literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Alvarez Enparantza, Jose Luis

 

(«Txillardegi») Euskal idazle eta politikaria (Donostia, 1929). Lehen ikasketak Donostiako Marianistetan buruturik, Bilboko Industri Ingeniaritza Eskolan sartu zen. Han Ikasle Abertzaleen Mugimenduarekin harremanetan jarri zen; taldeko gehienak poliziak atxilotu zituen, eta Martuteneko kartzelan sartu zuten. 1951-1952an, kartzelatik irtenda, Euzko Alderdi Jeltzalearekin harremanetan jarri zen eta gero, 1953an, «Ekin» izeneko ikasle taldearen sorreran esku hartu zuen. EAJrekin hautsi ondoren, «Ekin»ekoek talde erabat independientea sortu zuten: ETA (Euskadi ta Askatasuna). 1960an, bigarren aldiz atxilotu zuten 339 apaiz euskaldunek izenpeturiko gutuna zela eta. 1961 urtean ETAko Biltzar Ttipiko kide zelarik, Hendaiara eta geroxeago Parisa aldatu zen. Han Hizkuntzalaritzako maitrise delakoa burutu zuen Sorbonako Unibertsitatean. 1964ean Frantziatik egotzia izanik, Belgikan finkatu zen. 1967an, ETAk bere V. Biltzarra marxista-leninista deklaratzean, Txillardegiren tesiak, humanismo sozialistaren aldekoak, galtzaile gertatu ziren eta erakundea utzi egin zuen. 1976an erbestetik itzuli zen eta ESB (Euskal Sozialista Biltzarrea) alderdiaren sorreran hartu zuen parte. Bi urte geroago, alderdi horretatik kanpo geratu zen; harrez gero Herri Batasunako partaide da. n Euskaltzain urgazlea, Euskal Herriko Unibertsitatean dihardu eta UEUko partaidea da. Idazle oparoa, haren artikuluak, asko «Larresoro» edo «Igara» izenordez izenpetuak, hainbat aldizkaritan barreiaturik daude: «Egan», «Branka», «Zeruko Argia», «Jakin»... Zenbait saioren egile da: Huntaz eta hartaz (1965), Hizkuntza eta pentsakera (1972). Euskara batuaren bultzatzaileetakoa, gramatikari buruzko zenbait lan argitaratu ditu: Sustrai bila (1970), Euskara batua zertan den (1974), Oinarri bila (1977), Euskal Gramatika (1978), Euskal Fonologia (1980). Bost eleberri argitaratu ditu: Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Peru Leartzako (1959), Elsa Scheelen (1969), Haizeaz bestaldetik (1979) eta Exkixu (1988). Txillardegiren eleberrigintzak garrantzi berezia du euskal eleberri modernoaren sorreran. Halatan, bere lehenengo obran hautsi egin zuen aurreko ohitura eleberriarekin, lehen pertsonan mintzo den protagonista plazaratuz. Ikusmolde existentzialista agertzen du bai honetan eta bai bigarren eleberrian. Leturia mementuoro hautatu beharrean aurkitzen bada, Peru iragankorraren, denboraren joanaren beldur agertuko da. Hirugarren eleberrian, Elsa Scheellen, bide tradizionalagoa aukeratu zuen Txillardegik: narratzaile orojakileak hirugarren pertsonan esplikatuko dio guztia irakurleari, hala pertsonaien barnea nola egitateak. Laugarren nobelan, arazo existentzialetara itzultzen da —gizakia mugatua da, bakarrik dago, ez du irtenbiderik atzematen...— sinbologia berria erabiliz eta literatur teknika modernoak esperimentatuz. Bostgarren eleberrian, Exkixu, Euskal Herriko gaur egungo zenbait arazoz dihardu.

 

Bilaketa