literaturaren zubitegia

955 idazle / 4.529 idazlan
7.072 esteka / 5.322 kritika / 1.828 aipamen / 5.194 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Patziku Perurena

«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Gure literaturaren eguneratze prozesu luzean hainbat gurutzetak behartu gaituzte harat edo honat jotzera, aldian aldiko alderdikerian, Lizardiren behialako «Bide berriak? Bide guztiak!» zuhur hura ahantzita. Kaletartzeko premiak mendikoa generitzon ororen ukoa ekarri zuen, eta egungotze nahi hori «belar moztu berriaren usaina» ez zuela batere laket esanez formulatu zuen norbaitek. Irakurlea okitua zegoen garoz eta kresalez, gure literaturak lurrin urbanoak behar zituen. Kaletartu ginen noizbait, baina jakin gabe gelditu ginen nolakoa zen, zinez, belar moztu berriaren usaina. Izan ere, gure baserri-literatura guztian hitzaren zehaztasuna falta da, abstrakzio batean jardun zigun, mundu hura zoragarria izan behar zuela besterik ez genuen ikasi.

        Usainak, hotsak, dastak, koloreak... hau da, naturaren ñabardura guztiak izendatzeko ahalmena duena, «belar moztu eta ez moztu bakoitzaren usaina» zehazki nolakoa den dakiena, Patziku Perurena da. Halako jakinduriaz non esan bailiteke gure ruralismo guztiak deskubritu ezin izan zuen Naturaren kantore handi bat dugula bere obra. Ez ordea jarrera ideologiko edo aldeaurreko hautu baten ondorioz; ez dugu haren lanetan deus aurkituko elaborazio hutsez egina, dena ematen zaigu lehenagoko hausnartze —hitzaren adiera jatorrean— zuhur baten ostean, Perurena zentzumenen poeta delako lehenik, berezko dohain garesti horixe dauka. Bere obra ugarian paisaia ageri zaigu protagonista nagusi, eta ondorioz poetaren bakardadea nabarmentzen da. Honek ez darama, hala ere, Orixeren naturarekiko urtze mistikora edo sentimentalkeriara; Perurenak panteismoz bizi du ingurua, telurikotasun hurbilean, hizkeraren narotasun liluragarrian.

        Natura jaso duen bezalaxe baitirudi jaso duela hizkera Perurenak, neke gabe, kukuak esanda, haizeak ekarrita edo errekak bustita, maisutza teknikoa hitzaren eztiak estaltzen duela. Hitzak belarrirako aukeratzen dizkigu poetak, zehatz eta aberats, kanturako diren poemetan eta halaber soilik irakurtzeko direnetan. Herri xehearen euskara baliatuz, ondasun mesprezatu hori eskuratuz, hizkera poetiko jaso bat osatu du Patziku Perurenak. Belarrira egiten digu hitz, ez bakarrik ozentasunaren armoniagatik edo kadentziaren leunagatik, baita hartzen duen tonuagatik ere: belarri ertzera ari zaigula ematen du, apal, espanturik egiteke, ahapetik mintzo denaren gisan edo bere nitasuna mozorro baten atzean gordeko balu bezala, ahantzia genuen xirripa xume baten murmurioa bezain sarkor barneratzen zaigun edertasunean.

 

Patziku Perurena (Goizueta, 1959) maestria ikasketak egin zituen, baina idazteari emana dago. Poesia ez ezik nobela ere egin du (Emily), ikerketa filologikoa (Euskarak sorgindutako numeroak eta Koloreak euskal usarioan), saiakera (Marasmus femeninus eta Harripilatan ezkutatu zeneko apo tipiaren burutazioak) eta lan etnografiko erraldoi bat Leitzako historia xehea oinarri hartuta, Leitzako errege-erreginak. Iritzi pertsonaleko eta behako zorrotzeko artikulugilea da.

 

Bilaketa