literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Mikel Zarate, klasiko hurbila

 

Edorta Jimenez

 

«Haurgintza minetan»

Mikel Zarate

Elkar, 1991

 

        Txorrierri izeneko eskualdean bizi izan zen Mikel Zarate, hots, ia txori bat bera ene geratzen ez den harako harexetan. Gorantz begiratzean aldiz, han ikusi bide zituen altzairuzko hegazti erraldoiak, gero eta ugariago, zemaikor, Sondikako aireportua kabi zutelarik. Zaharra hil aginean eta berria ororen jabe egitear, Mikelek berak hain maite izan zituen alegietan gordinena hortxe ageri zaigu laburbilduta. Euskaldunok gure egoeraz hitz egitean sarrien erabili izan dugun irudia txoria izan dela gogoan hartuz gero, borobilago bihurtzen da alegia mingots hau.

        Izena euskalduna gordetzen duen eskualdean, txoriak desagertu ahala, euskara bera ere desagertuz doa. Ez mendekurik harte gabe, horregatio. Mikel Zaratek berak aztertu zituen gure hizkuntzak hango erdaran utzitako euskarakadak. Ahularen mendekua, bai.

        Ahula euskara, ahula iraganeko gizartea, Zaratek ez dio aintzinakoari negar egingo, hain zaharra den gure hizkuntza gaurkotzeko bidean jasan beharreko minei baino. Mina, bai, baina okerrago ezina. Hitzaurre honen ostean datorren elaberriak, nire hitz hauek irakurri gabe berdintsu irakur dezakezunak, «Haurgintza minetan» izena dakar. Tituluak badu bere esangura.

        Nobela honetan, umedun dagoen neska ezkongabea bera haurgintza minetan badago ere, beste haurgintza bat du gogoan Mikelek idaztean; nobela idatzi zeneko sasoian «Haurgintza minetan» zegoen orduko gizartea, alegia. Gorago esan dudan bezala, «berriaz» erditzekotan zen gizarte hura. Aitzitik, naturan beste zenbait animaliaren artean egin ohi den bezalatsu, ama hil beharko ote zen, jaiotzekoa zena jaio zedin? Mikelek berak, zaharra eraberritzearen aldeko apostua luzatzen du nobelan. Izaki bizi orok bere bilakabideko aztarnak bere baitan gordetzen baldin baditu, lehen ere halaxe egiten jakin duen gure hizkuntzak, zertan ez du berdin egingo oraingoan ere? Gako asko dautza galdera honi emandako erantzunean. Nobelaren gakoetariko bat ere bertan datza.

        Dikotomiez beteta dago nobela hau. Areago, kontrajarpen-sare gorapilotsua josi du Mikel Zaratek, orratz trebeaz. Horra hor lekuak kontrajarrita, Ekidazu batetik —Txorierri edo, letrak lekuz aldaturik, Euzkadi— eta Botxoa —Bilbo—, aintzinakoa eta etorkizunekoa, horra hor gazteagoak —erdaldun berri ia— eta zaharrak —euskaldun hutsak kasik—, aurrez aurre, horra hor egunekoak eta gauekoak, txandaka; horra hor Ekidazuarrak eta Don Trifon, muturka. Hor erdian, aipatu dugun Don Trifon eta bere txakurrak ageri dira, bai, txakurretariko bat akatu bait dute. Ondorioz, atxiloketak, gauez dabiltzan ez-gauekoak, ihesak eta beste; gure egoerarekiko alegia zuzena, egun-eguneko bezain mingarria. Ezin gaurkoagoa den gaia, beraz, manikeismotik alde egin guran. Eta beti hor, telebista, beti telebista, media horrek hartu duen indarra eta eraginkortasuna aldez aurretik igarri eta iragarri bait zizkigun Zaratek. Publizitateak, sasi euskaltzaleek, sariketa antzuak, diskotekak eta halakoek, zertzelada koloretsuz tindatzen dute Mikelek osoturiko mihisea.

        Euskaraz koru-lanak egin bada inoiz, berau da koraletan koralena. Egin ere, orduko kontraesanak eta ahotsak, guztitsuak biltzeko ahaleginak egin zituen Mikelek. Ildo horretan, narratzailetzat hautatu zuen ahotsak, Iratxoak, txunditu egiten nau behin eta berriro. Besterik, nor izan zitekeen, bada, narratzaile orojakilea, gurearen auzoko «esferan» —gaua, gauekoentzat— betirakoan bizi den izakitxo (?) horixe berori baino?

        Irudi luke lanak soziologiaren aldetik dituen balioen apologia egiten ari naizela. Ez dago halakoek, aldiz. Hala bada, Iratxo magikoa baliatu gura dut, soziologikerietatik urrun, beste gai batetarainoko jauzitxoa egiteko, literaturtasunaren auzira, hain zuzen.

        Zarateren «Haurgintza minetan» honen ezaugarri nagusia ahozkoan abiaturik izatea da. Ahozko hori bizkaierazkoa da, gehien bat, jakina. Hala eta guztiz ere, hemen erabiltzen den literatur eredua, zabalagoa da. Areago, adarretan olgetan hasten denean euskalki guztiekin egiten du jolas. Ikus bedi, esate baterako, «Hitz sariketa» delakoaz diharduen kapitulua.

        Euskalkien gorabeherez mintzatzean hizkuntza hutsaz ari naizela uste baldin badu irakurleak, aldiz, nik neure aldetik literaturgintzaz dihardudala esango diot, zeren literatura egin ahal izateko tresna malgua behar bait dugu, hots, gure aginduei men egingo diena, gu berarekiko morrontzan barik bera gure meneko izango dena, zehatz behar denean zehatza, anbiguotasuna behar denean anbiguoa eta, beti ere, adierazkorra eta aberatsa.

        Ahozko euskarari ahozko umorea dario, gazigozoa, garraskila batzutan, laztangarria bestetzutan. Geure burua ironiaz hartzea, osasungarria izateaz gain, ikaragarri ondo funtzionatzen duen bidea da literaturgintzan. Bestek esana da, ironia gure mendeak bere berea duen artebidea.

        Ez beza okerretara uler irakurleak Zarateren ahozkoa behiola edo aspaldi ahozkoa izan eta gureganaino idatzita etorri zaiguna ere bada. Ahozko literaturaz egin diren bildumak ederto ezagutzen zituen Zaratek, nobelan barrena abiatzen denak laster antzemango dionez. «Haurgintza» hau dela eta, intertestualitateaz mintzatzea zilegi da. Bereak barik inorenak diren testuen multzo polita ageri da nobelan tartekaturik Nola bestela hilabetean idatzi halako lanik?

        Tanta hotz bakar batek nolako uholdeak ekar ditzakeen, ondotxo ikasi genuen orain urte batzu. Tanta bakar batek, apostuak, alegia, nobela hau den jario itzela eragin zuelarik, berriro nator natura bera den alegia zabalera. Mikel Zarateren «goikaldean» urteetan bildutako urak —hala literaturazkoak nola euskarazkoak— apostu harexek ekarri zituen, euri eginda, paperezko lurraldeotaraino. Eratu zuten uholdea duzue «Haurgintza minetan» hau.

        Esandakoak esanda, lan hau aurreragotik ezagutzen ez duenak galde lezakeena da, hurrean, nobela hau dagoeneko zaharkitua-edo ez ote den. Bada, ez da zaharkitua. Ezin modernoago deritzot nik «Haurgintza minetan» honi. Ahozkoari hurreratze hori, ez da, bada, aspaldion tematien miresten dugun dohaia, modernitate berri baten ikurra edo?

        Ironiarik gabe, egitura modernoa du nobela honek, konplexua da, ez laua, munduak, pertsonaiak eta planoak nahasten dituena, denborarekin ere jolas egiten duelarik. Eta labur esanda, magiaz blai dago. Errealismo magikoa delako erizpena asmatu gabe egon balitz, Mikel Zarateren lan honetarako asmatu behar izan genukeen.

        Amaitzeko, argitalpen berri hau ortografi arloko aldaketatxoekin eta beste ikuturen batzurekin datorrelarik, aurrekoak baino «baturantzago» ekarria da. Nik uste, Mikel Zarateren lan hau gure klasikoetarikotzat jotzen dugunok oker ez gabiltzala erakutsiko du, oraingoan bai, hirugarren argitalpen honek.

 

Bilaketa