literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal olerkariak»
Santi Onaindia

Egilea editore, 1990

 

Jon Enbeita

(1950-....)

 

        Urte asko ez dirala argitara eban poema liburuari B. Gandiaga'k egin eutson aurkezpena. Asita bereala, onan idazten dau: «Jon Enbeitak landu dituen poemekin aurkitu naiz gaur. Gustora ditut irakurri. Eta ez naiz batere lotsa antologia gisan eratu duen bildumatxo hau zuri aurkezten. Ez da haize handiko. Ez da haize berri edo ez ezaguteko. Herriko eta Uriko haize epel eta maitagarriaren bilada gozo da. Leiho ertzetan, balkoietan zintzilik bipergorri xortak ipintzen dituen paraje hartatik datorkigu: Muxikatik. Poemak hementxe dituzu jaiotze urte eta guzti».

        Nor dogu, ba, Jon Enbeita? Aita (Balendin Enbeita) eta aitona (Kepa Enbeita Muxika'ko Urretxindorra) bertsolarien seme billoba; B. Enbeita'ren semerik gazteena, bertsolari ta olerkari batera. Muxika-Areatza'n jaioa, Zabale-Ormaetxe baserrian, 1950-3-22'an.

        Mutikotik etorren argia, eta len-ikasketak bere erriko eskolak egin ondoren, Foru'n eta Arantzatzu'n bete zituan besteak, komentu biotan irakasle zuur-onak izanik. Ogei urteko zala, komentuko bizitza laga ta sei bat urtez, gitarra besapean (orduan moda zanez), abeslari ibilli jakun. Gero ezkondu ta Gernika'n bizi da emaztearekin eta Zihara ta Oihane alaba birekin, Bizkaiko Aurrezki Kutxan lan egiten dauala.

        Olerkari-Etxeko giroari esker, Enbeitarrak danak izan dira bertsolari. Iru urtegaz bere aitak idatzitako «Jesus'en Bizitza» izeneko antzerki baten artzain jantzita kantatu eban. Zortzi urtegaz, ostera, aitak Ariatza'n sorturiko «Garriko» bertsolari eskolan bertsoak idatzi ta abesten zituan. Bederatzi urtegaz plazaratu ta bertsoak oiukatzen ebillen. «Ordutik eta amabi urtera arte, diñosku berak-plazarik plaza ibilli nintzan, aitaren gidaritzapean eta, gehienetan, Ireneo Ajuria (ni baino hiru urte zaharragoa) lagun nuela. Hamaika urtegaz Bilbon Bizkaiko bertsolari gazteen txapeldun egin ninduten. Kontrariorik ere ez zen, egia esan. Hamairu urtegaz Arantzazuko Seminariora joan nintzaizuen».

        Amasei bat urtegaz asi zan olerkiak ontzen, eta luzeak ain zuzen be, arnasa aundikoak. Baiña amazazpi urteko Foru'n ikasle zala ikastetxe au erre egin zan. Eta «neure guztia, liburu, kuaderno, jantzi..., dena erre zitzaidan. Euren artean neure bertso eta lehenengo olerkiak... Gero, eta nobiziaduaren azken aldera, metrika barruan... Ondoren, hemeretzi-hogei urtetan olerki askeak egin nituen. Bide berrien bila abiatu nintzan».

        1975'an, Mallabi'n, Bizkaiko bertsolari gazteen txapeldun izendatu eben. Ordutik aurrera beste sari batzuk, «Orixe» saria ta abar izan ditu. Eta guztiok dakigu 1986'an «Euskalerriko Bertsolari Txapelketa Nagusian», Donostia'ko Anoeta'n martxoak 23'an, azken Finalean, goiz eta arratsalde (ni be an nintzan), Jon Enbeitak egi euskun paper bikaiña, ia-ia txapeldun geratzen jakunekoa.

        Jon'ek gaztetan, beronen sasoiko bizkaitar bertsolari Amuritza, Lopategi, Sardui ta besteak lez, gizatiar ikasketak sakon egiñak ditu eta onek naikoa na nai dau, geroko jardunerako, naiz bertsogintzari naiz beste edozein gairi oratu. Len-ikasketa sakonak egi-egiaz izan oi dira lagungarri.

        Poesigintzari buruz, berak autortzen dau, len olerkiak luzeagoak egiten zitula, asti geiago ebalako; gero barriz, «dena ardura, ariñeketa», laburrak, flash gisara egiñak. Gandiaga'k egindako itaun bati erantzunez, onela diño Jonek: «Lehen olerki laburrik ez nuen egiten. Lehenegoak, ideien aldetik, kreazinoko lan gehiago dute, ideia gehiago dago olerki bakoitzean, etorriari itxoite eta erantzute gehiago. Oraingoetan, ostera, kaptazinoa momentukoa dela, esan nahi dizut. Bat-baterako burutazino bat dela. Oraingoek ordenazinoko lan gehiago dute, bistarako egoitea-lan gehiago, sarritan erraza eta laburra ez den lana, egia esan».

        Olerki-liburu bat dauka Jon'ek, «Inguruaren arduraz» deitua eta «Hordago» argitaletxeak argitara emona, 92 orrialdekoa. Poema motzez eta luzez ornidua.

        Ona liburu ortako bi, «Baratz erdian» eta «Erle bizkorrak

 

                BARATZ ERDIAN

 

                Baratz erdian

                lore artean

                begira gosez begira

                usain goxotan

                murgildutako

                lore mardulen argira

                Lore burutan

                irriz ebilen

                eguzkiaren diztira.

 

                Nere begiak

                aske ebiltzan

                baratz osoan saltari

                begi atzean

                nere arima

                loreetan ameslari

                zori jorana

                usain haretan

                ase nahiean urduri.

 

 

                IHITZ TANTOTAN OLGETAN

 

                Zan ez-zan-ezko

                haize biguna

                kilikilika loretan

                Egun sentiko

                brintzen diztira

                ihitz tantotan olgetan

                Ihitz tantotan

                olgetan eta

                loretxoekaz berbetan.

 

        Eta beste au, Anoeta'n abestua. Iru bertso eskatzen ziran sei puntu edo geiagokoak gai ontaz: «Ijitu kastako aurtxo bat aurkitu dabe kalean, otzez dardarka ta gosez». Bertsolaria, umetxoa besotan artu ta kantari:

 

                Ene hartxo maitea

                ez duzu atsegin.

                Kale ertzean hotzik

                txakurren berdin,

                zure ama zer gauzak

                ote du eragin?

                Bere haurra honela

                baztertua zedin,

                duzu mila samin,

                zaite nigana jin,

                egiten dizut zin;

                saiatuko naiz fin

                mundua zuretzako

                ederra dedin, (bis).

 

                Zuretzat izan nai dut

                aita eta galai,

                zuri kantuz dagoen

                goiz-txori alai;

                maitez laztan itzazu

                lore eta zelai;

                haziko zaitut, haurtxo,

                sendo eta ernai;

                ni nauzu zure kai,

                nauzu irrien zai,

                nai nuke izan gai,

                esan eidazu bai,

                ta geiago malkorik

                ez dut entzun nai (bis).

 

                Haur txiki bat honela

                baztertu beharra,

                ama zintzo batentzat

                ez al da larra?

                Baina bukatu zaizu

                zure ezbeharra,

                eta jaso egizu

                ta zabal bularra,

                bizi nahien garra,

                eta zure indarra;

                ta gero izarra,

                bihotzeko haurra;

                nik irri egingo dut

                zure negarra (bis).

 

        Onez gaiñera, Jonek baditu iru diska be, bat, txikia, bere abestiz ornidua, eta beste biak, bere aitarekin batera.

 

Bilaketa