literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Garibay eta Zamalloa, Esteban

 

Gipuzkoar historialari eta errege kronikaria (Arrasate, 1533 - Madril, 1599). Oñatiko unibertsitatean, Gasteizen eta Santo Domingo de la Calzadan egin zituen ikasketak. Gaztetan gudarostean egon zen eta alferez titulua jaso zuen. Arrasateko alkate izan zen 1568-1569 bitarteko urteetan. Gipuzkoako egoerari buruz eginiko azterketen fruitu, Batzar Nagusien erreforma eta ontzigintzaren gainbehera aztertzen zituen hirurogei ataleko obra idatzi zuen urte haietan. Historialari gisa, Espainiako lehen historia unibertsala idatzi zuen, 40 liburukitan banatua, 32 urte zituela (Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España). Flandrian argitaratu zuen obra hura 1571. urtean. Diru estuasun batzuen ondoren, Felipe II.ak harrera egin zion Escorialen eta erregearen liburuzain izendatu zuen 1575ean. 1585. urtean Madrila joan zen eta historia eta genealogia lanak egin zituen bertan (Ilustraciones Genealógicas de los Catholicos Reyes de las Españas, y de los Christianissimos de Francia, y de los Emperadores de Constantinopla, hasta el Catholico Rey nuestro señor don Philipe el II, y sus sereníssimos hijos, 1586). Espainiako erregearen kronikari izendatu zuten 1592an. Garibayk ospe handia izan zuen bere garaian, baina ez zuten aintzat hartu XVII. mende erdialdetik aurrera, fantasiara erraz jotzen zuelakoan. Idazle eta langile nekegabea zen eta inork ez bezala ezagutzen zuen Euskal Herriko Erdi Aroaren bukaerako historia, nahiz, garaiak agintzen zuen bezala, Gaztelako erregeen alde egiten saiatu zen etengabe. Ez da Garibayk euskaraz eginiko testurik ezagutzen, baina esaera zaharren bilduma bat egin zuen, Julio de Urquijok RIEV-en argitaratu zuena. Esaera horiek gehienbat bizkaierazkoak dira.

 

Bilaketa