literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Duvoisin, Jean Pierre

 

Euskal idazlea (Ainhoa, 1810 - Ziburu edo Ezpeleta, 1891). Haurtzaroa Ezpeletan eman ondoren, Larresoroko apaizgaitegian sartu zen, baina hogei urte zituela (1830) apaiz ikasketak utzi zituen. Urte berean hil zitzaion aita, eta haren lanpostuan, aduanan hasi zen lanean. Garai hartan hasi zen Fénelonen Aventures de Télémaque liburua itzultzen eta euskara-frantsesa hiztegi bat prestatzen. Hogeitamar urte zituenetik aurrera Ziburun bizi izan zen, eta euskal literaturari eta historiari buruzko hainbat artikulu idatzi zuen frantsesez Pabeko eta Baionako aldizkarietan. Euskalduna aldizkariko zuzendari ere izan zen. Latina, grekoa, gaztelania eta italiera menderatzen zituen gizon jakituna zen Duvoisin. 1856. urtean hasi zen Bonaparte printzearekin lanean eta Kardaberaz apaiz jesuitaren Aita San Ignacioren Egercicioen gañean afectoac liburua bihurtu zuen lapurterara, Liburu Ederra izenez. Hurrengo urtean Iturriagaren gipuzkerazko elkarrizketak eman zituen lapurteraz (Dialogues Basques, 1857), Bonaparte printzearen bideari jarraiki, 1858an Laborantzako liburua eman zuen argitara, nekazaritzaren inguruko teknikak aita-semeen arteko elkarrizketaren bitartez azaltzen dituen liburua. 1859. urtean aduana-kapitain postua utzi zuen euskal lanetan murgiltzeko. Bardozera erretiratu, eta sei urteren buruan bukatu zuen Bibliaren itzulpena, Bonaparte printzeak gomendaturiko lana (Bible Saindua edo Testament zahar eta berria, 1859-1865, Vulgata-tik eginiko itzulpena). Ondoko urteetan euskal historiari, gramatika eta literaturari buruzko lan ugari burutu zuen eta itzulpen andana polit bat utzi zuen argitaratu gabe (Fénelon-en Aventures de Télémaque eta Fables edo Alegiak; Demostenes-en diskurtso batzuk; Lamennais-en lan batzuk). Kenpis liburuaren itzulpena ere amaitu gabe utzi zuen, baina Haristoy Ziburuko apezak bukatu zuen (Jesu Kristoren Imitazionea, 1896). Cervantes-en Don Kixote obrako pasarte batzuk bihurtu zituen euskarara. Laborantzako liburuaz gainera utzi zuen beste lan bat itzulpen ez zena: Baigorriko zazpi liliak Parisko Revue des Basses-Pyrénées et des Landes delakoan argitaratua 1884ean. Bertan zazpi ipuin biltzen dira egilearen baitatik ateratakoak.

 

Bilaketa