literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Aresti Segurola, Gabriel

 

Euskal idazlea (Bilbo, 1933 - Bilbo, 1975). Merkataritza ikasketak egin zituen eta ogibidez enpresa kontularia izan zen. Euskaldun berria, euskara erabat bereganatua zuen. Euskal poesia modernoaren bultzatzaile eta berritzailerik nabarmenena. Euskara batuaren bultzatzailea izanik, euskara hori erabili zuen batez ere bere lanetan. 1954ean hasi zen lanak kaleratzen Guatemalan argitaratzen zen «Euzko Gogoa»n. Harrez gero aldizkari askotan idatzi zuen: «Egan», «Anaitasuna», «Olerti», «Zeruko Argia», «FLV», «BAP», «Arragoa», etab. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten. Sari anitz bildu zuen bizitzan zehar: «Loramendi» (1959), «Orixe» (1963), «Lizardi» (1966), «José María Iparraguirre» (1968). Antzerkiaren alorrean, «Toribio Alzaga» saria jaso zuen 1961ean.
n
Arestiren poesia liburuetan lehena, Maldan Behera, 1960an argitaratu zen. Lan horrek balio literario handia du: hogeitabat poemek osatua, anitz dira erabilitako ahapaldiak, literatura klasikoan azaldutakoak batzuk eta guztiz berriak beste zenbait. Ondoren Harri eta Herri (1964) etorri zen. Gai berriak zekartzan bertan Arestik: hiriko giroa, langileen arazoak, zapalduen bazterreratzea, hori guztia poema pertsonal edo autobiografikoekin nahasirik. Forma aldetik, bertso librea sartu zuen eta hizkera herrikoia erabili. Arrakasta handia lortu zuen poesia sozialaren sailean sartu behar den lan horrekin, eta batez ere Blas de Oteroren eragina da nabarmen bertan. Ildo beretik jo zuen ondoko lanetan ere: Euskal Harria (1967), Harrizko Herri Hau (1970), Azken Harria (1976). Antzerkiaren alorra ere landu zuen Arestik: Mugaldeko herrian eginiko tobera (1961), Justizia txistulari (1965), Madalenaren seme santua (1963), Eta gure heriotzeko orduan (1964), Beste mundukoak eta zoro bat (1964), eta Mundu munduan eleberrian (1965). Arlo horretan ere ekarri zituen gai berriak, bere dramen egitura klasikoa bada ere. B. Brechten eraginez, didaktismoa nabaria da lan horietan. Itzulpengintzan ere ondu zuen zenbait lan: Nekazarien dotrina (F. Marcos de Portela); Hamalau alegia (Tomás Meabe); Lau gartzelak (Nazim Hikmet), Xixtima zoriontsu bat (Bertold Brecht), Nós (Castelao), Dekamerone txikia, etab. Arestiren beste alderdi interesgarria euskal kantagintzari ekarritako lana da. Ez Dok Amairu taldeko kantariek eta batez ere Oskorri taldekoek poetaren olerki askori jarri diote musika. Bestelako lan batzuk ere atondu zituen: Barrutiaren Acto para la Nochebuena eta Beskoitzeko Leizarragaren lanaren zati bat, Euskal protestantismoa zer zen izenburupean.

 

Bilaketa