literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Euskarazaintzako beste idazle baten gainean

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-XII-24

 

        Pasa den hilaren 13an Estanis Urruzola Uxola jaio zeneko 90 urte bete ziren, eta gurean nahikoa oharkabean igaro bazitzaigun ere, ezin ukatu geure garaiko euskal idazle naroa eta maratza izan zela, antzerti arloan bereziki; bere ospe apalaren arrazoietako pisuzkoena, segurki, Euskarazaintzaren kide izatea dateke, aberastasun zabal baten adierazgarri beharko lukeena, baina euskara kontuetan guztiz jarrera txauvinista eta fundamentalista samarretara goazen egunean traba baizik ez dena. Esan bezala, Estanislao Urruzola Bitoria 1909.eko azaroaren 13an jaio zen Tolosan. Komertzio ikasketa apurrak bertako eskolapioetan buruturik, gazterik-gazte hasi zen idazkola batean langile, eta gazterik ere EAJko bazkide gartsu izan genuen. 36.eko gerratean gudari ibili zen Itxarkundia batailonean; Laredon errenditu ostean, giltzapeturik ibili zen espetxez-espetxe —Mirandan, Bilboko Eskolapioetan, Larrinagan, Puerto de Santa Marian, Yeseríasen, Valladoliden, Ondarretan...—, harik eta 1947.ean Bruselara joateko aukera profitatu zuen arte. Belgikan dozena bat urte eman zituen ixilpeko sindikalgintzaren arloan langile porrokatu, 1966.eko Nazioarteko Kristausindikalisten Batzarrean euskal ordezkari ihardun zuelarik. Franco garaiko ondar urteetan Euskal Herriratu zen, alabaina, poliziaren espainiarrak ez zuen bake ederrean utzi, eta susmopean behin baino gehiagotan atxilotu, galdekatu eta baita gartzelaratu ere egin zuen.

        Urruzola idazle goiztiarra izan zen, eta lan gutxi argitara eman bazuen ere, egile emankorra izan genuen izan, lan zabaleko egilea duda izpirik gabe, Santi Onaindiak definitu bezala, «gizaseme griñatsu ta ziri-mara, idazle aspergaitz, teatru-zelaian batez ere». Gerra bitarteko aldizkako hainbat argitalpenetan hasi zen idazten Urruzola, betiere Uxola ezizenpean: EAJren sarean argitaratzen ziren Euzkadi eta Eguna egunerokoetan zein Lan-Deya ELAren paperean, edota Nafarroako kaputxinotarren Zeruko Argia aldizkarian. Erbestera joan zenetik 1986.ean zendu zen arte, berriz, bestelako argitarapenetan ere agertu zizkigun bere lanak, esate baterako, Agur-en, Argian-n, Egan-en, Euzko Gogoa-n, Goiz Argi-n, Olerti-n, baita Euskarazaintzaren paperean ere, Herri Akademiaren idazkaria izatera iritsi zelarik.

        Arlo literario guztietan saiatu zen Uxola. Itzultzaile trebe eta aukeratua, Georges Simenonen La de pendu Saint-Pholien —Liejako urkatua—, Edgar Wallaceren Iron greep —Burni atzapar—, eta François Mauriacen Noeud de vipères —Sugegorri korapilloa— hiru elaberri irauli zizkigun, zeinetarik Mauriacena bakarrik eman zen argitara Kardaberaz bildumaren barruan; Andreieven, Andersen anaien eta Dickensen hainbat ipuinekin sorta ederra osatu zuen, baina gogokoen zuen antzerki arloan burutu zituen bere itzulpenik gehienak: Rabindranath Tagoreren Erregeren karteroa, Mauricio Rosencofen Zaldiko maldiko biurria, Alvarez Quinteroren Doña clarines —Andra txintxarria—, J. Conty eta G. Visanten Le hockey, Bernard Shawen Pigmalion, eta abar luzea.

        Hitz lauz berauk sortu lanen artean izkiriatu zituen ipuin ugari eta lau elaberri aipatu behar ditugu. Uxolak izkiriatu aunitz ipuin aipatu aldizkako izparringietan azaldu zaizkigu —Auñamendi Literatur Entziklopediaren laugarren alean Egan-en agerturiko «Martin Txintxo eiztari» ipuina jasorik dugu irakurgai erakusgarri—, alabaina ez da zalantzarik ezagunen gertatu zen istorioa Zotaletxeko artzaia izan zela, bada, ipuin honekin irabazi baitzuen Arantzazuko urte jubilarra zela eta 1956.ean iragarri lehiaketa literarioaren lehenbiziko saria. Aipatu lau elaberriak, aldiz, Andoni, Xixorien gertaerak polizi-idazkia, Wester giroko Pelotariak, eta Oiartzun inguruko sagardotegi batean girotu Ezpalak dira. Honako azken hau 1971.ean Agur-ekoek antolatu «Gotzon Garitaonaindia» literatur lehiaketaren bigarren saria izan zen, eta, tamalez, lauetarik argitara atera den bakarra izan da, Kardaberaz Bazkunakoen eskutik; liburu honek, bestalde, egileak senitartekoa zuen Antonio Maria Labaienek eginiko «Atari-izketa» labur baina adierazgarria dakarkigu aurreneko orrialdeetan, non elaberriaren ezaugarriak zuzenki xehatzen zaizkigun: «Elaberria irakur erreza dezute ipui tankera zalu ta argian idatzita. Elkarrizketa ugari samarrak dauzka ederki josiak eta bizitasuna aundia gertakariei ematen diotenek. Guztiea esaera eta gogai errikoiez aberastua atal bakoitza neurriz tajutu ta borobildua dago. Aria galtzeke jostuna konta-katillu trebea degu». Olerkaria ere bazen izan Uxola, maila apalagoan izanik ere, eta 1964.ean Donostiako Euskal Jaietan olerki mailako bigarren saria eskuratu zuenetik, gailendu izan zen bestelako sariketetan ere, Zarauzkoan zein Errenteriakoan besteak beste.

        Guztiarekin ere, antzerkia izan zen Urruzolaren arlo hauta, itzulpengintzan eginikotik aisa atzeman daitekeenez. Berrogeita hamar bat inguru antzerkilan egin zituen, haietariko asko ta asko bere momentuan antzeztuak ere izan zirenak: Aitorren altxorra, Andragai bat Arregi baserriko, Azkatasun garratza, Barkapena, Begi ta biotz gabeko aragi multzoa, Beltza, oa askatasunean, Billaua bainan billauagoa, Biok... Jeolimo, alajaiña!, Biotz zekenak, Buzokiko bost ziran, Ekintza: Polonia, Eskalearen eguberria, Eskergaiztokoa, Eskolari piper, Espetxeratu 2000, Euskal mendien eskontza, Ezkontzeko deia, Gorrotoaren emaitza, Gurutz ori nere bizkarrean artuko det, Ikastolaren aurrean pastel bat, Indarraren legea, Iñakitxoren altxorra, Iñauterietan, Itzulera, Kontuz Dalilaren, Lapur eta maltzur, Larreborda emen izan zan, Lau lore erregin batentzat, Lengusu amerikanoa, Mamuxka, Marrubiak, Neronek nere alaba galdu nuen, Odol urdiñekoak, On egiteagatik irakasle, Pernando amezketarra, Perretxiku batzaldia, Salkindaria, Sor Gurutze, Untzabeko kimu berriak, Yolanda,...

 

Bilaketa