literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurrea

 

Ramon Saizarbitoria

 

«Gizon bat bilutsik pasiloan barrena»

Joxean Agirre

Elkar, 1991

 

        Ordubete luzea zen arratoizakur beltz batek, kupidarik gabe jarraitzen gintuela, eta liburudenda batean babestu beharrean ikusi ginen Molly —ez Malone, ez Bloom, Molly Txingudiko nere lakeland eskoziarra— eta biok, dejeneratua izatez gainera itsusia zen gauza nazkagarri haren eraso sexualaren ihesean. Zakur eme baten kargu egiten garenean jabetu ohi gara gizonok, eraso sexualaren biktima izateak suposatzen duenaz, baina beste kontu bat da hori. Liburudendan sartu bezain laster konturatu ginen, edo konturatu nintzen behintzat, libururen bat aurkezten ari zirela. Ohizko Water Marksen ordez, ziur asko bereak ziren obrek osaturiko liburu piloan apoiaturik zegoen gizon baten ahotsa entzuten baitzen, liburuak seinalatuz aurrean ikasle diziplinatu itxura osoa zuten, lau bost pertsonaz osaturiko taldetxoari hitzegiten.

        «Noski nere nobela errealista dela», esaten ari zen idazlea, «idazle guztiok gaude errealitatearekin konprometiturik». Eta irribarre egin men, entzulegoari ulertezina zaionaren sekretua ezagutzera ematen ari zaionari loratu ohi zaion irribartxo maltzurrez. «Hodei bat, edo kaio bat deskribatzen badut, errealismoa egiten ari naiz, kaioa eta hodeia», eta besoa altxatu men sabairuntz, hezetasun mantxa hori batek erakarria bezala, «hor bait daude zeru urdinean». «Hori da esan nahi nuena», esan men gero, hitza bere ondoan beste liburu pilo baten aurrean zegoen gazte bati emanaz. Eztula egin zuen.

        Ziur asko erreflexu kondizionatuen eraginez egin zuten eztula gainerantzekoek ere eta eskaparatetik zehar begiratzeko aprobetxatu nuen, inkoszienteki, airean egonean ibili ohi diren horietako kaioren bat begiztatzen ote nuen, baina uso hiritarrak ziren aurreko balkoietan lurrean mokoka zebiltzanak. Edo auskalo, azken finean Robbe Grilletek ere ez omen zuen berak memoriaz deskribaturiko kaio bretainiarrik ezagutu, Bresteko zeruan egonean zebiltzanen artean. Izan ere, gauzak gure memoriara presentatzen direnean, ez bait dira diren bezala presentatzen, guretzat diren bezala baizik, nobela berriaren araudiak eragozten dituen ezaugarri antropomorfikoez kutsaturik hain zuzen.

        Zakur beltzaren presentzia, atearen zirrikituetatik usnatzaile ukaezina zen ordea, gogoan nuena baino zertxobait nazkagarriagoa apika, eta bertan geratzea erabaki nuen eraso sexualaren beldurrez eta, zertarako ukatu, presentazioaren ondoren ardo kopatxo bat eskainiko zuten esperantzan ere bai noski.

        Gainera, ez zegoen bi idazleen berriketen arteko tartea profitatuz diskretuki eta itxuroso irteterik, nere gogoetak burutzerako hitzegiten hasia bait zen bigarrena. Gutxi gorabehera, bere helburua gauza dibertigarri bat idaztea izan zela esan men, eta ez obra haundi bat. «Ez obra, nola esan, haundi bat, intelektualen gustokoa, irakurlearen dibertigarri izango den ebasio nobela bat baizik. Besterik gabe».

        «Onak gaude ba» bururatu zitzaidan komentatzea nere ondoan zeuden lau bost pertsonetako bati, neska anteojudun bat, eta hatz erakuslea bertikalki ezpain aurrean jarri ondoren, aurpegia, anteojuak, ezpainak eta hatza nere sudurretik zentimetro batera hurbildu zituen, «xist» egin aurretik. Ez zekien nonbait ez dagoela era horretako arrazoiaz baliatuz isilduko nauenik eta pentsatzen nuena bota nion, dauden prezioan, ondo pasatzeko bere burua liburu bat erosi beharrean ikusten duena, aurriritzi moralen eraginez ari dela alegia, edo beste zerbaitetan gastatzeko argitasun aski ez duelako. Inozoa denak bakarrik gasta dezake hiru botila jinebraren balioa nobela bat erosten, irakurtzearen plazerrez errentagarri bihurtuko duelakoan. Eta idazleek ongi dakitenez, baboentzat idazten dituzte beren nobela nahi eta nahiez txarrak, irakurtzeko gai omen direnez beren buruak ongi hornitutzat dituzten inozoentzat hain zuzen, eta jakina denez irakurtzen badakien kasta hori da inozoen artean ergelena.

        Ez nuen nere argudioa erabat borobiltzeko betarik izan ordea, nagusia zirudien gizon txiki bat liburudendan ez zela animaliarik onartzen esatera hurbildu bait zitzaidan, eta, ez oso modu onean, nere zakur zorritzua —sic— kalera ateratzeko agindu zidan, hatz batekin arratoizakur beltzak zaintzen men atea seinalatuz. Dudan jartzekoa zen idiota hark liburuez zerbait ba ote zekien, baina nabarmena zen zakurrez men ezjakintasuna, ez bait zen gauza Endrike VIIIgarrenaren azerizakurrekin ahaideko egiten den lakeland arkakusotsua bai, eta galanta gainera, baina inondik ere ez zorritsua bere balioan estimatzeko.

        Esan egin nion beraz. Esan nion, «ez dakik ondo hik nor ari haizen bidaltzen liburudenda mixerable honetatik», eta hitz bat gehiago erantsi gabe hirurok abiatu ginen kalean zehar, Molly eta biok, eta arratoizakur beltza, muturra haren atzeko bi hanken artean sartuta.

        Honezkero irakurleren batek galdetuko zion bere buruari ea zertara datorren hau guztia eta egia esan, ez dut erantzun zuzenik. Besterik gabe kontatzeko gogoa nuen eta hitzaurre kritiko bat idazteko enkarguak aukera paregabea eskaintzen zidala iruditu zait. Izan ere, kritikoaren papera ez bait da, askok uste bezala, aurrean duen obra —poema, nobela, pintura, eskultura edo sinfonia dela— esplikatzea. Ez zientziak gaixotasunak eta mineralak esplikatzen dituen bezala behintzat, objetiboki norberaren sentsibilitate eta fantasiaz desjabeturiko datoez baliatuz. Literaturaz hainbeste eta politikaz hain gutxi dakien peruarrak gutxi gorabehera dioen bezala, memoriaz ari bait naiz, kritikoak bere burua esplika dezake aztertzen dituen obren bidez, eta obra berri bat sortu haietan finkatuz. Joycek Homerorekin egin zuena beraz.

        Dena den, hariari helduz, zera aitortu nahi nuke, ez naizela ni fidatzen, beren bokazioa, nahia eta gogoa, irakurlearen atseginerako historiak asmatzea eta kontatzea dela aldarrikatzen duten idazleekin. Funtzio hori, irakurlegoaren dibertimendurako, bere gustoen arabera eta neurrira, historiak kontatzea, izatekotan ere idazle profesionalen betekizuna izango da —edozein ofiziotan betekizun guztiak justifikatzen bait dira diru truke— edo Sherezaderen sindromeaz ikuturiko gizarajoek beren buruei inposatzen dietena. Azken hauena, angustia egoera bat da, publiko sultanari atsegin zaizkion historiekin asmatuko ez luketen kasuan, frakasuaren ezpataz erdibituz hilko lituzkeela uste bait dute. Eta irakurle argiari ez dio ihes egin noski irakurlegoa eta publikoa bereiztearekin ageri dudan intentzioa.

        Merkatuaren esanetara ari den idazle profesionalaren portaera ulertzekoa da, bai bait daude ofizio aspergarriagoak eta, garai hartan esaten genuen bezala, alienanteagoak ere, baina besteena ez dago ulertzerik psikopatologiaren parametroen barrenean izan ezik. Zuek esan bestela zentzurik galdu gabeko nork ihardungo lukeen ipuinak idazten, kalifa izatera ere iristen ez den edozein ergel, irakurketa telebistarekin tartekatuz, etxeko salan diberti dadin.

        Idazleak eta nobelistak —ba al da benetan beste idazlerik— normalean kontatu nahi duena, bere historia izaten da, sua eskatzeko aitzakiaz tabernako barran inguratzen zaizun mozkor horrek, bere koinatarena edo zakurrarena, kontatu nahi dizun bezala. Zakurrak direla eta, zuek esango didazue nola kalifika daitekeen zuhur eta jakintsutzat, zakur emea etengabeko eraso sexual miserable eta lotsagarrienera kondenatzen duen Natura, eta bere egilea, egilerik badu behintzat. Ba hori, hemen, mundu guztiak kontatu nahi du bere historia eta ez lagun hurkoa dibertitzeko, norbera desahogatzeko baizik, norberaren historiak ez bait dira, normalean, dibertigarriak izaten.

        Hain zuzen ere, idazleak koinatarekin dituen prolemez jakitea, entzutea eta irakurtzea da líteraturaren bizioaz menderaturiko irakurleari interesatzen zaiona. Irakurle biziatuak, bere arazo existentzialen exhibizioa egitea eskatzen dio idazleari eta ez ditu gogoko izaten disimuluzko desbideratzeak, zera alegia, funtsean bere kuitak kontatzeko asmoz, baina itxuraz besteak dibertitzeko jardunean, «eguzkiaren azken printz laranja horizontean desagertzeko zegoen» eta plan horretan hasten diren idazle tranposoen maltzurkeriak. «Utzi lelokeriak alde batera eta konta iezadak ahalik eta azkarren koinatarena» esango luke gauzak nondik nora doazen ongi dakien irakurle benetan zaletuak.

        Baina noski, koinaterena ere, hainbeste mintzagairen oinarri den kolesterolarena bezala, kontatzen jakin behar. Ez du edonork balio irakurle intelijenteari gauzak, diren bezala, zehaztasunez, erabili dezagun hitza, zientifikoki kontatzeko. Gutxik dute norberaren historiak kontatzeko sena, eta gutxiagok oraindik, senaz gainera beharrezko den ofizioa, aprendizaia luze eta nekosoaren ondorioz lortu ohi dena. Beckett batek, betidanik bete zuen lehendabiziko baldintza, baina bere azken urteetan baino ez zituen lortu bere kontzentrazio eta laburtasun miresgarriak. «Come and Go» obra dramatikoak 121 hitz, «Lessness» 60 perpausa, bakoitza bi aldiz emana, «Acts Without Words», izenburuak zehazki dioena, hitzik ere ez, eta «Rockabye» bere azkenetakoak, 15 minutuko iraupena. «Such brevity is merely an expression of Beckett's determination to pare is wrigting to essentials, to waste no words in trivia» Entziklopedia Britaniarrak dioenez.

        Egia da batzuetan, egilea, historia gehigarriak, ausartiak edo eraginkorrak asmatzera beharturik sentitu daitekeela, irakurle ez oso arretatsuaren arreta esna mantenduko badu. «Gizon bat bilutsik pasiloan barrena» honen protagonistak, entzule zaindariarena ahultzen somatzen duenean, haria gal ez dezan, sexuaren bixigarriaz baliatuz egiten duen bezala: «Nere zaindariak ez du ikerketarako talentu ikusgarririk baina ohearen bueltan gertatzen den guztia interesatzen zaio eta jakinminez hurbiltzen zait» esaten du pasarte batean, eta aurrerago berriz, «dagoeneko ez dakit zaindariak hariari jarraitzen dion ere. Pitin bat nahastu ote den inpresioa dut eta lehenxeago edo geroxeago emakumeen kontu horretara itzuli beharko dudala gogorarazten dit horrek».

        Beste askotan aitortzen du egileak, gauzak zorrotz hartuz, tranposotzat kalifika daitekeen portaera hori, baina argi gera bedi tartean atsedentxoa eskaintzeko asmoz sartzen dituela pasarte lizun antzekoak, zakurrari ere tarteka azukre koxkorra ematen zaion bezala, helburu pedagogiko batekin beraz, irakurleari diskurtsoa aspergarria gerta ez dakion eta inolaz ere ez ohe inguruko historiak kontatzea gogoko duelako.

        Izan ere, idazleak publikoari atsegin zaiona egin behar balu, masaia thailandesak ematen bukatuko bailuke jendeari horrelako gauzak sobera gustatzen bait zaizkio eta irakurtzeko ere lizunkeriak nahiago idazle benetakoak izan ohi dituen burutapen inuzenteak baino. Literatura egitea beste gauza bat da ordea, eta lizunkeriak ez dira kultura, azken urteotan jendeak kulturari buruz duen ikuspegia erabat aldatu bada ere.

        Kultura eraikintza soziala denez, normala da berari loturiko interpretazioak Historiaren haizearekin aldatzea. Agirrek eta biok ezagutu dugu kulturaren definizio erabat murriztua erabiltzen zen garria. Kultura kultoaz hitzegiten genuen orduan, gauzak bere lekuan jartzeko, hau da, batzuk besteen gainean. Aitortu beharra dago zerbaitek, musika izan zitekeen, zinema, pintura edo literatura berdin, balio kultural bat merezi izatekotan, ulergaitza, astuna, tristea eta aspergarria izan behar zuela, aspergarria batez ere. Gauza dibertigarriak bekatu ziren —erreakzioaren loxintxa tentagarriak— eta ez zuten inolaz ere kultura bezala izendatzerik merezi.

        Asko hitzegiten zen subkulturaz, elite esnob barregarria ezik gainerantzeko guztiak desanimatzeko, seriotasun aski ez zuten, edo nahi bezain aspergarriak ez ziren lanak kalifikatzeko. Filme bat ona zen, apur bat masokismoz, eta asko masa deskulturizatu eta alienatuaz gaizkiesaka iharduteko aitzakia bila, amaiera arte, bost lau katuk irauten zutenean. Eta era berean nobela bat ona zen, asperguraz, batez ere sexualki metabolizatzeko ahalmenik ez zuen edonori laugarren orrirako eskuetatik erortzen bazitzaion. Zenbat nobela irentsiezin ez ote zigun irakurriarazi, jertse beltz lepoluzeduna kentzen ez zuen frantsesa hark, inoiz bete ez zituen, eta bete bazituen, hain diskretuki, ia kastuki bete zituen promesa inplizitoen eraginez.

        Futbolera joaten zirenei astokirten batzuk zirela esaten genien, eta tebeoak, gaur komikiak, irakurtzen zituztenei ahul mentalak, eta onartu beharra dago, neurri batean, ez zela iritzi erabat desbideratua. Gerora ordea, kulturaren definizio antropologikoago bat joan da instalatzen, korronte herrikoi eta aurrerakoiekin elkartzeko bidea egin duena, eta asko izan dira elitismoaren aurka, kulturaren ikuspegi zabalago horretara apuntatu direnak eta horien artean, asperguraren aroko apaiz asko. Geroztik, futbola kultura bezala onartua izan da, eta txikiteoa ere bai, kultura herrikoi bezala gainera eta sukaldariak —arte berrituaren profeta sublimeak— lekua kentzen die sari literarioei parnasoan. Edozein futbol lehiaketaren kronikak —Osasuna Zaragozarenak salbuetsi gabe— Prousten «A la recherche»ri irabazten dio metaforaren erabilkeran eta Barthesen gorputz teorikoa erreziklatua izan da brasildar hanka-xabal batek baloiari eragiten dion parabola literarioki interpretatu ahal izateko.

        Ohizko da telebistetan Resnais, Antonioni, Losey, Gaudard edo Rhomer-en filmeren bat ematen dutenean, kritiko modernoak, lehen belaunaldiko edozein western, John Wayne eta guzti, sistematikoki goraltzen duenak, kupidarik gabe jipoitzea, «beren garaian gehibaloratuak» izan ziren aipakizuna ahantzi gabe noski.

        Ikusi egin behar zein den etorkizunaren epaia. Onar dezagun bitartean, «unhaduraren literatura» esan zaionaren mesedetan, orduan bi sartrekume sentimental baldin baziren igande arratsaldeetako gogaitasunaz dolutzen zirenak, egun mundu guztia etorri dela iritzi horretara. Onar dezagun baita ere ordea, azken hamarkadan gertaturiko kulturaren demokratizazio edo antzeko zerbait horren ondorioz, literaturaren arloan bi aldaketa nagusi hauteman daitezkeela.

        Alde batetik, literatura eta subliteraturaren arteko mugak ezabatu ez badira ere, lehenagoko zehaztasuna galdu dute. Bestalde, masa kulturak ezagutu duen kalitate eta duintasun irabaziaren ondorioz, ilundu egin dira gehiengoaren kontsumorako eta elite kulturalari zuzenduriko produkzio literarioen arteko bitarte, duela gutxi arte iraganezinak. Esan daiteke beraz, egun, gehiengo diskretuaren eraginez, muturrek garrantzia gutxi duten kanpai luze bat dibujatuko lukeela kalitate literarioaren distribuzio grafiko hipotetiko batek.

        Dudarik gabe, gaur egun gertatzen ari den kalitate orokorraren gehitzea, itxurati, formalista, eta artifiziosotzat kalifikatzen edo, hobe esan, deskalifikatzen diren atzoko korronte berritzaileek moldatu zituzten teknikak fagozitatzen diren neurrian izan da posible —inealtasunaren gainditzea, orainaldi indikatiboaren objetibotasuna, begiradaren eskolak, Simon, Robbe Grillet, Sarraute eta gainerantzekoek irakatsiriko zehaztasuna— abentura balzactiarra aldarrikatzen duten teoriko zaharberrituek onartu nahi ez badute ere. Ez da berria, atzokoa harrikatzeko herenegungo arrazoiaz baliatzea.

        Ez da hori Joxean Agirreren portaera, eta horregatik beharbada, bere obrak ez du izan orain artean merezi zuen onespenik. Izan ere, nabarmenegia bait da haren lanean eredu literarioen presentzia, kritiko modukoek, lehendabizi etiketatu, eta gero, erantsiriko etiketaren izenean arbuiatzeko duten joeraz, libratzeko. Nik pertsonalki, eta nik bezala beste zenbaitek espero dut, bere balioan eskertzen dugu ordea iturriei dien fideltasun hori, eta erakartze motibo bat gehiago bilakatzen da, bere lanean Beckett, Robbe Grillet, edo Frisch hoberenen aztarnak berreskuratzeko jardun literarioa.

        Zentzu horretan, ongi esan daiteke, Agirrek egiten duena literaturaren literatura dela, ez bakarrik nobela eraikitzearen prozesua nobela beraren helburu bihurtzen delako —pertsonaiak kontatzen dituen historiak nola tajutzeari buruz egiten dituen gogoetak— baizik eta, beste autore batzuen abiapuntutik ekiteko intentzioa ezkutatu ordez, irakurlearen konplizitatea bilatuz, esplizitoki erakusten duelako.

        Zaila da noski, Beckett iritsi zen puntutik aurrera egitea. Nobela hil al den galderari erantzun argia ematen dio Agirrek bere lan honetan. Dudarik gabe, ez da hil, gutako bakoitzari bait dagokio, bizitza bera bezala, aldi berean luzea eta laburra den bideari berrekitea, ziur asko, irlandarra heldu zen puntu berdinera iristeko izango bada ere.

        Hori da Agirreren lana, eta eskertzekoa da gazte zaharkitu askoren pragmatismoa ukatuz, divertimento hutsaren helburuak gaindituz, urrunago begiratzea, harria ilargira apuntatzea bezalakorik ez bait dago, noizbehinka behintzat, teilatu gailurrera iristeko. Eskertzekoa da, nola bere bururik traizionatu gabe, eta amildegirik sakonena desafiatuz, modaz pasatako andamioan zintzilikatzen den. Umoretsu gainera, zintzotasun literarioa ez bait dago umorearekin haserre, eta ez luke egon behar, ezta ere, gehiengoaren harrera onarekin, zoritxarrez, askori gozoak musurik eztitzen ez badio ere.

        Dena den, Agirrek ez du kontzesiorik egiten, eta alde horretatik, auskalo bere intentzio sekretua, itxurako axolagabetasun baldar baten atzean ezkutatzen duena, ez ote den teilatu gailurra gaindituz ilargiraino iristea. Ez du hitzez hitz Robbe Grilleten agindurik betetzen —idazleak nobela tradizionalaren sostengu ziren historia, anekdota, edo errelatoa abandonatu beharko lituzkeela esaten zuenean— baina argi dago bere historia, edo historiak, zirkustantzialak direla, akzidentalak, eta elementalak, historia horiei biziaren hatsa prestatzen dieten pertsonaiak. Berez, ez dira pertsonaia eskeletoak baino, esan bezala mami gehigarriaz desjabeturiko izate elementalak.

        Joxe Arano edo Joxe Lizardiz ez bait dakigu gauza haundirik, gorra eta mozkorra dela jakiteaz aparte, kualitate erabat literarioak biak, eta normaltasun gris zirriborrotsutik at, marginaltasunaren argitasunean kokatzen dutenak/dituztenak, zeinen dizdiraz, matiz oro gertatzen den itsugarria.

        Horregatik Jean Cayrol, Samuel Beckett, Robert Pinget, eta abarrek gorputzaren edo arimaren gaixotasunez ikuturiko pertsonaiei esan arazten dizkiete beren nobelak —ez al da gorra Pingeten Itaunketakoa?— ez miserabilismoa laket zaielako, edo marjinaltasunarekiko zaletasun morbosoa dutelako, baizik eta bizitzaren alderdi ilun, triste eta zikinetan, errazago direlako hausnartzen, giza esperientziaren alderdi funtsezkoak.

        Izan ere, historia konbentzionalen osagarri izaten diren gaiak —garaipen soziala edo konkista sexuala lortzeko borroka, neke eta miseriak— azalekoak bait dira, giza kondizioaren benetazko prolemak ezkutatzen dituzten hornidura gehigarriak. Benetazko prolemak, Becketten pertsonaiek formulatzen dituzte hitz laburrez, hitzik gabe askotan, beren presentzia hutsa bait da galdera haundiaren sostengua: Zer egiten dute hor, nola onar dezakete, iritzirik eskatu ez zitzaielarik, existentziara jaurtikiak izatea? Eta nortzuk gara gu, zein da gure niaren benetazko natura. Zer adierazi nahi du gizaki batek «ni» esaten duenean?

        «Je est un autre» esan zuen Rimbaudek.

        «Gizon bat...»en protagonista, helburu ilunak dituen erakunde baten aginduz pertsonaia desberdinen bizia suplantatzera dedikatzen da atxilotzen dutenean, zaindariari eginkizun horretan zebilenean bizi izan zituen historia desberdinak kontatzen dizkio. Itxuraz ordea desberdinak, bestela iruditu arren —zer ikusirik bozeolari mardul eta markes fin baten bizitzen artean— baina funtsean, pertsonaia bera eta historia berdina. Malonerenak bezala, honek ere —Malone meurt, Malone Dies— heriotzaren esperoan, historiak kontatzeko aipatzen dituenak, bere pertsonaren alderdiak bait dira.

        Freudek dioenez egoera normalean ezer ez zaigu hain segur eta ezarria iruditzen geure geuretasunaren, geure ni-aren sentsazioa baino. Ni hau, independiente, batu, eta gainerantzekoaren aurrean ongi mugaturiko zerbait bezala agertzen zaigu. Ikerketa psikoanalitikoak ordea agerpen hori itxurazkoa dela erakutsi digu; alderantziz, ni-a barneruntz hedatzen dela, bera esaten diogun entitate psikiko inkosziente batekin muga zehatzik gabe. Je est un autre.

        «Gizon bat...»en pertsonaiak berriz, «txanpon baten bi aurpegi garela» esaten du, eta zer egin dezakeen kalean —munduaz ari delarik noski— galdetzen dio buruari, dokumentaziorik ez izateaz gain, nortasun jakinik ez badu. Sarritan nahasten du bere burua suplantatzen ari den pertsonaiarenarekin eta azken finean —hau ote da nobelaren tesia— ez daki ondo bera ote den sarjentoa hil/ejekutatu duen ekintzaile iraultzailea, edo helburu garbirik gabeko erakundearen aginduz, ekintzaile iraultzailea suplantatze lanean hil/erail ote duen. Hiltzea lortu badu behintzat, edota hiltzearekin lortu badu... Zer lortu badu?

        Nor den jakitea noski. Nor da? Un autre, Gizon bat pasiloan biluzik, edo Gizona atributorik gabe, Izendaezina, Ez naiz Stiller, Demagun Gatenbein naizela, Agirreren idazle kuttunen —Beckett, Mussil, Frisch— izenburu hauek, aski argi adierazten digute, besterik ezinean, erantzun lainotsuak ematen dizkiola literaturak, galdera xinple, baina galdera xinple guztiak bezala erantzun txarrekoa den itaun horri.

        Ez dakigu zehazki nor garen baina badakigu bakarrik gaudela. Badirudi hori dela Agirrek, bere nobelan agertzen den parabola nagusiaren bidez erantzun bezala proposatzen duena, eta inoiz ahaztu nahi ez nukeen Rodolfo Walshek —behar bada pertsonaren eskubideei buruz galdera elementalegiak egiteagatik «desagertu» zuten argentinarrak— idatzi zuena dakarkit gogora.

        «Un oscuro día de justicia» du izenburua eta bertan, internadu bateko ikasleek praile-zuzendariarengandik jasotzen duten tratu txarraren berri ematen du, sufritzen dituzten injustizia eta bidegabekeriena. Beroietako batek, osabari, ustez osaba abenturero, ausart eta indartsuari gutun bat igortzea lortzen du, ez arrisku eta nekerik gabe, justizia egitera etor dakion eskatuz. Baietz erantzuten dio osabak, eta promesa horren ondorioz ikasleen bihotzetan ernaitzen den esperantza loreaz mintzo da gero, osaba guzti-ahaltsuak tiranoa borrokan bentzutu, menderatu eta humiliatu egiten duen eszena, mila eratara imajinatzen eta elkarri kontatzen, esperoan igaro dituzten gau luzeez.

        Osaba, haundia eta dotorea imajinatzen dute, pistola gerrian eta sonbrero zabala buruan. Patioko zerua abioi batek gurutzatzen duen bakoitzean, okotzak altxatuz osaba parakaidasean lurreratzen ikustea espero dute, inoiz esperantzarik galdu gabe. Osaba azaldu zen arte.

        Atetik azaltzen ikustea, ez zen izan dezepziorik haundiena. Arrunta zen, ahula itxuraz eta atorrante gizarajo baten modura jantzirik zegoen. Baina galtzen den azkeneko gauza denez, oraindik ez zuten esperantzarik galdu. Praile zuzendariaz galdetu zuen eta, jaka kendu eta tolestatuz gero, lurrean utzi ondoren praileari sotanarekin gauza bera egiteko agindu zion. Kentzeko gonak gizona bazen behintzat, amets eginiko moduan beraz, ametsari zegokion ahots erabat grabeaz ez izan arren. Eta hor bukatu ziren kointzidentziak. Ez dakit praileak sotanarik kentzen ote duen —ez dut gogoan eta egiaztatu ezin, garai batean maite nituen liburuak prestatu egiten bait nituen, Walsh berriz desagertua eta agortua— edo mahukak besterik ez ote dituen altxatzen. Edozein modutan crochet lehor bat ematen dio ezkerrez, bietako bat egin ondoren.

        Konplexuago da Agirreren parabola, edo hala iruditzen zaigu behintzat, gertutik ikusirik eta alderdi literarioak alde batera utziaz, besterik gabe, inguratzen gaituen errealitateak, bertatik, korapilotsuago dirudielako.

        Ez noa ni suspensearen klabeak erakustera, aipaturiko parabola zein eratan interpretatzen dudan adierazteko, aitzin-solasgile gehiegitxok, nabarmentze desio desneurrizkoagatik, askotan egin ohi duten bezala, horrela eginaz, irakurketari bere arrazoirik nagusiena kentzen diotelarik. Badirudi ordea, gauzak argitan sobera jarri gabe, mentura daitekeela hipotesiren bat edo beste, hori espero duen publikoarekin kunplitzeko besterik ez bada ere.

        Badirudi ba argi dagoela, tiraniaren zama, geuk, eta geuk bakarrik, ken dezakegula bizkar gainetik. Agirreren fabulan, Sarjentoa da tiranoa. Ez du izenik, baina ez litzateke lan zaila, probisionalki bederen, deitura apropos bat bilatzea. López adibidez, edo Losada kaboaren sarjentoa, izen adierazgarriak bait dira Ondarreta aldean paseatzeko zortea izan dutenentzat. Erakunde iraultzaileak ez zuen López, edo Losada kaboaren sarjentoa hiltzerik lortu, ageri denez saioren bat egin bazuen ere. Alferrik. Orain berriz, ordena edo sistema berrian erreziklaturik aurkitzen dira iraultzaile zaharrak eta zaila egiten zaie beraz sarjentoa garbitzea —«gure artean, gogorik falta ez bazaigu ere», esango lukete konfiantza giroan— integraturik dauden jolas demokratikoan, gauza erabat gaizki ikusia litzatekeenez. Beraz, eta gauzak laburtzeko, sarjentoaren heriotzarekin, bera, eta agian Losada kaboa ezik, mundu guztia ados dagoelarik ere, protagonistak bakarrik hartzen du bere kargu egiteko hori, besterik gabe, kontsiderazio politiko ororen gainetik, edo azpitik, bere nortasuna finkatzen lagundu diezaiokeela uste duelako.

        Hil, itxura denez, hiltzen du sarjentoa, baina ez dakigu ekintza horren bidez bere burujabetasunik lortzen ote duen. Izan ere, lehenago aipatu bezala, nork daki ekintza hori ez ote duen bete Erakunde ilunaren izenean, beste norbaiten papera suplantatze lanean, eta horrela balitz, beste norbait horrek hil balu bezala izango litzateke eta ez legoke argi beraz, noren mesedetan hil den sarjentoa.

        Behar bada, Agirre bera ez da interpretazioarekin bat etorriko, baina berak eman digu ondorio hori, eta beste zenbait, espekulatzeko aukera, berea bezain gurea bait da, hemendik aurrera, gizon biluziaren peripezia existentziala.

        Nobela on bat duzu eskuartean irakurle, eta ez hartu juizioa hitzaurregilearen gorespen derrigorrezko bezala, ona bait da benetan. Bestalde, nobela oro da ona, esan zuen norbaitek, bere sortzailearen intentzio sakona adierazten badu behintzat, eta hori da kasua, zalantzarik gabe.

 

Bilaketa