literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

JEAN BARBIER (1875-1931)

Iparraldeko folklore biltzailea

 

        Donibane Garazin (Baxenafarroa) 1875ean jaio eta 1931n hil zen. Hazparne, Larresoro eta Baionan ikasketak egin ondoren, 1898an abadetu zen. Larresoroko Seminarioko irakasle egin zuten, eta azkenik Baionako katedraleko bikario izan zen. Gure Herria eta Eskualduna aldizkarietako laguntzaile nekaezina izan zen.

        Lan nagusi bi ditu. Euretariko bat, Supazter Chokoan (Baiona, 1926), 25 ipuin, poema bat eta bost komediak osatuta dago. Luis Villasantek dioenez, ipuinok euskaldunak dira hizkuntzaz ez ezik ezpirituz ere. Baina R. Mª Azkueren moduan, honek ere bere ikutua ematen die herri ipuinei, jatortasunean galduz.

        Bigarren lana Légendes du Pays Basque dit prés la tradition (Paris, 1931), folklore eta etnologiari buruzko materiala eta esaunda bilduma oso ona da. Hemen ere, jasotakoari nahiko iritzi ez eta, euskara errazago baina herriak darabilena baino garbiagoz jantzi zituen ipuinak.

        Barbierren eta Azkue eta Barandiaranen artean bada aldea: azken biek muga zeharkatu egin dute ikerketak burutzean, Barbierrek aldiz, iparraldekoa baino ez du batu.

 

        Kritikorik handienen esanetan, Piarres Lafitte tartean, Jean Barbier Ipar Euskal Herriko idazlerik onenetakoa da. Orixeren iritzia ere antzekoa da [3]:

 

        «Neretzat Barbier Jauna eusko idazleetan aurrenetakoa da. Deritzait, Barbier'ek bere elerti gaiak antolatzian, bizi zan txokotik pixka bat aldegiñ, eta gai oek Euskalerri oro bildu izan baziran, gure Erriak bear zuan idazlaria Barbier bera izango zala».

 

        Izan ere, Lafitte eta Orixeren iritzietan jasotzen denez, Jean Barbier Iparraldean betidanik izan diren idazleen artean handienen artekotzat hartu behar dugu, bai lan kopuruaren aldetik bai lanon mailarengatik ere. Haren bizitza eta lanen berri laburra emango dugu.

        Jean Barbier Nafarroa Behereko Donibane Garazi herrian jaio zen 1875ean. Eliz ikasketak Hasparren, Larresoro eta Baionan egin zituen eta 1898an abadetu. Larresoroko Seminarioan irakasle luzaroan ihardun ondoren Baionako Katedraleko Bikario egin zuten. Bizitzako azken aldia Senperen eman zuen bertako auzapez, 1931n hil zen arte.

        Gazte-gaztetarik euskal kulturari buruzko ardura eta interes handia izanik, zenbait poesia lehiaketatan parte hartu zuen, baita Hendaia, Urruña eta Buenos Aireskoetan irabazi ere. Bere garaiko literatur aldizkarietan maiz idatzi zuen. Esate baterako, 1908an RIEV aldizkarian Gure Amaxo zeritzan atala egiten zuen, Lapurdiko ahozko herri ipuinak argitaratuz. 1921ean, bere etxetik bertatik atera zen Gure Herria aldizkaria sortu zuen Iparraldeko beste euskaltzale batzuekin batera.

        Barbierrek lan asko egin zuen, eta gaur batez ere folklore lanagatik ezagutzen badugu ere alor asko eta ezberdinak jorratu zituen, poesia, antzerkia, musika, etabar.

        Guri, ordea, tradiziozko ipuinak biltzen egin zuen lanak ardura digu, gerora ipuinok iturri eta oinarri oso garrantzitsua bihurtu direlako haurrentzako egokitu eta sortu diren hainbat lanetarako. Beraz, bilketa lan nagusiak aipatuko ditugu hurrengo.

        1924an Supazter chokoan argitaratu zuen. Liburu honetan 25 tradiziozko ipuin, olerki bat eta komedia bat bildu dira. Ipuin bilduma ederra da. Bai gaien aldetik bai hizkuntzagatik ere ipuinok euskal jatorria dute argi eta garbi. Jean Barbierrek Lapurdin herriko jendeari ikasi eta bere estiloaz jantzi zituen gero. Egia esan, ipuinak jaso ahala esan bezala idatzi barik, euskal gramatikan arrotz ziren elementu guztiak kendu nahian, egokitu egiten zituen. Beraz, Barbier aldi berean ipuin biltzaile eta egokitzaile genuen.

        1931n, hil zen urte berean, Légendes du Pays Basque d'aprés la tradition argitaratu zuen Parisen. Hau da Barbierren etnografia eta folklore bildumarik handiena. Euskara errazean eta frantses itzulpena aldamenean dutela, Senpere inguruan bildutako ipuinak dira, aldizkari eta argitalpen ezberdinetan sakabanatuta zeudenak. Liburu honetan aurrekoan bezala, joskera eta hiztegi ikutuak egin zituen, ipuinen berezkotasuna galduazoz neurri batean. Baina badu jokaera honek arrazoirik. Izan ere, ipuinok paperean jaso eta argitaratzean, idazle berrien eskola sortu nahi zuen Barbierrek, eta haiei, noski, eredu ahalik eta garbiena erakutsi behar zien.

        Nobelaren alorrean ere sartu zen. Piarres izenekoa ale bitan argitaratu zen, lehenengoa 1926an eta bigarrena hiru urte geroago. Piarres eta Goaña gidari hartuta, Jean Barbierrek Iparraldeko herri euskaldunetako bizimodua erakusten digu, horretarako ohitura, jai, joku, abesti eta antzekoen azalpen ugari eta luzeak eginez. Azkenean Piarres eta Goaña ezkondu egingo dira, ohiturazko nobeletan sarrien aurkitzen den amaiera zoriontsua, beraz. Piarres, berez, Mogelen Peru Abarka, P. Lhanderen Yolanda eta J.B. Elissanbururen Piarres Adame nobelek urratutako bidean jarri behar dugu.

        Beste ipuin bilduma askorekin gertatutakoa gertatu zen Barbierrenekin ere. Lanok ez ziren umeengana zabaldu urte asko geroagora arte, harik eta Ikas taldeko hezitzaileak eta Seaska ikastolako irakasleak ipuinak kultur altxorra zirela konturatu eta ikasleei irakurtzen edo irakurtarazten hasi arte.

        Garbizalea bazen ere, Barbierren ipuin bildumak balio handikoak izan dira gaur eguneko gazteek galzorian zeuden herri ipuinak ezagutu ahal izan ditzaten.

 

        [3] Nikolas Ormaetxea «Orixe» k Jakintza aldizkarian argitaratutako artikulua, 1933, 324. or.

 

Bilaketa