literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal olerkariak»
Santi Onaindia

Egilea editore, 1990

 

Gabriel Aresti Segurola

(1933-1975)

 

        Bilbon jaio zan 1933-10-14'an, eta berton il zan 1975'an. Merkantil maisua, 1953'tik. Naikoa idatzi eban, olerkari ta antzerkigille lez. Guatemala'ko «Euzko-Gogoa»-n datoz bere lenengo poesiak, gero «Egan», «Euskera», «Olerti», «Zeruko Argia»-n eta olakoetan jarraituz. Gaia: Literatura ta teatrua batez be.

        Poesi barrutian, bide zaarrak eta barriztatzen joiazan, ots, Lizardi, Orixe, Lauaxeta eta onein taldekoena saiets itxi ta etenik, orduan modan egoan eta andik laster urbegi ta puztilla lez ezereztu zan poesi sozialari emon eutsan. Gaur ia iñok be aitatzen ez dauna, ain zuzen. Aurreko aroa agortua ei zan eta barriaren asi naia; baiña artetan urte asko igaziak diran arren, euskal literatur poetikan aurreko areik dirala diñogu eredu illezkor.

        Aren lanen artean poesi arlokoak bakarrik aitatzeko, begoz emen oneik:

                — Maldanbehera (1959).

                — Harri eta Herri (1964).

                — Euskal Herria (1967).

                — Harrizko Herri hau (1970).

                — Azken Harria (1971).

        Gerra aurreko ta osteko gaur ere gure olerkarietan onenentzat joten dabezanak zapuzturik, Mirande ta Krutwig artu ei zituan jarraigarri. Krutwig'ek 5 bat oler-lan daukaz, Mirande'k geitxoago. Europear poesi ugari irakurri ei eban Aresti'k; irurok be, askoren eritxiz, ez eutsoen mesede aundirik egin gure izkuntzari. Alan be, euren saillean, ez dira arbuiagarri.

        Naizta laprastean begoz emen aitaturik aren antzerki-lan berezienak be:

                — Mugaldeko herrian eginikako tobera.

                — Etxe aberatseko seme galdua...

                — Justizia txistulari.

                — Mundu munduan. Eta abar.

        Lenengotik asi zan bere lanak sariketara bialtzen. Eta askotan sarituak izan ziran aren oler-lanak. 1959'an lenengoz, Bedoña'n Loramendi'ri egin geuntson omenaldia, bere Malda behera lanaz. Orobat Lizardi saria jasoaz. Aren teatru lanik geienak «Egan»-en datoz.

        Aresti aurrenik olerkigintza zaharrez asi zan. Olantxe dago «Maldan behera» adibidez. Ikus: ariztian dago poeta, eta bere lenengo estrofetan lez, anbakea ta giroaren ederra adierazten ditu, bertso ondo neurtu (6/7) eta errimaz ondo oskidetuz. Ona 5 aapaldi:

 

                Orain hemen nago, eremu latz honetan.

                Nire gurariak galdurik, lur hauetan

                arbola agar-gabeen parea naiz orain.

                Landare zekenak baitaduzka eremuak,

                erratzak arean, haitzetan kalamuak,

                nire arima dago mirari baten zain.

 

                Eztago zeruan egun hodei batere,

                Denpora sikuak garantzen ditu bere

                ordu miragarriak sekula batean.

                Zerura begira egoten naiz luzaro,

                izarren esnetik edaten dut oparo,

                baina egarri bizia daukat bihotzean.

 

                Azken eremuon natzalako artinik,

                hezur-lekuetan eztaukat zer-eginik

                ta iruten dut astiro itogin sikua,

                nundik egunotan doakidan bihotza,

                entzun eztelako urlasterraren hotsa,

                apur bat busti dezan lurreko kolkua.

 

                Eztut gaur ezer jan, eztut horren beharrik;

                eta gau osoan egondu naiz itzarrik,

                kandeletan ikusiz eulien bagalak.

                Barauetan eztut oinazerik aurkitu,

                bakarrik egoteko asmotxo makalak

                eta lo-gelak benedikatu ditu.

 

                Eremuak ere dauzkalako mareak,

                bebera eta gora egiten du hareak,

                ta nire gorputzak ezin egon zutik.

                Arroken ostean agertu den etsaia

                ene begian da baratzeko galaia,

                itsuki baitiotsak: Ken hadi hemendik!

 

        Onelaxe darrai poema eder —ezkutu samar— onek. Eremu oiantsu artan irakurriak zitun orduko F. Nietzche, T.S. Eliot eta antzekoak, baiña ildo ortatik jarraitu ba'leu, askoz euskal poeta gaillenagoa genduan Aresti. Gero joan jakun, Arana'ren eskola ta garbikeriai muzin egiñik, euskera kultoa barik erritarra erabilten. Diñoenez, onek ondatu eban Aresti. Urtez urte obeagotuz joian euskera itxi ta, iraizeko barrikeriari itsatsiz, pentsakeraz eta literatur maillaz jatsi jakun. Erlejiñoari dagokionez be, batzuk, Aresti'k ez euzkan ideiak —arekin ortaz sarri jarduna naz— bilbotarrari ezarten saiatzen dirala dirudit.

        1963'an poesi-konkurtsoa Tolosa'n Orixe'ren goratzarrez. Aresti'k jaso eban lenengo saria Harri eta Herri olerkiagaz. Jose Maria Iparragirre saria zan. Ona poema luze orren zati bat:

 

                Ezer eznaiz, eznaiz ezer, ezpada

                naizena.

                Ni naiz naizena, bai, naizena, ez

                eznaizena.

                Ni naz nirez,

                nire borondotez, naizenaren borondotez eta birtutez,

                nire pentsamentuen eta sentimentuen indarrez.

                Bidean nago (bai lege gogorra,

                hain ordenamentu eskapu gabekoa),

                bukaera batera. Hara noa eta

                eznaiz bildurtzen, ez eznaiz

                bildurtzen, ez, eznaiz

                bildurtzen, ez, eznaiz

                bildurtzen, ez.

                Dena doa eztenaren bidean,

                eta egun batean ezer ezta izanen, ezpada

                ezer eztena. Ez, Bai. Ni naiz naizena,

                eznaiz ezer ezpada

                naizena, ez, izaren eznaizena.

                Eta hau da, bai eta ez, orain eta beti eta lehen,

                nik diodana,

                eznaizena eta

                isiltzen dudana.

                Nire pentsamentuen graziaz eta birtutez.

                Bai. Naizena. Diodana.

 

        Bai, esaten asiz gero, poetak ere lelokeri politak asmau oi ditue. Zer esanari su emotearren askotan, ez egia dalako, ez barruan ori siñisten dabelako. Aizeak bereak egiten ditu osto igerraz.

 

Bilaketa