literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Eleizalderen gaineko liburu berri batez

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-12-11

 

        Pasa dira jada Durangokoaren urrinak, eta hartan estrainekoz agertzeko karrikaratu ez bazen ere, gure honetatik bertaratu abondo nafarrek —lapurtar eta zuberotar hainbatek, akaso, ere bai— liburu azokan ikusiko zuen lehenbizikoz. Izan ere, aurtengoan agertu baita Esteban Antxustegiren Luis de Eleizalde: un vasco polifacético liburua, Sabino Arana Kultur Elkargoaren babesean, Eleizalde bera zendu zeneko 75. urteurrenean berean.

        Ez da aleki ilupea, orri kopuruari bagagozkio bederik ere; alta, niketz, nahikoa asegabe geratu naiz, gose mikatz gainera, bada, zail samar otu zait pertsona bera ikergai lezakeen liburua arra-argitara emanen denik, eta honakoak ez du galdera guztiei erantzunik ematen; esate baterako, liburuaren bukaeran Luis Gezalak dakarkigun krestomatian ez dago testu bat ere euskaraz idatzirik, Eleizalderen langintzaren arras gauza eredugarria izateaz aparte, bergararraren teorizazioa zertan den ikusteko aukera aparta ematen duena. Gezurra dirudi, horrelako aitaponte hantusteak dituzten liburuak kontu handiagoz ez egitea, baina ohituratzen hasia naizelako ustea nagusitzen zait horrezkero.

        Luis Maria Ignazio Jose Ramon ezarri zioten grazia bataio-harrian gurasoek 1878.eko ekainaren 9an. Aita, Luis Maria Eleizalde Izagirre zuen, filosofiazko kataderadun errezildarra, eta ama, berriz, Aretxabaletan jaioa izan arren, askazi-erroak Córdoban eta Toursen zituen Maria Belen Breñosa Tejada-Means genuen. Ez dakit sendikoa ote zuenentz, nahiz hori pentsatzeko adina intuizio badaukadan, baina ia seguru da, Bergarako San Pedroko koadjutorea zen Jose Tomas Eleizalde ezagutu zuela, orobat euskaraz tajuturik laga zituen lanak, hau da, Madrilen 1878.ean ateratako Cristauaren gordairua edo anima salvatzeco sinistu eta eguin bear dan gucia hitz bitan, eta Clareten itzulpena den Anima baten iru egoérac, Bartzelonan 1879.ean eta Bergaran 1888.ean agertu zena.

        Arana-Goirik ondu lanaren ezagule goiztiarra, berehalakoan egin zen jeltzaleen jarraitzale; 1901.ean jada Euzkadi aldizkarian argitaratu zituen bere idazkiak Iturrain ezizenean, baita Patria eta La Patria paperetan ere. Hau zela eta, Larrinagako gartzelan izan zen, Engrazio Arantzadirekin batera, Iberoko Ebangelistaren Ami vasco sonatuaren eskuizkribuak zuzentzeko aukera eman ziona. 1907.eko maiatzaren 18an agertzen hasi zen Gipuzkoarra astekariak Eleizalderen zein beste jeltzaleen lanak eskeini zizkigun, halaz guztiz, Eleizalderen eskua aipatu Euzkadi aldizkaria ordezkatzera etorriko zen izen bereko egunerokoan nabari egin zen, batik-bat, Arana-Goirik berak zuzendari egin zuenetik, 1913.ez geroz alegia.

        Esan guztietan, eta geroagoko beste hamaiketan ere, erdera izan zen Eleizalderen tresna nagusia, baina Akademia sortu zen une beretik Euskaltzain izateko naroago zukeen euskararekiko harremana, egitan, izan zen moduan, eta, antzadenez, gaur geroz ahantzi egin den ber. Euskaraz idatzi zuenaren artean, gutxi zitekeen helburu literario zezakeena, ezpada borobildu zituen hainbat olerki —bestalde ere, hagitz txarrak ez ziratekeenak, bada Onaindiak atondu bere mila euskal olerki eder bildumarako gutxienez bi jaso baitzituen, «Arantzazuko amari» eta «Super flumina Babilonis»—, eta han eta hemen larga zituen itzulpen eta kontu labur, kasurako, Euzkadi aldizkarian Walter Scott-en Halidon Hill lanaren euskarapena «Halidon Murua» izenburupean, edota 1910.eko Euskal Esnalea-n atera «Ortze-gayak» izenburuko artikulua, Auñamendiren bilduman bai jaso zigutena: «Bai-ledike, irakurlea, ortzea zer dan zuk ez jakitea. Euzkel-itz zar-zarra da ortze, oraingo euzkera mordolloz erabiltzen eztana. Eguzkiya, illargiya ta beste izarrak dauden goi lekuba ikurtzeko edo adi-erazteko da itz au, ortze, lateraz firmamentum eta coelum esan oi dana. Ortzea zer dan orain bai-dakizun ezkero, ortze-gayetaz zer edo zer esan dezagun».

        Hezkuntzaren arloan, berriz, betiere izan zituen asmo pedagogikoen inguruan haurrentzako idatzi zituen Euskal zenbakistia eta Euskeraz irakurtzeko irakaspidea aipatu behar dira. Eliz liburuak ere utzi zizkigun, hobesten zuen hizkuntzaren eredu bereziki; Gurutza deunaren bidea, Amorebietan 1917.ean atera zen, eta 1909.eko Euskal Esnalea zein 1913.ez gerozko Euzkadi aldizkarietan Kenpisen Kristoren antz-bidea eman zuen argitara. Bigarren honetaz, Villasantek aditz sintetikoaren neurriz gaineko erabilera aipatu zigun lanaren itsusgarri, eta Eleizaldek aitzinarazten zituen berrikuntza aunitzen artean, horixe zatekeen, dudik gabe, egun bitxien jazo dakigukeena. Teoria berria bere Morfología de la conjugación vasca sintética liburuan agertu zuen —Bilbo, 1913—, non bokalez edo «j»-z hasten diren aditz guztien konjugazio sintetikoa defendatzen zuen. Neurriz gainekoa dirudien honetan, haatik, baziren haruntzago oraino joan zirenak, esate baterako, Soloeta-Dima kaputxinoak eta Omabeitia fraide klaretianoak —azken hura Manuel Arriandiaga Gorozika elantxobearra, naski—, kontsonantez hasiriko aditzen konjugazio sintetikoa ere proposatzen zutenak, hots.

 

Bilaketa