literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera

 

Pako Sudupe

 

«Etienne Salaberry I (1903-2003)»

Egan, 2003

 

        Liburu honen lehen liburukian, Etienne Salaberryk Herria-n argitara emandako 71 artikulu hautatu prestatu dizkizugu, 1945tik 1981era bitartean agertu zirenak. Idatzi bi milatik gora idatzi zituen 1945eko azaroaren 1etik 1981eko uztalaren l6ra arte. Lehenbizi, berrehun eta berrogeita hamar bat jo ditut begiz: berrehun eta berrogeita hamar artikuluek merezi lukete argitara ematea: Salaberry, bizkaitarra edo gipuzkoarra izan balitz, beharbada argitaratuak egongo ziren honezkero, baina Akitaniako administrazioak eta Paueko Kontseilu Orokorrak sos guti opa diote era honetako idatziei. Alde horretatik eskertu beharrean nago Gillermo Etxeberria Egan-eko idazkariari eta aldizkaria ateratzen duen erakundeari lan hau argitaratzeko proposamena onartu, eta behintzat 71 artikulu zuen begi aurrean paratzeko modua eskaini izana. Artikulu hautatuen ondoan, Davanten eta neure saiakera dituzu hurrenez hurren.

        Bigarren liburukian berriz, Joxe Azurmendik idatzitako saiakera mamitsua duzu. Hiru saiakerok labur-zurrean aurkeztu aurretik Salaberryren bizitzako hainbat atal jakingarri tolestatuko dizkizut.

        1903ko otsailaren 18an jaio zen Nafarroa Behereko Heleta herrian, hain justu Garreta auzuneko Garra etxean. Bost etxezain zituen Garra etxeak oso hurbil, eta beste bost urrunxeago, Baigura mendi hegalean barreiatuak. Hiru ahaideetan erdikoa zen, giza-seme bakarra. Etxeko jaun beharra sortzez, nahiz apaizgoa hautatu zuelako arreba zaharrena geldituko zen Garra etxean premu, senarrarekin batean. II. mundu gerraren ondotik euskaltasunaz gogoeta egin eta saioak idazteari lotzen zaionean, munta izango du etxeko jaun izate horrek, izango duen bezala errotik euskalduna zen familia eta auzune eta herri batean jaio izanak.

        1736an sortua izan behar zuen Salaberryren sortetxe berean Santiago Garra de Salagoiti apaizak, gure idazlearen arabera errotik hemezortzigarren mendeko umea izan zena: haren kaskoan ez da jakitatea lehenik gogoaren apaingarri, bainan lehenik besoaren indargarri. Hidrografiako irakasle izan zen Baionan eta Eléments de la science du navigateur idatzi zuen, eta Tolosa eta Bordeleko Zientzietako Errege Akademietako kide izan zen. Zientziaren miresle eta lantzaile, eta aldi berean apaiza. Bere oroitzapen liburuan honela dio heletarrak: Bizia kasik iragana, harriturik nago zonbat eite dutan, 167 urte ni baino aintzin sortu putikoarekin.

        Lehen ikasketak herriko eskola publikoan egin zituen, sei urterekin hasi eta hamabi urte arte (1909-1915). Gogora irakurle, berriki banatuak zirela Frantzian Eliza eta Estatua, eta sinestunen aburuz eliz ondasunak ebatsiak; eta aburuak alde batera, benetan eta zinez ikastetxe erlijiosoak hetsiak zeuden eta fraide-serorak deportatuak aberritik.

        Heleta jaioterriko eskolan, Frantziako estatuaren eskola laikoan; Salaberryk esatera, aldarean Jainkoaren ordez Estatua goraltxatua zuen eskolan, frantses nazionalismoa xurgatu zuen. Eskola horretan irakasle izan zuen Hirigoyen senpertarrak honela galdetu zien Etienne hamaika bat urteko mutikoari eta gainerako ikaskideei: «Zer zirezte ziek, Euskaldunak ala Frantsesak?» Nik, duda-mudarik gabe: «Frantsesak». Izan nintzan goraipatua. Bertze guziek berdin, tanpalabara: «Euskaldunak». Izan ziren ederki trufatuak. Josteta denboran ari izan ginen galde-itzulka. Bertzek: «Bainan gu, euskaraz ari gaituk. Gu euskaldunak gaituk». Eta nik: «Euskal Herria Frantzian duk. Eta gu, nola mintzo gira eskolan? Frantsesez».

        Hegoaldean eraztuna bezala, Nafarroa Beherean eskurik esku eta ikaslerik ikasle makilatxo bat ibilarazten zen, eta azkena zuenak zigorra jasoko zuen: Baginuen baundienek bertze lan bat, ez pollita. Eskolarat orduko, erakasleak ernaiten zaukigun «buchette» deitu erhiaren beineko abar pixka bat. Gure egitekoa, barrandan egoitea. Nork ere jalgitzen baitzuen hitz bat euskaraz, eta hari zura saka, ixil-ixila, nehor ohartu gabe. Eta orduz geroztik hura euskaldun hitzen zakur usinakor, alegia eta basurde zikin zitazkeen solas euskaldunak. Askatasunaren, Berdintasunaren eta Anaitasunaren herrian altxatuak ginen izeiteko, trebe barrandari, trebe salatari, Judasen semeak ginela iduri. Hola zen Euskal Herriko ikas-etxe guzietako ohidura. Azkenik buchetta zuena, zen gaztigatua.

        1976-77 inguruan honela adierazi zuen: Erakuts-etxean, ala euskara, ala bretoina, ala okzitana, ala korza, ala ipar-Afrikan araba ez erakutsiz, Frantzia dela agertu Euskal Herriaren, Bretaniaren, Okzitaniaren, Korzaren, Maroka-Algeria-Tuniziaren etsai. Kulturatik eta ez ekonomiatik jalgi dira deskolonizatzeko auziak. Bidea badoa kulturatik ekonomiarat, eta ez ekonomiatik kulturarat.

        1915ean, aitaren borondatez, eskola librera iragan zen, orduan seminario ttipiarenak egiten zituen Belokera. 1923ra arte han ikasiko du. Irakasleak oso desberdinak zituztela kontatzen du bere Ene Sinestea memoria liburuan: Garat eta Gaztellu-rentzat politika, otoitza. Lassale eta Amestoy-entzat, otoitz-politikaren parrean, bizi-politikaren otoitza.

        Amestoy historiako irakasleaz, honela dio: Amestoy jauna ginuen ixtoriaren erakasle. Errotik Euskalduna zen, errotik lañoa, errotik esku-ukaldi emailea. Bainan, zoazi zu, errotik frantses nazionalizta. Ez zuen larderia haundirik. Bainan erakaslearen boterea ez da besoan, ez da orroan. Da, bakarrik, gogoan. Ez ditake sinets zer hatz utzi duen Amestoy jaunak bere ikasleen gainean. Denetarik haundiena. Berak behin-ere asmatu ez duena. Zonbeitek behin-ere galduko ez dutena.

        Eguberri eta pazko-jaietan ere Beloken geratzen ziren euren etxeetara bildu gabe.

        1923tik 1929ra Baionako Seminario handi eraiki berrian ikasiko du, soldadutzan Alemanian emandako hemezortzi hilabeteko aldia salbu.

        Hona bertan izan zuen Durquet, historiako irakaslearen deskribapena: Gora, sorbaldak zabal, gerria hertsi, sotana beltza soineko, bainan sotana beltzak orroit-arazten, kapitain gisa gerla

denboran ibili soineko urdina, Durquet jauna, ixtoriaren erakaslea. Haroak zion bazituela bi kosta zilarrezkoak, azkarki kolpatua izana baitzen. Haroa harotei, Verdun-en, soldadoek ziloetarik jauzi egiteko abian, jalgi zen bere askatik, luze-luzea, Bastida bere herriko maldan izan balitz bezain gostuan, eta emeki, garbiki Alemanen balak xixtulari, erran nahi zutenentzat bekatuen barkamenduko otoitza. Gero jauzi egin, erranez «Aintzina!» Bazuen eremu. Laguntza egiterat ekarria, gerlako lagunez itsutuki maitatua, Kapitainaren nagusitasuna ez osoki itzalia.

        1929an meza berria eman zuen bere jaioterri Heletan.

        1929tik 1931ra Okzitaniako Tolosako Institutu Katolikoan, filosofiako lizentzia atera zuen. Zaharra aurkitu zuen seminarioa, kanpotik bezala barrutik. Belokeko abadia eta Baionako seminarioa ederragoak. Lizentzia atera eta Parisera joan nahi zuen han urte bat ikasten ematera. Aitak baietz. Gieure apezpikuak ezetz, haren beharra bazegoela elizbarrutian. Beste urtebetez Tolosan geratzeko asmoa zuen, baina Mathieu Uztaritzeko Seminario ttipiko zuzendariak Filosofiako irakasle lanpostua eskaintzeko deitu zion.

        Filosofiako irakasle izango da Uztaritzeko San Frantses Xabier-koaren seminario ttipian 1931tik 1939ra, eta 1945tik1958ra; Baionako Villa Pia lizeo katolikoan, berriz, 1958-1973ra.

        Ikasketetatik Frantziako armada zerbitzatzen emandako urteetara etorriz, soldadutza Alemaniako Wiesbadenen egin zuen 1924tik 1925era. II. mundu gerran aitzindari-azpiko izan zen 1939ko irailetik 1940ko ekainera arte; hil horretatik 1945eko ekaina arte preso egon zen Alemaniako Mühlberg-en, Dresde eta Leipzig artean, Stalag IV, B, preso esparruan.

        Soldadutza Frantzian ez baizik Frantziak lehen mundu gerran lortutako garaipenaren ondorioz Alemanian okupatua zuen lurraldean egin zuen, Wiesbadenen. 1919-1930 bitartean Frantziaren mende egon zen hiria eta Renania-Palatinatua land edo estatua. 1921ean egindako akordioaren arabera, zazpi mila milioi marko-urre ordaindu behar zizkion Alemaniak Frantziari kalte-ordain gisa.

        Trenez bertara hurbiltzen ari, Salaberryk: Hitz bat jalgitzen zait bihotzetik golkoan itotzen dutana: «Izorratu hute!». Hainbertze idazlek errepikatua zautaten Alemanak basak zirela, lehenagoko Hun zirtziletarik Hun zirtzil geldituak (..) Ohartzen nintzan Alemanian, Euskal Herrian ez bezala, zabal zirela bideak, Euskal-Herrian ez bezala, bazirela etxetan ura, herrietan lantegiekin antzokiak. Miarritze guti Wiesbaden aldean. Baionako katedralea haatik Maianzekoa bezain ederra edo ederragoa...

        Honela balioztatzen zuen orduko bere soldadutza, 1976-1977an: Alemania ihalozka bezala ari zen, ezin jasanaz hartua. Dirua pekoz behera leizerat jausten. Bortz ehun mila marka behar gintuen Maianzeko tramway-ren hartzeko, hastean; gero zonbeit miliar. Gu han poxulu, gu han orroit-arazteko gerla galdua zutela, gu han herria tinkan atxikiz diru peza gehixagoren ateratzeko. Ez du mahasti-zainak mahatsa zangoekin zapatzen jostatzeko, nahiz ari den dantzan eta hixtuz, bainan bai duen izerdiaren mahatsari jalgi-arazteko. Lanbro batek estalia zautan nik eremaiten nuen Alemaniako itxura. Lanbro hori ez zen bakarrik zeru euritsutik eroria. Bizkitartean gaztegi bainintzan, ez naiz lantxurda horri urteren buruan baizik ohartuko.

        II. mundu gerra. 1939ko irailaren 3an, artilleriako aitzindari-azpiko Tarbeko Soult kasernako 82. erregimentuan. 1940ko maiatzean guduari lotu, eta ekainean Montargis-en preso hartu zuten.

        Piarres Lafitte Uztaritzeko erakasle lagunak galde-egina zautan: «Igor-dazak astean gutun bat. Bildu-eta ukanen diuk gerlako iduripenez bete astekaria». Idardetsi nion:: «Barka. Ez dezakeat. Eta hori, bi arrazoinen gatik. Lebena, ikerzalek aurki bailezazkete, eta ni giltza pen sar. Bigarrena, idazteak argi botatzen baitu gogo zolarat, eta ni, iduri zaitanaren garbi ikusteak izitzen.

        (...) Ar ditake hea buzoka bezain zozoak zirenez orduko Frantziako buruzagiak. Aitor dezadan zaizkitala orduan jasan-gaitz. (..) Gerlaren egiteko ez zuten ez gizonik, ez tresnarik. Alemania nagusi ba tresnaz, ba gizonez.

        Gerra galduko zutelakoan zegoen. Gobernuko errepublikano erradikalei aiherkundea hartu zien, egoera hartan igorri zituztelako gerrara, ez tanke eta ez aireko, gaizki prestaturik.

        Ez ginen sekulan politikaz mintzo. Harritu nintzan ohartzearekin eskuindarrek ez zakitela deus politikaz, salbu ezkertiarren eskandalak. Berdin gaizki ezagutzen zutela ezkertiarrek politika. Berdin ongi ezagutzen eskuindarren eskandalak. Politikaz mintzo ditazkenak orotan multxo hertsi bat. Ahurtara bat. (..) Min egin zautan hortaz ohartzeak. Aldi bat baizik ez ditut baliatu ene politikako ezagutzak Tarbesen, Bokaleko komunixt batekin. Ez niozkan bere arrazoinak erreferatu, bainan behexi: «Hau ez duk Marx-en erranetik, hau duk Rousseau-ren dutxulutik». Behexte borrek ezarri ninduen gora lagunen eretzean. «Kasu! Komunixmoa komunixtek baino hobeki ezagutzen dik».

        Alemanian preso: Mühlberg an der Elbe-n, 1945eko ekaina arte. Preso-zenbakia: 59. 416, Stalag IV B —19 preso esparru zeuden Alemaniaren ekialdean. Mundu gerra amaitzean, alemanak egon ziren bertan errusiarren mende ez egoera hobean, eta batzuk amerikarren mende, aldi batez bederen—.

        Preso esparruko alde txarrak: hotza, janari urria, doi-doi bizitzeko lain; zorriak, tifusa, tifusetik heriotza, eta askatasun mugatua.

        Alde onak berriz; Koenig zuzendari alemanak gizon zuzena izan behar zuen, solasari jarria, baxenabartarrak esatera. Unibertsitatea antolatzen utzi zien. Horretarako 6.000 liburu inguru bildu zituzten Frantzia eta Suitzatik elkarte katoliko baten bitartez. Berehala hasi ziren mezak ematen eta entzuten; frantsesek bazuten eurek izendatutako kapilau burua, eta eurek izendatutako buruzagi frantsesa ene, lotinant edo tenientea. Beste zera bat, abantaila edo pribilegio bat, oso garrantzizkoa: Salaberry bezalako aitzindari-azpikoek ez zuten bortxazko lanik egin beharrik, hain nekeak izaki pertsona ahuldu eta ondorioz heriotza ugari sorrarazten zutenak.

        Preso esparruko bere jardun-agenda gisako bat ere aditzera eman digu: Gosaldu aurretik meza; mintzaldiak arratsaldeetan —Alemaniaren kontra ezin mintzatu ziren, erlijioaren auzia ene saihesten zuten; baina gainerakoan, askatasun handia—, presoek probintziaka egiten zituzten bilkurak —euskaldunek biarnotar eta bigorratarrekin, Tarbe eta Lourdes ingurukoekin—, Petain-en aldeko taldeak ere baziren. 1942ko abuztura arte, protestante bat izan zen unibertsitateko errektore; geroztik 1944ko abuztura arte bera.

        Barraketan kasik oro Petain-en aldeko ziren. De Gaulle ezezaguna zitzaien. Petainen irudi bat ipini zuten barne handienean. Batzuk Laval Hitlerren kolaboratzaile leialaren aldekoak ziren. 1944ko abuztuaren 20an, Petain Alemaniara deportatu zutenean, Salaberryk Petainen irudia kentzea erabaki zuen, jadanik ez zela Frantziaren buruzagia argudiatuz. Preso batzuk kexatu egin ziren.

        Hasieran 40.000 frantses inguru egon ziren; gero gutxiago. Frantsesez gain, ingeles, amerikano, errusiar, holandar, yugoslaviar, poloniar eta italiarrak egon ziren bertan, hots, Europa guztia alde-aldera eta anglosaxoiak.

        Frantsesek ibili ditugu urrats hunkigarriak Frantziaren ospatzeko gure eta bertzen aintzinean, zaintzale Alemanen begietan, Lamothe guhaurek hautatu aintzindaria. Egin ditugu otoitz suharrak Frantziarentzat guhaurek hautatu Aita Benoux aumonietarik lehena, orotan lehen... Aldi bat Frantziaren itxura bere hiri sainduekin errautsean lorez zirri-marratua... (...) Gauza horien aipatzeko behar litake liburu bat edo kantu bat. Liburu bat oso-osoa, kantu bat ezin atertua.

        Stalag-ean mintzo nintzan errotik eta bakarrik Frantses gisa. Bainan ere Frantziaren alderako amodioaren barnean ari zen ezin erdiz intzirika Euskal Herriaren amodioa.

        Bere dorpe guzian eri zen ene frantses nazionalismoa.

        Besteak beste, preso esparru horretan ikusitakoak, hitz egin eta bizitakoak eraman zuen frantses nazionalismo aski jakobinotik erregionalismo federalistara. Metropoliak kolonizatu eta ustiaturiko probintziak suspertu beharra zegoen kultura eta ekonomia aldetik, politika baztertu gabe, eta Europa federala eraikitzera jo behar zen arrazoi praktiko, ekonomiko-sozial-politikoengatik, eta arrazoi moralengatik ere bai; Jainko berbera gurtzen zuten Europako giristinoek ezin zuten elkar hiltzen jarraitu.

        1953an ezagutu zuen J.L. Davantek Salaberry apaiz irakasle: Uztaritzeko San Frantses Xabierkoaren apaizgaitegi ttipian: Ikas gaiak oso zorrozki prestatzen eta egiten zizkigun heletar handiak, laburpen idatzia barne... diosku.

        Davanten eskutik jarraiki, 1981eko uztail erdian psikopati, batek jorik Baionako ospitalean sartuko da Salaberry: Hor bere erranetan, bertigo krisiak pairatzen ditu leihotik begiratzean eta halako batean, duda gabe zorabioak itsuturik, handik jauzi egiten du. Hola bukatu zitzaion bizitza 1981eko uztail ondarrean, 78 urteetan, oraino indartsu zegoelarik. Uztailaren 26an hil zen.

        Bere biografiako datu adierazgarriez gain, Davantek hamar ataletan bildurik azaltzen digu Etienne Salaberry: apaiz irakasle gisa nolakoa ezagutu zuen, lehenik; haren gizatasun eskuzabala azpimarratzen digu, bigarrenik; Alemanian preso esparruan egindako bost urteek nola eragin zioten kontatzen jarraitzen du, gerlako presoner ohiaren izaeraz hainbat jakingarri aletzen dizkigun bitartean; politika aldetik zein alderdi zuen begiko jakinarazten digu hurrengo, eta politikarekin jarraiki Salaberry eta Enbata mugimendu abertzalearen artekoaz dihardu, eta baita Davant eta Salaberry artekoez ene, azken buruan baxenabartarrak izan zuen bilakaera politikoa argitzeko. Ez da hor amaitzen. Zuberoa zer zen harentzat kontatzen jarraitzen du, leku bukoliko bat baino zerbait gehiago zela adieraziz; kristau gisa kalifikatzeko bi adjektibo ezartzen dizkio: baikor eta irekia; haren idazkera iruzkintzen ari, elokuentzia eta pedagogia ekartzen dizkigu gogora; eta, azkenik, Salaberryren mezua gaurkotzen entseatzen da.

        Davanten saiakeran gaiarekin nola inplikatu den gailenduko nuke, eta orobat nola enplegatu den haren mezua egungotzen. Garbi gelditzen da bere saiakera irakurririk hazi egin zaiola Salaberryren tamaina urteen joanean, hil zenetik hogeita bi urtera berriro haren itzala eta hatza miatu eta ikertzeari lotu zaionean. Hurrengo nire saiakera dator. Salaberryren ezagutzaren eta Iparraldeko bilakaera sozial, politiko eta erlijiosoaren zuzeneko ezagueraren eskasean ezinbestean artikuluei lotu natzaie, artikuluetatik atera ahal izan dudan informazioari. Frantziako politika eta nazioartekoa landu ditu bereziki baxenabartarrak; Euskal Herrikoa gutxiago, baina iritziak garbi agertu ditu azken honi dagokionez ere, 70eko hamarkadan batez ere.

        Eskema sinple batera ekartzen badut irakurritakoa, badago halako ildo bat honelatsu laburbil daitekeena: frantses nazionalismo federalista-zentristatik deslotuz joan da, frantses jakobinismo erasokorra dela kausa, frantsestasunari inoiz uko egin gabe; eta, euskaldun kontzientzia kultural garbitik abertzaletasun politikora hurbildu edo heldu da, Europaren baitako Euskal Herri batu burujabearen alderako atxikimendu sendoa aldarrikatuz.

        Eskema horrek ez du balio handiegirik; balio handiagoa du jabetzeak frantses nazionalismoa zein mito, uste, lilura eta sentimenduren arabera gorpuztu den Ipar Euskal Herrian, ohartzea jarrera kritikorik gabe zenbat eskema frantses natural-natural beregana dituen, nork eta kultura handiko pertsona batek, bere euskaltasunaz, II. mundu gerraz gero behinik behin, inongo zalantzarik izan ez duenak; zurgatu duen frantses elizaren tradizioa eta izandako bizipenak, nazien kontrako gerran nahiz gatibutzan emandako bost urteetan, nola uztartu diren eta zer kontzientzia, sentiera eta ideologia sortu duten.

        Artikulu hauek hausnartuz hegoaldekook ere hein batean bizitzen ditugu gure haurrideek ez hain aspaldi bizi izan dituztenak, eta elkarrengana hurbiltzen laguntzen digute, ikuspegi diferentziak diferentzia, eta desadostasunak desadostasun.

        Bestalde, ardura frantses ikuspegitik bada ere, Europara hurbilarazten laguntzen digu Salaberryk, bestela Frankoren diktadura dela medio, espainiarrak bezala, Europatik aski bakarturik egon garen euskaldunak.

        Azken saiakera Joxe Azurmendirena da. Heletarrak bere saio nagusienak batez ere Gure Herria-n argitara zituen1. Liburuak berriz bi eman ditu argitara: Ene Sinestea. Iragan biziari gibeletik beha, 1978; eta, Beñat adiskidea agur! Baiona, 1981. Hauek guztiak hartu ditu azterketarako oinarritzat, eta hala ere zegamarrak aitortzen du heletarraren pentsamendua nolabait sistematizatzeko material zatikatuegia duela esku artean.

        Saiakera honek Joxe Azurmendi bezalako filosofo bati dagokionez, Salaberryren ikuspegi osoa ematen digu. Horretatik printza batzuk hautatuz, filosofiaren atalean, esaterako, nabarmentzen du, besteak beste, baxenabartarrak filosofia zeregin erlijioso-teologiko, apostoliko eta moraltzat eduki duela. Asmo horrekin egin zen apaiz irakasle, bere garaian Elizak gehien behar zuena defentsa intelektuala zelakoan. Gerrak, Salaberryri, bere oroitzapen liburuan adierazten duenez, eten erradikal bat ekarri zion bizitza intelektualaren aldetik; doktrina aldetik baina, neotomista jarraitu zuela baieztatzen du zegamarrak. Aldaketa gehiago etorri zen jarrera aldetik doktrina aldetik baino.

        Jasotako tradizioarekin borrokan agertzen zaigu. Bere kontzeptuek harrapatua, alde batetik, Egia absolutuaren dogmatismoarekin ezin etsirik; erlatibismoari baiezko biribilik ere ezin emanik, bestalde, gatazkan. Batzuetan perspektibismoan aurkitu usteko du borrokari irtenbidea emateko modua:

        Pentsamendu —filosofia, erlijio— ezberdinek, bakoitzak egia osoaren alde bat islatzen du, denek islatzen dute egia, denek dute Egian Parte. Salaberryren —originala izan nahi ez duen— errezetan: «Toute vérité est nécessairement chrétienne».

        Irtenbide horrek, ordea, filosofian behinik behin, praktikotasun gutxi eta balio kaxkarra duela gogoratuko digu Azurmendik:

        Baina hori, filosofian bederen, aitorpen teoriko hutsetatik apenas pasa ahalko da aurrerago, «egiak» kontrarioak direnean batikbat, eztabaidatu eta razionalki ebatzi beharra egongo baita, zein den baten eta bestearen egia. Salaberryren egiaren kontzeptuak, —ez mailak eta ez eremuak inoiz berezten ditu, hots, egia razionala, fedekoa, zientziako ala filosofiakoa, estetika, moral edo usadioetakoa, egia informazioan, politikan, etab.—, harentzat azkenean dena bera baina, praktikan, bere egiatik kanpora oso egia gutxi aurkitzen du. Bi kapitulu dierentzia dezakegu bere antierlatibismo praktikoan: estriktoki filosofikoa eta politiko-morala. Bigarren hau da, maizena Salaberryk buruan izaten duena, erlatibismoaz badihardu. Orduan, erlatiboa harentzat berdin alderdikoia, berdin gezurra da (eta gezurra berdin moralki zuzengabea) (ik. ES, 10 eta burr). Erlatibismo honen etsenplutzat, Camus-ek, arrazoia frantsesek ala algeriarrek zuten galdetua izanik, behin emandako erantzun sonatua har daiteke:: «egiaren eta ene amaren artean, hautatzen dut ene ama». Edo Sartre-ren ateraldi berdin famatua: «Ez da Billancourt desesperatu behar». Salaberryrentzat hori, kasu bietan, zuzengabeki egiaren gordetzea da, eta «egiaren gordetzea duk gizonaren gutiestea, ezgizon gisa ekartzea». Intelektualak egia hutsa eta egia osoa esan behar du beti. Gainerakoa (ez da erlatiboa, partziala) gezurra da. Hemen ez da perspektibarik edo egiaren ezinbesteko zatizkotasunik aintzat hartzen. «(...) Huna gogolariaren gogozko lehen eginbidea: egiaren, behatz karramaska bat eman gabe, den bezala, hala-hala jalgitzea. Munduko izurriteak heldu dituk oro gezurretik. Gezurraren aita, debrua». Baina antierlatibismo praktiko arruntena ageri da —nahiago bada, itxikeria— bere «philosophia perennis» hori ez den beste filosofia moderno guztiarekiko bere jarrera, funtsean interes gabeko edo superfizialean (salbuespen bakanak aparte aipatuko dira).

        Bergson filosofoak Salaberryrentzat izan zuen garrantzia aztertzean Azurmendik baieztatzen du ezin ukatuzkoa dela, baina intelektualki zailagoa dela definitzen:

        Filosofia Salaberryrentzat zer den, gogoratu behar da. «Filosofia egina da sinestearen garbitzeko bere purrusketarik, ez sinestearen husteko bere mamitik» (ES, 188). Zeregin horretarako, Salaberryren lehenengo filosofia —profesionalki, esan daiteke— neoeskolastikoa da, XVII. mendeko razionalismoaren kutsuarekin («Teodizea»). Protestantismotik sortu filosofiekin —Kant, Hegel eta beste— harreman handirik ez du erakusten. Are, Bergson-en maitale batek Heidegger-entzat irekitasun gehiago beharko luke, Salaberryk ez du. Ez zaio sumatzen, noski, filosofia anglo-saxoniarraren ukitu txikienik ere. Kultura filosofiko frantsesera mugatua beti, bere «eskolako filosofiari» gaurkotasuna, zalutasuna, poesia, modernitatea emateko laguntza erabakiorra, H. Bergson izan da. Gogoratu behar da, halaber, Elizako giro estua: gorago aipatu bezala, «Henri Bergson-en liburuak ezarriak ziren lerrakorren artean» (ES, 184). Lafittek kontatzen du berak Orixerekin izandako eskatima: «Behin haatik hasarretu zitzaikun, eta hasarretu baino gehiago: etsaitu. Pentsa zertaz? Bergson-en "Évolution Créatrice" delakoaz ez ginuen batere berdin asmatzen harek eta nik filosofoaren erakaspena. Hasi zitzaitan oihuka ez nuela zentzurik aski Bergson-en ulertzeko, eta nik arrapostu harek ez zakiela, frantsesik aski... Hots, agurrik gabe gibelaz itzuli zitzaitan, eta malezia gaitza frango luzaz atxiki zautan, bizpahiru aldiz bere lumaz ausiki ere baininduen». Hori zen, beraz, giroa Elizan eta euskal kulturan.

        Hezkuntzaren atalera etorriz, lehenbizi, Salaberryk zer gogor kritikatu duen estatu moderno burgesaren eskola, Frantzia guztiko probintziak, Ipar Euskal Herria barne, kulturalki Parisko metropoliaren kolonia beren buruz bizigabeak bihurtuz. Baina Azurmendik frogatzen du Salaberry bera ere, barne-kolonialismo arbuiatu eta gaitzetsi horren biktima agertu dela, kolonialismo horrexek joa dirudielako azken buruan.

        Euskara haur euskaldunen ezpainetan beretan moztea zorrotz gaitzetsi, baina gero euskarari rol kuttun, frantsesaren mendekoa aitortu; hura hizkuntza konkretua eta sentimenduarena, eta frantsesa, aldiz, kulturako, zientziako eta pentsamenduko hizkuntza, «la langue de l'esprit». Eskualdea bihotzaren aberria eta nazioa, zientziaren aberria. Hortaz, euskaldunak guztiz frantsesaren beharrean eta haren mendeko.

        Azurmendiren hitzetan:

        Ene Sinestea-n korapilo hori askatu ezinda ageri da oraindik: «Frantziak eta Espainiak egin daukute ongi ederra, ekarriz gure arterat beren kultura aipagarria. Bainan Frantziak eta Espainiak egin daukute gaizki gaitza, ez utziz zabaltzerat ure kultura beiezia» (ES, 174). Ez da ikusten nonbait oraindik, euskaldunek frantsesa eta espainola jakitea oso positiboa bada ere, horiek jakiteko printzipioz ez dagoela Espainiak eta Frantziak «emanak» izateko batere premiarik (Herbeheretan mundu guztiak daki ingelesa, eta ez da Irrgalaterrak «emana»), beharbada «emanak» izatea dela, hain zuzen, historia borretan dagoen negatiboena. Eta ez da ikusten, hizkuntzen erabilerako eremuen partiketa sozial bat egotekotan, egon beharrik ez dagoela justu horixe, bat kulturakoa, bestea sentimentukoa, mekanikoki finko, edonolako beste bariable razionalagoak baino. Beharbada Beñat adiskidea-n bakarrik heldu da Salaberry hizkuntza guztiei kulturazkotasun berdina aitortzera: «Mendeak jin, mendeak joan, Euskaldun jendeak zamatu ditik beste jende zernahik bezain zuhurtzia azau. Ez gutiago. Ez gehiago. Hein berean. Frantziak, Espainiak, Inglaterrak, Xinak zor ditie mundu zabalari bere zuhurtziaren uztak. Berdin Bretainiak, Kortziak, Euskal-Herriak. Hartzaile gaituk, eta emaile, har-emankako mus partida ezin bururatuan».

        Saiakeran barrena, zegamarrak liburu honetara aldatu ez dugun zati batean azaltzen du zer-nolako harremana izan zuen Salaberryrekin, eta zergatik onartu duen nik egindako gonbita.

        Gure harreman guztia gutunezkoa izan zen; pertsonala, ia ezer ez adinatsu. Astero irakurtzen nuen Herria-n. Aitortu behar dut, So Egilearen miresle nintzela, euskaraz nahiz frantsesez, jada hogei urte ingururekin. Beharbada zor aspaldiko horren sentimenduak sarrarazi nau orain, Pako Sudupek adiskidetsuki bultzaturik, lor neke honetan. Behin edo bitan bakarrik ikusi nuen, oker ez banago. 1962/63an, uste dut, Arantzazun. Agian beste pare bat aldiz Iparraldean, geroago, bilera edo kurtsoren batzuen karietara, Alemaniatik etorrita egoten nintzenean. Jakin-ek prestatzen zuen Filosofiaren Historia baterako, berak «Henri Bergson» kapitulua idatzi zuen (1965ean argitaratua). Bere «L'Homme basque. Essai de Caractérologie Euskarienne», «Du régionalisme», «Le Pédagogue et le Commissaire», «La Fête» saioak oparitu zizkidan orduan, eskuz berak «Ene orhoitzapen hoberenarekin» eskaintza sinatuz. 78an Ene Sinestea, bere memoriak bezalako liburua, igorri zidan, «Ipar Euskadi/Eta/Hego Euskadi/ Bat baita Euskal-Herria/ Bihotzetik» eskaintza eta sinadura bere eskuz idatzita berriro. 80an Omenaldia, «Ipar-aldekoak/ Hego-aldekoari/ Orhoitzapenetan/ E Salaberry» eskaintzarekin eskuz. Eta gehiagorik ez. Nahikoa bere aldetik, tamalez begikotasun nire aldetik ez behar bezala itzulia. Bihoakio gaur omenaldi —miresmenezko eta kritiko— atzeratua.

        Bere lan aski kritikoaren azken atalean, jaun Salaberryri agurra egiten dionekoan euskaldunok zer eskertu behar diogun aditzera ematen du:

        Salaberryri eskertu behar zaio, abertzaletasuna kosmobisio global baten barruan pentsatu izatea, filosofo gisa. Askotan autoreak «euskal ekai» hutsera murrizten ditugu (filologiara murrizten ez ditugunean). Ez dugu galdetzen: zer pentsatzen zuen gizon-emakumeaz, etab. Geuk mozten ditugu pentsamendu bakarrera, edo ideia bakarrera. Salaberryk munduaren aurrean pentsatu du beti gizon-emakumeaz, gerraz eta bakeaz, Europaz, Euskal Herriaz. Ez du mundutik bakandu Euskal Herria. Ez dit zilaren kontenplazio bat egin, «euskaldun fededun» gisa horretaraxe kondenatua zirudien arren. Eta Euskal Herriaren gogoetari, hemengo kondizioek agintzen eta uzten zioten izaritxoan, bere kultura filosofiko zabala aplikatu dio, gero. (Bi arrazoiongatik ahal izan duela, esango nuke, eboluzio etengabe batean jarraitu azkenera arte). Ez zuen lan erraza. Bere lerroetan zehar etika bat, ideario politiko bat, humanismo bat, kristautasun bat doa bidegiten. Kontua ez baita tesi batzuk mailu bezala eskuan edukitzea, ikusmolde orokor bat historiaren gainean zabaltzea baizik, edo zabaltzen hastea gutxienez, euskaldunaren begiekin.

        Hirurok, nork geure aldetik egin dugu lana, horretarako idatzi eta iturri desberdinak erabilita. Hiru saiakerak irakurrita ohar litezke hainbat kidetasun hiruron artean. Aldeak ere bai. Zein ikuspuntutatik begiratzen den, eta nork begiratzen duen, txikiago edo handiago ageri da edo ageri zaigu baxenabartarra. Ez dugu inondik ere azterketa agortu; beste hiru eta beste hiru ere hartze lituzke. Gu hirurok nahi izan diogu, nork geure kasa eta hautura omenaldia eskaini bere jaiotzaren mendeurreneko urte honetan.

 

        [1] Hona hemen bere idatzi nagusienak: «L'homme basque: essai de caractérologie euskarienne» Gure Herria 1950, 1-3, urtarrila-otsaila; «Le pédagogue et le commissaire: défense d'une culture populaire euskarienne», Ed. Eskual-Herria, Bayonne 1951; «Du régionalisme à l'internationalisme» Gure Herria, 6 1951ko azaro-abendua eta 2-3, 1952ko martxoa-apirila; ««La fête dans l'âme basque» litre HetTia 1-2, 1956ko urtarril-otsaila/martxo-apirila; «Un maître de la pensée, Son Excellence Monseigneur Clément Mathieu» Gure Herria 1, 1963ko uztaila; «La messe sur le Pays Basque» Gure Herria 1-2, 1964ko maiatza-ekaina; «Europa» Editorial Franciscana Aranzazu, Oñate, 1965, kapitulu bat; «L'alinéation basque» Gure Herria, 5-6, 1967ko azaroa-abendua; «Henri Bergson» in jakin Taldearen ardurapean, Filosofiaren Kondaira I, Arantzazu 1965, 103 or. «Mendeko bi zauriak» Gure Herria 1974, 336 or. eta ond. Antzerki-lanak: «Zapeta urh eta espartin xuri» in Euzko-Gogoa 2, 1955, 133-165; eta «Hiru pindarreko erhaztuna», in Gure Herria, 1975 lehen bi aleetan. Halaber, aipagarriak dira 1979an egindako omenaldiaren karietara argitara liburua: Etienne Salaberry euskalzaleari «Euskalzaleen Biltzarrak» eskaini OMENALDIA, Baiona 1950; eta, Pierre Ainziart-en ««Etienne Salaberry» in Egan, 2001-3/4, 147-162 orr.

 

Bilaketa