literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jean Etxepare

 

Isabel Arrigain

 

«Buruxkak»

Jean Etxepare

Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

        1. Jean Etxepareren bizitzaz zerbait

        Jean Etxepare Argentinan, Buenos Aires probintziako Marchiquita herrian jaio zen 1877-an, guraso euskaldunengandik. Zazpi anai-arreben artean zaharrena zen. Sei urte zituenean, Marchiquita utzirik, aitamen sorlekura itzuli eta Lekornen kokatu zen familia. Bere hasierako ikasketak Lekornen bertan egin zituen; ondoren, 1889-an, Larresoroko Seminarioan sartu zen bere heziketari jarraitzeko. Hemen, euskara gaietan bere lehen eredu izango ziren Abbadie, Adema, Hiriart-Urruti, eta Larralde ezagutu zituen. Batxillergoa ez ezik, filosofia, Haeckel eta Nietzsche bereziki, ikasi ere zuen urtebetez Larresoron. 1894-ean Bordelera joan zen medikuntza ikastera, mediku doktoradutza pilotarien eritasun bereziez eginez: Quelques remarques sur le Joueur de Pelote. Bere sorterrira itzulia, eta Lekornen mediku lau urte egon ondoren, Aldudan kokatu zen, 1914-ko gerran soldadu ibiliaz lekora, 1935an hil arterainokoan han geratuz.

        Bere bizitza osoan zehar Etxepare artikulugintzan aritu zen. 1902-an Eskualduna astekarian hasi zen artikuluak idazten. 1910-ean, ordu arte agerturiko zenbait artikuluren bilduma bat argitaratu zuen Buruxkak izenpean. Orobat, bere anaia apaizarekin Eskualdun laborarien almanaka ateratzen zuten urtero, 1914-ko gerra piztu arte. 1921-ean Gure Herria aldizkaria sortzen denean, dei egin zioten parte har zezan. Eta hemen argitarako zituen 1931-ean lehendabizi Berebilez izenpean, mugaz honaindi eginiko bidaia bati buruzko artikulu sail batez osaturiko liburuxka. Lehenagotik hamaika emanalditan banatuki azalduak ziren. Liburuan biltzerakoan aldaketa ugari egin omen zituen, paisaiari eta historiari buruzko zenbait ohar kendu, hitzen adierari buruzkoak gehitu —zerabilen lexikoa irakurlearentzat zail zitekeelakoan—, eta estilo bera ere hein batean arinduz.

        Anartean, euskararen inguruko batzar eta ekitaldietan parte hartzen zuen, hala nola, Baionan euskara ikertu eta lantzeko egin ziren «Cercles d'études» delako bilkuretan, eta Euskaltzaindian, non laguntzaile izan baitzen.

        Aipatu bi liburuetan bildu artikuluez beste guztiak sakabanatuak zeuden zenbait agerkaritan P. Charrittonek biltze eta argitaratze lanari ekin zion arte.

 

        2. Buruxkak

        Lehen aipatu bezala, liburu hau Euskalduna-n urteetan zehar izkribaturiko hogeita sei artikuluz osaturik dago. Bere helburua euskara jakintza-gai eta bizitzaren arlo guzietara helaraztea zenez gero, darabiltzan gaiak oso bestelakoak dira, euskal literaturan inoiz gutxitan aipatuak izan direnak: Frantzia-barneko politika, Euskal-herriko hizkera eta usadioei buruzko oharpenak, osasun aholkuak, Euskara, pilota-partida bat, haurtzaroko oroimenak, etabar. Argitaratu zenean ez zuen harrera ona izan, bi artikulu —«Nor eskola-emaile. Zer irakats» eta «Amodioa» — ezin onartuzkoak bide zituelako —hits eta lizunak baitziren ingurukoen esanetan—, eta etxean gorde behar izan zituen, lagunen artean soilik banatuz. Bigarren edizioa, aitzin-solasa Lafittek ezarria zuena, bi artikulu hauek gabe argitaratu zen. Lehenengo artikuluan, Etxepare irakaskuntza erlijiosoaren aurka agertzen da, apaizak erlijioa ez diren irakasgaiak emateko gauza ez direlakoan, apaizaren irakaspena sineste batzuen finkatua baitago, hauen aldeko kontuak baizik ez ikusiz. Jarrera honek Etxeparek gazte denboratan bizi zituen fedezko iluntasun eta zorabioen ispilu izateaz gain, garai hartan gizartean zegoen liskar-giroaren islada ere bazen, Etxepare bere garaiko ideia liberaletatik oso gertu kokatzen zuelarik, une historiko konkretu hartan horrek zerakartzan ondorio guztietarako. Izan ere, garai hartan, Frantzian bizi bizia zegoen Elizaren eta Estaduaren arteko harremanaren auzia. Errepublikanoek, 1877-tik irabazleek, aurrerakuntza demokratikoa antiklerikalismo laizistari lotzen zioten ezinbestean. 1880-tik aurrera, eta framasoneriaren laguntzaz, erlijiozko Ordenek eraturiko irakaskuntza-ereduaren erasotzeari ekin zioten, irakaskuntza oinarrizko, laiko eta nahitahezkoa antolatuz: lurreko jakitateari lehiatzea, erlijio-sinesteetatik bereizi egin behar zen, ondo banandu, gizabanakoari bide ezberdinak urratzeko aukera emanez. Hortaz, zientzien aurrerapenak eta gizartearen balio etikoen garatze eta sendotzeak laikotasunaren ildotik joan behar zuen, erlijioa Estaduarengandik aldenduz. 1902-an Ezker Koalizio batek irabazi zituen hauteskundeak, liberalek egiten zuten apaiz-kontrako politika areagotuz. Azkenik, Eliza eta Estaduaren arteko etena edo berezkuntza gertatuko zen 1905-an, Elizari bere ondasunak bahitu zizkiotelarik. Aipatu ere behar da, bizkitartean, Erregimena ez zela inondik ere Erlijioaren edo Fedearen kontrakoa, esparruak ondo mugatzea baizik ez baitzuen nahi, liberalismo politiko-erlijiosoaren eredua proposatuaz.

        Bigarren artikuluari dagokionez, orobatsu, aipatu ditugun ideia liberalen barnean koka ditzakegu hor ematen diren iritziak. Izan ere, gorago azaldu duguna dela kausa Elizaren eragina murrizturik dago gizartean, eta askatasun handiagoz ikusten dira sexu eta amodio kontuak, aurreko denboraldien ilunkeriatik nahikoa urrun geratuz.

 

        3. Buruxkak-eko euskera

        3.1. Etxepareren idazlanak baxenafarreraz idatziak daude, Lafittek «navarro-laburdin littéraire» izendatu zuen mende honen hasieran eratzen ari zen literatur euskalkian. Izan ere, euskalki honi dagozkion zenbait ezaugarri oso nabarmenki azaltzen dira liburuan zehar. Hala nola, aditzaren itxura eta erabilera baxenafarrerakoa da arras: hor dugu laguntzailearen paradigma berezia nasaiki erabilia. Honen kokamenduari gagozkiola, usu azaltzen da partizipioaren aurrean, eta ez dugu uste enfasia emateko dagoenik, iparreko euskalkietako ordenamendu-askatasun handiagoaren ondorioz baizik. Partizipioa osorik gordetzen da, hala perfektibotasun-atzizkia erabiltzeko legeak nola inperfektibotasunarenak errespetatuz. Bi esaldi aurkitu ditugu, halere, Hortakotz othe nizan hoinbertze orhoit Ameriketako lurraz (7 orr.), eta Arratsean, etxerat zeneko (21), non, itxuraz behintzat, ez baita oraintsu esandakoa gordetzen; baina itxuraz bakarrik, ez baitira partizipioak izenak baino. Izan ere, lehenengo kasuan, «orhoit izan» da aditz-esapidea; eta bigarrenean izena adlatibo kasuan jarria. Halaber, aipagarria da forma trinkoen erabilera ugaria: nahuzue (112), baitzariezin (17), dopatzuet (112), demat (50), nerraian (116), errokok (122), etabar, eta honekin baterako aditz-izenarena. Hor dugu ere, daukat eta nago (77), «uste osoan nago» balioaz konpletibo bati bide ematen diotenean: Daukat ur ketako, xurikiten berendako ere, irabazi guti luketen jendeek (34), Eskola ttipiez bezenbatean, huts beretan erortzen dela daukagu (49). Aditzari dagokionez, azkenik, liburu honetan zehar agertzen den, eta sintaxiaren arloan murgiltzen gaituen puntu bat aipatuko dugu, komunztadurarena, hain zuzen ere: baxenafarreraz D'ETCHEPAREngandik hasi eta gaurreguna arte ematen den aditz laguntzailean DATIBOko markaren ezabaketa esaldiaren tajukerak hala eskatzen baduen arren.

        Fonetika mailan, iparreko euskalkietan hain maiz ematen den bokal arteko «r»-ren erorketa, bakanka aurkitu ditugu liburu osoan zehar: Beltzaan (26), deiik (96), arraiik (151). Bestalde, eta aspirazioari dagokionez, hitz hasieran, bokal artean eta sonanteen ondoren sistematikoki agertzen duen bitartean, zalantzak azaltzen ditu leherkari aspiratuak egiterakoan: urthe, othe, thorratzen, sorthu, ikharan, arkhina, aiphu, aphal, lanthu, eta abarrekoen ondoan, urte, ikusi, apur, ikertu, ukan, eta kidekoak erabiltzen baititu.

        Morfologiaren alorrean, aipa dezagun bat hitza beste mugatuaren eraginpetik kanpo eta izenondo gisa jokatzen duelarik deklinatzerakoan zubereraz beste iparreko literatur euskalkiek nabarmenki agertzen duten joerari jarraikitzen diola, non kasuko forma mugatua erabiltzean nahiz nora -ko forma mugagabea eta nondik kasuan biak erabiltzean ere: betiere batean eta batetara baldin badarabiltza ere, batetik eta batetatik (batetarik) bi formok agertzen baitira: Buru batean, kanpotik, zurubi luze bat (8), Hargatik bere hitza atxikiz, bederen hanbatean (43), Geroago gehiago errextasun badelarik leku batetik bertzera joaiteko (47), Dena ere mota bakar batetarik (89), Hizirat nindoan, oixtian aiphatu pentoka larrutu hetarik batetara (12). Ohartzekoa ere, ablatiboaren eta partitiboaren adnominala osatzerakoan, -kako forma erabiltzen duela: Geroztikako zenbeitekin nahastekatuak (8), hain ederki eginikako dutan gorputza (73), Mendien bi alderdietarikako erdaldun (91). Atzizki mailan, bai «-dun» eta «-gatik» eta «-koi» ere, erabilera ohikoaz gain hitz soilez ere agertzen dira: Jakin dezazun gatik (23), Gizon gazteek alhapide guziak ukan ditzaten gatik menean (49), Erakusteko behar diren zer guziez dun (50), Lurrak dauzkan gizon eta emazte guziak jar balite elgarri so, elgarren koi (98). Aipatu ere goiti eta beheiti adlatiboaren balioaz erabiltzen dituela garbiki: Bidatzen du maiz lanetako goiti-beheitian, Nun nahi burua goiti zindezan (10), Banoa hau eskuan mendiari goiti (128).

        Sintaxiaren alorrean, bait-en erabilera ugaria ekialdeko subordinatuak egiteko tradizioari atxikitzen zaio, kausalak ez ezik, beste subordinatu mota batzuk ere, —erlatibozkoak, konpletiboak, moduzkoak—, osatzeko balio izanez. Baina euskalki hauetan aurreko mendeetako idazleetan bait- en erabiltzea ohiko izanik ere, badirudi sor zitekeen nolabaiteko anbiguetateari aurre egiteko egitura hauetan lokailuen —«zeren»— eta galdetzaileen —nola, zoin, noiz— laguntzaz baliatzen zirela. XIX.garren mendearen bukaeran, Iparraldean Hiriart-Urruti eta Laffite batez ere, eta Hegoaldean Azkue, Altube, eta Orkaiztegi besteak beste, partikula horien erabiltzearen aurka agertu ziren gaztelaniazko egituretatikako kutsu baztergarri zirelakoan. Kontuan hartu behar da Hiriart-Urrutik, Etxeparek bezala, «egunkari-estilo» landu zuela, eta honetan, errazago zitzaiola partikula horiek gabe idaztea, esaldiak eskuarki laburrak egiten baitira. Gure idazleari gagozkiola, Iparreko guztiak bezala bestalde, ez da Hegoaldekoak bezain zorrotza forma horiek ez erabiltzen, eta sarri ez bada ere, zeren edo ezen-ekin osaturiko kausalak aurki ditzakegu: Ikus errex da: Zeren duten, elgar lagunduz, orok bat egiten (199), Eskerrak diozkagu hemen haren egileetarik bati, zeren xuxendu dauzkigun [...], Ikustekoak dira; ezen, ez dabiltza bakarrik airean, airean badaude (142), Horra nun ikusten dugun aita gure ganat heldu, begitarte mokorrarekin arabez, ezen berehala amaren altzorat ihes egin nuen (17). Zoin-ekin osaturiko erlatibozko esaldiak aldiz erabat bazterturik ditu bera idazkeratik, bait-ez soilik baliatzen delarik: Haxari zatxikola bazuen zur makila bat; hunek, errota itxulikatzen zenean, baitzerabilan hausko handiaren goiti-beheitia (60). Esan dugunez, kausazkoak ez ezik beste subordinatu batzuk ere eratzeko erabiltzen du Etxeparek partikula hau, hala nola konpletiboak egiteko: Badute oraino bertzerik beren alde, guziz hau: ez baitira hats hantzen, ez baitute oraino kopetan izerdi xortik ezagun (29), edo baiezko soilak: Huntaz orhoitz bainiz, begi beharrietan sartu balitzaut bezala (184) , Horiek guziak baino gehiago dena, hauxe: aberats guti izana gatik, ez baita ikusten herritto hartan errumes bihirik (199), edota kontsekutiboak: Hain urrun eta azkar heltzen baitu pilota non bartz kintzeak baiteramatza lerro lerro (32). Eta alabainan lokailua erabiltzerakoan, aurkaritza balioa balin badu koordinatu mailan uzten ditu partikula honek lotzen dituen bi esaldiak: Apez-geiak baizik hartzen ez dituztelako estakuruan, delako etxeek biltzen dute alabainan edozoin, ordutik apezaren amarruak azpitik baitauzka ofizio guzietarat dauden gazteak, baina kausazko balioaz erabiltzen duenean, bait- partikulaz ere baliatzen da, formalki subordinatua den esaldi bat eratuz: Orduan nahasten dira denak, jokari eta ikusliar. Zer egin: [...]. Gudukariek «aitzina» diote, gerlak alabainan norapeit hautsi behar baitu (30).

        Azkenik, Etxeparek darabiltzan iparraldeko zenbait egitura azpimarratuko ditugu, hegoaldeko irakurleari agian ezezagunak edo ez ohikoak egingo zaizkiolakoan. Hala nola, lanetik gelditu (66) «lanari utzi, lanik gabe geratu» balioaz; Bi ziriek zabal zabala idekirik zaukatela (15), non aditzondoa determinatua agertzen baita; Eskolatik lekora (58), bazkari on batetarik lekora (93), Elizatik lekora 69), zeinetan lekora «ondoan, ondoren» balioaz baitago; (-z) bezenbatean hegoaldeko euskalkietan ohiko den «(-i) dagokionez» adierazteko: Jendeez bezenbatean (10). Bestalde, kontzesiboak egiteko behialako egitura bat darabil, ez baititu aditz-izenaren gainean osatzen, partizipioaren gainean baizik, honi «gatik» erantsiaz: Haur zotz izana gatik, joiten othe ninduenez (10), Horrela nahasiak izana gatik, herri arau kara berezia zuten gehienek (24). Ezezko baldintzetarako ere, egitura berezi bat darabil: Ez baita orobat Eskual-herrian nehor nausitzen zakonik, non ez diren Elissamburu zena eta Zalduby (145), Baizik eta apezak ez ditugula erakustuntzat onesten, non ez den beren adimendu osoan apezteko xedea hartu dutenen alderat (54). Aukeratu azken adibide honetan, azpimagarri den beste egitura ere azaltzen zaigu; izan ere, «-la»-z eginiko konpletiboaren sarrera gisako «baizik-eta»-ren erabilera. Orobat, ere lokailuaren kokamenduari dagokionez, partizipio eta laguntzailearen artean ere azaltzen da ezarria, ekialdeko ohiturari jarraituaz: Egiaren erraiteko, xederratzen ere dute artha handirekin (83).

        3.3. Etxepareren xedea euskara edozein gaietara lerratzea zen, beti adierazi nahi zuen errealitatearen xehetasun eta nabardura guztiak gordetzeari utzi gabe. Hortarako, eta gorago azaldu dugun bezala, hiztegi joriaz beste sintasi ausartaz ere baliatu zen, bere idazkera tinkoegia zenbaitentzat, eta zalu eta ahaltsua besterentzat suertatuz. Duintasuna eta hiztegiarekiko garbitasuna dira, gure ustez, bere idazkerari hobekien dohazkion ezaugarriak. Iritziak iritzi, badirudi adostasuna dagoela Etxepare mende honen maila jasoko idazletzat jotzean, nagusienetakotzat ez bada.

        Euskararen modernizazio edo standarizazioaren alde zegoen Etxepare, eta munduko hizkuntza guztietan idazleak berdintzale eta apaintzaileak diren moduan, hemen ere prozesu bera eman behar zen, euskara mundu modernoaren eginbeharretara moldatzeko. Hau da, hizkuntzaren egokitzapena idazleen eskuetan uzten zuen, hauen gain zegoelarik errealitateak eskatzen dituen nabardura guztiei atxikitzeko beharrezko diren hitz guztien «eskuratzea». Hortaz, egoki zeritzon, egoerak hala eskaturiko hitz berrien asmatzeari, edo norberaren euskalkiko ez direnak erabiltzera jotzeari. Bestalde, batasunaren auzian, gipuzkera hizkuntza batutzat proposatzen zutenen aurka, euskara batua euskalki guztien joritasunaz hornitua behar zenaren alde zegoen, gipuzkera gainean osatzea murrizketa pobregarri eta euskararen kalterakoa litzatekeelakoan.

 

Bilaketa