literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aitzin-Solas

Patri Urkizu

 

«Haritchabalet / Don Juan eta bere adixkidiak»

Jean Baptiste Constantin

Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

        JEAN BAPTISTE CONSTANTIN, Joanes Garaztarra, Santagrazin jaio (1847-IX-5) eta Atharratzen zendutako (1922-I-26) errejenta eta idazle xuberotarraren bi eleberri ttipi, edo egokiago esatearren, bi ixtorio luzexta aurkeztera gatozkizue egun.

        Bere garaian santagraztar ospetsu eta egun ia guztiz ezezaguna den idazle honen bizitzaz ez dakigun arren gauza handirik, badakigu berak kontaturik, aita bezalaxe errejenta, maisu izan zela. Alexis zuela izena aitak eta Haritchabaleten zahartzaroan, erdi itsurik zegoela hau 1830. urte inguruan, honen idazkari eta kontakizunen entzule adi eta jasotzaile arretatsu izan zela.

        Jakin, badakigu ere, Engrâce Garby, herri bereko andereñoarekin ezkondu eta Izpuran, aitaren ofizio beraz bizi zelarik jaio zitzaiela Albert, gero doktore, mediku famatu, eta Atharratzeko alkate izanen zena (1873-1957), eta aita bezalaxe euskaltzale amorratua.

        «Adimenduz ximixta bezain zalu, eta ele gutiz erasia baten behar den guziez mamitik hausten dakiena», zioen semeagatik Jean Etchepare mediku eta idazle aipagarriak, eta dudarik gabe kontuan hartzen baditugu aurkezten ditudan bi kontakizunok, semeari zegokiona ezin hobeto zegokiokeen ere aitari.

        Haritchabaleten eta Pierre Topet-Etchahunen adiskide izan zen aitarengandik jasota zukeen Jean Baptistek euskara eder eta aberatsa, eta hala izanik harengana jo zuten Lhandek bere hiztegia moldatzerakoan eta Azkuek bere hiztegi eta kantutegia.

        Lekeitiarrak semea aipatzen du bere liburuxka pollit batean, 1898ko urrilean Zuberoan barrena egin bidai batean laguntzaile eta adiskide on izan baitzituen Pierre Broussain eta Albert Constantin, eta ziuraski honen aita ez zela urrun ibiliko. Hona dioena eskaini zien Illargia poeman.

 

ILARGIA

                                Nere adiskide, orduko bidaide,

                                P. Broussain eta A. Constantin-i.

I

                Atharratzeko Paradisutik

                odei-seaskara urbil

                bi nere erritar bidaiderekin

                ninjoala orain bi il,

                Auñemendiren ttunttur-gainetik

                agertu zinidan isil:

                espuru sagar bat bezen txuri,

                ziza bezela biribil.

 

        XX. mende hasieran beste zenbait xuberotarrekin batera (de Enditte, Espil, Armaginague, Manex Alzurukutarra...) Eskualduna astekarian idazten hasi zen. Hor dauzkagu argigarri eranskinean, Zuberoa poema (1903-X-30), bere sorterriaren laudoriotan idatzia eta hitz lauz, Ametsetarik eta Ostalerak (1907-III-29), non lehenean ikusten dituen Etxahun Barkoxe, Uxtoroki Baigorrikoa eta Otsalde lapurtarra odeietan gora dihoazkien koblak zorrozki saritzen, ezen guti dira phezatzia balio dienik; eta bigarrenean ostaler(sa) gau-zaleen aurka Etxahunen bertso batzu aitzakiatzat hartuz eta oilaltegiko bizimodua goraipatuz.

        Joanes Garaztarra sariturik gertatu zen zenbait Lore Jokotan, ezaguna den bezala. 1903. urtean, adibidez, Donapaleuko bertsularien guduan aipatu Zuberoari buruzko lanagatik saritu zuten; 1907. urtean, Kanboko bestan bigarren garait-saria irabazi zuen Ezkuntze bat Santa Garazin poema luzeaz (13 silabako 218 bertso lerro), non balioak batik-bat etnologikoak diren; 1908. urtean Atharratzen Gernikako haritz handiaren ume poema medio bigarren saria errezibitu zuen; eta 1912an ere Donibane Garazin, udazkenaz antolatu neurtitz-guduan sariturik gertatu zen, Larrazkena titulupean moldatu zituen hamabi laukoekin.

        Hona zer zioen Georges Lacombe euskalari jakintsuak gure idazle zuberotarraz:

 

        Le second prix (il n'y a eu de premièr prix) a été décerné à un poète bien connu qui signe Joanes Garaztarra: sous ce pseudonyme se cache l´un des hommes qui connaissent le mieux pratiquement les dialectes souletin et bas-navarrais oriental.

 

        Beraz, sari-irabazlea poeta ezagun bat zela, Joanes Garaztarra, noski, xuberera eta ekialdeko behenafarrera hobekien ezagutzen zutenetarikoa. Broussain adiskide medikuarekin, Daranatz, Gavel, Lacombe, Leon, Urquijo eta bere seme Albertekin 1911. urtean Cercle d'Etudes Euskariennes, Jean Etcheparek Euskararien Bilkua deitua, sortu zuenetarikoa Baionan, tamalez 1914. urtean piztu zen Gerlate Handiak desagerrarazia. Euskaltzaindia sortu berria zelarik ere, 1919. urtean xubererazko ordezkari gisara proposatua izan zen.

        Hasi zitzaigun, bada, Jean Baptiste Haritchabaleten biziaz oroitzapen batzuek moldatzen eta plazaratzen Eskualduna astekarian, baina ez zuten aurkitu hauek, antza, Hiriart-Urruty zuzendariarengan harrera onik, garaiko giro hertsia zela kausa, ezin baitzen apez baten horrelako irudi irrigarririk eman, eta zentsuratua izan zen. Hona nola kontatzen dizkigun Constantinek berak arazo honen zertzeladak:

 

AINTZIN HITZALDI BAT

        Luburusko huntan Haritchabalet zenaren gainen ekharten dugun aiphaldiak behar zukian agertu gure nahiala, diala urthe parrasta bat. Hersatu ginen Eskualdunari, hartan, zathika, zathika ezar-erazteko jaun aphez haren bizia. Eskualdunak, behin behin, hun hartu zian gure galthua, bena bertan doluturik, utzi guntian erraiten zeikularik: Bego ixilik halako aphezaren orhitzapena! Eskualdunaren buru zen jaun aphezak, Hiriart-Urruty zenak, etzian arauz sekula Haritchabaleten gainen entzun mihi luziek erabili dutien elhetarik zerbait baizik.

        Hortan baratu zen gure lan hasia. Geroxiago haatik, Eskualduna eskuz khanbiatu zelarik, berriz ere hari buruz abiatu ginen, aitzineko xede berian. Lehen aldian bezala, bi gerrenian ere, Eskualduna hasi zen Haritchabaletez mintzatzen; bena bizpahirur hoilatan jaun hura aiphatu onduan, kaseta uskaldunak hertsi zeikun bortha.

        Eskualdunak ogen ukhen du lehen aldian eta bigerrenian. Diala hamabost urthe, Uskaldun, Haritchabaleten gainen ezpaina azpiltuz mintzo ziren eli batek ikhusiren zien zuinen gaizki ezagutzen zien egiazko aphez jakitate handiko baten bizia. Hamabost urthe huntan hanitx aphez eta hanitx besterik hil dira Uskal Herrian, Santa Graziako erretor zenaren gainen egia jakin gabe.

        Dugun erran hau haste hastetik:

        Haritxabalet jaun aphezaren gainen elhe lazu hanitx hedatu dira denboraz.

        Mundia behatzen da gezurrari, eta behatzia beno haboro ere mundiak egiten duzutsiala, igaran erazten du gezurra aitzina, ez benturaz bethi norbaiti ogen egin nahiz, bena gezurrak bere gozoa dialakoz.

        Haritxabalet jaun aphezaren bizitzetik dakiguna heben agerturen dugu, ahalaz xeheki, eta lotsarik gabe deusetan kolpaturen dugula aphez entzun haren orhitzapena.

        Irakurtzaletan minberenak ez dira khexaturen zonbait elhaldi erri egin erazteko heben edirenik ere.

        Haritchabalet zenaz mintzatzen ahal gira ezagutu bagunu bezain ontsa zeren hari huilan bizi izan denaren ganik entzunik beitutugu dakitzagunak oro.

 

        Urte anitz iragan behar izan zuen, beraz, Haritchabaleten ixtorio osoak argia ikusteko eta Pierre Lhande jesuitaren ikuspegi zabalagoarekin topatzeko. Honek 1926. urtean, apirilaren hamaseian, hots, egilea jada hil eta lau urtera, lortu zuen argitara zedin santagraztar apezaren bizi piperduna, honela zioelarik:

 

        Egiliak lerrotto horik izkiribatuz geroz, hur untsatto igaran da Atharratzeko zubu pian: urthiak jin dira eta juan. Zunbait nahi luzaz Santa Graztar zaharra sentho egon den eta lerden, izpiritia zorrotz, luma agudo, heriuak gerokoz plegatu deihu orozbakoz Xiberutar idazle edo izkiribaño bixkorra. Basa buru orotan luzaz etxekirik izanen da haren enthelegu argi, batzare eder eta elhe goxuaren orhitmentxa.

        Egun Constantin jaun zenaren paperetan edirenik lan txipi hau ezarten degu argitara. Fida gira Eskualdunaren irakurzalek ezagutuko dien bai eta gozaturen Constantin zenaren uskara garbi eta xotila, hala hala, bost erri eginen Haritchabaleten gerthakarieki.

 

        Antza denez, beraz, Haritchabalet apezaren (1760-1834) bizia ez zitzaion eredugarria iruditzen, oso ezagunak baitziratekeen haren kontrabandoko aferak ez ezik, haren ehize bereziak (Irakur eranskineko Urzo kulier zuria) eta barkagarriago zeritzaiokeen garaiko zentsoreari Don Juan eta bere adixkidiak izeneko ixtorioa eta bertako pertsonaien jan-edarienganako zaletasun amaiezina.

        Bigarren ixtorio hau, beranduago idatzia izan arren, plazaratzeko eragozpenik aurkitu ez zuenez, lehenago argitaratu zen, 1910. urteko martxo-apirila bitartean, hain zuzen, Eskualdunan ere.

        Bertan agertzen zaigun apeza, Mizpiret jaun bikaria da, eta beraz, Daranatzen zehaztasunen arabera, 1846-1848 urte inguruan koka dezakegu gertakizuna. Hots, idazlearen jaioturte berean, eta kontakizun hau, apez ehiztariarenak bezalaxe Constantinek bere aita Alexisen ahotik jasoa zukeen, dudarik gabe. Ohitura kontaketen moldean idatzitako narrazio honek, pertsonaien bizitasunak, indianoaren, benteroaren eta honen emaztearen irudiak, bentan gitarra lagun egindako festak, azken finean ixtorio osoak ukan zuen arrakasta eta irakurlegorik, zeren garaiko irakurle batek soldado zaharren eskaerak jasoz, honakoa idatzi zuen Eskualdunan:

 

        Diala zunbait arte, irakurri dut ixtoria zahar bat kaseta huntan. Don Juan zena, hiletarik phizturik, eman deikie aitziniala leheneko larru berarekin, eta mirail batek etzutian haren lagunak hobeki agertuko [...] soldado zaharrek nahi lituzkete entzun, eskatzen dituzte Basaburian, Joanes Atharraztarrak muldatu dutian haietarik bat edo beste.

 

        Era berdintsuan mintzo zen beste irakurle bat udazken hartan beste sail berri bat eskatuz (Eskualduna, 1910-X-28):

 

        Don Juanen bizitzia khuntatuz geroz eztu hanbat Eskualdunak ekharten geroztik gain hortako berririk. Zerentako hori? Zerentako arren Don Juan hil eta ehortziz geroz, ez beste sail berri has?

 

        Atharratzeko errejenta ere izan baitzen Jean Baptiste Constantin, benetan estimu handitan zeukaten garaikideek haren talentua, haren luma zorrotza, pertsonaiak mirail batean legez hain ongi moldatzea onesten zutelarik.

        Egiaz ez da oso maiz irakurtzen euskal testuetan Don Juan-en hasieran irakur dezakegun bezalako irudi bizirik:

 

        Kartieleko gizonik azkarrena zen, eta suiaren buhatzen hasten zenian butzaz inkhatzak eta ilhintiak tximiniari gora igorten zutian, bestalde aho beroxka, eta ardura espantu zerbait khuntatzeko...

 

        Hizkuntza aztertuz, —noski, bere funtzionamendu eta egitura sakona gramatikalariei uzten diegu—, ohar gaitezke lehen begiradan oso hizkera herrikoia, Santagraziko xuberera aberastua, hain zuzen, darabilela.

        Bokalismoaz mintzo bagaituzu, hitz bukaerak bokalak direnean, mugatzailea hartzerakoan itxi egiten dira: muldia, xedia, konfirmazionia, gogua, gabekua, aphezkupia, mundia... Noizpehinka ere bokalen arteko eta kontsonanteen arteko alternantzia aurki daiteke hitz berean, hizkuntza guztiz finkatua ez dagoenaren seinale edo: seminario, semenario, Zubero, Zibero, Vitoria, Victoria,... Hitz bukaera zenbaitetan aurki daiteke ere a errepikatua, alegia, -a + -a > aa, eman duelarik hitz bukaerako bokalak mugatzailearekin topo egitean: laborantxaa, konpainaa, elizaa, denboraa...

        Gure edizioaren lana, Haritchabaleten kasuan aurkezpentxo honetaz at, testuari bere orijinaltasuna itzultzea izan da. Alegia, Eskualduna aldizkarian agertu bezala ematea, salbu ch > x; ou > u; ill > il; mb > nb aldaketatxoak: achouri > axuri; andoilla > andoila; dembora > denbora... Eta kontserbatzea euskalkiaren berezitasun guztiak, eta ez Eganen (3-4, 1985, 13-45) bezala, non hainbat hutsune eta akatsez gain, ez diren errespetatzen p, t, k, l, n, r, kontsonante hasperendunen grafiak. Beraz: aphezkupu, phiztu, sentho, urthe, khanbiatu, bekhantu, elhe, builhur, inhar, unhurru, erhi, ilhabur, mutthikua, etabar. Ez dugu ü erabili egileak berak erabiltzen ez duenez.

        Don Juan...-en Gañeko Bentako benteroa eta honen emaztearen hizkera jasotzen digunean, Constantin Erronkariko euskaraz mintzatzen saiatzen da, ezen senarraren gaztelaniazko esaldi hauek adierazten diguten edo salatzen nondarrak daitezkeen:

 

        baya, mira, mira María, qué pieza tan bonita! yo juego que en toda la villa de Isaba y en valle de Roncal ni ricos ni pobres no tienen una pieza de oro como ésta que yo he sacado en estos dos días a los gabachos.

 

        Baina Constantinen ahalegina gehiago da giroa sortzearren, hitzen fideltasun eta zehaztasun «guztizkoa» emateko baino. Erronkarieraren ezaugarri bat, adibidez, eta Mitxelenak dionez, «es la oclusiva dorsal sorda inicial de sus demostrativos: R kaur, kori, kura». Alegia, izenorde, adjetibo eta adberbio erakusleek hasieran hasperenduna ordez, leherkari bizkarkari ahoskabea darabilkitela, esate baterako: keben, kan, kola, koier, kementik, kori... Ageri da, ordea, era bat aski bitxia testuan, khaunaren, non, Constantinek bere grafia berezia asmatzen duen, hots, kh-digrama, ez ohizko leherkari hoskabe hasperendun gisa, gaztelaniazko eta euskal zenbait euskalkietako j-, jota alegia, adierazteko baizik.

        Ez da oso zehatza ere, antza, (ala bai?), tenpora hitza erabiltzen digunean ostalerren ahoan, ezen Bonaparteren hiztegian Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkarin beste era hauetara esaten baitzen:

 

                Constantin        Aezkoa        Zaraitzu        Erronkari

                tenpora        denbora        tempra        trempa

 

        Gauza berdintsua esan dezakegu «onki hun» diotenean, ea., baina ez da harrigarri bentan bizi zirenak kutsatuak izatea ere santagraztar, larraintar edota beste xuberotarren hizkeraz, eta bere idiolekto berezia edukitzea, XVI. mendean gertatzen ohi zen bezala, Leizarragak dioskunez.

        Nabarmena da ere nola Constantinek abilki darabilzkien kontakizunaren bizitasuna areagotzearren lau hizkuntza, euskaraz aparte: latina, frantsesa, gaztelania eta bearnesa.

        Hona hiztegi aberats horren lekukotasun zenbait. Latinetik hartuak batez ere eliz kontuak aipatzerakoan: paterrak, miserereak, orate fratres, prefazioa... Frantsesetik kargu ofizialak eta iraultzako zenbait gertakari: voila qui fait, alo, promenada, tourne-brocha, eskolier, bakantzak, ofizier, lotinent, arxipretra, foure, constitution civil, karmañola, lunetak.... Gaztelaniatik Nafarroako benteroen hizkera jasotzerakoan, batez ere: baya, karakho, amigo, buen trago, qué gente tan, no importa, alubia, lo menos, lo mas, poco provecho, nabakha, leña, txasko, entraina, serra, portillo... Eta bearnesa erabiliko dute santagraztarrek benteroak enthelega elitzan, alegia, funtzio kriptikoarekin darabilte, bai batzuek eta bai besteek, gaztelania eta bearnesa, zenbait astolasterretan gertatzen den bezalaxe. Pertsonaien zenbait izen, bidenabar, astolaster edo pastoraletatik hartuak lirudikete argi eta garbi: Sutibran de Kalimbre, Agaramunt....

        Ez zaio falta ere euskal esamolde jator eta bitxirik Constantinen prosa arin eta umore finari, ez ditugunak hemen jasotzen irakurleak ez dezan aurkezpen hau luzetsi. Honen lana errazten saiatu gara ere egungo puntuazio eran testua ezarriz, eta oin-ohar zenbaiten bidez hiztegi arazoak argituz. Bukaeran Constantinen bertso eta artikulutxo batzuk bildu ditugu ere eranskin gisara eta bere dohainen adierazgarri.

        Gure partetik ez dugu beste desiorik, alegia, pastoralez aparte beste lanik eta hitz lauz egungo xubereraz ba ote zen izkriburik galdatu didatenei bi ixtorio hauen oparitxoa eskaintzea baizik.

        Ene iduriko lehena ezagutua baldin bada neurri batean, batez ere Xuberoko Bozak irratiz eman duelako, bigarren ixtorioa, Don Juan eta bere adixkidiak, ez dela batere ezaguna eta merezi duelakoan plazaratzea argitara ematen dugu.

        Hil zenean Constantin honelako irudia ematen zigun Eskualduna astekariak zituen adiskide motez mintzatuz «Lagun bat» artikulupean (1813. z., 1922ko otsailaren 3an):

 

        Badire bat edo bertze, guti, arras guti, beren atxikimenduan urrunago ere doazinak. Hoieri ez zaiote aski berek erostea eta inguruetan beren solas onez eros-araztea, errexkiago barreia dadin alde orotarat laguntzen dute hobeki aphaindua izaiten berriak egorriz, astekariaren langile bilakatuz. Holakoetarik izan da Constantin zena.

 

        Baina guttietsi zuen, noski, Atharratzeko kronikagileak Eskualdunak eman errejentaren erretretatia eta Eskualdunaren 1922ko otsailaren 10ean kontatuko digu, nola populuak goretsi zuen, nola hilerrira lagundu zuen bertan Desplas jaun errejentak haren laudoriak egin zituen eta azken adioak eman eskola emaile ororen izenean, eta bukatzen du berriemaileak esanez nola paregabeko thalentu bateki maneratzen zian lumaz.

        Hala bada, besterik gabe, bai Haritchabaleten, bai Don Juanen eta eranskinean ematen ditugun bertsoen eta beste hitz lauzko lanez irakurleak atseginez dastatzea, hitz batez, Constantinen lumarekin gozatzea, eta horrela gure euskal idazleen parnasotxoa osatzea, aberastea eta ezagutaraztea litzateke ene desio xumea.

Lezon, 1995ko urtarrilaren 20an

 

Bilaketa