literaturaren zubitegia

944 idazle / 4.487 idazlan
6.741 esteka / 5.274 kritika / 1.828 aipamen / 5.187 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Juan Kruz Igerabide

«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Lehen, euskara eskolatik kanpo zegoen garaietan, poesia zerabilten gure idazleek haurrak euskaragana zaletzeko, asmo horrekin idatzi zituen Oxobik bere fabula asko, eta ez da kasualitatea Pascual Iturriaga maisu eta pedagogoak ere alegiak moldatu izana. Orain berriz bazter samarrean gelditu dira saio historiko haiek, orain baditugu ipuinlariak, baditugu nobelagileak, baditugu kontalariak, baditugu marrazkilariak... eta horien guztien produkzioa bideratzen duen industria bat ere badaukagu. Hainbesteraino handitu da adin txikikoei zuzenduriko literatura, non aldizkari berezi bat ere sortua den, gurasoen eta irakasleen orientabide. Gure haurrek eta gaztetxoek badute, beraz, jakin-mina non ase eta irudimena non askatu. Baina harrigarria dirudien arren, literaturaren eta hezkuntzaren alor garrantzitsu honetan modu jarraituan jardun duen poeta bakarra daukagu: Juan Kruz Igerabide. Egia da bere obra poetikoa zabalagoa dela, baina hasi berrian helduentzako eginiko poemetan ageri zituen ezaugarri estilistikoak geroztikako haur-lanetan garatu ditu nabarmen, horrexek egin du berezi eta nortasuneko. Kezka moralak eta existentzialak dotoreziaz lantzen jarraituko duela iragartzen digu, nolanahi ere, helduentzako bere azken poema liburuak. Baina beharrik, gaztetxoak helduon literaturaren hainbat lanez jabetu diren moduan goza genezake helduok idazle honek gaztetxoentzako berariaz egiten duen poesiarekin, hain baita estetikoki landua eta gogoetaren ñabardurei emana.

        Oro har, literatura infantilak esker txarra jaso ohi du kritikaren eta literaturaren historiagileen aldetik, «eskolako literatura» bezala hartu izan da, bigarren edo hirugarren mailako genero bat. Hor egon liteke, besteak beste, umeentzako poesia hain eremu abandonatua izatearen arrazoia. Alabaina, Juan Kruz Igerabidek ezin hobeki frogatu digu gaztetxoen psikologiak eta formazio mailak eskatzen dituzten parametroetan idazteak ez dakarrela kalterik kalitatean, baldin eta irizpide estetikoak hartzen badira gidari. Poesia honek eskatzen dituen maisutasun formal handiaren eta espiritu ernearen jabe da gure poeta. Folklore guztietan ageri diren baliabideak, hala nola papaitak, inude kantuak, erritmo aldaketak, puntu bitxiak, hitz jokoak edo asmakizunak bere gisara moldaturik erabiltzen ditu, eta arrazionaltasun hertsia gainditzen du ezustekoak eskainiz eta gaiaren azpi-gordeak landuz. Honenbestez seriosaren eta infantilaren arteko lotura zaila egiten du, txinparta ikusgarritan, barrearen aldaera guztiak erakusten dizkigula. Didaktismotik zuhurki urrundua eta hala ere munduaren ikuspegi etikoa txertatuz, inozokeriari aurre egiten dio poetak bizitzaren mikatzak ezkutatu gabe. Plazer eta hausnarketa bihurtzen du hitzen jolasa Juan Kruz Igerabidek.

 

Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) filologoa da eta irakaskuntzan dihardu. Poesia ez ezik, gaztetxoentzako narragintza ere landua du hainbat titulutan: Egunez parke batean, Oporraldi bat baserrian, Ametsontzi, Bota ura, Neskatxa telepatikoa, Atea kox-kox, Jonas eta hozkailu beldurtia... Bi nobela argitaratu ditu genero berean, Hamabi galdera pianoari eta Helena eta arrastiria. Literatura unibertsaleko lan asko itzuli ditu. Haur eta Gazte alorreko Euskadi Saria jaso zuen 1999an.

 

Bilaketa