literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Dantzari emaniko tratamendu aldaketa XX. mende hasmentetan: abertzaletasuna moralitatera iritsi zenekoa

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-12-31 eta 1999-1-8

 

        XVII. mendean Europa katoliko guztiko herriak aztoratu zituzten zorioneko misio herrikoien iraupena neurriz gain luzatu zen gurean. Saturnino Ibarguren josulagun urretxuarraren adibidea aipa liteke, kasurako (1856-1927). Patziku Perurenak Txistulari aldizkarian agerturiko lan arduratsu bezain artez ondu batean, ohi bezala bestalde, misionista honek Leitza aldean isuririko pozoiaren berri eman zigun, 1905-1907 bitartean ziztu soinua Leitzan isilarazi zuen josulagunaz. Halarik ere, eta komunzki uste den baino usuagoak izan diren aipatu bezalakorik izan zirela jakinik ere, ahitzen zaigun mende honen hasieretan osagai berri bat gehitu zitzaion dantza arautzen zuen moralitate ertsi horri, euskal abertzaletasuna, hots. Aurreko mendeetan, beraz, hain likits eta labankorrak izateagatik oldartu ziren ingurutxo, bizkai dantza, eta eite horretako bestelako dantza nahastuak moralaren abarorako sarrarazi zituzten, estrainekoz ordea, eta beste dantza mota batek pairatu behar izan zuen erlijioaren gutxiz gehiengo zapuzkeria, Euskal Herritik kanpo zetorkigun dantzak, alegia, eta aurretik ere gertatu zen modu berean, oraingoan ere, gure idazkigintzan bere islada izan zuen norabide doitze honek, oparoki gainera.

 

        Blas Aierra: lehengo lepotik burua

        Arakilgo Iriberriko erretorea zen Blas Aierra Indak Euscaldun guratsoen arguiya edo cristau doctrina euscarazcoen esplicacionea euscal erriaren onaren deseyuz izenburuko lana agertu zuen Iruñeko San Saturnino karrikako 14 zenbakian zegoen N. Aranbururenean 1914.ean. Itaun-erantzun tankerako eliz liburu ohikoa dugu, «guratsoeri» eskeinia: «Euscaldun guratsoen arguiya deitzen dudan liburucho ontan artu dudan lana, oso escaintzen det zuei, aita eta amac. Ezdet bertze gauzic bilatzen baizic euscal errico familietaco ona, izaten duzuelaric echean berean beti escuetan ibiltzen duzuen euscarazco doctrinaren explicazionea, bear dituzue artu, bay bat, bay bertzea: bata, beti bezala gogoz zuen humeri eracusteco eta nere liburucho humil au, humec gogoz icasi dituzten gauzen explicatu eta comprendiarazteco». Seigarren aginduaz ari dela, dantzaren aipua bazekarren, behialako liburuetan antzera: «G. Zoin dire comuzqui ocasioac edo becatu bideac gaztendaco? E. Dantza debecatuac, gaurco egunean usatzen diren bezala eta tratu debecatuac elcarren artean, dela itzez, dela escribuz, dela bertze guisan. G. Cer da dantza? E. Elizaco Saindu batec dion bezala, da inguru bat ceñetan andrequia da lisstupa, guizonquia sua eta demonioa auscoa; eta orgatic ala nola ez baita posible suan sartu eta ez erretzea, urean sartu eta ez bustitzea, ala ez da posible dantza oyetara yoan eta ez becaturic eguitea edo bertzeri ez eguin araztea».

 

        Bizente Aizpuru moralista ez kristaua

        1889. urtean Ordizian sortu Bizente Aizpuru Agirrezabalek ekarpen bikoitza egin zion euskal letretako bildumari. 1930.ean Donostian agertu Nekazaritza Euskalerriko nekazarientzat ez da oraingoan guri interesatzen zaiguna, bai ordea ber urtean argitara eman zuen Gazteak garbik izan, garbitasun bidez zeoz nagusituko zerate pake ta zoriontasun bilatz. Beasaingo Leonardo Zunzunegiren moldiztegian inprimatu 1000 aleko edizio elebidun honek 200 orrialde inguru badu, erderaz lehenbizi, euskaraz gero: «Orain bada euskara atala: bidez lenbizi joan bear zuna, zergatik nere oldozkaiak ere jakiña, euskeraz bururatuak diralako ta ate sarrera baten bi jaun eztabaitzen diran erara, ele euskera apalak adei besteri aurretasuna utzi diyo. Uarrarazi bear dizuet gañera, ez direla bi atal erder-euskara abek, ziaro berdiñak; esan nai det orrekin ez direla itzak biurtuak, ez baizik gogaiak bakar t'aska lasai».

        Liburuaren helburua zera dugu, euskal gaztediak ezkondu bitartean erabateko sexu garbitasuna nola gorde azaltzea. Liburuaren kapitulu guztiak hartara dira aiduru, bata kenduta, determinismoari eta fatalismoari buruz diharduena. Aizpuruk Euskal Herriko gazteak lizunkeritan itota ikusten zituen, dantza lotua likiskeri horren adierazpenik nabarmenena zela. Haatik, apezen kontuetatik nahikoa aldendurik zihoan Aizpururen gogoa, bada, lehen eta behin bere burua agnostikotzat eskeini baitzigun, antidogmatikoa zitzaigun osoro. Beraz, ez da harritzekoa, horrelako lan estua zein ertsia izan arren, liburua kondenatua izatea. Gasteizko gotzaia zen Mateo Mujikak lazki galerazi zuen eta Aizpururen lana, determinismoa, eboluzionismoa, aitorpena ukatzea edo Jesukristoren eite jainkotiarra bera ere zalantzan jartzeagatik: «Prohibimos gravemente y bajo pecado mortal a nuestros diocesanos leer, comprar, retener, vender, traducir o editar (...) mandamos a los que posean algún ejemplar del mismo que inmediatamente lo destruyan».

        Gauzak horrela, liburua erabat oharkabean igaro zen, orduko komunikabideek, eta elizaren aginduari men eginez, isilarazia; alabaina irakurri zutenak izan baziren. Azken hauen artean Biktoriano Juaristi izeneko Iruñean ziharduen sendagile donostiarra aipatu behar da —egungo Iruñeko karrika bati izena ematen dion ber, hots—, Aizpururen liburua egileak berak igorria jaso zuena; liburuan esaten ziren guztiekin ez zegoen guztiz ados, batik bat dantzaren inguruko kontuak zirela eta: «Discrepo de usted en la importancia que da al baile agarrao en cuanto a la castidad. Una larga experiencia profesional en muchas partes del mundo civilizado, me ha convencido de que el baile no entra para nada en la líbido, aunque sea el remedo inconsciente del acto carnal. En Galicia y en la Montaña navarra, donde bailan sueltos, son legión las chicas que paren en soltería, los incestos, y otras monstruosidades. En cambio en Castilla y Andalucía, en el campo, la gente es de una castidad que raya en fiera obsesión, y una chula no aguanta un desmán sin devolver un bofetón. Si usted supiera que la casi totalidad de las que paren en la maternidad de Guipúzcoa y Navarra son chicas que no han bailado un chotis, ni un tango...».

 

        Polikarpo Larrañaga: txistularien laguna

        Polikarpo Larrañaga Aranguren Soraluzen jaio zen 1883.eko urtarrilaren 26an. Eliz ikasketak Gasteizen eginak, 1908.ean apeztu zen. Elgoibarko eta Eibarko erretore ihardun zuela. Idazle gisa, askoak izan ziren utzi zizkigunak. 1919.ean Euskal umeak euskal zaletu antzezlana saritu zioten Euskal Esnalekoek, ber gauza errepikatuko zena handik bi urtetara Mendiko eguna zartzuelarekin. 1923.ean Eibarren estrainekoz jokatu zen bere Amets larria antzezlana. Antzerkiaz landa, euskaraz ere Arrateko Andra Mariyaren bederatziurrena eliz liburua utzi zigun —Zornotza, 1919—, baita garaiko aldizkarietan —El día, Euzkadi, Argia, Yakintza...— hamaika artikulu eta hitzaldi ere —Arrate, Donostia, 1926—.

        Halarik ere, bere lanik gehien sindikalismoaren barruan garatu zuen ELA-ren barruan. 1929.ean Mugika apezpikuak apezpikutegiko Giza Ekintza idazkaritzaren zuzendari izendatu zuen. 1932.ean Eusko Tostarteko Bazkuna sortu zuen Ondarrun, arrantzaleen egoerak kezkatuta arrantzaleen egoerak kezkatuta —jada 1925.erako gaiak kezkatzen zuela erakutsia zuen, urte hartan Euzko Ikaskuntzaren Batzarrean Aitzolekin batera aurkeztu La pesca marítima en el País Vasco txostenak erakutsi legez—.

        Gerrateak ihesean ezarri zuen gure Larrañaga, eta Baionan finkatu zuen bizitoki berria. Handik hainbat lan agertu zuen, betiere ezizenekin: Le nationalisme basque et la guerra civile en Espagne Parisen agertu zuen 1937.ean Pierre Duhalderenean, Buenos Airesko Ekin argitaletxearen eskutik Riqueza y economía del País Vasco agertu zuen 1945.ean Andoni de Soraluze bezala, eta Xabier Bursain goitizenarekin, berriz, Persecuted, defamed, abandonet: the basque clergy defending justice and brotherhood serves the Church of Crist 1946.ean. Baionan hil zen 1956.eko abuztuaren 30ean, eta oraino, hainbat lan hil ostean agertuko ziren, esaterako, 1976.eko Contribución a la historia obrera de Euskal Herria edota 1978.eko La mujer en el nacionalismo vasco, biak Estornesen Auñamendi etxean.

        Euskal Herriko Txistularien Elkarteak 1929.eko uztailaren 19an Donostian burutu zuen III. Batzarrean Polikarpo Larrañagak La moral vasca: moralidad y costumbres vascas izenburupeko hitzaldia ogutzi zuen —Aita Donostia eta Jose Olaizola kide zituela—, hurrengo urtean Bilboko Miserikordia Etxeko moldiztegian argitara eman zena Sandalio Tejada Sarabiaren sarrera batekin. Honetan, euskal dantzaren historio txikia eginik, euskal dantzaren aldeko oihua editen zigun kanpotik zetozen dantzen kontra, mezu abertzalea nabaria izanik ere, moral aldetik kanpoko dantzen desegokitasuna zela eta. Ez ziren oharkabean igaro Larrañagaren idarokizunak, eta 1931.eko Txistulari aldizkarian Larrañagak berak proposaturiko gomendioak eta Iztuetaren gainekoak jasotzen zituen. Aldizkarian, bestalde, 1928.ez geroz agertzen hasi zenetik, behin eta berriz gaia agertu zen, euskal dantzen alde eta kanpotik etortzen ziren dantzen kontra, moral zela eta: «A nuestro entender, y refiriéndonos siempre a la parte rural del país, sería de alta conveniencia, la creación de un organismo sencillo, familiar, patriarcal, asequible a la modalidad de las costumbres generales, compuesto del cura párroco, el alcalde o un juez de paz, y de cuatro ancianos de cada pueblo, a fin de que velen por el mantenimiento de las costumbres existentes, la rememoración de las perdidas, y de la intervención familiar, patriarcal y delicada en casos de moral».

 

        Blas Alegria: Nafarroatiko abotsa

        Jadanik aipatua dugun Blas Alegria apez lakuntzarraren Gure ama liburua —Iruñea, 1931—. Euskerari belanda dagoen idazki txukunean aipamen laburra baizik ez du jasotzen dantzaren gaiak, baina ezin argigarriagoa delakoan bagaude: «Kaletarren dantzak: Menditarrak beren dantzetan, euren gogo ta zenzu guziak ongi dantzatzen jartzen dituzte, azkar eta bixi, izardi patsetan jartzeraño ibiltzen dira, etzaiote ezer beren laguna legerdi bat bidean urrun dantzatzen bada. Dantzategi edo geletan, dantza da gutxiena. Zenzuen zalekeri itxua, ori da aurreneko. Argatik oietan, kaletarretan, dantzariak urreratzen, laztantzen eta lotzen dira beti. Menditarretan eztira ezagutzen orrelako lasaikeri eta itxura gaiztoko gauzak. Gure dantza eder oiek ordea, non dira? Lotsa gorria! Eta gure dantz, euskal-dantza onak utzi ta lotuetara dijoanak eta aietan bakarrik ibili nai duenak; zer bilatzen ote du? Dantza askatu egokiak, Londres eta. Parisen txalo-txalo sutan eskuak jarri arteraño artu dituzten euskaldunen dantzak aztuazi, eta lotuak sarrazteko alegiñean dabilenak, zer nai du? Artzai zar batek gaurko dantzetaz aldi batean, zer zion: —Estatik zer den baño, saiak beti aragi ustela nai. Guraso euskaldunak: etzaizue arpegia gorritzen soñuaren aitzekian zuen alabak edozein gizonekin besarkatuak ikustean? Etzerate lotsatzen zuen semea emakume baten besotan ikusteaz? Jakin ain itxusia dala ori soñuakin, nola soñu gobeau! Ta ala ere, geiao ajolik ez? Agur! Joantzen gurea. Errondu!».

 

        Patrizio Orkaiztegi: oholtzatik predikari

        Andoainen 1840.ean sortua zen Patrizio Antonio Orkaiztegi; Sorabillan, Elgoibarren eta Arrasaten ibili zen apez 1880.ez geroz Tolosako artzapez ihardun arte. Karlistadan Santa Kruz apezaren laguna izateak berebiziko ospea erakarri zion, baina baita euskal letretan aritua izanak ere. «Euskel-dantzak» izenburupean, bertsoz tajuturiko elkarrizketa agertarazi zuen 1914.eko Euskal Esnalea-n lehenbizi eta 1932.eko Antzerti aldizkarian geroago:

        «Oarpena: Joxpantoni beti Euskel-erriyan bizi da, baña Gergori Prantziyan zenbait urtean neskame izanik, ango dantzak gogoan gelditu zaizkana da. Au kontatzen da kontrapas deritzayon Aurreskuaren doñuban.

 

                Joxpantonik Gergoriri

                Ez den

                Dantza politagorik

                Gure dantz oyek bañon

                Agertuko iñondik:

                Esan zan, esan,

                Non ikusi denan,

                Ta noiz, euskaldunen dantzak bezalakorik:

                Prantzes trakets ayek

                Eskalaproi pisu ayekin...

                Nola, nola, gure

                Mutilen gabriolak egin?

                Ja-jai!

                Ikusi naiko niken

                Alako bat, brinko biyurriyak egiten!

 

                Gergorik Joxpantoniri

                Ai zan:

                Nik ikusi dizkiñat

                Eskalaproi geberik

                Dantzan prantzes ariñak:

                Bals eta polkak,

                Baita rigodoyak,

                Ez al ditun euskel-dantz auxen bezin piñak?

                Ez den, Joxpantoni,

                Ortantxen ez den arrazoirik:

                Paris ta Burdios

                Ibilitxuak zeuzkanat nik:

                Emen

                Lotan bizi zerate,

                Sinistubaz Prantziyan mila disparate.

 

                Joxpantonik

                Polkak,

                Rigodoi eta baltsak

                Badakin ez dirala,

                Gergori, euskel-saltsak;

                Eder-garbiyak,

                Polit egokiyak,

                Ditun, t'ezin ukatu noski, gure dantzak:

                Pañubelotxua

                Txuri txukun aterarikan,

                Ezti-ezti eman

                Muturrian muñ egiñikan...

                Non, non?

                Ikusi den, Gergori,

                Orren garbi beste dantzik, aitor zan ori!

 

                Gergorik

                Bai, bai,

                Garbi ta egokiyak

                Dirala zuen dantzak

                Nik aitortuko diñat;

                Erbestekuak

                Nastuxeaguak,

                Agiyan galtza-gorritxoren kutsukuak.

                Baña, nola nai den

                Erri zabal jendetsubetan

                Zerbait naste gabe

                Promal ibiltzea pestetan?

                Ezin,

                Ordia Joxpantoni!

                Atentziyo egikiyon arrazoi oni!

 

                Joxpantonik

                Beraz

                Euzkadi ta Prantziyak

                Kontu-b-ortan dizkiten

                Bi jainko, t-ez berdiñak;

                Ta nere ustez

                Jabe bakar batek

                Neurtuko dizkin bigar aundi ta txikiyak:

                Zabiltzate lasai

                Gaur zeren galtzagorrirekin,

                Onen leziyuak

                Entzun-t-egiñaz gordin-gordin...

                Gero,

                Gergori, gerokuak;

                Noizbaitian eldu biar azken kontubak!

 

                Gergorik

                Nai t-ez

                Aitortu bear diñat

                Asko tokitan dantzak

                Ez dirala garbiyak:

                Alkarri eldu

                Katez bezin estu,

                Onela ibiltzen ditun an neska-mutilak.

                Emengoak berriz

                Begirapen guziyarekin,

                Alkarri agurrak

                Bein eta mila bider egin.

                Ez den,

                Ez den dudikan gabe

                Euskalduna ango dantza likitxen zale!

 

                Biyak jendeari

                Egiz

                Kantatu genezake

                Euskaldunak gerala

                Dantzik onenen jabe:

                Doñu eder au

                Len ala zan, ta gaur

                Doñu guziyen gain jarri bear litzake.

                Zertako bals-polkak

                Gazte menditarren artian?

                Erdaldetik datoz

                Oitura garbiyen kaltian.

                Ez, ez,

                Emen ez dira jayo!

                Euskeldunak euskel-dantzak ditu nayago!

 

Bilaketa