literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Alzaga Anabitarte, Toribio

 

Euskal antzerkigilea (Donostia, 1861 - Donostia, 1941). Bigarren Gerra Karlista zela eta, Ziburura joan eta han ikasi zuen batxilerra. Mutil koxkorretan, Ziburun bertan, Iriyarena komerian esku hartu zuen Marzelino Soroaren agindupean, eta handik aurrera antzertiari lotu zitzaion behin-betiko. Lapurdiko herri horretan hasi zen idazten 1888an antzeztu zen bere lehen euskal obra: Aterako gera. Marzelino Soroak urraturiko bideari jarraitu zion, antzerkiarekin zerikusia duten lanei etengabe ekinez. 1915ean Donostiako «Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola» delakoa zuzentzeko hautatu zuten. Bertako taldearekin antzezten zituen obrak ez ziren Donostian bakarrik ematen, probintzia osora zabaltzen ziren, euskal giroa eta grina nonnahi sortuz. Alzagaren antzerkiak, bestalde, behin eta berriro antzeztu dira Euskal Herri osoan. Hona hemen haietariko batzuk: Santo Tomase'ko feriya (1892); Axentxi ta Kontxexi (1914); Bernaiño'ren larriyak (1915); Oleskari berriya (1916); Txiribiri (1918); Ramuntxo, Pierre Lotiren eleberriaren moldaketa (1920); Andre Joxepa Tronpeta (1921), Eleizatxo'ko ardazlea, Arpuxa kalian, Bost-urtian (1922); Etxietan, Zalaparta, Amantxi, Tan tarrantan, Zanpantzar (1923); Neskazar (1924); Burruntziya (1931), etab. Orobat opera libretoak idatzi zituen: Txanton Piperri (1899), Anboto (1906) eta Gli cornamenti (argitaragabea). Halaber, 1926an Shakespeareren Macbeth itzuli zuen, Irritza izenburupean antzeztuz. Kritikoen iritziz, Toribio Alzagak goratu egin zuen euskal antzertia bere aurrekoek utzitako maila apaletik, halako gaitasun eta duintasunera ekarriz.

 

Bilaketa