literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Ugalde, Martin

 

(«Erritar»). Gipuzkoar idazlea (Andoain, 1921). 1947an, Euskal Herritik alde egin zuen, amarekin batera Venezuelan zeuden aitarekin eta anaiekin bat egiteko. Kazetaritza ikasketak egin zituen Chicagoko Northwestern Unibertsitatean. Ondoren, Caracaseko El Farol aldizkariko zuzendari izan zen. Vezezuelan zela hasi zen literaturarekin zaletzen eta ipuinak idazteari ekin zion. 1957an, Un real de sueño sobre el andamio argitaratu zuen. Ondorengoak dira: La semilla vieja (1958), Las manos grandes de la niebla (1964). Hego Ameriketako literaturgileen eragina somatzen zaio lan horietan, Gallegosena eta Roa Bastosena, batez ere. 1963an, Venezuelako giroa kontatzen zuten hainbat kazetari lan bildu eta argitaratu zituen Cuando los peces mueren de sed izenburupean. 1969an, Euskal Herrira itzuli zen eta Hondarribian hartu zuen bizilekua familiarekin batera. EAJ alderdiaren Alderdi agerkariko zuzendari izan zen, ezkutuan. Gaztelaniazko beste lan aipagarri batzuk ditu: Imágenes de la Semana Santa en Venezuela (1956), Unamuno y el vascuence (1966), Hablando con los vascos (1974), Síntesis de la Historia del País Vasco (1974), Tres Relatos Vascos (1974), ipuinak; Las brujas de Sorgin (1975), eleberria; El exilio en la literatura vasca: problemas y consecuencias (1979), Bajo estos techos (1979), El problema vasco y sus profundas raíces culturales y políticas (1980), Historia de Euskadi (6 liburuki, 1981-1983). Bestalde, hainbat abertzaleren biografiak idatzi ditu: Sabino Arana, J.A. Agirre, J.M. Leizaola, Aitzol, Lezo Urreiztieta, besteak beste. Euskarazko ipuingintza modernoaren lehen idazleetariko bat izan zen. 1961ean, Iltzalleak (1961) ipuin bilduma argitaratu zuen; harrezkero, euskaraz idatzi ditu: Ama gaxo dago (1964), antzerkilana; Umeentzako kontuak (1966), Itsasoa ur-bazter luzea da (1973, Dionisio Amundarainek euskaratutako ipuinak), Mantal Urdina (1986), ipuinak; Eloy Erentxun (1987); Itzulera baten historia (1989), eleberria; Batasuna eta zatiketen artean (1990), artikuluak; eta Bihotza golkoan (1990), ipuinak. Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria da gaur egun.

 

Bilaketa