literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Urkiaga Basaratz, Estepan

 

(«Lauaxeta») Bizkaitar olerkaria (Laukinitz, 1905 - Gasteiz, 1937). Haur zela, Mungiara joan zen bizitzera familiarekin. Durangon, Loiolan eta Oñan egin zituen teologia ikasketak, besteak beste, Zaitegirekin, Ibinagabeitiarekin eta Plazido Mujikarekin batera. Heziketa klasikoa izan zuen, eta klasikoak euskaratzen aritu zen luzaro. 1928an Jesusen Lagundia utzi eta Bilbora joan zen, han Euzkadi egunkariko euskal ataleko zuzendari izan zen Orixerekin batera lehenbizi eta bakarrik gero. Han idatzi zituen hitz lauz, euskaraz eta gaztelaniaz, hainbat artikulu. Euzkadi-n ez ezik, Jesus'en Biotzaren Deya, Jaungoiko-zale, Ekin, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan ere idatzi zuen. 1930ean Errenterian egin zen «Olerkari egunean» saritua izan zen Maitale kuttuna olerkiarengatik. Errepublika garaian hizlari ibili zen EAJko ageriko ekitaldietan. 1936an, gerra hasi eta, gudari talde baten komandante ibili zen. 1937an, Gernika suntsitu ondoren, Le Petit Gironde egunkariko kazetari bati hiri suntsitua erakusten ari zela, atxilotu eta, Gasteizen espetxeratu zuten. Handik bi hilabetera, Gasteizko hilerriko horman fusilatu zuten. n Obra. 1931an argitaratu zuen Lauaxetak bere lehen olerki bilduma, Bide barrijak izenburupean, eta handik lau urtera Arrats-beran (1935). Lauaxetaren olerkigintza berezia da garai hartarako. Lizardirekin eta Orixerekin batera olerkigintza landua ondu zuen, Europako joerekin lotuagoa. Talde horri «Olerkarien belaunaldia» deitu zaio. Gaur egun Lauaxetaren olerkien argitalpen berriak egin dira, aipatu liburuetako olerkiekin eta aurkitu diren beste olerkiekin batera, Aita Onaindiak eta Jon Kortazarrek antolatuak. 1982an, Euzkadi egunkarian agertu ziren Lauaxetaren artikulu bilduma bat argitaratu zen Azalpenak izenburupean. 1990an antzerkilanek ikusi zuten argia. Jon Kortazar irakasleak haren lanak eta bizitza aztertu eta bi liburu argitaratu ditu: Teoría y práctica poética de Lauaxeta (1986) eta Lauaxeta. Biografía Política (1984).

 

Bilaketa