literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Evaristo Bustintza Kirikiño

 

Itziar Laka

 

«Abarrak»

Kirikiño

Euskal Editorren Elkartea, 1986

 

        Bizitza

        Evaristo Bustintza, euskal literaturaren historian Kirikiño goitizenaz ezagutzera emango zen idazlea, 1866. urteko Urriaren 26an jaio zen, Bizkaiko Mañarin. Bere jaiotetxea herri barrenean dagoen Etxanoa izan bazen ere, idazleak ez zituen bere haurtzaroko lehen urteak baino igaroko bertan. Evaristok zazpi urte betetzean, aitak erosiriko Zumelaga etxebizitzara aldatu ziren Bustintzatarrak. Hauxe izango zen, urteen buruan, Kirikiñoren atseden lekua; bere idatzietatik asko bertan burutu zituen, Bilbo hiriko aringa-beharretatik urrun. Sorterriarekiko atxtkimendu honi sarri antzeman dakioke Bustintzaren lanetan: Mañari izan zen, hain zuzen ere, idazle bezala plazaratzean aukeratu zuen lehenengo goitizena Euskalzale aldizkarian, eta hemen argitaratzen ditugun Abarrak ere, bere bizitza osoan gorde zuen herri-minaren erakusgarri gertatzen dira, adibidez Aratoste eta Urte barri barri ipuintxoetan.

        Kirikiñok, baina, Mañaritik kanpo bizi behar izan zuen gaztetandik: 1878.ean, idazleak hamabi urte dituela, aitaren ogibideak Albazeteko Almansa-ra daramatza Bustintzatarrak. Albazeten burutuko ditu beraz Evaristok, Mañariko eskolan eta Durangon eginiko lehen ikasketak. Batxillera kalifikapenik bikainenekin bukatu ondoren, eta 17 urteko gaztea zelarik, Madridera joko zuen idazleak, Unibertsitate ikasketak egitera. Hasiera batean bide-injeniaritzarakoa izan zen bere asmoa, baina ikasbide hau utzirik, Zientzia Fakultatean sartu zen ikasle azkenik. Bertan lortuko zuen, aipamenik gorenekin oraingoan ere, Fisika-Matematika Zientzietako lizenziadutza, 1891. urtean, 25 urte zituenean.

        Madriden biziriko urte hauek garrantzi handikoak dira Bustintzaren bizitzan; bere Abarretan maiz asko aurki daitezke hango oroitzapenak, zipriztinka bada ere. Adibidez, Madriden ikasten zebiltzan euskaldun gazteen irudi polita egin zigun Kirikiñok Aurrerapen ikusgarri bat osakuntzan izeneko ipuinaren sarreran. Idazleak berak kontatzen zuenez, garai haietan ez zuen alferkeriarako astirik izan: ikastorduetatik kanpo lan egin behar zuen, bizimodua ateratzeko, eta maiz aski, lau ordu baino ez ohi zituen izaten lotarako. Abarretan irakur daitekeen Biarrak biarra eragin ipuinak aurkezten digun pertsonaia, bada, ez da gehiegi aldentzen Kirikiño berarengandik: bizitzeko lan egiteaz gain, ikasketak bikainki burutzeko beste indar eta lan-ahalmena duen gazte zolia.

        Bustintzaren euskalduntasuna eta herri-mina ez zen inolaz ere zimeldu Madriden biziriko urteotan; aitzitik, sendotu eta hazi egin zela esan genezake. Ahal zuelarik, euskaldunekin bildu ohi zen lagunartean, eta aukerarik zenean, euskaraz mintzatzen. Idazleak Madriden izaniko adiskideen artetik, Marcelo Torrontegi izan zuen hurbilenetako bat; gazte biak etxe berean bizi ziren, eta paseialdi luzeak egiten zituzten elkarrekin, hontaz eta hartaz, beti euskaraz, hitz egiten. Bustintzak zioenez, elkarrizketa luze haietan sendotu zitzaion, inon baino gehiago, euskal arloan aritzeko erabakia.

        Unibertsitate ikasketak buruturik, berriz ere sorterritik urrun, Sigüenzan aritu zen Bustintza lanean, matematika irakasle bezala, zenbait urtetan. 1899.aren inguruan, baina, Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu ondoren, eta bere ohizko ogibidea sekulako utzirik, Bilbora joko zuen. Orduez geroz, euskal aldizkarietan plazaratuko zituen bere irakurgai labur samurrak, bere garaiko idazlerik irakurrienetakoa izatera eramango zutenak: ipuinak, gertakizunak, eritziak... gehienak umore onean eta errezki bildurikoak.

        R. M. Azkuek zuzentzen zuen Euskalzale aldizkarian plazaratu zen lehenengo aldiz Bustintza euskal letren mundura; esan dugun bezala, aldizkari honetan argitaraturiko lanetan, Mañari goitizena erabili zuen.

        Euskalzale desagertu ondoren, Azkuek Ibaizabal sortuko zuen 1901. urtean. Kirikiño izan zen, Azkuek berak aukeraturik, Ibaizabal-en zuzendaria. Oraingoan, bere lau deituren lehen letrak biltzen dituen Bloa goitizenaz sinatuko ditu bere idatziak: Euskalzalekoak bezala, hauek ere ipuin umoretsuak, kontakizun laburrak eta nekazari munduko berriak edo aholkuak ditugu.

        1903.ean, R. M. Azkuek Frantzia aldera jo behar izan zuen, bere hiztegiaren argitaratze lanak zaintzeko, eta beraz, Bilboko Ikastegian ematen zituen euskarazko ikastaldiak beste norbaiten esku utzi behar izan zituen. Evaristo Bustintza izan zen aukeratua lan honetarako, eta hala proposatu zuen Azkuek berak, Bizkaiko Aldundiari zuzenduriko gutun batean: »... que en mi ausencia, que duraría dos cursos, se sirva admitir como sustituto mío al frente de la Cátedra de lengua euskara y pagado de mi cuenta a D. Evaristo Bustinza, hijo de Mañaria, Licenciado en Ciencias, Director del Semanario vasco Ibaizabal de esta localidad, el cual a petición mía asistió todo el pasado curso a mi Cátedra para hacerse cargo del método que empleo en la enseñanza.» Lau urtez ihardun zuen bada Bustintzak, Azkueren ordez, Bilboko euskarazko Katedran lanean. Ondoren, eta ikasle kopurua handituz joan zelarik, hogei urtetan ihardungo zuen bertan lanean, Azkuerekin batera lehenik (batak emakumezkoei irakatsiz eta besteak gizonezkoei), eta Azkuek Katedra uztean, berak bakarrik, 1928.erarte.

        1909. urtean Evaristo Bustintza ezkondu egin zen, 43 urte zituelarik, Mañariar batekin: bere iloba Basilia Bustintzarekin. Garai hartan, asko izanagatik Evaristo Bustintzak euskal alorrean egiten zuen lana, ez zen nahikoa bizimodua aurrera ateratzeko. Horregatik, Bilboko mehatz-elkartasun entrepresa bateko kontuak eramaten zituen Bustintzak aldi berean. Lan hau, dena den, ogibide hutsa zen berarentzat dirudienez. Honela, bada, 1913. urtean, Euzkadi egunkariko «Euzkel-atala» zuzentzea eskeini ziotenean, bulegari lana utzi, eta buru belarri ihardungo zuen ordutik aurrera euskal kazetaritzan.

        Euzkadi egunkarian erabili zuen Evaristo Bustintzak gerora bere goitizenetatik ezagunena izango zena: Kirikiño. Hamasei urtetan zehar agertuko zen, egunean egunean, Kirikiñok sinaturiko kontakizun, barre-ipuin, berri edo iruzkinen bat, eta baita ere irakurleen gutunak, gutun hauei eginiko erantzunak eta abar.

        1926.etik aurrera, baina, Bustintzaren osasuna ahulduz joan zen, baratze-baratze baina etengabe: 1928.ean euskarazko Katedra utzi behar izan zuen, eta honekin batera Euzkadi egunkariko «Euzkel-atala». Mañarira itzuli zen, txoria bere kabira bezala, berak eginiko agurrean zioenez. 1929.eko Urtarnlaren 31an hil zen, arterio-esklerosiak jota, Zumelaga etxean. Urte hartako euskal aldizkari guztiek, eta bereziki lankide izan zuten haiek, adibidez Euzkadi eta Euzkereak, garbi asko erakusten dute Evaristo Bustintzak zuen izenaren eta begiramenaren neurria; Euzkerea aldizkarian, adibidez, euskal Katedran bere ikasle izandako zenbaitek irakasleari eskeintzen dizkioten hitz hunkituek Kirikiñoren heriotzak sorturiko oinazea azaltzen digute. Omen-hitz hauen artean, orduan oraindik ezagunegia ez zen Lizardi olerkari gaztearenak aurki genitzake ere. Dakartzagun hona, Bustintzaren lanaz mintzatu aurretik, bikainki jasotzen bait dituzte bere ondarearen atal nagusiak.

 

        «Kirikiño» il da. Aren omenez zer egin behar degu?... Negarrik gutxi, lanik asko.

        Eman zigun ark ikaspide ugari; baña guztietarik, gaur, bi jaso ditzagun. Bata: Kirikiño'k euzkeltzale oro maite zituan, edozein ustetarikoak zirala. Aundi ala txiki, euzkozalea ere izatea baita, euzkeltzale ezezik, gure-gurea danik zedozer maitatzea: areago berriz, ezaugarririk bereziena ba-degu. Ikaspide orreri buruz, ba, bizi gaitean anayok pakean, eta eskutik alkar-artuta goazen aurreruntz, euzkel-sallean barrena. Euzkel-gaiz ez gerala gustiok iritzi batekoak?... Batasunik aski da euzkera gurea degula ta euzkera gaizka-bearrik gerala uste-izatea. Idatzi dezagun, idatzi, ta urteak dakarkete batasun osoa.

        Bigarren irakaspidea: Kirikiño'k beti, esakeraz bai gayaz, errijarentzat idatzi izan du, errez ta atsegin. Euzkera garbi genezake, ori bai, ta al bezin sakongi ikasi; baña idatzi dezagun maiz beko mallean jarrita. Euzkeldun berri ala erdi-berri geranontzat ezta ori erreza, bularraz euzkera edoski dutenentzat ainbat; arian-arian, ordea, artara gintezke.

 

        Lizardik egiten dituen azpimarra hauek ditugu Evaristo Bustintzaren emaitzan gailentzen diren ezaugarriak. Halaz ere, Kirikiñoren lana ugaria eta askotarikoa dugu; lanaren osotasunera begiratuz gero, idazlearen irudia argiagotzen zaigu, bere garaiko arazo eta eztabaiden artean murgildurik zebilen gizona aurkeztuz. Saia gaitezen bada, Kirikiñoren lanaren irudi oso edo oso-antzeko bat egiten.

 

        Lana

        Evaristo Bustintzak liburu bakar bat argitaratu zuen; eskuartean duzun Abarrak. Zalantzarik gabe, liburu honetan biltzen diren ipuin eta kontakizunek osatzen dute, Bustintzaren uztatik irakurlegoak hobekien ezagutzen duen alderdia: bere garaiko euskaldun arruntentzat idazten zuen idazle herrikoia, arina, errezki irakur zitezkeen kontakizun umoretsuen egilea.

        Aitzitik, esan dugun bezala, Bustintzaren lana bere osotasunean bildurik, joria eta askotarikoa da: ez bakarrik ipuinak, baita olerkiak, itzulpenak, kazetaritza artikuluak, hizkuntzari buruzkoak, politikazkoak... Kirikiñoren idazlan gutxi hauek, idazlearen nolabaiteko irudi bat egituratzen digute; bere garaiko euskalzaletasun mugimenduan buru belarri sarturik zegoen idazlearena, hain zuzen ere.

        Bustintza eta garbizaletasuna. Bustintzak bizi zuen garaia, XX. mendearen hasiera, berritze aroa dugu, batik bat Bizkaia aldean. Politika giroan gertatu ziren berrikuntzekin batera, hots, abertzaletasunaren jaiotzarekin batera, hizkuntzaren nolabaiteko berregite bat gertatu zen ere: «garbizaletasun/keria» deitu ohi duguna. Aro honetan literatur hizkuntzan ematen diren aldaketak, eta aldaketon nondik-norakoak, ez ditugu oraindik behar bezala ezagutzen; hiztegi mailako berritze nabarienetatik kanpo ere, bada sakonagokorik, esaterako aditz sistimari ezarririko aldaketak, edota baita joskera aldetik ematen den iraultza.

        Kirikiño, berrikuntza gutxi hauen gunean eta pil-pilean aritu zen hasiera hasieratik. Beraz, mendearekin batera datozen haize eta joera berrien lekuko hoberenetariko bat dugu.

Izen bi ageri zaizkigu buru mende hasiera honetan, literatur hizkuntzari gagozkiola bederen: R. M. Azkue eta Sabino Arana Goiri. Izan ere, gizon bi hauek ditugu, nor bere bidetik, literatur hizkuntzan nabari daitekeen jauziaren eragile nagusi. Evaristo Bustintzak, bere urteetan zeharreko ibilbidean, bai Azkue eta bai Aranaren eragina erakusten du bere idatzietan: Azkuerena lehenengo urteetan, eta Aranaren eskolakoa azkenengoetan.

        Arestian esan bezala, Bustintza Azkueren laguntzailerik hurbilena izan zen 1899-1910 tartean: Euskalzale eta Ibaizabalen idatzi zuen; euskarazko Katedran irakasle izan zen, eta hiztegi lanetan ere lankide eta informatzaile. Garai honetako Bustintzaren idazkerak, garbi asko erakusten digu Azkueren zantzua. Kirikiñok Euskalzalen idaztean, Azkueren aditz sistima, joskera proposamenak eta baita hiztegi aldetikoak erabiltzen ditu beti, esaterako dautsat, dautsa, dauz bezalako aditz formak, literatur bizkaiera zaharreko deutsat, deutsa, ditu erabili beharrean; zein, eze, zerren galdetzaileen bitartez eginiko menpeko perpausak baztertzen ditu; eta Azkuek erabiliriko hitz berriak agertzen dira maiz bere idatzietan, hala nola lurbira, etxadi, dierri eta abar. Aipatu ditugun hauek, noski, osoagoa zen Azkueren hizkuntz egitasmoaren ezaugarririk nabarmenenak genituzke (eta bestalde, urte gutxiren buruan Sabindarren eskolara ere igaroko zirenak).

        Euskalzale aldizkariaren egitasmoa, Azkueren eredua zabaltzea zen batik bat; hori erakusten digute behintzat, ale bakoitzaren buruan editoriale gisa edo ageri diren irakastaldiek, eta baita Azkuek berak Vascofillorekin (aurreko literatur ereduaren nolabaiteko parodia den pertsonaia, Azkuek berak sorturikoa) dituen galde-erantzunezko gutunek. Euskalzale, bada, euskaldungo arruntari zuzenduriko aldizkaria bazen ere, hizkuntza garbiago bat lortzeko asmoaz abiatu zen argitalpena dugu. Neurri handi batean, bada, aldizkari garbizalea zen.

        Gure artean mende hasierari buruz hedatuen dabilen iritzian, Azkue, nolabait, herri euskararen babeslea litzateke, Aranaren garbizaletasun muturrekoaren aurrean. Gauzak ez zaizkigu hain alde bateko ageri, orduko arazoetan barrena astiroago abiatzean. Aitzitik, begirada artatsuago batek erakusten digu Azkue izan zela, izan ere, XX. mendeko literatur bizkaieran ageri diren aditz eta joskera aldetiko berrikuntzen eragile nagusia. Areago, berrikuntza guzti hauen iturburua, gaztaroan idatzi zuen Euskal-Izkindea (1891) gramatikan aurki genezake. Jakina denez, Azkueren erabateko garbizaletasun hau ematuz joan zen denboraren ibilian, baina nolanahi ere den, Euskal-Izkindearen eraginak luzaro iraungo zuen, ez bakarrik Azkueren lanean; baita Sabindarren eskolan ere.

        Euskalzale ondoren, Azkuek Ibaizabal asterkaria sortu zuen. Bertan, esan den bezala, Evaristo Bustintza zen zuzenduria. Euskalzale eta Ibaizabalen arteko alderik nabariena, joera garbizalearen neurrian datza batik bat. Ibaizabal astekarian, Euskalzale aurreko literatur ereduranzko hurbilketa bat badela esan daiteke. Honela, ortografian sistema zaharrera jotzen da zertxobait (hots, ch, c eta abar zerabilen aurreko sistimara), eta antzeko joera nabari daiteke ere joskeran eta hiztegian. Nolabait, badirudi Ibaizabalen asmoa eredu berria sartzea zela ere, baina ez Euskalzalek egiten zuen bezala, eredua bete betean eta artez zabaldu nahiz, baizik piskanaka, urratsik urrats, eta orduko euskaldungoak ohitura zuen idazkeratik gehiegi edo azkarregi urrundu gabe. Egitasmo hau esan daiteke izan zela beti Evaristo Bustintzak bete nahi izan zuena, hain zuzen ere: hizkuntza landua «garbia», euskaldungo arruntatik gehiegi aldendu gabe eraikitzen joan, eta euskaraz irakurtzen ohituegi ez zegoen euskaldungoa erakarri, kontakizun errez eta umoretsuen bitartez.

        Denboraren ibilian, eta agian politika arazoei bereziki loturik zeuden arrazoiengatik, Bustintza R. M. Azkueren itzaletik aldendu egin zen, Sabindarren eskolako hizkuntz eritzietara hurbilduz. Gidaritza aldaketa honen ondoren bilakatuko zen gure idazlea Euzkadi aldizkariko idazle. Ibaizabalen bezala, Euzkadi egunkarian «Euzkel-atala»ren zuzendari lanetan hasi zenean, Bustintzaren xede nagusia berbera izan zen beti: garbi hartan eraikitzen ari zen hizkuntz eredu landua zabaltzea, baina aldi berean urrats gehiegi eman gabe. Honela, Kirikiñok «Euzkel-atala»ean idatzirikoak, ez daude inolaz ere Sabindarren eskolaren hizkuntz ereduari estu-estuan jarraiki idatzirik. Idazleak «garbitzat» ez dituen hainbat eta hainbat hitz edo esapide darabiltza bertan, jakinaren gainean noski. Adibidez, Abarrak liburuan «Zinaldari arteza» izenburua daraman ipuina «Testigu arteza» bezala ageri zaigu Euzkadi aldizkariko bertsioan.

        Alabaina, honek ez du esan nahi Bustintzaren hizkuntz joera bere garaiko beste zenbait idazlerena bezain garbizalea ez zenik. Izan ere, idatzi askotan defendatu zuen Sabindarren eskolako hizkuntz eredua; defendatu eta erabili. Irakurlego arruntari zuzendurik ez zeuden lanetan darabilen hizkuntzak garbi asko erakusten digu Bustintzaren garbizaletasun badaezpadarik gabekoa. Olerkigintzan, adibidez, erabat garbizalea dugu; Kirikiñorena dugu esaterako, oraindik orain ezaguna eta erabilia den Agate deuna bezperako bertso hau: «Aintzaldu daigun Agate Deuna,/ Bijar da, ba, Deun-Agate./Etxe onetan zorijon utza/Betiko euko al-dabe.» Honelako lanetan, Sabindarren eskolako euskara darabil Bustintzak hertsi-hertsian. Bestetik, euskarari buruzko artikuluak idaztean, idazlerik garbizaleenetakoen artean ageri zaigu (ikus bedi adibidez Hermes aldizkarian «Sabin-aldez» izenburuaz argitaratu zuena 1919.ean). Irakaskuntza lanetan ere, Evaristo Bustintza Abarrak liburuan ageri duen herrikoitasunetik urrun samar dabilkigu, eta hala diosku bere ikasle batek, hil-ondoan Euzkerea aldizkarian idatzi ziren omen-hitzen arteko batean: «Gomutaki onek neure buruba goralduteko eztodazala ona ekarri Jaun Goikua'k ondo daki. Bai eta bakarrik erakusteko zenbat matte ebazan Bustintza'k euzkeldun barrijok eta zelako euzkel-garbizalea zan, errijarentzako bere idazkunetan irudi ez-arren.» Evaristo Bustintzak Sabindarren eskolari zion erabateko atxikimenduaren erakusgarriak asko ditugu, baina denen artean bada bat bereziki argigarria, eta agian behar bezain ezaguna ez dena. 1920. urtean, Bustintzak Euskaltzaindiko partaide izateko eskeintza jaso zuen, eta eskeintza hori ukatu, hain zuzen ere Euskaltzaindia ez zelako, bere eritziz, nahikoa garbizale edo Sabindarren eskolako eritziei lotua. Azkueren gutunen artean aurkitzen da Kirikiñok bidaliriko ezetza, Luis Eleizalderi zuzendua. Honela dio gutun labur horrek:

 

        Bilbao 1920 Otsalla-7

        Eleizalde'tarr Koldobika'ri agur:

        Agirre zanak utziriko lekuba Euskaltzaindijan eskintzen daustazubelako bijotzetik eskarrak dagitzubedaz zein ta zeure lagun Olabide ta Eguzkitza jaunari, baña esan bearr dautzubet ni ezin nazala ixan Euzkeltzaindi orretakua, ta beraz, zeuben eskintze orri ezetza darantzutsodala. Bestelan aginddu Jel-pian zeure aizkide

        Bustintza'tarr Ebaista'ri.

 

        Bustintzaren herrikoitasuna, mende hasierako hainbat idazlerena bezalaxe, ez da, bestela esan izan bada ere «herritik eta herriarentzako» aukeratzen den literatur hizkuntza eredu baten erakusgarri, baizik kultur-hizkuntzagintzaren bidean buru belarri sarturik dagoen idazleak irakurlego jakin bat erakartzeko eta zaletzeko hautatzen duen bidea. Bustintzaren herrikoitasuna, beraz, euskaldungo arruntari (hots, garaiko literatur eredua ezagutzen ez zuen euskaldungoari) zuzenduriko lanetan ageri da bakarrik; bere olerki, itzulpen eta euskalaritza artikuluek, ordea, garaiko idazlerik garbizaleenaren aurpegia erakusten digute. Alderdi biok ditugu Kirikiñoren irudia. Bata bestea gabe ikusi ezkero, Abarrak-en egilea ezin ezagutu genezake.

 

        Abarrak (1918)

        Abarrak 1918. urtean argitaratu zen, baina, idazleak sarreran esaten digunez, liburuko ipuin gehienak lehendik argitaratuak zeuden zenbait aldizkaritan: Euskalzale, Ibaizabal eta Euzkadin. Ia ipuin gehienek, bada, bertsio edo aldaki bi dituzte gutxienez. Liburuko eta aldizkarietako bertsioen alderatzeak argi asko ematen du garai hartako hizkuntz ereduen bilakaera eta Kirikiño berarena ezagutzeko; baina ez gara puntu honetan gehiago luzatuko, sarreratxo honen zedarrietatik kanpo bait legoke holako azterketetan abiatzea.

        Abarrak zer diren Bustintzak berak azaltzen digu idazleak liburuari eginiko «Irakurliarentzat uarra» izeneko ataritxoan: «Irakurgaitxu oneik be gogo askotan sortu leye euzkeraz irakurtzeko zaletasuna. Txikijak, meiak, arin-arinak, errazak, barru gitxidunak, geyenak barre batzuk eragitekuak ixanik, euzkeraz irakurten bape zalia eztanak onakoxiak atseginez artu leiz, ta eurok, abarrak lez, bere goguan sua biztu.»

        Hogeitabi ipuin laburrek osatzen dute liburua, eta idazleak dioskunez, irakurlegoa euskaraz irakurtzen zaletzea da ipuinon xede nagusia; horrexegatik ditugu, bada, barregarri eta irakurterrez. Hau honela izaki, bere idatzitxoak «barru-gitxidunak» direla diosku Kirikiñok. Hala ere, ez da guztiz egia liburuko ipuin guziak horrelakoak direnak. Kirikiñok aipatzen dituen kontakizun barregarriak dira nagusi zalantzarik gabe, eta horrelakoak ditugu «Zerutar bat» edota «Garagarrillean edurra» bezalako pasadizuak. Ipuin guzti hauek, noski, badute beti halako irakaspen edo aholkurik bukaeran, baina gehienetan arras arinki aurkezten dena, pisu handirik gabe, estarian kasik.

        Hauen ondoan, alabaina, bada bestelako saiorik Abarretan. Barregarriak ez diren zenbait ipuin, ezer baino gehiago giza-jokabideari buruzko irakaspen antzekoak ditugunak. Bestela esan, ipuin moralak. Hauen artean, «Itoxurak lekukotzat» dugu Bustintzaren saiorik landuena, barregarrikerietatik berezia, giza-jokabideari eta bizitzari buruzko burutazioek tartekaturiko kontakizuna. Izan ere, ipuin hau XIX. mendeko folletin delakoaren eredutik nahikoa hurbil dagoela esan daiteke; liburuan dauden gainerako kontakizunekin erkatzean, irakurleak errezki antzemango dio alderik egituran eta mezuaren «pisuan» ere.

        Abarrak arrakasta handiko liburua izan zen: argitaratu bezain laster; ez dezagun ahantzi liburua argitaratu aurretik Kirikiñoren irakurgaiak oso ezagunak zirela, irakurlego aski zabal baten artean. Ziur aski esan daiteke, Abarrak euskal literaturako libururik irakurrienetakoa izan dela, edo bai bederen bizkaieraz idatziriko libururik irakurrienetakoa. Kirikiñoren liburuak, bada, asko lagundu zuen idazlearen helburua betetzera: euskaldunak euskaraz irakurtzen jartzera.

        Abarrakeko hizkuntza garbizalea da; halaz ere, irakurlegoaren ezkajintasuna kontutan izaki ematu edo leunduriko garbizaletasunadarabil Kirikiñok idazten. Bere hitzek adierazten digute artez-artez, euskaldungoaren egoerari makurtu zaiola ezer baino lehen:

 

        Euzkera ziatzaren zalia ba'zara, urrian sarri musturra okertuko dozu irakurgaitxu oneitan aurkituko dozuzan erderatiko itz ugarijak ikusita; baña gogoratu eikezu eurok eztirala idatzi eun urte geruagoko euzkeldunentzako, ezta gaur euzkera ziatz-ziatza ta erdel-antz apur bat daben itz bakua jakin eta erabilli oi daben euskaldun banakarentzako bakarrik be. Ez eurok idatzi dira gaurko euskaldun geyenak dagijen euzkeraz, geyenak irakurri ta ulertu al dagijen euzkeraz.

 

        Honela, oreka antzeko bat aurkitu nahi du liburuak erdaratikako hitzen eta hitz berrien artean. Irakurleak ikusiko duenez, Kirikiñok oharrak egiten ditu hitz berriak (irakurleek ulertuko ez zituzten hitzak) sartzean; eta aditz sintetikoak erabiltzean, ulergarri gerta daitezkeenak aukeratzen ditu bereziki. Ohar bedi, bidenabar, aditz sintetikoen erabilera ugariagoa dela liburuaren azken ipuinetan hasierakoetan baino, nolabait progresio bati jarraiki. Abarraken xede nagusienetako bat, beraz, eredu garbizalea euskaldun arrunten eskumenera hurbiltzea da: euskara arrunta «garbiagotzea». Zentzu honetan ulertu behar da Kirikiñoren herrikoitasuna, eta baita Abarrak ipuin sortaren egitasmoa.

 

        Gure Argitalpena

        Hemen aurkezten dugun Abarrak-en argitalpen hau 1918.ekoari jarraiki egin da bete-betean, hau da, idazlea bizirik zegoela eginiko argitalpenari jarraiki. Abarrak askotan argitaratua izan da lehen argitalpenaz geroztik, baina gehienetan, denetan ez esatearren, jatorrizko testuaren hizkuntzari ikutuak egin zaizkio, bai ortografia, hiztegi, edota aditzean, eta tamalez, ikutuok irakurlea aldez aurretik ohartu gabe egin dira maiz. Argitalpen honek, idazleak argitaratu bezalaxe eskeintzen ditu ipuinak; egin diren aldaketak ortografia aldetiko zenbait bateratze dira soilik, ondoren zehazten ditugunak:

 

        Ortografiaz.

        — Harridura edo galdera marketan, aurrekoak (¡, ¿) kendu egin dira, edo komaz ordezkatu.

        — s/z arteko zalantzak. Bizkaierazko hainbat eta hainbat testuk bezala, aurkezten dugun honek ere zenbait zalantza ageri ditu s/z letren arteko banaketan, eta ondorioz, hitz bera era ezberdinetan idatzirik ager daiteke liburuan zehar. Honelakoetan, bateratu egin da hitzon idazkera (ohar bedi bateratzeak zalantzak ageri direnean ezarri direla bakarrik), egungo modura. Zuzenduriko hitzen zerrenda ondokoa da (ematen ditugun bikoteek erakusten dute bietara idatzirik ageri dela hitza liburuan, eta bigarrena aukeratu dela argitalpen honetan): akatz/akats, aztindu/astindu, aztun/astun, bitxa/bitsa, bixitza/btzitza, eztutu/estutu, gastae/gaztae, gastelar/gaztelar, isteko/izteko, isten/izten (azken biok itzi aditzekoak), otsara/otzara, uzte/ustel, zakel/sakel.

        Gainerako hainbat hitzetan, irakurlea errezki ohartuko denez, Bustintzak darabilen idazkera ez dator bat gurearekin, adibidez «eskondu», «arratzalde», «gusti» eta beste askotan. Hau, baina, ez da bakarrik Bustintzaren idazkera, baizik XX. mendearen hasierako literatur bizkaierarena; horrela, bada, hitz berberak aurkitzen ditugu era berean idatzirik beste hainbeste testutan (ikus adibidez arestian aipatu diren garai hartako euskal aldizkariak). Honengatik, gure argitalpenean ez diegu zuzenketarik ezarri honetako hitzei. Hortaz, beren idazkeran zalantzarik agertzen ez duten hitz guztiak zeuden zeudenean utzi dira: a) hutsik egin gabe, beti era berean idatzirik agertzeak idazlearen jakinaren gaineko aukera bat erakusten digutelako, b) maiz, ortografia erabaki horien atzean etimologiari loturiko eritziak daudelako. Esaterako, eta garai honetako adibide ezagunena aipa dezagun «euzkera» idaztea, eta ez «euskara», hitzaren jatorriari buruzko hipotesi baten ondorioz erabakitzen da (hots, eusk- erroa eguzkitik zetorrelako hipotesia, Sabino Aranak sortua). Gauza bera dugu beste hainbeste hitzetan, adibidez «aizkide», «saspi» eta abarretan. Beraz, gaurko ortografiarekin bat ez datozen hitzak, testuaren garaiko literatur ereduari ezin etenik loturik datozkigunez, gorde egin dira ikuturik gabe.

        — Bukaerako «-r». Sabindarren eskolako idazkeran, badira zenbait hitz bukaeran edo kontsonante aurrean rr bikoitza ageri dutenak, arrazoi etimologikoengatik. Kirikiñok aitzitik, ez du sistematikoki betetzen rr gogorren banaketa hau, eta, ondorioz, hitz berbera bi eratara idatzirik aurki dezakegu: «ulerrtu» eta «ulertu»; «biarrko» eta «biarko». Bestalde, joera nagusia r bigunaz idaztea da. Argitalpen honetan, idazkera horiek bateratu ditugu: hitz bukaeran eta kontsonante aurrean r bakarra agertuko da beti: «ulertu», «biarko».

        — Bustidura: «x», «tx». Bustidura marken artetik (hots, «tt», «ll», «x», «tx» eta abarren artetik) irakurlea errezki ohartuko da Bustintzaren idazkera batez ere x eta tx-ei dagokienez aldentzen dela guretik. Honela, «barritxu», «aurkitxen», «arritxeko» bezalako idazkerak darabiltza «barritsu», «aurkitzen», «arritzeko» erabili beharrean. Honelako idazkera bustiek, Sabindarren eskolako ideia nagusi baten berri ematen dute: bustidura litzateke bizkaieraren bilakaera fonetiko desiragarri bat, idazkerak jaso beharrekoa. Hala ere, bustiduraren legeak areagoturik, i guztien edo ia guztien aurreko soinuak bustitzen dituzte idaztean. Bustidura guzti hauek sistematikoki agertzen dira Abarrak bilduman, eta ondorioz, ez zaie ikuturik ezarri.

        Oharrak. Ipuinek daramatzaten oharrak, bestelakorik adierazten ez bada, Bustintzak berak eginikoak dira, eta zeuden zeudenean gorde ditugu. Argitalpenaren prestatzaileak eginiko oharrek, «p. o.» marka daramate kako artean. Ohar horien helburua, testua argitzea baino besterik ez da, zenbait hitz gutxi erabilien esanahia azalduz.

 

Bilaketa