literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.115 idazlan
7.826 esteka / 6.314 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Dantza euskal literaturan

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-5-5, 1995-5-12, eta 1995-5-19

 

        1. François Marie Arouet, Voltaire bezala ezagunagoa zen pentsalari frantsesak, bere 1764. urteko Comtes philosophiques lan mardulean euskaldunak Pirinio bortuetako bi aldeetan dantzan aritzen den herria dela argikiro plazaratu zion Europa osoari. Eta ez da gutxiagorako. Badituela bi aste eskax, nonbait poxi bat bederen zemait talde handinahik boikotaturiko Nafarroako dantzari eguna egin zela ospatu. Bertan 700 gorako dantzari bildu zen non eta Tutera batean. Esanak esan ere estonatzeko. Igande hontan berriro ere Euskal Herri guzietako egun beretsua dugu ospagai Gipuzkoako Oñati bizkai herri gardenean. Proportzionak zuzenak badira behintzat, gutxienez 120 taldeetako 5.000 dantzarik aisa elkarkide ihardungo du ikurrinaren azpian Agintarienean. Beste horrenbestek Larrain Dantzaren urrats korapilo laberintikoan, Lizarrakoei laidozkagarri paira arren. Euskaldunek dantzarekiko erakutsi grina berezi honek ere badu bere islada literaturan, bere fruituak. Nork ez du bestenaz Iztuetak laurkitu lan gerruntzetuaren berri noiz edo noiz aditu? Nork ez du irriparre maltzur ixila barneratu Frai Bartolome karmeldarraren liburuak izenburutzat eskeintzen duen ele errenkada arraildua irakurtzen hasterakoan? Alabaina, bi izen hauek baino aunitzez gehiago badira dantza bera gaitzat aukeran izan duten euskal izkiriatzaileak.

        Manuel Larramendi Leizotz bailarako Garagorri izeneko baserri andoaindarrean sortua dugu 1690. urteko abenduaren 24 batean. Lagundiko kide sonatu honek, bestelako lan ospetsuez gainera, esaterako 1745. urteko bere Diccionario trilingüe, bazuen idatzi 1882. urtean eta Barcelonan Fidel Fitak argitara eraman Loiolako artxibutegian zegoen Corografía o descripción general de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa, 1756. urte inguruan txirikordatu bide zuena. Liburu honen hitzaurrean beraxek diosku XVIII. mendeko Gipuzkoako deskribapen hau egitera bultzatu zuen arrazoirik nagusiena. 1752. urtean Murillo izeneko beste lagundiko batek Geografía histórica ondu zuen, eta Euskal Herria deskribatu zuenean, garaiko aztura arruntari jarraikiz herrialdeak oro vizcaíno izenez berdintzen zituen. Hau da bereziki andoaindarra aztoratu zuena. Lantxo honekin, bestela, Larramendi lehengo euskal folklorista bezala dagerkigu, Iztuetari aurre hartu ziolarik. Dantza mota guzien zerrenda moldatu zuen, banan banan berauen berezitasunak erabilerarekin batera emanez. Ondoan, Gipuzkoako dantzen zilegitasuna aldarrikatu zuen lau kapituloetan, dantzen aurka zeuden misiolari latz ertsiei arrazoiak azalduz.

        Hauetariko misionista bat 1708. urtean Oiartzunen sortu Sebastian Manuel Mendiburu Olano dugu, noiz edo noiz euskal Cicerotzat jo izan dena. Lagundian 1725. urtean sartu, eta bere ikasketak burutu ostean, Iruñera etorri zen bere lan izpirituala burutzera. Bertan 30 urte eman zituen, Nafarroako herri euskaldun aunitzetan misioak burutu zituelarik uda partean. Berari eskerrak Jesusen Bihotzari debozioa zabaldu zen eta hamaika kongregazio sortu zituen kulto honetarako. Aipatu misioen ezaugarri errepikakor bat dantzeen aurkako saioarena daukagu. Askotan Mendiburuk dantzak kentzeko promesa eskatzen zion herriari, eta badaezpadaere, udalaren aldetik dantza galerazteko akordioa lortzen ahalegintzen zen. Horrelako zerbait gertatua zen Azkoitian eta Azpeitian 1746. urtean, edo Ordizian eta Lazkaon 1747. ean. Bere dotrina garbiki azaldu omen zuen jada galdurik dagoen idazki honetan: Christau dotrin edo catecismo lucea. Hiru tomotan egina zegoen eta 700 orrialde baino gehiago bazituen. Ezezaguna den arrazoiren batengatik, eskuizkribua desagertua da eta egun ez da horren aztarna edo arrastorik geratzen. Orduan probintzi burua zen Idiakez aita, Loiolako erretore zen aita Bermejori 1764. urtean igorri gutun batetan honela mintzo zaio: «Al P. Sebastián de Mendiburu le he ordenado remita a Vd. cierta obra en vascuence que quiere dar a la imprenta. Luego que Vd. la reciba, estará con los padres Larramendi y Cardaberaz, a quienes suplicará en mi nombre tomen el trabajo de releerla». Kardaberaz oso lanpeturik zegoelako edo, etzuen lan hau burutu, eta Mañerukoa zen Aita Alustiza batek bete behar izan zuen eginbide hori. Alustizaren eritzia guziz aldekoa izan zen, baina Larramendirena etzen bat etortzen puntu batetan, dantzarenean alegia. Hiztegigileak egin zensuran horrela adierazten dio: «Puede imprimirse la obra dejando lo que trae de las danzas, pero no puede imprimirse con ellas».

 

        2. Larramendi lur eta zur geratu zen Mendiburu dantzaren aurkako ahaleginak egiten jarraitu zuelako. Honek buruturiko zenbait misio aipatzen zuen, zeinetan dantza debekatua izan zen, eta «hubo más niños expósitos que en 20 años con las danzas». Bestetik, Mendibururen kontrazensura ere gogorra bada. Beste gauzen artean, misioetan herriak erakutsi maitasuna gogoan zuen: «Cuando me acuerdo de las demostraciones que hicieron conmigo los de San Sebastián, cuando concluída mi misión de 1745 salí de allí, se me cae la cara de vergüenza, pues aunque fuera santo no podía haber visto mayores». Halaber Andoaingo semeari zera oroitarazi zion, bera bakarrik etzegoela dantzen aurkako kruzada horretan, izan ere Azpilkueta, Lesaka, Azkoitia, Asteasu, Oiartzun eta beste herrietako erretorek bere eginahalak egiten baitzituzten gai horren gainean. Azkenik, dantzaren egoera Nafarroan deskribatzen zuen, eta argikiro uzten zuena hauxe zen, han egiten ziren dantzak desberdindu behar zirela Gipuzkoan egiten zirenetatik, askozaz ere likits laban lizunagoak, eta finean, arriskutsuagoak zirela klarki esanez.

        Etziren soilik lagundiko anaiak zio haietan sarturik ibili ziren apez bakarrak, frantxikotarrak ere hekien gora beherak izan baitzituzten dantzak zirela eta etzirela. Ezin da ahantzi misio santuak euskal herrietan orotan barna burutuak izan zirela, eta hauxe aitzina eraman ahal izateko fraile txipiek misionisten egoitza berezia sortu behar izan zutela Zarautzen, honezkero bazuten lekaidetxe zaharrean. Etxe honetan, eskola izenekoa, usu aritu ziren euskal idazle naroak, hauetariko batzuk gaurkoan guri arras egokiak suertatzen zaizkigunak, hala nola, Palacios eta Añibarro.

        Oñatin 1722. urtean sortu zen Franzisko Palacios Lezetak gaztetarik jada Zarauzko misionista frantxikotarren eskolan sartzeko erabakia hartua bazeukan. Bere bizitza nekoso eta pribazioez beterikoak, predikazio eta konfesionarioan egin lan itzelarekin batera, santu fama ederra bereganatzen lagundu zion, eta horregatik ezta batere harritzekoa jazotzen 1804. urtean hil zenean herritarrek haren gorpujantzien puskak eramatea errelikia gisa. Halere egungoan guri interesgarria agitzen bazaigu bestelako arrazoiengatik bada, eta nonbait zehatza izateko, Iruñako Longasen moldiztegian 1791. urtean agertu zuen 250 orrialdetako liburu bat dela eta: Respuesta satisfactoria del colegio de misioneros de N.P. San Francisco de la N. V. de Zarauz a la consulta y dictamenes impresos por la N.V. de Balmaseda con ocasión de una proposición sobre bailes.

        Lan honen arrazoia, izenburuan bertan agertzen den gisaz, hauxe izan zen: Santandereko gotzaina zen Rafael Tomás Menéndez de Luarcak igorririk, Zarauzko komentuko bi misionistek, Felipe Landa eta Antonio Arteta hain zuzen, beren lana egitera Enkarterriko Balmaseda herri bizkaitarraren bideari eutsi izan zioten. Misioak aurrera garatu ahala, dantzaren gaia ere azaldu zen, eta antza denez, horren bortizki erasotu egin zuten, ezen hiriaren agintariek, zalantza guzien behingoz argitu nahian, gaiari buruzko galdetegi sakon eta korapilatsu bat prestatu zutela, eta orduan zeuden teologo eta jakintsuei helarazi zioten erantzun fidagarriren baten lortzeko asmoaz.

        Galdetegi hau emaitzekin batera, argitaratua izan zen Balmasedan bertan 1789. urtean, eta agertu ziren ale gutxietariko bat Zarauzko lekaidetxera igorria izan zen. Frantxikotarrek, nolabait gogorkiro beltz asaldaturik, Palacios aitari erregutu zioten erantzun baten emateko, eta ihardespen hori bera gorago aipatu idazkia dugu. Nahiz eta hauxe erdarazko lan bat izan, Zarautzen bertan dauden Palacios aitaren eskuizkribuen artean badira Gipuzkoako euskaraz eginiko poliki sermoi ugari, zeinetan gaia modu batez edo bestez, artez edo moldez, agertzen baita.

        Palacios honen etxekidea eta aldi berean konfesorea zen Pedro Antonio Añibarro Ugalde Billarotarrak ere zenbait idazki utzi zizkigun gaiarekin lotuta daudenak. Inportanteenak Misionari euscalduna cristiñau dotrina ta sermoiac bizcai errietan iracasten izenburupean izkiriaturik dauden ia 500 orrialdetako bi liburuki eskuidatziak ditugu. Añibarrok dakarkigun dantzaren inguruko hain eztabaidagarriak suerta dakizkigukeen dotrinak bigarren liburukian ediren ditzakegu, 22tik 45ra doazen orrialde errenkadan, eta 66. eta 67. dotrinei dagozkienak dira zehazki. Seigarren mandamentua hausten duten gaitz guzien iturria litzateke dantza Añibarrorendako, eta halako pekatu arriskutsu batez iharduteko bi dotrina hauek ondu zituen, ondoan ipini zenbait adibide benetan bitxiekin batera.

 

        3. Juan Antonio Mogel Urkizak ere zer edo zer berri bazioskun dantzari buruz. Sortzez eibartarra markinarra izatez Xemeingo erretorea zenak ondu Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac edo cembat gauzac lagundu behar die confesio ta comunioari ondo eguiñac izaiteco idazkia 1800. urtean Iruñean agertu zen, Ezkerroren alarguntsaren moldiztegian hain zuzen, eta hortan adibide ezin garbiago dugu bere pentsaera atzemateko. Peru Abarkaren sortzaileak egin lan hau askozaz ere haundiagoa omen zen eskuizkribu baten zatia baino ez dateke: Catecismo bascongado, cristiñau eracasle euscalduna. Ale hau lehenengo bost aginduen azalpena dugu, hogei sermoietan egina. Hasiera batean arazoak egon ziren lan honen argitara eramateko, baina Carlos IV erregearen ministraria zen Luis Urkixoko euskaldunari esker, arazoak desagertu egin bide ziren eta esan urtean agertu zen Euskal Herriko hiriburuan. Liburuak elkarrizketa itxura aurkezten du, galdera eta erantzunen bidez. VIII. erakastearen bukaeran, bai arto xuriketen ohitura zaharra nola dantzaren aipamenak badakartza saminki galarazteko.

        Dantzaren gaia ukitzen duen beste idazlea gure bihotzekoa den Joatxin Lizarraga Iragi dugu, Eguesibarreko Elkanoko semea, eta aita, Migelena etxean 1748. urtean sortu zena. Bere jarrera, On Satrustegik aspaldi Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitara eramandako sermoi eder batetan agertu zuen Elkanokoak, «Sermo in festo rosarii» predikuan alegia. Honetan, Elkanoko mezeteetan bertan predikatua, erdiko jarrera mantentzen zuen, dantza berez pekatua etzela esaten zutenen artean, eta bi sexuen artekoak zalantzakorrak suertatzen zaizkienen taldean: «Eta guizónqui ta emastéquin danzagóiec errietán Patrono Sanduen jaietán nondic etorri diré? Norc paratu? Jangoicoac, ez; ceruco aingueruec ere ez. Norc bada? Aditzen nago diotena cembaitec berén colcoan. Eztaquit cierto, baña sospechatzen dút. Aguintzendéna dá pleituguisabát danzagenerogorrengain: batzuéc diótela nolanai itsuquiro eztéla becaturic ortan; bercebatzuéc guziá becátu. Ayec lazóegui, erchiegi ebéc».

        Bestelako zioak ziren Juan Ignazio Iztueta Etxeberria kezkatzen zutenak. Honezkero oso famatua da Iztuetaren idazkitxoa, famatuegia apika. Zaldibiakoak Ignazio Ramon Barojaren moldiztegian atera zuen argitara 1824. urtean lehenbiziko aldikoz dantza giputzaren katezismoa: Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia, beren soñu zar, eta itz neurtu edo bersoaquin baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere. Bi urte beranduxeago, lan honen epigonoa moldeetatik jalgiarazi zuen, paper musika bilduma alegia, izenburu honen pean, Euscaldun anciña anciñaco ta are lendabicico etorquien dantza on iritzi pozcarri gaitzic gabecoen soñu gogoangarriac beren itz neurtu edo versoaquin.

        Zenbait urte lehentxeago, 1819.ean espreski, beste lan ospetsu bat agertua izan zen jada. Bartolome Madariaga Garate karmeldarra, Bartolome Santa Teresakoa edo Frai Bartolotzat hagitz ezagunagoa zenaren Iruñean argitaratu Euscal errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco gatz ozpinduba. Berezia agitzen da nonbait Iztuetak lan honen berri ez ematea. Honek, dena den, ez du esan nahi ezagututa izanen ez zuenik, Egia esan, bi idazleren artean bada lehia bortitza, Plauto vascongado izeneko lan saila agerian geratzen den legez. 1826. urtean, Lécluse izeneko frantses jakintsuak argitaratzen du bere Manuel de la langue basque. Bere sarreran aspalditik gertatzen ari zen mugimendu baten berri ematen du: Plautoren Poenuculus komediaren 5. aktoaren lehendabiziko eskenako 16 lerro, eta komediaren argudioaren arabera, punikeraz omen daude, edo ikerlarientzako ezezaguna zen hizkuntzaren batetan behinik behin. Azken ikerketen arabera, latinezko bertsoak besteen itzulpen zuzena ematen zuten, eta hala izanik, hebraieraren bitartez azaltzen saiatu ziren. Ikerlari zenbaiti ez zitzaion ideia ona iduritu, eta euskararen bitartez azaldu nahi izan zuen, haien artean Lécluse zegoelarik. Honek Iztuetari eskatu zion euskararekin pareka zezala, beste ikerlari batek gauza bera Frai Bartolomeri eskatu zueno. Honek, besteak bezala, bere interpretazioa egin zuen. Bi informe hauek Frantziako Tolosan bildu zen batzar batek epaitu zituen, eta erabaki egin zen Bartolomerenak ez zuela egiantzik.

        Orduan hasi ziren komeriak. Erabaki horrekin asaldaturik, ez oso ados nonbait, Etxebarrikoak bere lehengo erasoa burutu zuen lau gutunetan. Hauetan, Plautoren testuaz ihardun zen gehienbat, baina geroago ere Lécluseren gramatika gaitzetsi zuen. Lau eskutitzak Plauto bascongado izenburutzat duen liburuan argitara eman zituen 1828. urtean Juan Jose Mogelen izenean. Hirugarren idazkian Iztuetari trufa egin zion: «Yo convengo que el señor Iztueta tratará acaso por su obra de bailes sumisos respetos aquella gente que tiene vocación para la distinguida carrera de danzantes, cómicos y mimos. Y no espere el autor por su obra más respetos del religioso y honesto país vascongado. Busque vd. sabiduría en ella. Yo no la hallo». Iztuetaren ihardespena zetorren urtean agertu zen Donostian izenburu honekin: Carta eguiten diona D. Juan Ignacio Iztuetac apez D. Juan Jose Mogueli, aita beacurtsu fraile S. Teresacoac Plauto euscaldunaren icenarequin izquidiatu duen obrachoaren gañean. Horretan horren argikiro agertzen du bere erasoa: «Bereala igarotcen da aita carmentarra nic 1824 garren urtean arguitaratu nuen obrari chirola jotcera (...). Ezagunda beraren mesedea dana araco aice belatsquiro itceguin oiduten aietacoa, ezquilac entcun jaquin bage nun».

 

Bilaketa