literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal olerkariak»
Santi Onaindia

Egilea editore, 1990

 

Juan Ramon Madariaga

 

        Begoña'n jaioa; igaz oraindik, ni ere epai-maiko nintzala, Bizkaiko Foru Aldundiaren olerki-sariketan, 1988'an, len-saria eskuratu ebana, «Imentzioaren pergamuak» lanez eta aurten, (1989), olerkiok liburuxka baten argitaratu dituna.

        Egilleak itzaurrean onan: «Liburuak dauzkan ideiak eta ustegabeak beraz, inork bere gisa aurkitu eta moldatu behar dituzke. Ni ohizko gaietaz mintzo naiz: biziaz, amodioaz, heriotzeaz eta bereziki naturaz, hauek baitira idazlearen odola eta eidola». Gaurko poetak ixil-esan, erdi-adierazo, eta gozotasuna sartu egin bear ei dau, gaiñerakoa irakurleak burutu dagian, irakur-ala gaiaren barneaiño sartu ta olerkiak dauan muiñetik ezti-eztiro akats egiñik.

        62 orrialde ditu liburuak, eta 45 olerki, geienak laburtxoak, neke barik irakurri ta miazkatzen diranak. Ona olako bat:

 

                NI BEZAIN GALDURIK

 

                Elurtzan nago galdurik

                antsiagarra dizdizari eta

                ortzia garbirik.

 

                Belatze bat zara-zara

                ene aurretik hegaldaka;

                gibelerat so egin dit

                eta abarreketan trebukatu da.

 

                Orain elurretan datza,

                tristeziaz mintzatuz,

                zuritasun honen zioa ezagutzeke,

                ni bezain galdurik.

 

        Gaur, iraillaren 14'an «Eguna» irakurri dot; Ana Santa Kruz'ek, 25'garren orrialdean, olerki liburu onetaz diardu. Zelan ari ete da olerkaria bere lantxoak ariltzean? Eta J.R. Madariaga'k: «Olerkiak idazteak badu egoera animikoarekin zer-ikusirik, baina nire kasuan, orain olerki triste bat idazten dut, orain olerki alai bat. Illunabarrak, neguko arratsalde beltzak ez du beti tristezia adierazten, izarrez betetako gau argiak ez du beti maitasuna bururatzen».

        Gaztea dogu bilbotar olerkari au. Euskal filologia amaitu barri dau. Eta orain burutan darabillen elburu nagusia, besteak beste, euskera sakontzea; literatura ikasi eta erakutsi, «Zoriontsu bizitzeko gogoa dut —diño—; ikasteko gogoa, autore klasikoak irakurri eta gizakiaren sentikendu zeharrak paperean idazteko irrikaz bizi naiz».

        Euskera ona ete olerkigintzarako? Ar gogotan. «Euskara —diño— hizkuntza goxoa da, sentimenduak adierazteko erdara baino egokiagoa. Euskarazko hitz bakoitza musikalitatez beteta dago. Erdarazko olerki bat irakurtzerakoan orohar ulertu behar duzu, oroharreko esanahia jaso behar duzu. Euskaraz, aldiz, hitz bakoitzak gauza asko esaten du hitz batetan esanda, hitz bakoitza musikalitatez jantzia dago. Euskal idazle zaharrak irakurtzen ari naiz eta uste dut euskara kultoaren oinarrietako bat euskara zaharrean dagoela. Erdi galdurik, ahantzi xamarrak dauden hitz eta erroak berreskuratu eta nere olerki paperetan sartu nahi ditut. "Imentzioaren pergamuak"en ikusten da hori».

        Dakusgunez, benetako poeta daukagu emen, itxaropenez betea.

 

Bilaketa