literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

PABLO ZAMARRIPA (1877-1950)

Gramatikaria eta gazte eta helduentzako idazlea

 

        Bizitzako halabeharrez Laredon jaio bazen ere, umetan gurasoen jaioterrira, Asuara, ekarri zuten Pablo Zamarripa Uraga apaiza. Asuan eta Bermeon bizi izan zen batez ere.

        Oso gazterik hasi zen idazten. 20 urte egin berri zela Azkuek zuzentzen zuen Euskalzale aldizkarian kazetari lanean hasi zen. 1897-1899 bitartean «Izkirimiriak» atalaren arduraduna izan zen. Han kaleratu zituen hainbat pasadizu, kontakizun, ipuin eta umorezko txatal, urte batzuk geroago liburu batean batu zituenak. Izenburupean jarri dugunez, Pablo Zamarripa euskal literaturaren barruan gramatikari eta umorezko liburuen egiletzat ezagutzen da. Poesia ere landu zuen, eta olerki lehiaketa asko irabazi, Ordizia, Donapaleu, Ustaritz, Bergara, Donostian egindakoak, baina haren estiloak ez du zerikusirik Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Oxobi eta abarren mailarekin. Zamarripak kontakizun laburretan erakusten duen erraztasun eta naturaltasuna dira haren lanen alderik onena, herritik jasotako euskara jatorra darabil eta horregatik zabaldu ziren hainbeste jende artean. Haurrei dagokien arloan, haurren euren hizkera erabiltzen asmatu zuen, erritmo eta soinuak ondo jasoaz. Uste bera agertu zuen Angel Irigarayk RIEV aldizkarian 1928an:

 

        «Zamarriparen olerkiak denak dira onak... "Aupa, Laztantxu!" izenburua daukanak batez ere, euskarak euskalki guzuetan daukan haurren hiztegi aberatsaren zati nahiko handia kanporatzearen meritua dauka».

 

        Zamarriparen haur eta gazteentzako moduko liburuen berri emango dugu. Umorezkoetan 1926an Zaparradak eta argitaratu zen egunkari-aldizkarietan sakabanatuta zituen txiste, ipuin eta garrantzibako elkarrizketak batuaz. 1929an Kili-Kili kaleratu zuen gai arruntak eta umorezkoak erabiliz honetan ere. Firi-firi Bermeon agertu zen 1935ean. Umorezko 49 artikuluk osatzen dute, lehenago La Gaceta del Norte eta RIEV aldizkarian agertutakoak, bertan kolaboratu ohi zuen-eta.

        Gramatika arloan lan handia egin zuen. 1914an Bilbon argitaratutako Manual del vascófilo eta 1915ean eginiko Gramática Vascongada... Bizkaiko euskaldunek gehien erabili dituztenetarikoak izan dira, askotan berrargitaratuak. Oinarrizko gramatika da, zehatza eta esakera, hots-hitz eta hizkuntza berezitasun askoren berri ematen duena. Gramatikaren arrakasta ikusita 1929an Conjugaciones guipuzcoanas argitaratu zuen.

        Egia esan, Zamarripa ez zen gazteentzako idazlea izan, baina haren lanen jatortasuna, umorea eta estilo zuzenagatik pentsa daiteke bai gazteek bai helduek gustora irakurriko zutela. Zamarriparen umoreak moral kutsu handia duen aldetik, ez litzateke gaurko gazteen gustoko irakurgaia izango, baina horrek ez du bere aldian egin zuen betebehar eta eragina gutxituko.

 

Bilaketa