literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Mitxelena Elissalt, Koldo

 

Gipuzkoar hizkuntzalari eta idazlea (Errenteria, 1915 - Donostia, 1987). Orkatileko gaixotasun bat zela medio berandu hasi zen eskolara, eta etxeko arazo ekonomikoengatik lan eginez egin behar izan zuen batxilergoa. Zeruko Argia irakurriz alfabetatu zen euskaraz, eta Martin Lekuona apaizaren babespean izan zuen euskal idazle zaharren berri. 1930ean EAJko kide egin zen. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Eusko Gudarostean sartu, eta Euskal Herriko kanpaina guztia egin zuen. Santoñan atxilotu zuten frankistek. Heriotz zigorra eman zioten, baina ez zuten hil, eta eta kartzelan eman zituen sei urte. 1943an kartzelatik atera eta Madrila joan zen lan bila. Han euskal erresistentziarako lanean ihardun zuen Joseba Rezolarekin batera, harik eta 1946an berriro atxilo hartu zuten arte. Ordukoan bi urte eman zituen kartzelan. Kartzelako urteetan ikasten aritu zen beti, Filosofia eta Letrak eta hizkuntza klasikoak eta modernoak. Ajuriagerraren idazkari gisa lan egin zuen kartzelatik aterata, eta hark aldegin behar izan zuenean irakasle gisa hasi zen lanean. 1954an Euskaltzain Oso eta Julio de Urquijo Euskal Filologiako Mintegiko zuzendari izendatu zuten. Egan aldizkariaren sorkuntzan eta zuzendaritza batzordean parte hartu zuen. 1959an doktoretza tesia aurkeztu zuen, Fonética histórica vasca izenburupean. Torrelavegako institutuan (Kantabrian) irakasle izan zen garai hartan, harik eta Salamancako unibertsitatean Antonio Tovar-ek eta José Vallejok Manuel Larramendi izeneko katedra sortu zuten arte. 1968an, oposizio bidez, hizkuntzalaritza indoeuroparraren katedra lortu zuen. Urte hartan bertan, Euskaltzaindiak euskara batzeko beharrezkoak ziren urratsak eman zitzan eskatu zion. Handik hara, lan horri eskaini zizkion bere ahaleginak. Mitxelenaren iritzien arabera finkatu zen euskara batua. Sorbonneko eta Salamancako unibertsitateetan eskolak eman ondoren, 1977an, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zelarik, Gasteiza etorri zen Filologiako katedrara. Bizitzaren azken urteetan, sari eta ohorezko izendapen ugari izan zituen: Doctor Honoris Causa Bordeleko eta Bartzelonako unibertsitateetan, Menéndez Pidal, Ossian eta Príncipe de Asturias sariak, Alfonso X. Jakitunaren Gurutzea. Erretiroa hartutakoan Euskal Herriko Unibertsitateak lehen Katedradun Emerito izendatu zuen. n Idazlanak. Apellidos Vascos (1953); Las escrituras apócrifas de Andramendi (1954), Milagros Bidegainekin batera; La posición fonética del dialécto vasco del Roncal (1954); De onomástica aquitana (1954); Hispánico antiguo y vasco (1958); À propos de l'accent basque (1958); Dictionarium linguae cantabricae de N. Landuchio de 1562 (1958), Manuel Agud-ekin batera; Las antiguas consonantes vascas (1958); Los cantares de la quema de Mondragón (1959), Rodríguez Herrerorekin batera; Historia de la literatura vasca (1960); Fonética Histórica Vasca (1961), doktoretza tesia; Lenguas y protolenguas (1963; bertan dago Mitxelenaren hizkuntzalaritzari buruzko teoria liburu nagusia); Textos arcaicos vascos (1964); Sobre el pasado de la lengua vasca (1964); Estudio sobre las fuentes del diccionario de Azkue (1970); Mitxelenaren idazlan hautatuak (1972), Patxi Altunak paratua; Zenbait hitzaldi (1972); La lengua vasca (1977). Bere lan eta artikulu gehienak hiru bildumatan jaso dira: Lengua e historia (1985), Palabras y textos (1987) eta Sobre historia de la Lengua Vasca (1988, bi liburuki) paratzaileak: J. Lakarra, M.T. Echenique eta B. Urgell. Azken urteetan, Orotariko Euskal Hiztegiaren egitasmoan murgildurik bizi izan zen, nahiz eta heriotzak ez zion ikusten utzi lehen alea kalean. Haren ardura nagusia Ibon Sarasolaren esku geratu zen. Egan aldizkarian literatura eta zinema kritika egin zuen euskaraz eta zenbait idazle eta artistei egindako elkarrizketak argitaratu zituen «Adixkide Berri» ezizenez. Euskarazko lan guztiak hil eta gero argitaratuak izan dira hamar liburukitan, Euskal idazlan guztiak (1988) izenburupean. Bere artikuluak aldizkari askotan barreiatuak daude: Egan, Boletín de Amigos del País, Euskera, Emerita, Pirineos, Archivum, Bull. de la Sc. Lingüistique, Word, Via Domitiae.

 

Bilaketa