literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Nafartasuna adierazteko ahalegin handi bat da Jose Angel Irigarayren poesia. Egia da Irigarayren obraren ezaugarri nagusi honen aztarrenak poeta nafarren obretan ageri direla nagusiki, Gorka Trintxerperenean eta Iñaki Zabaletarenean kasurako, baina ez genuke nafartasuna ongi konprenituko eremu geografiko batez definitu nahi izanen bagenu. Erronkari, Aiezkoa, Baztan... erreferentzia zehatzak ditu, baita Bizkaia eta Bretaina ere ordea. Aipamen horiek esangura jasoago baten fun tzioa dute, hizkuntzaren galera gogoratzeko dira, edo suntsipen historikoa, edo nahikari galdua. Nafartasuna ardatz bertikalean ere ulertu behar da. Mitologia (Ortzi, Mari...), folklorea (Miel-Otxin, ur goienaren erritoa...), gertakari eta pertsonaia historikoak (Amaiur, Gaxeneko Inesa...) deitzen ditu Irigarayk, izate ukatu baten hondarrak biltzen ditu kantu liriko batean. Historia ihauteri dela diosku, ez ginena izan garelako, eta ginena galdu dugulako. Alabaina, poeta ez da oroitzapenen gatibu, natura historian kokatzen duen bezala kokatzen du historia orainean: erronkarieraz mintzo zaigunean, ez ote digu esan nahi, dagoeneko, denok ere erronkarieraz ari garela euskaraz ari garelarik? Dena ez da etsipena, «erresiñola ere entzuten du» poetak. Jose Angel Irigarayren poemak gure izatearen oroititzak dira, bai, baina etorkizunari buruz egiten du poetak hasperen. Bere obran nostalgiak ez du gibelera jotzen. Gure herria «edozein haizeren menpeko» nahi ez duenaren mindura du. Horixe da nafartasuna, arrangura existentzial-kolektibo bat, gure itolarri historikoa, erresuma baten hondamendian eta erresistentzian islatua. «Bizkaia duela aterbe» aitortzen digunean, badu Bizkaia horrek lurralde fisikoaz goragoko sinbologia. Lauaxetak landu zuen balada historiko ederrik, baina historiaren interpretazio abertzale ofizial batetik, era epiko-tragiko batean. Hondamendiaren kontzientziari bere kexamendu pertsonala eransten dio Irigarayk, esan liteke poeta barne exilio batean bizi dela, toponimoen eta izenen eta iragan aroen aipu ugariek ausentzia handi bat salatzen dute noski. Poetak sumatzen duen hustasun horrek bihurtzen du oroitzapena saudade. Nafartasuna, gure saudade nazionala.

        Alabaina, Irigaray ez da sentimendu pertsonalak alboratzen dituztenetarik. Lehen bakanago ageri zituen gai intimistek garrantzi handiagoa hartu dute bere azken liburuan, ebokazioa inguru abstraktuagoetan gauzatzen da eta leku handiagoa hartu du poetaren niak. Nafarrerazko ñabardurek xarmaturiko hizkeran, Irigarayren poemek badute erritmo berezi bat, kantu ezagun bilakatu dituena.

 

Jose Anjel Irigaray (Iruñea, 1942) tradizio euskaltzale handiko familian sortua da, eta medikuntza eduki du lanbide egun euskalgin tzari osoro emana dagoen arren. Ez dok amairu mugimendu eta sentikariaren sortzaileetarikoa izan zen. Saiakera ere landu du (Euskara eta Nafarroa).

 

Bilaketa