literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal olerkariak»
Santi Onaindia

Egilea editore, 1990

 

Biktoriano Gandiaga

(1928-....)

 

        Euskalerriko bazter ezkutuak, gizaldiak zear, euren frutua emon dabe. Lur emokorrak alakoxe laborea ekarten. Baita Gernika'tik ur-samar, mendi-kate gaiñean txairo ta lirain daukagun Mendata'k be. Gaiñez, soloz ta basartez ingurutatako erri aizetsu au or daukagu beti alai ta langille.

        Ementxe jaio zen Gandiaga olerkaria, Aita frantziskotarra, bere bizitza guztia Arantzazu'n daroana, 1928'ko urrillaren 8'an, Orbelaun baserrian. Ume-egunak bere errian igarorik, 1940'an Arantzazu'ra doa. Lekaide izan nai dau. Arantzazu, Foru, Zarautz ta Olite'n osotzen ditu bere eliz-ikasteak. Ondoren Kristoren zerbitzari leial izateko 1954'an Gotzaiñaren esku-ezarte ta orio-igurtziz sagaraturik, arrezkero guztian Arantzazu'n lan dagi, gazteen irakasle.

        Arantzazu'ko bakartean —bakartadea ete da gaur?— bizi da mendatarra. Begiko jakoz ango mendiak eta trokak. Eder jako Urbia, ango ardi ta artzaiñakaz; Aizkorri eder jako bere arkaitz irauli zuri-urdiñakaz; eder goi ta bee, ango edur ta trumoi otsakaz. Atsegin jakoz gazteen biurrikeriak eta Ama Birjiñaren eliz-eresi ta kantuak; atsegin jakoz inguruko artzaiñaken baserritarrak, zaar, gazte naiz umeak. Atsegin baita birako zaartxoen euskal esaera ta ipuiñak, sorgin eta lamiñen negar-erostak.

        Noizik-bein, ezkutu aretatik urtenda, errietako apaizai lagundu dautse arima zaintzen autortu ta Jainkoaren itza atsegiñez. Eta andik atera dauan zeregiña amaitu ostean, barriro doa bere bakartegira, urriñeko ibiltaldia burutu ondoren bere arkaitz-kabira biurtu oi dan arrano egalariaren pareko.

        Eta betiko lanari josita, ortxe bizi da pozik, jainkoaz eta Onek mende ipiñi dautsozan giza-sorkariakaz. Olerkari bait da, eta olerkiak, ots, mendi arteko ixiltasunak erakarri ta zorarazten. Nun gizona ondoen? Baru-deiak intziri dagitson lekuan.

        Maite dau erria, euskal erria, bere sort-erria. Biotz-osiñean daroa, amak ezarria, erriareganako maite-sua. Bakar samar bizita be, mendi-zut malkartsu erdian, aspaldi dala sua ta argia ixuri oi dauz Arantzazu'tik, asti-uneetan bere erriaren aldeko olerki sotillak ondurik, Bai, itz-neurtu biziak, samurrak idazten ditu, erriarenganako suak eraginda.

        Onela diño berak:

 

                «Kezkatzen bait nau

                herstutzeraino

                neure Herriaren

                zoriak.

                Hautsiak ditu

                araunak eta

                arrakak ditu

                ontziak.»

 

        Erriak ikutua dabil biotz-biotzean, eta mindua. Orrela ba'lebil euskaldun jentea osorik, ez giñake izango ain barregarri. Ez legoke, ez, gure askatasuna oren murriztua. Ezta gure euskera be, orren itxia ta marroiza!

        Eta idatzi egiten dau Gandiaga'k bere erria itxartu daiten. Euskal lanak, olerkiak bialtzen ditu «Aranzazu», «Euzko-Gogoa», «Egan», «Olerti» ta olako aldizkarietara. Sariak eskuratzen dauskuz, Zarautz'en lenengoa, 1950'ko abustuaren 8'an, bere olerki Begion Lore deritxonarekin. Orobat dagi, 1956'an, Arantzazu'ko konkurtsoan, Elorriko Lorak lanarekin; bardin, 1959'an be, bigarren saria lortzen dau Bedoña'n Lelo samurrak lanarekin. Ondoren bere poema «Elorri» argitaratzen dausku, beronegaz «Jose Antonio saria» jasorik, 1963'an. Urrengo urtean «Olerti» saria eskuratu eban.

        Dagoneko lau olerki-liburu argitaratu dauskuz Gandiaga'k: 1) Elorri (1962); 2) Iru gizon bakarka (1974); 3) Uda batez Madrilen (1977), eta 4) Denbora galdu alde (1985). Liburu txikiak dira, Elorri'z kanpo, baiña poeta gaillen bezela igartzen dabe askotxok. Astitsu ta zorrotz onduak dira Gandiaga'ren lanak.

        Edozek dar-dar ipinten dau olerkariaren barrua. Nun-nai daurki Gandiaga'k poesirako gai sotilla. Ona au: Urbia'ra igon da, ta beerunzkoan pago azpian, orbelpean, uraren ots meeaz oartu da. Eta ederki asko biribiltzen ditu zortzi estrofa aurkitu dauan urzintz zarata gitxikoari eskeiñiak. Ona leenengo biak:

 

                «Menditik dator erreka,

                dolmenak ditun menditik:

                menditik behera, korrika;

                menditik baten uherka

                iturritik itsasora.

 

                Menditik dator erreka:

                udan geldiro jeisten da,

                itzaletik itzalera,

                giro gozoz apalduta».

 

        Esana dot gorago: lan txikiak eder jakoz Gandiaga'ri. Baiña pentsamentuz beteak; orrela egin oi dau Parnaso'rako bidean goi-samar dabillen koplariak. Mendatarrak ez dau itzik, ez abotsik, ez kitarrarik. Ba'leuko be, ez daki joten, ez dau musikarik... Zer egingo ete? Naia bakarrik dauan arren, nai orrei lotuko...

 

                «Hitz urri batzuk

                dauzkat bakarrik,

                ta abots kraskatu bat.

                Ta neure urrian,

                ez dut kitarrarik.

 

                Ta, baneuka ere,

                jotzen ez bait dakit,

                alferriko nuke.

                Ta, neure urrian,

                ez dut musikarik.

 

                Ta kantatzekoan,

                abots kraskatu bat

                daukat ahoan.

                Ta, neure urrian,

                kantatzen ez dakit.

 

                Ta, ezer ez dakit,

                ta ezer ez daukat,

                neure herria baizik.

                Ta, neure urrian,

                ez dut neure, kausik.»

 

        Alan be abestu barik ezin etsi. Ta bere urrian, kantari diardu, naiz-ta bear bada, alperrik. Orrelaxe dogu Gandiaga, pozak, naiak, esperantzak eta etsipenak gainditua. Olerkariak kezka bat dau barruan, biotza zauritzen dautsona.

        Arrasti baten, Arantzazu'tik Oñati'ra datorrela, motozerraren ots zurruna entzuten dau bide azpian. Urrumaka diardu burdiñeak, kaamotzak baiño arima motzagoa dauanak; aritz-tantaiari eldu ta, erpaz ta aoz, rra-rra beera botatzen dau. Eta Euskalerria datorkio beingoan gogora olerkariari, eta idazten dausku:

 

                «Telebista dugu motozerra,

                eguneroko prensa ta zinema

                ta radioa ere motozerra,

                eta, eta.

                Haritzak bezala

                euskaldunak, eta

                hariztiek bezela

                euskal herriak,

                motozerrak, rra, rra,

                burnizko urruma

                urruka dariola,

                Herri euskalduna

                ebaki darama.

                Baiña motozerra

                ez da erru guztia

                bere gain duena.»

 

        Onakoxea dozu B. Gandiaga'ren olerki-lana: txikia ta mamintsua, irudikizun xarmantez josia. Gaurko poesiak ez ei dau bear musikarik, ez barne-igierarik, ritmurik: olakorik bakoa dala dirudi bere olerkia. Baiña azalekorik ainbeste ez ba'dau be, barnekoa bearko. Poesia ezta itza bakarrik, baita musika ta ritmu be; eta aunai ezpada gaur, beste zerbaitekin utsune ori bere bear. Bestela gaurko musika pop antzera, iskanbil utsa besterik ez jatzu izango gure euskal poesia.

 

Bilaketa