literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Lizardi, euskaldun

 

Gabriel Aresti

 

Zeruko Argia, 1964-VIII-02

 

        Filologoek, gizon xerioegi horiek, edertasunarekin akabatuko dute; poesiaren haragia sendatu nahirik, haren arima bihozkorra hilen dute. Hala esaten nuen «Zeruko Argia» honetan bertan, orain aste batzuk, «Lizardi, poeta» izeneko artikulu batean.

        Filologoak Lizardiri etorriko zaizkio, esaten nuen bertan, eta..., eta etorri egin zaizkio, Jainkoak barka ditzala, barkaziorik merezi badute.

        Aste honetan Bilbon, injineri-eskola nagusian, jakintsuak izan dira, eta mila gai diferentez mintzatu dira, batzuk oso jakintsuki eta beste batzuk ez hainbeste. Euskarari buruz ere mintzatu dira batzuk, Luis Mitxelena jauna eta Aita Villasante Arantzatzuko frantziskanoa, eta beren solas sakon eta ederrarekin zirradagarriki atsegineztatu gaituzte.

        Gaur egunean Euskalerrian kulturak oso grado altu batera igo du, baina herria, populu xehea, ez da hala ere horretaz gehiegi arduratzen. Orain hile pare bat hitzaldi bat ematera eraman ninduen Donostiara Iñaki Beobide jaunak, eta ni entzuten ez zeuden hogeitamar pertsona ere. Nire buruarekin haserratu nintzen, pentsatzen nuelako nik esan dezakedana ez diola jendeari inporta. Baina, zer duda dago Mitxelena eta Villasante ni baino autoritatedunagoak direla? Horiek baitira euskal gaietan entenituenetatik aurkitzen diren bi. Baina hala ere, haiek mintzatzen hasi zirenean, hiru gizon geunden entzule! Gero ugaritxoago etorri zen jendea, hamar bat guztiz. Jainkoak barka dezala Euskalerria!!

        Mitxelena jauna filologoa da, euskera maitagarria estudiatu duen filologorik haundi eta hoberen bat. Eta gauza tekniko asko esplikatu zigun, gehienak konprenitu ez genituenak. Baina gure adimentu meharrean sartu zirenen artean, bat dago gure arima urratu duena. Oso habil eta trebeki hasi zen. Aditzera eman zigun nola euskaldunak gauzei hitz egiten dienean, gizonaren gramatik-jeneroa ematen dien. Ejenplo bat jarri zigun, oso argia. Guztiek dakizue lehen euskal liburua Bernat Etxeparek eskribitu zuela. Etxepare, bai, eta ez Detxepare. Honela deitzen diotenek arrazoia ukatzen dute, berak bere buruari D gabe deitzen baitzion, euskaraz eskribitzen zuenean, behintzat. Dechepare hori latinez erabiltzen du, baina hura ez zen latinoa, ez zen frantsesa. Hori ahazten dugu; Etxepare eta Leizarraga frantses euskaldunen artean jartzen ditugu, baina haiek jaio zirenean, Nafarroak ez zuen oraindik paristarren eskuetan bere libertatea galdu.

        Etxepare euskarari mintzatzen zaio, eta honela diotsa: Euskera, lauda ezak Garaziko herria. Etxeparentzat euskara ezta ama maitagarri bat, bestela lauda ezan esanen baitzion. Gizon bat da Etxeparerentzat euskara.

        Eta honela beste adibide franko jarri zigun, nola euskaldunak sexorik ez dadukaten gauzei gizonaren gramatika-jeneroa ematen dien. Baina horixe esan zuenean, kontrako beste adibide bat jarri zigun, ea kasu horietan gure Lizardik zer egiten duen. Udaberria Lizardirentzat neskatxa bigun bat da, uda gizon bortitz bat, negua agure bihurri bat; basoa eta itzala maitaleak dira, basoa gizona eta itzala andrea. Hitz bitan: Lizardik, kasu horietan ez dio euskaldunaren espirituari jarraitzen, eta gaztelaniaz daukaten gramatika-jeneroa ematen die. Frantsesez pentsatu balu, udaberria neskatila bat izan beharrean, mutil bat izanen zela. Eta hortik beste ondorerik ez zigun Mitxelena jaunak atera nahi ukan.

        Baina guk ondore larriak atera behar ditugu; Lizardiren euskarak ez dirudi erdaraztaturik dagoena; ez dirudi, ez, azal koloreztatu bat eman diolako, erdaratik datorren hitz gutxi erabiltzen duelako. Baina barreneko mamian, puntatik hondoraino dagoela erdaraztaturik. Egia izanen da? Ez dakit. Ez dit inporta. Ez dut hori kontuan edukiko, Lizardiren poesiaren barreneko muina erdarazkoa ala euskarazkoa denik; bakarrik edukiko dut kontuan munduak sortu dituen poeten artean maitagarrienetariko bat dela.

        Mitxelena jaunak dioena gora-behera, pagadiaren freskura atsedenean nire arima pausatzen jarraikiko dut, goiak egur hezearen kea izanen du kolore.

        Eta Mitxelena jauna barkatu beharko dut, nire bihotzean ilusio deseagarri bat hiltzeko arriskuan jarri baita.

 

Bilaketa