazo handiak berak ere hobeto ulertzeko asko lagunduko du haren politikazko idazkien bildumak. Gero hitzaurre hau sobera egongo da, eta epilogo bat beharko da (obrekin hitzekin baino gehiago) egin. Irakurleak ere berea egingo du, noski. Eta ez dakit hitzaurre hau konfirmatuz osatu ala ukatuz gainditu egingo ote duen. Baina hain ikaragarri inportantea ere ez zait iruditzen horixe, Rikardok gure baitan edukitzeko eboluzioaren une bat gehiago bezala ulertzen bait dut gogoeta hau.

        Beti ere lotsa-edo zerbait sartzen du hildako bat epaitzeak, gainera epaikaritarako hura baino geroxeago bizi izatea beste eskubiderik ez edukiz batez ere. Oso dudagarria eskubidea. Eta gero, autore baten lanean trazo handienak hartu eta besteak uztea ere apreziazio-joku arriskutsua da: espilu bat puskatu eta puska batzuek hoberenak bezala hautatzearekin konparatuko nuke. Horixe bait da nik Rikardorekin, nahi ezta ere, egindakoa. Beraz, ez bitza irakurleak espilu-puskaok espilua beratzat har. Rikardok berak deskribatu zuen hobekien Rikardo, eta hura ezagutzekotan bera irakurri behar da.

        Rikardoz mintzatzeak, izan ere, xoriaren hegada pintatu nahiaren antzeko eragozpenak daduzka. Mugimenduaren uneak nolabait espresa bait daitezke, baina ez mogimendua bera adierazi. Ni behintzat, ez naizen gauza askoren artean, futurista ere ez naiz. Rikardo, aldiz, mugituz dago, bai bere baitan eta bai bere gurekiko zerikusian, eta mugituz Rikardoren inguramendua ere, eraberean Rikardo beti argi ezberdinetan agertaraziz. Eta geu ere ikusgune geldirik gabe ari gara hura epaitu naiz irakurri eta ulertu nahiz. Orain arte egia honen arabera jarduten saiaturik, beste proba batekin ausartuko naiz ondoren. (Salbatore Mitxelenari buruz egindako saiakeran ikusten dudan haina sinplekeria esaten ausartu ondoren ezin bildurtuko nau pare bat gehiagok!).

        Lehenik, begien bistan dagoen eboluzio horri bere ekaia kausitu behar zaio, orokarki behintzat. Hori egiteko bide ugarien artean estadistikari hurbil lekiokeen guziz sinple bat bakarrik seinalatuka diot irakurleaki: urtez urte erabilitako gaien kontua ateratzea eta alderatzea. Kantidadetik kalidadera pasatzea oso dialektikazko ematen badu ere, arriskutsua da urrats hori geure irudimenean imajinatu eta errealidadean ere halaxe dela egiztatzen enpeinatzea. Rikardok zertaz, zein gaitaz gehien arduratu zen zenbatzeak, halare, haren kezken eta axolen irudi bat eman dezakeela esan ahalko litzake. Irakurleak taula bat egin dezake holako gai gehien erabili batzuen kontaduria, urte bakoitzeko gaiena eta gero lan guziena, atereaz. Nik neuk ez dut holakorik egin. Baina urte bakoitzeko idazki tipiku iruditu zaizkidan lan batzuek apartatu ditut, bere eboluzioen espilu hausia nolabait konpontzeko asmoz. Ondorengo testuok batetik eboluzioa (ardura nagusienen eta ideia-giroaren aldakuntza), besterik, eboluzioaren jarraitasuna eta barruko, berdintasuna erakutsi beharko lituzkete. Rikardoren eboluzioak ez daduzkala bere epe eta mugak urtezahar eta urteberri artean, kontrastatuko zait arrazoiz. Baina irizpideren bat hautatu beharra zegoen, eta nik ez dut Rikardoren biografia nire ezagupideekin bestelako eperik ezartzeko lain ezagutzen. (Soldaduska denborak Rikardoren eboluzioan garrantzi apartekoa duela abisatu zait eta ez dut jakinarazi gabe utziko, irakurlearen gobernurako). Urrengo Rikardoren bildumatxo honek urtez-urteko desarroilo horren ideia bat eman dezakeela itxadon nahi nuke:

                1964  Paperik eza (1964, ZA 62, 5)

                        Europa berriro (1964, ZA 88, 5)

                1965  Grenobleko alkatea dela-ta (1965, ZA 114, 5)

                        Defferre-ren deia (1965, ZA 118, 5)

                1966  Laboratorioko sozialismoa (1966, ZA 149, 5)

                        Reformismoa (1966, ZA 167, 5)

                1967  De Gaulle Quebec-en (1967, ZA 234, 5)

                        Sozialismo astratoa (1967, ZA 251, 5)

                1968  Gora Rebisionistak...

        «Gora Rebisionistak» aitortzarekin Rikardoren eboluzio barruan beti, bere azkeneko denboran halare aparte bizi zegoen problema definitibu bat jartzen zaigu. Ideien (atzerritikoak ia beti) eta gure premien elkartzeko moduaren problema, alegia. Printzipialismoaren eta praktikaren arteko zerikusiena. Horregatik eginbeharrezko beste zerbait Rikardoren eboluzioari formalki ere neurri hartzea da. Zein hitz eta esaldi noiz idazkiotan agertzen den ala ezkutatzen, zein testuingurutan, zein Autore aipatzen den eta nola, arrazonatzeko moldeak bolada bakoitzean zein tankera darabilen, etab., etab. Luma eta papera eskuetan irakurri nahi duenak izango du zertan aspertu. Azterketa honek, zenbatezkoak bezalaxe, eboluzioaren bai gaia eta bai forma bilatzen lagunduko luke.

        Muga nadin ni orain eboluzio horretan nabarmen aski hauteman den faktore bat bakarretara: marxismora, alegia. Marxismoak, gutirekin asko esateko, onura izugarria egin diola deritzat Rikardoren eboluzioari. Eta euskal herri osoarenari. Problemak sentimenaren mundutik burura eraman arazteko batez ere (nahiz eta sarri marxismoa bera ere lehenengo hartan gelditu izan) hots, gure sentimenezko, senezko kritizismoa arrazoizko itzul-arazteko, arrazoimen kritikoaren tresna gisa hain zuzen. Eta problemak sistima batekin pentsatzeko.

        Tresna hori gureratu zenean, halare, gu ohitu gabeko zen eta makina bat buruhausterekin bakarrik balia gintezkeen hartaz. Mintza gaitezen, bada, buruhauste horietaz, Rikardorenak ikusirik geureak harrapatzeko.

        Rikardo ez zegoela geldi bere pentsakeran oroitarazi behar da berriro. Eboluzio bat ez baino asko batera egiten zituela ere iruditzen zait niri. Eta marxismora ailegatuta gero ere ez ziren baretu haren eboluzioak. Programa batetara, esan bezala, bere ideien programa batetara ere, ez zen inoiz heldu. Ezer konprenitzeko katalogatu egin behar duena gaizki ibiliko da, hortakoz, Rikardorekin. Gainera pentsamendu batetan ez dira atal guziak batera mugitzen, atal bat mugitzeak beste guzien posizioa aldaerazten badu ere, eta zentzu horretan, gehienez ere bere pentsamenduaren atal bat iruditzen zait Rikardoren marxismoa: hots, ez kostitutibua, ez haren forma. Marxismoa konzeptu-mailegu edo prestamo bat izan zen Rikardoren pentsamenduan, nire ustez. Halare, Rikardoren pentsabideei eskua hartzeko ez da aski haien barruko (marxismoaz aurretiko) egitamua bilatzea, printzipioen jatorrizko trama bilatzea. Garrantzizkoa da, orobat, haien eboluzioei begia gainetik ez kentzea ere. (Ausaz egokiago izango litzake eboluzioaren ordez aisa desarroiloaz mintzatzea). Eboluzio hoetan marxismoa bereziki eragikor izan zen, aldian aldiz erakarmenez ala higuinez eragin izanik. Marxismoarekiko zerikusiek determinatuta agiri da Rikardoren desarroiloa, behin batetaraz gero behintzat, (honekin batera) pentsamenduaren barruko egitura ere bezalaxe.

        Problema da ea nola marxismoa Rikardoren arrazoiketen baitan golkoratu den. Eta badut susmoa, beste xori baten kabian jarritako kuku arraultzearen moduan egin zuela... JAKIN 24, 47, eta ur. horrialdeetan sozialismoa zer den argitu nahirik dabil Rikardo (eta sozialismo baino sizilianismo gehiago dirudi euskaldunak, Rikardori sinestekotan). Presupostu sujetibuak aipatu ondoren (gizonaren dintasuna zaindu, gizarteko justizia eta bakea gutiziatu, etab.) hitzek orain sentiduren bat baldin badute eta jeneralidadeetatik ihes egin nahi badugu, sozialismo hitzari eta ideiari zehaztasun handiago bat eman behar zaiola uste du. Programa batetarako oinarri antzean erakusten dizkigu zehaztasunok: klaseak badira, klaseak burrukan ari dira, gizarte berriak langileengandik etorri behar du, klase batasuna derrigorrezkoa da eta produzio ondasunen (alegia, produzio-buruen) jabetasunak herriarena izan beharko du. Beraz, ponduz-pondu guziak marxistak, funtsezko sozialismoa gauzaren aldetik (objetibuki) zertzen duten ponduok. Rikardok, halare, materialismo dialektikoa onartzen ez duenez gero (...traszendentzian sinisten dugunok ezin dezakegu onar materialismoak bere baitan duen inmanentzia hutsa, bertakotasun soila, hor. 46 —oroitaraz dezadan, nire aldetik, trazendentzia onartzea eta arimaren hilezkortasuna sinestea diferenteak direla—) eta klase burruka egiazki kondairazko desarroiloren motorra ote denari erantzun nahi ez dionez gero (hor. 49), Rikardok marxismoaren baitan eztabaidarik gabe baliozkotzat daduzkan punterengo ponduak horietxek izan behar duten susmoa gelditzen da. Ez dut haren esaldirik ezagutzen, ez lehenagoko eta geroagokorik, susmo honen kontra.

        Baina hori hala baldin bada, gure beste askok orobatsu erraz asko egindako huts bera egiten ari da Rikardo: Marx zenbatsuki bakarrik neurtzen, esaldiek horrekin hartzen duten zentzu-korapiloz ohartu gabe. Zenbat eta gaurko ekintzan haren baliozko pondu gehiago egon (baina ponduok hitz hotsaren arabera soilik hartuz) eta baliozkoago Marx. Zenbat eta marxismoaren pondu gehiago onartu eta marxistagotzat eduki bere burua. Inor marxista ote den epaitzeko ere jardupide bera segitu ohi da: zenbat Marxen tesi gehiago konprobatu ahal izan inori, marxistago harrapatzen da jauna; edo aldrebes, errebisionistago. Aipamenak arrazoi bihurtu dira, horrela. (Problema honetaz axolatu den autore marxista anitzen artean Kolakowski batezeretuko nuke). Mikroskopioarekin dabiltzanak berak ere ez darabiltza holako bizitze-konzepturik! Horrelaxe bihurtu dira Marxen irakaspenak berak fetitxe nor-galarazle (aliena arazle), merkadurien arioan bait daude banan banan kontsideratuta, produktuen antzean objetibatuta...

        Rikardo funtsean hortxe dagoela iruditzen zait, ezen-eta beste jardun behar izango zukeenean ere horrelaxe arrazonatzen jarraitu bait zuen: euskaldunen Jaungoikoa dela-eta Jose Lasarekin izango eztabaidan, esaterako. Lasak marxismoaren erlijio-kritikan oraino baliozkotzat etsiko lukeena ponduz pondu ilaran aipatzeko-edo eskatzen zuen Rikardok; oharkabeki marxismoaren baliozko eta baliogabekoa sagar onen eta xarren antzean aparta daitezkeela presuposatuz, nonbait.

        Marx gehien aipatzen edo erabiltzen zuen bere boladan, izan ere, haren sistimak menderatuta samar agiri da Rikardo: Marxen kanpotik, metoduaren barrura sartu gabe, irakaspen edo tesiaren batzu bakanka hartu eta bestetsu zabartu ahal usteta, eta —hortxe bait dago problema— horixe egin nahi-ta. Berak uste eta edo nahi ezta ere eklektikoaren gisa jokatzen zuen. Dogmakoikeriarik gabe marxismoarekin libreki jardutea uste zuena, orduan, ez zen besterik, libreki Marxen tesi batzuk onartu eta beste batzuk zapuztu egitea besterik.

        Baina Marxekin diharduten gehienak gelditzen dira hor —dotrinarismoan, alegia. Rikardok, aldiz, ezin-egon ugari batean bizi nahi zuena bait zen (JAKIN 24, 47), hortik ere emigratu egin behar izan zuen, Txekoslobakiako inbasioak ikaratuta egin ere. Nire ustez sekula ez zen egon Rikardo dogmakeriatik hurbilago marxismoaren irakaspen-sistimatik hurbil zegoenean baino. Ez dira inolaz ere gauza bat-bera Marx tesiz-tesi zenbatsuki hartzea eta dagmakoikeria, nahiz eta gehienetan elkarrekin joan eta dogmakoikeriak arrunki bestea kausatu. Dogmakoikeria formalismo da funtsean: inportantzia ez dago gauzen, egiaren barrruan, eta bai kaietatik kanpora. Gordin esanda, janariak xar ala on izan begiratzeke, saltzailea xarmanta zelako bakarrik jatea bezalatsu. Autós ephe edo Roma locuta, ergo egia. Egiak ez du bere egia bere barrutik koalifikatzen, sinesgarri erakusten, ezpada kanpotik ezartzen zaio egiari. honek berez finkatu ezin duen egiazkotasunaren koalidadea. Egiak egiteko makina bat Aginpidea, hipostasi bat egiten bait dute egiak eta Aginpideak (Autore nahiz Ebanjelio eta Alderdi nahiz Eliza). Ez da sinesten (ez baitago dogmakeriarik aldez aurretiko federik gabe) zerbait berez sinesgarri delako, dekretuarengatik baino. Ez dago esan beharrik, jende askok gustora hartzen dituelako bakarrik fabrikatzen direla dogmak. Eta behin hoek fabrikatuz gero ikaragarri zaila da norberaren pentsamenduko autonomia salbatzea. Zaila bait da. dogmaren kanpotik geldituz gizarte konkretu baten kanpotik ez gelditzea. Egoera honetan dogmen interpretazio liberalak (erreformismoa) egiteko tentaldia sortzen da... Rikardok antzeko izpiritua zerabilenean, edo itxura behintzat, nire ustez ez zen jokabide hori bere barnetik zetorkiolako, inguruak eta giroak obligatuta batetik eta bestetik sistima marxistaren itzalak menderatuta baizik. Hots, haren metoduaz jabetu aurretik bereganatu zuelako marxismoaren sistima. Agian berez ezin itzurizkorik batere ez diren antinomiak erremediatu ezinik korapilatzen zitzaizkion, horrela. Trazendentziaren gorabehera horrexetan, adibidez; edo-ta laster aipatuko dudan klasetasunaren eta naziotasunaren arteko elkarpekotasunaz aritzekoan ere. Karlos Santamariak manikeismoa eta Txilardegik apostoluen fedea ikusi-abartu baldin bazioten, bada, funtsean ez zen arrazoirik gabe izan. Baina Rikardo demokrazia-zale eta kristau demokrata ohiak (orain dela bi urte kristau demokrata nintzen, gaur egun berriz ez naiz horrelakoa, ZA 153-5), Luther Kingen eta Kennedyren miresleak intelektual erromes jarraitu zuen. Txekoslobakiako inbasioak eta Pariseko maiatzak bultzada berria eman zioten bila eta bila jarraitzeko. (Bat zahartu ere egiten da poliki poliki eta bila ibiltzeaz aspertuz gero tentaldi maltzurra da sosegu eta atseden eskaintzera datorren edozer). Bere azkeneko denboran aspaldiko eta sekula zeharo itzali gabeko amets bat atzera berbiztu zitzaiola iruditzen zait: ezkertiartasun berri baten ametsa. Ezkertiartasun berri honi Dubceken sozialismo humanistaren joera hautematen zaio, oker ez banago. Dubceken saio huraxe bait zedukan benetako erreboluzio sozialistatzat. Ikus JAKIN-en 31-32, hor. 76:

 

        Argi dago, (sobietarrek) nazioartekotasuna esaten dutenean inperialismoa irakurri behar dela, 'kontrarreboluzioa' diotenean benetako erreboluzio sozialista, kapitaldunen inperialismoa aipatzen duenean, sobietar inperialismoari itzala egiten diona adierazi nahi dutela.

 

        Nire ustez sozialismo humanistaren asmoen funtzioan irakurri behar da Rikardoren politikazko literatura guzia. Ez asmo hau azkenekoa zelako bakarrik (Rikardoren idazkiak atzekoz aurrera irakurriaz azterkatzea ez litzake jokabide xarra izango), lehenengoa eta betiko ere bera izan zelako baino.

        Beste inork konbentzitu ez zuelako zeritzan beharrezkoa horixe: ez komunistek, ezta sozial-demokratek ere asetzen zuten. Baina Mao-edoren (inkognita baten) zale ere zen egin. Bere postura honekin ikusita gustora egotziko lioke gure norbaitek burges-koxkorreria, noski (baina ez zuen bildurtzen Rikardo kontrakarga honek):

 

        Erreboluzioak gaur egun eta Europan ere beharrezkoak dira. Ez da ordea erreboluzio romantiko bat eta ezta ere seguru asko indarraren bitartez egindakoa. Ezkertiarrek bere gizarte berria jaso nahi baldin badute agintaritzara iritsi behar dute eta hor dago gaurko ezkertiarrentzat korapilorik handiena: bere dotrinari uko egin gabe nola gobernura iritsi? (ZA, 147, 5).

 

        Gobernua bozemaldietan eskuratu ahal izateko, izan ere, eskuinaren eta ezkerraren tarteko jende taldeak irabazi behar bait dira. Eta hoek errazago jotzen dute eskuinera, ezkerrera baino.

 

        Ba dira gaur egun itxadopena galdu duten ezkertiarrak eta politikalarien eginkizuna agintaritzara iristea dela batez ere pentsaturik honela erabakitzen dute beren jokabidea: gobernura iristeko erdikoen beharra dugu, ezkerra berriz gaixo dago, horretaz bada, jarri gaitezen erdiko horien neurrian eta mailan. Eta egia aitortu nahi baldin badut, hori da europear ezkertiar askok hartu duten joera.

        Beste joera, berriz, jende horiek ezkertaratzea da. Askotaz ere zailagoa, jakina. Jendeari ezkertaratzea atsegina eta gogozkoa egiteko ezkerrak gazte eta behar bezalakoa azaldu eta agertu behar du eta ez botikario demagogo eta hizlari batzuen bilduma bezala. Horregatik jende berriaren konkistara atera baino lehen ezkerrak bere burua garbitu eta eraberritu behar du (ZA, 162, 5).

 

        Euskal Herrian ere ezkerrak bere burua garbitu eta eraberritu behar honetaz oharturik eta zerbait egiteko delibero irmoz abiatu zen Alfabetatze Kanpainan eta gero LUR argitaldaria izango zena sortzeko urratsak ematen ere. Permiti bekit irakurleak Rikardok hil baino lehentxeago idatzi zidan eskutitz batetik zerbait aldatzea. Bi gauza burutu nahi zuen bere orduko lanarekin batez ere, adierazten zidanez: herria kultureztatu, eta gure egoerari egokitzen zitzaion pentsamendu bat borobildu.

 

        Hemen infraestruktura kultural bat jaso beharra dago irauteko. Eta hori gaur egin behar da. Gaur eta hemen. Ez da oso paper luzitua noski. Berehala ahaztuak izango gara. Eta hori ametitzea garratza da. Neretzat behinepehin. Benetan esaten diat: hemen jende asko zegok posteridadearen, egarriarekin, baina bere alferkeriarekin gaurkoa hiltzen ari dena.

 

        Bigarrenez, beti bezala, eztudioak sakondu eta kritiko jardun beharra aitortzen zuen, eta JAKIN 35, 3-16 neronek Marcuseri buruz argitaratutako lana jardupide kritiko bezala ontzat emanez:

 

        Rebisionismoa! Bai ote dago beste biderik? Bakar bakarrik hemengo giro manikeo honetan nahiko zaila dela aitortu behar. Hala ere ortodoxia guziekin nazkatuta nago... Batzuetan zahartzen ari ote naizen pentsatzen diat, eszeptiko xamarra ari nauk bihurtzen-eta!

 

        Gure pentsamendu propio bat bururatzeko asmoa, Marcuse azterkatuz egindako Eguzkialdeko haize horiek saiakeraren hasieran garbi azaltzen da. Horrelako lan bat zergatik idatzi justifikatu nahiz hasten bait da, jokabide berriren bat justifikatu nahiz bezala. Eta bene benetan hasten du Rikardok saiakera honetan, jokabide berririk ez bada ere, bai helburu hurbil berri batetarako burruka, alegia, konzeptuak artez neurtzeko eta berezteko ekinaldia. Marcusek bere 'Sobietar Marxismoan' (Soviet Marxism) gure euskaldun-arterako ere oso inportantea den arazo bat planteatzen du. Rikardo bera ez zen Marcuseren jarraikitzailerik. Baina haserreturik altxatzen zen Autore hau besterik gabe burges koxkortzat zokoratu nahi luketenen aurka. Adimena ahierkunde nahiz zaletasun edo gutizia preerabakiz mugatu gabe nahi zuen bere pentsamendua zabaldu, eta bere pentsamendu horixe eraikitzeko erreferentzia edo bide bezala bilatzen zituen Autoreak. Bere pentsamenduaren barnea berriro berrikusten hasi nahi zuen. Horregatik bere pena Marcuseren Arrazoia eta erreboluzioa irakurtzerik eduki ez zuelako.

        Sozialismoarekin bakoitzak zer ulertzen duen argitzeko premia zen funtsean. Lehenago ere ba zedukan sozialismoa aipatzeak bere konkretutasuna, hau da, haren baieztapenak berezkoa zuen ukazioarena bederen. Baina, eta Marxen beraren marxismoaren barruko tensioak aparte utzita ere, sozialismoari adar edo mota ezberdin asko sortu zaio: sobietikoa, maoista, Jugoslabiakoa, Cubakoa, afrikanoa, —sozial-demokratak ahaztu gabe. Horietako bakoitzaren alde onak eta xarrak azterkatu nahi zituen. Baina ez hoberena eredutzat hautatzeko, ezpada lan horren bidez irizpideak eta Euskal Herrirako behar genituen konklusioak ateratzeko. (Irakurleak Rikardoren idazkiotan hasiera hasieratik sozialismo horiek nola epaitzen diren jardun ahalko luke). Baina hori ez da posible Marx aritmetika bihurtuz gero, edozein joeratako sozialistak aipa bait dezake Marxen esakunen bat, zifra moduan, bere alde. Horrela ikusten da gaurregun Marx Marxen kontra dabilela, hau da, erabiltzen dela. Baina ezin egon daiteke bere kontra. Beraz, Marx eta marxismoa batezere marxismoa eta sozialismoa bestez elkarrekin nola konportatzen diren berpentsatu nahi zuen Rikardok, eta euskal sozialismo batetarako eredua beste nondibait kopiatu ez, eta bai berea asmatu eta harmatu.

        Sakon ere joan beharko da azterketotan, ezpairik gabe. Gauza errazegiak bilakatu bait dira edonork bere burua sozialismoari aitortzea eta liberalismoari erabateko ukoa egitea, ezer diferentziatu gabe. Iadanik aitortza formal hutsak, gunerik gabekoak, printzipio abstraktuenei bakarrik atxikitzen bait zaizkie, ez errealidadeei, ezta printzipioen gauzagarritasunari edo zertu ahalari ere. Aitoriza horrekin ez legoke gizarteren bat inola ere konkret atontzerik, Absurdistaneko Errepublika ez bada behintzat. Liberalismoa hauzitan hartzen da, baina hauzitaratu edo problematizatu gabeko sozialismoa kontrajartzen zaio hari, Rousseauk Hierarkiari gizon naturala bezalaxe. Baina honez gero sozialismoa gizon naturala bezain problematsu bihurtu beharra dago behin eta berriz ere, eta sozialismoa bera zuzen aditzeko hori. Ez bait da sozialista izeneko edozein azalpenen izana ere zeharo sozialista, ezta sozialismoaren (alegia, sozialismo historikoen, konkretuen) barruan ere barruko dena sozialismorik. Autoritarismoa, jauntxokeria, gogorkeria, konzentrazio-zelaiak, herri-iritziaren manipulazioak, intelektual zigortuak, estatismoa, zentsura, etab., sozialismoaren aurretik bezalaxe ondoren ere badiren azalpenak ditugu, eta ez dago sozialismoa horiekin nahastu eta kontzesioak egin behar izan gabe pentsatzerik, hau da, sozialismoak haiei eta haiek sozialismoari eragin gabe. Ez bait da zitekeenik hobekien orain artekorik ezer egin izan, ezta sozialismoa ere.

        Gizarte liberatu nahiaren azken fineko problema askatasunarena da, askatasun praktikoarena, hau da, iniziatiba zeini eskuratuarena eta hura kontrolatzearena. Eta hemen, oraindik oraingoz, teoriazko printzipio estremoek, edo-ta hobeki esan sistimek, burua galduz, beren jatorrizko asmoen deuseztatuz, bukatzen dute. Hau da, iniziatiba eman zaienak ezin kontrolatuz. Liberalismoak behetik gora, sozialismoak (plangintzaz) goitik behera, antolatu nahi dute gizartea (eskariak produzioa — produzioak eskaria). Baina:

 

        —Lib: pertsonek libre direla pentsatuz abiaturik, pertsonen ezberdintasunera darama, eta ondorioz pertsonen askatasunik ezean amaitzen du bere sistimaren barruan.

        —Soz: pertsonek berdinak direla pentsatuz abiaturik, pertsonen askatasunik ezera darama, eta ondorioz pertsonen ezberdintasunean amaitzen du bere sistimaren barruan.

 

        Sistima bien arrisku tendentziala, joerazkoa, beren buruak ukatzea da, zeren-eta:

                —eukitsu gutiek (lib.)

                —agintedun gutiek (soz.),

herriak ezer esan ahalik gabe erabakitzen bait dute gizartearen martxa. Eta bere buruon uko hau ordinazio biotan da sistima-inmanentea, sistimaren funtzionatu beharrez beti berriro organizazio-bidez zerbait korrejitzen bada ere. Eta beren buruen ukazio hau, korrejituz bakarrik, ez garaitzeak bi sistimek gogortu, ankilosatu egin ditu. Ez dute balio, ziren hartarako. Parlamentuak bezalaxe Alderdi sozialistak ere herriaren gainetik, ez barruan, gelditzen dira, haren izenean ibili arren. Beraz, sistima biek hauzitaratu behar lituzkete beren oinarriak berak.

        Hau onartzen duenarentzat (eta badakit jende askok onartuko ez duena: oraingo errealidaderen bat eredutzat konsagratu duen orok behinepehin) problema serioa da errebixionismoarena, Rikardorentzat zen bezalaxe. Orain arteko sozialismoen eta liberalismoen artean ez legoke derrigor hautabeharrezko, elkar ukatu hutsezko zerikusirik, eta bai iadanik biok elkar osatzeko eta biak superatzeko ahaltasuna eta premia. Hau da, hirugarren bideren baten (eta hirugarren bide asko litzake posible, nahiz liberalismotik nahiz sozialismotik abiaturik) ereduak asmatzeko premia. Eredu honek artez begiratu beharko lioke bai ondasun eta irabazien banakuntzari (kapitalismoaren oinarrizko problema) eta bai Aginpide-banakuntzari, gailurretik beheraino, eta haren kontrol-arazoari (sozialismoaren oinarrizko problema). Eredu berrizko sozialismoa, forma berrizko demokrazia.

        Rikardo hil da gero guretzat gelditu da arazo guzi hori. Nire ustez, bada, datozen urteotan hauxe bihurtuko zaigu gure problema nagusiena. Zaila izango da. Sozialismoa zertan datzan, zertan marxismoaren erdigune edo funtsa, non litzakeen errebisionismoa hasiko, etab., ikusi beharko da... Baina ez nakion neure gisara denborari aurrera.

        Bere azkeneko maila honetara heldu arte marxismoa —ikasitakoa zuenez— marjinal, eraskin bezala eraman zuen Rikardok, gogotik erabili izan arren (eta gutik bezala ezagutu). Orain bere barrua ernaltzen hasi zitzaion. Marxismoak libreki eta pertsonalki baliatzea eragozten ziona, uste dudanez, Marxek bere metoduarekin eskuratutako resultado harrigarriak metoduaren emari zirela ahazturik azterkatarako metoduaren oinarrian jartzean zetzan. Resultadoekin azterkatzen zuen, metoduarekin egin ordez. Jokabide horrekin ezin eskolastizïsmoa eta besteek esandakoa birresatea ebitatu. Aldez aurretik bait zegoen metoduan sartuta, metoduarekin bilatu beharrezkoa.

        Esaterako, horixe gertatzen zitzaion nazio-arazoarekin, bion elkarrizketa luze batetan (hauzi hori azterkatzen ari bait nintzen ni orduan) aurkitu genuenez. Marx, Hegelekin batera, azterpide formal honetaz baliatzen da kondaira adierazteko: naturalezari, tesiari buruz buru gizonaren (edo-ta gizartearen) antitesia dago, bere hain zuzen izadiaren antitesitan aritzean (lan jardunean, naturalezarekin burrukan) sortutako asmo eta kontzientziarekin. (Kontzientziaren sorburuez Marxen izenean egiten diren sinplifikazio ikaragarriren batzuen egitea ez da Marx bera. Kontzientzia egiturape edo basia aldatuta gero esnatzen delako tesia ere Hegelena da, honen Izpirituaren fenomenologian erakutsitakoa). Naturalezaren eta gizartearen lana bidezko tesi-antitesi elkar-joku horretan sintesia lanaren emariek, hots, kulturak eta teknikak eraikitzen dute. Beste hein batetara altxatzen dute hoek antitesia.

        Baina hementxe dago koska: terminuon konzeptuak nolako, holakoxeak azterpide honekin bildutako emaitzak. Hegelek (Rousseauren irakurle porrokatua gaztetan) nazio neurrian hartzen eta berezten zuen gizartea, eta nazioren bat uste zuen beti dialektikaren, hau da, aurrerapenaren eramaile (Napoleonen Frantziak Alemaniari erasotzeak pozez betetzen zuen Hegel, hortakoz!). Aurrerapenak eskubide oro izaki, eskubide oro zedukan nazio aurrera-zaleenak beste edozeinen aurka. (Baina munduaren izpiritua Napoleonek galdu egin zuen, eta Alemaniak, Austriak, Errusiak, Espainiak beren askatasun-guduak irabazi, eta lantegiztapenarekin batera restaurazionismoari ekin, lasai lasai). Marx materialistak, ostera, klaseak zeduzkan zerbait geroxeago (nazio-arazoa konponduz geroko gizartean) aurrerapen eramailetzat, eta proletargoa gaurregun. Beraz, proletargoaren burruka litzake gaur aurrera-arazle bakarra. Rikardok hitzez hitz bereganatu zuen tesi hori, bere jatorriz iadanik gure zentzuko nazio-arazorik eduki gabeko errealidadeak adieraztekoa zela begiratu gabe. Kategorialki finkatzen zuen: gizarte berriak langileengandik etorri behar du (esaldi hori leku eta garai konkretu batzuetarako esandakoa ez balitza legez). Berak bakarrik omen bait dute hartan irabazirik, hortakoz interesik. (Marxen gizartean hori horrelaxe izan arren beti eta nonahi horrelaxe gertatzen ez dena honez gero Hirugarren Munduaren deskoloniapenak bederen ongi erakutsita dagoela iruditzen zait niri). Baina behar den gizarte berria ez da gizarte guzietan berdin (Inglaterrak XIX mendean behar zuena, eta garai berean Irlandak behar zuen berrikuntza ez ziren berdinak), beraz, ezta hura ekar lezaketen indarrak ere beti berdinak, —eta esaldi zentzu-nahasia litzake hori Marxen egunetako Inglaterra edo Alemaniarentzat erabili ordez Italia edo Irlandarako aldatuta. Harrigarri labur, hortakoz, Rikardoren epaia: naziotasuna klasearen batasunetik kanpo pentsatzea sozialista joera batean inola ere onartu ezin daitekeena da, gehiago gabe. Kolonialismotik sozialismora iragateko ahaltasunez, esaterako, sekula ezer entzun ez balu legez. Are harrigarriago, bestalde, berak aitortzen bait du geroxeago: Herri bakoitzak sozialismorako bere bide egokia izatea derrigorrezkoa da (JAKIN 24, 50). Nondik bere biderik, bere premia berezirik eta gizarte berriren bat antolatzeko nazioaren interesik ez bada? Argi bait dago bideon ezberdintasuna Rikardorentzat ekonomiazko egoera-mailen ezberdintasunak bakarrik eskatuta ez dagoena... Baina Rikardo ez zen ailegatu, hain hurbil egon arren eta kolonialismoaz eta deskoloniapenaz hainbeste axolatuarren, nazio-arazoak atzera (Hegelek bezala) dialektikaren sujetuari ezartzera, Leninek hori garbi asko ikusita egonda ere. Egia: ez gaude Hirugarren Munduan, eta guretzat nazio-arazoa eta klase-arazoa epe bitan banatzerik ere ez dago, ezta berdintzerik ere, eta horregatixe ez dago abertzaletasun gorririk egon ere, batzuen asmazioetan izan ezik. Halare Rikardok ez zuen asmatu bai Hegelek eta bai Marxek singular ikusitako sujetu dialektika eramailea (beste desarroilo gabeko gizarteetan bait zeuden) plural itzultzen, esperientziak horretxen premia erakusten ziolarik ere. Marxentzat azterketaren emari zena (gizarte honetan proletargoak daragio aurrerapenari) Rikardok haren aurrean jartzen zuen (edozein gizartetan gertatzen da horrelaxe), adimenaren azter-kategoria moduan, eta ezin ulertu zuen zenbait kasutako nazio-arazoaren berezko esistentzia, aiurria. Ezen-eta biak batera agertu arren ez bait dira biak bat gizarte-arazoa eta naziotasunarena.

        Nazioei Erresuma eman, burgesalgoak egin du Europan. Alemaniak, halare, beranduturik lortu zuen Erresuma bateratua, hau da, industriazko erreboluzioa abiatuta gero. E. Schwarz-en Nation im Widerspruch, 1963, hor. 61, euskeraz aipatuko dut:

 

        Alemanen zoritxarrak nahi izandu zuen denbora berean suertatu zitzaizkiela Erresuma bateratu bat sortzeko eginkizuna eta gizarteko egiturak industrialismoaren premia modernuen arabera taxutu beharra. Zeregin handiegiak ziren hoek, eta batzutan elkarren kontrakoak ere bai, biak batera burutu ahal izateko. Beste herri batzuek suerte hobea eduki zuten: bataren eta bestearen tartean mendeetako astia edukirik atondu ahal izan bait zituzten premia historikoak. Alemanian, ostera, elkarrekin batera eta elkarrekin nahastuta sortu ziren, XIX mendean, batasunaren eta askatasunaren aldeko burrukak eta batak beste sakrifikatuz gero bakarrik eskura zitekeen bietakoren bat. Ezen-eta eginkizun biak bait ziren atzeratu eta geroratu ezindakoak.

 

        Beraz, hi aldi berezi behar da: nazioen artean batzuek libre eta besteak gatibu daudenekoa lehenik. Aldi honetaz Marxek ez du Hegelen teoriarik onartzen (industrializazioa edo lantegiztapena galerazi nahi luketen abertzaletasunei buruz izan zenik: Txekoslobakia, etab. eta ontzat emango du alemanek frantsesen aurka nazio askatasunaren alde abertzale jokatzea. Bigarren aldi batean, halare, nazioa askatu eta gero, bertako burgesalgoak Erresuma indartsu nahiaren arazoa agertuko da, beste Erresumei buruz buru (Bismarck). Horra abertzaletasunaren jite bi, helburu bi eduki ala: lehenengoaren erakarle eta sujetu herri osoa zen, burgesiarekin batera, bigarrenarena bakarrik (berak bakarrik hartzen bait du parte Erresuma indartsu horren antolaketan, herria pasibu lotuaz). Eta azkeneko aldi honetan bai, Marx abertzaletasunaren (keriaren?) aurka azalduko da, hori (Erresuma indartu) ez baino erreboluzio soziala egin beharraz konbentziturik. Alegia, nazio libre iadanik erresumadunak norgehiagoka kapitalistetan ekiteko bere Erresuma indartzearen aurkako (horixe uste bait zuen gudu guzien iturburua, batetik, eta herriaren zapalketarako tresna besterik ez zela Erresuma hori agiri bait zitzaion) eta prolertargoaren erreboluzio bidez Erresumok xahutzearen aldezkari. Sozialismoa Herri bakar batetan eraikitzeak sortzen dituen antzeko hauziez ikus R. Arregi, Eguzkialdeko haize horiek, JAKIN 35, 25-51.

        Adibide bat besterik ez zen hori: izan ere honelako edo antzeka antinomiekin sarri topatu zen Rikardo, eta horiek hausten saiatzea izango da, nire ustez, lehen lehenengo gure eginkizuna hemendik aurrera. Rikardo problema zailekin kausitu zen bere lanean, eta problema mordoa utzi digu herentzian. Hor ere bizirik dago, bixi bixirik bere problemak ere, desarroilo eske. Rikardoren pertsonaren heriotzeaz dolututakoentzat begirunerik handienarekin esan nahi nuke (eta neu naiz dolututako bat): guk horiek abandonatuz bakarrik hilko da, idazlearen egiazko heriotzeaz, Rikardo.

        Zeren-eta oraindik oraingoz behintzat, eta luzarorako izan bedi, bizirik dago. Bizirik, zeren-eta bizitza ematen.

 

        [1] Eta Jose Azurmendi bera, bere lehenengo apeiliduarekin edo bigarrenarekin (Otaegi). —Argitaratzailearen oharra.

        [2] Gomendatu beharrezkoa dut honetaz nik lan hau idatzita gero ezagutu dedan Txilardegiren idazkia, Saiakera eta hizkuntzen pizkundea, in SALBATORE MITXELENA, JAKIN-sorta, 2, 1970, hor. 55-64.

 

Bilaketa