literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Lizardi

 

Orixe

 

1961eko maiatzaren 28an, Tolosan

Lizardiren omenez eratu zen jaian irakurritako hitzaldia

 

        Bi galdera egiten ditu Lizardirengaz Luis Mitxelena jaunak «Historia de la Literatura Vasca»n, eta biei erantzuna izango da gaurko nere hitzalditxo hau.

        Lehenengo galdera: Lizardik poesi berekia edo berez berekia ote du, hau da, bere jatorrizkoa, besteren antzera gabe egina?

        Bigarrena: Luzaro bizi izan balitz, bere burua gaindu ote zezakeen olerkian?

        Lehenengo galderari erantzuna txit erraza zait, ez hala bigarrenari; baina saiatuko naiz honi ere erantzuna ematen, edozeinek adina ezagutzen nuela baitirudit. Zer esango zenukete nik hau aitortuko banizueke: Lizardiren olerkirik nagusienak ezagutzen ditudala, ez lehenengo zirriborroetatik bakarra, hala esateko; bai eta, hark papera belztu baino lehen ibili zituen ibilerak ibili ditudala, hark ikusi zituen ikus-bitarteak ikusi, eta berarekin ibiliz ikusi ere, lau urte-giroen jatorria adierazi-ahala? Inork ematekotan, nik eman dezazkedala honetan zeharotasun osoak.

        Azkeneko hiru urteetan, sarritan samar etortzen nintzaion Tolosara, feria zela, nahiz beste aitzakia bat asmaturik. Etxean edo lantegi-zuloan aurkitzen nuen, askotan mendirako asmorik gabe, hartara grinatua bazen ere. Bai:

 

                Gaur sortu zait barruan larrera-miña,

                ta aspaldi ez-ta mendi aldi

                Bete ditzadan argiz begiok,

                eten, zain-giar lotuegiok,

                bularra asetuz noan geldi.

 

        Ez zuen zirika behar haundirik lantegi-zulotik (...) egiten genuen, pipatzaile baitzen, tabakoa erosi zezan. Bestela, zuzen ateratzen ginen mendira, etxe atzetik trenbidea pasata. Laster, eskubitara bide bat, trenbidea utzita. Zelaiaren eskubitara, azkenean, harkaitz bakarti bat Rio de Janeiroko azukre-opilaren antzekoa, bere txikian. Han hasten zen aldapa zeharra, aski pikoa, ezkerretara, eta bihurgune bat eginda, eskubitara beste hainbestetsu. Goraxeago baserri bat: Arane, ondoan iturri batekin. Iturri hari nik urde-iturri izena ipini nion, ura etenka, tarteka bidaltzen baitzuen. Oraindik goraxeago beste baserri bat: Bereterbide. Han gurdibide zelaiagoa utzi Mutitegi aldera, eta aldapa gora hasten ginen bidetxurretik. Aldapa bere basotxoarekin, eta aldapa gainean, berehala, zuzen, «gurdibide bakan-ibill» hura, huntzez eta larrostoz apaindua. «Gurdibide bakan-ibill ertzetan, masusta (beste nunbait untza) dago loretan». Bertantxe, ezkerretara, bide ertzean, pago-ondo bat erakutsi zidan, hosto guziak erorita oraindik bi orri igar jalki nahi ezik zeuzkanak: «nola oi baituten neskazar ezin-etsiak». Aurreraxeago, ezkerretara, «sagasti zuria, inguma atseden-tokia iduri, elurte arian geldia». Oraindik aurreraxeago soilune bat, gu biok esertzen gineneko tokia. Ezkerretara hura ere, eta Urkizu aldera begira. Tartean arru haundi hura baso ederrarekin: udazkenean «tarteka gorri garoa». Erakutsiko nizueke non agertu zitzaion Itzala, «basoaren ume yaukala». Lau urte-giro horietan ez da batere xehetasunik nik ikusi ez dudanik. Eta hau du, gehienen iritziz, olerkirik bikainena. Ikusirik nago Zarautzen ere (ikuskari hau edozein itsas baztarretan ikus daiteke) Ameriketara daraman urre gorrizko bidea, eguzkia etzaten hastean; ikusirik nago «asaba zarren baratza untzadun ormak esia; ate gorri zurezkoa, euri zarrek usteldua, marraskilloek bide biurri dirdaitsuz apaindua». Ez nuen ikusi, hila baitzen ordurako, baina bai idurimenean hartu «amona xar, zazpi begiko baratza-zaia, marrubi-lapur nenkusanetan deadarkari yayoa, alderoka, begi galduak noranai... Errukarri! Lausorik du gizargia begietan... nonai aldiaren sitsa».

        Ez nuen ikusi Parisko txolarrea, baina berak kontatu zidan egiazko gertaera hori. Ez dago esan beharrik ere; horrelako bizitasunik ez dute ematen bestek idatzitako liburuen argitasunak. Berak kontatu zidan orobat, Onuzki adiskide izan zuenaren zoroaldia, eta zertatik etorri zitzaion. Oheari egin zion olerkia egiteko, ez zeukan inoren antzera egin beharrik. Hango arnas eta zirrarako guziak bere-bereak ditu, diren bezain goxoak. Eta Xabiertxoren heriotza? Aita izatea aski, eta holako aita, liburu osoan duen bertsorik ederrenetakoa egiteko.

        Zertarako segitu? Hitz batean, aitortu daitekeela dirudit, beldur haundi gabe, Lizardik bertso-gaia bere-bereki duela, haundizka eta erabat hartuz, behintzat. Xehetasun bat edo beste badaitezke han hemen, besteren kutsua dutenak; baia horrek ez dio kentzen ezer berezko jatortasunari.

        Guzia esateko, nik dakidan guzia, alegia, bi aldiz gogorarazi dit besteren zerbait. «Pagadiaren ume yaukala» esatean, Horazioren Silvae filia nobilis. Lizardik ume esaten dio, eta erdarazkoan hija. Ez zait iruditzen Horazio behin ere irakurri zuenik.

        Beste behin, OLERTI irakurtzean, Garcia Lorcaren euskarara itzulitako bertso batean, gauzatxo bat aurkitu nuen oso lizarditarra. Ezagutu ote zuen gizon hau Lizardik? Ez nuke esango. Ez Machadotarrik, ez Juan Ramon Jimenez, ez Garcia Lorca, ez nituen nik ordu hartan ezagutzen. Orain, izenez, ez irakurriz. Lizardi ere nere moduan zebilela nik uste. Ez genituen aitatu behin ere poeta horiek, ez besterik ere. Ez genuen liburutegirik, literaturazkorik behintzat, ez hark eta ez nik. Irakurtzeko betarik eta amorraziorik ere ez. Nahiko lan geneukan gure euskararekin. Behin bakarrean ikusi nion eskuetan olerki-liburu bat: Las cien mejores poesias liricas castellanas, Menendez y Pelayoren bilduma.

        Noiz edo noiz lagunartean entzun izan dut, galdera bezala, nik zerbait lagundu ote nion, eta egia esan beharrean nago. Poesi gaian ezta batere. Bertso bat, lerro bat (ez kopla bat) ikutu nion liburu guzian, berak esan nahi zuena polikixeago esateko asmoz, nafar-esaera bat emanez, eta RIEVen iritzia eman zionak, hori egotzi zion, euskara ez litzalakoan. Hemen, bai esan dezakedala: Orixek egin bekatu eta Lizardik penitentzia pagatu.

        A, bai. Xabiertxoren heriotza deritzaion hartan lau edo bost kopla kenduarazi nizkion, mugimendua beranduarazten ziotelako. Aingeruen musu-garbiketa eta gainerako apainketak. Ederretsi zion nere esanari. Baina haren emazteak, orain zena hura ere, ez zidan behin ere barkatu. «Noski, halako bertso politak kenduarazi behar!» Hori da guzia.

        Lehenbizitik ezagutu nuen Lizardik bazuela bere pauso segurua, eta nik baino dotoreagoa; zergatik hasiko nintzaion nere moda nahiz besterena erakusten? Guzi-guzia esateko, beste behin, hizketa neurtu gabean, eskua sartu nion. Urte hartan Kirikiño-saria Lizardik irabazi zuen, eta artikuluari izen hau ipini zion: «Donapaleuko bidean». Ez, esan nion, Donapaleura bidean, bide osoa ez baina Donapaleuko.

        Zer ikasi zuen, bada, neregandik? Euskara. Zarautzen ikasi zuen pixka hartan ere arroztu samarra egon omen zen; baina nik ezagutu nueneko, berritzen hasia zuen, autore zaharrak eta bere denborakoak irakurriz. Elkarren adiskide izan ginen bost edo sei urte haietan, izugarrizko aurrera-kolpea egin zuen. Elkarri laguntzen genion ahaleginean. Hark neri ere asko, geroxeago esango dudanez. Luis Mitxelena jaunak dakien baino gehiago esan du «discípulo y guía» esatean. Egiatan, nere gidaria, orduan eta orain ere. Nik nere aldetik ekartzen nizkion, Orexatik, Uitzitik, Euskaltzainditik nerau ikasten ari nintzeneko gauzarik berrienak. Nere artikuluak ikus zein begiratuki eta zeharo irakurtzen zituen: Heriotzondoan, zenaren moldezko paper batzuk miatzen ari nintzela —eskuzkoak apaiz Markiegi jaun zenari eman genizkion— nere artikulu bat, Egunkaritik guraizez ebakia, aurkitu nuen beste batzuen artean, eta, bazeuzkan berrogei arrasto gorri lapitzez eginak, ondo irudi zitzaizkion, hitzak eta esaerak hautemanez. Mitxelena jaunak esan du beste nonbait, euskarak Lizardiren bidez asko zor diola Orixeri. Litekeena; baina, jaunak, euskara guziona dugu; bertsotan ordea, lehen esan dudana, ezertxo ere ez dit zor neri.

        Behin bakarrik hitz egin nion delako poesi hortaz, baina Biotz-begietan argitara ondoan, biziaren azkentxoan. Lehen aitatu ditudan Las cien mejores poesias haietatik, bat irakurri eta etsaminatu nion: Frai Luis de Leonen La vida del cielo. Nik, Liburu Santuetan ezik, nere sabaierako irakurri dudan odarik ederrena. Iritsi ote zitekeen hartara nere laguna? Laster erantzungo bigarren galdera honi.

        Nahigabez gogoratzen dut arratsalde hura, ordurako osasunez maxkaltzen hasia baitzen. 1932garren urtea edo zen; baina bi urtez lehenago idatzi zuen Ondar gorri hartan, suma bide du behera hasi dela; bestela ezin eman daiteke harako kopla bikain hura:

 

                Kemenak uts, eta nekez bainoa,

                zalantza dut zartu naizelakoa...

                Udazkenak aulagotzen dit atsa,

                orbelak ozenagotzen oin-otsa,

                aldapak larriagotzen biotza...

                lenetan ez bezain autsia natza.

 

        Gibeletik joa zegoen, beste gaitz batek eraman bazuen ere. Ez zuen izan betarik olerkian gorago jotzeko, hogeita hamasei urtetan hil baitzen. Iritsi ote zezakeen goragoko maila hori?

        Lehenbizi, ez gara hemen euskara kontuan ari; horretan aurreratu zezakeela dudarik ez da. Hura baino hamabost urte lehenago hasi nintzen ni euskarari ekiten, eta hura hilda hogeita hamar urtetan, oraindik ikasten ari naiz, eta nik dakit nola nabilen. Ez da, bada, harrigarri, Lizardik han-hemenka hizketa gogortasuntxo batzuk izatea, asko ikasi bazuen ere. Eta olertiari gagozkiola, bai al da goragoko mailarik? Berari baietz zerizkion: Jainko-olerkia bikainago zela. «Jo zuk hortik» esan zidan askotan. Lizardi izan ez balitz, agertuko ote zen egundaino Barne-muiñetan? eta, Euskaldunak? Honetan ere hura izan nuen zirikatzailerik haundiena.

        Egia da «Euskaltzaleak» zeritzaion lagunarteak ekarriarazi ninduela Bilbaotik, eta honek biltzen zidan dirua Orexan bizitzeko. Hemen dago Labaien jauna lagunarte hartakoa. Lizardi zen Lagunarte horretan isilgordari, eta Ariztimuño Lehendakari. Lizardiren beharra baneukan kemen puxka bat hartzeko. Askotan entzun izan dut bertsotarako ez dudala balio. Lehenbiziko nere Irakasleak, Profesor de Poética, hau esan zidan aurpegira: No se hizo la miel para la boca del asno. Beste idazle batek, Bilbao uztean: Le va a salir mal el poema, porque las cosas de encargo siempre salen mal. Eginda gero, bertsogile den batek hau esan zidan: Su poema es hermoso, muy hermoso, pero le falta una cosa: le falta sencillamente poesia. Eta beste batek iritzi hau bidali zuen revista batera: No se empeñe el señor Ormaechea en hacer no ya poesia, pero ni siquiera versos, porque Dios no le llama a eso.

        Baziren hamabost urte bertsorik argitara eman ez nuela; haserre nengoen bertsoekin, eta oraindik ez naiz oso adiskidetu. Hitzez esateko bertsoekin, batez ere; kantatzekoak, hor konpon. Gure bertsolariei nik adina esker ematen dienik nekez izango da. Jai honetarako ere egin ditut, Lizardik eraginda. Ez du ahorik, ez du mingainik, eta mintzatu bezala egin zait; ez du eskurik, eta keinuz bezala adierazten dit. Kemena ematen dit, nere gidari zela eta dela aditzera emateko.

        Nere poemaren hirutatik bat irakurrita joan zitzaidan beste mundura. Berri onak eman zizkidan, eta, batez ere, Gaztaiñaro hartaz, «oso ederki» esan zidan: «hortan nuen beldurra» esan zidan, zorioneko bikote horrengatik, «baina airoso atera zara».

        Hemen esan dezaket, iraizean, kritikoari erantzunez. Badirudi Lizardiren, Labaienen eta Orixeren berriketa entzunda dioela: «hortara ezkero, bikote hori oso utzi ere egin zitekeen». Hiru lagunok ari ginen, ni hasi baino lehentxoago, eta nik hau esan nien: «Ez nuke atera nahi nere poeman bikote belaxkarik edo lerdezurik, zainak ahulduko bailizkioke. Homerok ez du bikoterik Iliadan; Virgiliok ere ez Eneidan, Didorekiko tarte hura baizik». Bi lagunek baietz erantzun zidaten, oraingo modarako komeni zela, eta Labaienek bizi-bizi: «bai, gizona, eta gainera nik emango dizkizut izenak: Mikel eta Garazi». Ez al da egia, Labaien Jauna? Tamaina ederrean jarri nituela esan zidan jardunean. Axurtaro irakurri izan balu, beste hainbeste esan zezakeen.

        Haria utzita nabil, eta natorren harira. Lizardik Biotz-begietan bezalako beste liburu bat utzi izan baligu, haundiago izango al zen? —Ez; bere neurri osoa eman zigun, aukeratu zuen mailan. Zeraman biziarekin, ez zuen erraz bere burua ontzea. Familiako kezkak, ama alargunari lagundu beharra, fabrikako buru hausteak... harriturik nauka egin zuenarekin ere. Lantegiko zuloak arnas-hustu batzuk eskatzen zizkion haren gorputzari, eta arnas-berritze horren ondorio bezala lehertu zitzaizkion barruan bertso horiek.

        Jainko-bertsoak egiteko bizimodu patxadakoa nahi luke agiz. Lanik egin gabe bizi izan balitz, saiatu zitekeen, eta bere burua gaindu ere bai, askotarako dohainak baitzituen. Fraileak bezala otoitz luzean jardun izan ahal balu! Horrela atera ziren San Juan de la Cruz, Frai Luis de Leon, Lope de Vega, Calderon eta holakoak. Argitasun haundiko gizona zen, eta bihotz haundikoa.

        Erantzun diet ahal dudan bezain ongi, lehenbizi egin ditudan bi galdera horiei; eta ez noa luzatzera. Gauza batzuk erantsi nezazke oraindik, Lizardi maite duzuenontzat gogo-pizgarri. Azkeneko egunean gertatua jalgiko dizuet bakarrik.

        Ni ordurako Orexan ari nintzen; baina noizean behin Bilbaora joaten nintzen, Azkuerekin eta Olabiderekin batzordeko banintzen hiztegi lanetan, gure lana batzarraldietan etsaminatu zedin. Arratsalderdi batean: «Joxe Mari azken samarretan dela». Banoa korrika txikian Begoñara. Han bizi baitziren Lizardiren emaztearen anaia ezkondua, eta anai-arrebaren ahizpa. Bertatik bertara bezala jabetzen ginen telefonoz Tolosarekin nola zihoan. Hontan, «Joxe Marik azken borroka duela heriotzarekin». Altxatzen gara, eta, «goazen, esan zidaten, gure kotxean joango zara». Ni trabatu nintzen pixka bat, eta honela erantzun nien: «Banoa atzetik trenez; ez dut agudoegi iritsita gizon hura hiltzen ikusi nahi». Hartu dut trena Atxurin eta Amarara. Ni Tolosara orduko hila zen.

        Sartu nintzen hil-gelara, eta han egon nintzen biharamun goiza arte, irten gabe. Jendeak sartu-irtenka ari ziren; baina ezin egon han luzaro, kiratsarengatik, gorputza zeriola hasi baitzitzaion bizi zela. Nik sudurra soraio samarra dut (minberakaitza) eta izan nuen iraupena. Beraz, ia bakarrik gau guzian, gauaren orduak aurreratu zirenetik. Zertzuk esan nizkion? Gauza asko eta bat ere ez, holakoetan gertatzen dena. Halako batean, bakarrik geundelakoan, belauniko jarri nintzaion, eta bekokian musu bat ematen ari nintzaiola, emakumezko bat sartu zen isil-isila. Ez nuen ezagutu, eta gaur baliteke hemen egotea.

        Goizeko bostetan Santa Marira; lehenengo Meza entzun, buldaren barkamena erantsi, eta hola bakandu ginen gorputzez. Ez arimaz; haren arnasa, haren itzala, hobeki esan, haren argitasuna beti gainean sumatzen dut eta lagungarri zait.

        HEMEN SUMATZEN ZAITUT, HEGAN BEZALA, HEGALIK GABE, NERI KEMEN EMATEN, ETA, BATEZ ERE, ZU GORATZERA ETORRI DEN GAZTE JENDE HAU BEROARAZTEN.

        EMAIGUZU KEMEN GUZIORI, EUSKARA BIZKORRARAZI DEZAGUN.

        Ea, gazteak!!!, segi Lizardiri.

 

Bilaketa