literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Klaudio Otaegi aitzakirik...

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-1-30

 

        Deus gutxi liteke Patri Urkizuk eta Xabier Azurmendik Klaudio Otaegiren lanei zizkieten sarrerei gehi diezaiekeguna, geure juzku eskas eta mugatua ezpada —Klaudio Otaegi olerkaria (1836-1890), Etor, Donostia, 1991—. Galde geniezaioke geure buruari, bestalde, zertara dator arestian argitara emaniko liburu batetan eskeini berriak hona ekartzea, eia zilegia denentz, edota, besterik gabe, plagioaren bidean ez ote garen abiatu. Zalantzak zalantza, susmoak susmo, euskal literaturaren ekarri handiazko segurtamen osoa badaukagu, eta gutxi barru zoko zoro eta, seguroenean ere, oso irakurriegia ez den hau bere hirugarren urtera betetzera doan honetan, inoiz baino klarkiago ikusten dugu geure literatura idatziaren babesa, ezagutarapena eta zabalkuntza bermatu eta sustatu behar dugula, ona goratuz, baina baita txarra izan denaren berri ere lotsatu gabe emanez, azken batez, biak baititugu txanpon beraren bi aldeak, geurea den txanponaren osagarriak hots. Bestalde, euskaraz eginiko literatur lan ugari eskasegiak izanagatik ere, huraxek beraiek ere ikasbide digutenari ezin diogu saihestu: gure hizkuntza erabili izanaren erabakiaren ausartatik hasita —ospea litekenez bezanbatean bederen—, gizaki gehienon sos-gutiziari hista eginez uxatzeraino iritsirik. Eta bestenaz, Aldizkari Ofizilak itzultzeaz nazka-nazka eginda dagokeen zirikatzaile hari, egin dezala bere azkonen itu gisa garenok dagigun moduan, eia orduan, nahiz subjetiboki eta erdaraz, itsuki salatzen duen euskal letretako diruz eraikitako bolizko dorrearenari berdin deritzon —eta barka iezadan, otoi, ene erdal kotsua orai arteko esandakoan, izan ere, euskaraz pentsatu arren, betiere subkontzientearen jauntxokeriak agintzen baitu—.

        Ez zaieke bereziki laketgarria gertatuko, ia seguru, euskal literaturan balio hutsalik baizik ikusten ez dutenei Klaudio Otaegiren lana. Honezkero, Jon Juaristik, gure nafar zirikatzailearen maiusturu-maisua datekeenak —jakina zurginek ezin dutela santuekin ihoareak egin, bai erre ordea— halako destainez hara nola marraztu zigun zegamarra handioski —honek ere erderaz naski—: «Traductor eusquérico de los literatos fueristas». Eta eskerrak, Hondarribiako irakaslea ez zegoela, agi danez, 1840.ean zendu zen Felipe Agustin Otaegi Beizamako erretorearekin ahaideturik, argitara gabe dirauen euskarazko sermoitegi baten egilea zenarekin alegia, bada bestenaz, bihotzekoa emateko beste zitekeelakoz: euskaldun-fededun, foruzalea eta kristau fundamentalista!

        Baina sarrera luzanga honen ondorean, bagoazi gurera. Klaudio Otaegi Gainzerain Zegamarra 1836.eko urriaren 30an jaio zen. Mutikoa zela oraino, sorterriko organojole aritu zen oposaketan gailendu ostean. Magisteritza 1858.ean Gasteizen bukaturik, ber urteko urriaren 20an gaindituriko oposaketari esker, Hondarribiako maisu sartu zen 1859.eko otsailaren 7an, eta lanpostu horretan segitu zuen bizitza osoan hartan zendu arte, 1890.eko urtarrilaren 18an. Hondarribiara joateko urtea arras emankorra zitzaion zegamarrari bestalde, Atharratzeko sendi noble bateko alabarekin ezkondu baitzen, Luzia Richard Grandmontagnerekin alegia, eta horren kariaz, Bonaparte printzearekin askazitu, azken hau, lehenbiziko emazteaz nardaturik edo, bigarrenez ezkondu zenean, Luziaren Klemenzia ahizparekin egin zuelakoz. Xuberotar ahizpa hauek, Araian, Zegaman eta Hondarribian egonak baziren, eta hortik uler liteke irakasle gazteak iparraldeko neska ezagutu izana.

        Eginbehar nagusiak zituen irakaskuntza eta izkiriagintza, aberasbide hautak ez izanagatik, ez zituen horratio erdeinatu. Irakaskuntzarenak, bestalde, bereziki kezkatzen zuen, gutun batetan adierazi bezala: «Eskola maisu bezela dedan egimbidean, ezin liteke egin gauza aundirik euskararen onean, zeren mundu guziak daki obligatuak gaudela erdaraz erakustea eskola aurrai». Bigarrenari bagagozkiola aldiz, esan sormen lana olerkigintza arloan burutu zuela guztiz gehien, eta gaztaroan egin zezakeena ezezaguna zaigun arren, hil aurretiko hamarkadan tajutu ehun hurbiletiko olerki baditugu egun irakurgai, pasa den mende bukaereko lore-jokoetan nahiz batere arrotzak ez zitzaizkion aldizkarietan plazaratu zituenak, Donostiako Euskal Erria-n edota berriki berrargitara emaniko Iruñeko Euskara-n esate baterako. Edozein modutan ere, lanik sendoena itzulpengintzan burututakoa dugu, bere kasa esleitu testuenak direla Bonapartek eskatutakoenenak direla. Erret koinatuak eskaturik Gipuzkoako zenbait herritako euskalkietara egin zituen bihurketak: Zegama, Hernani, Azpeitia, Irun, Ordizia, Tolosa... Printzeak egin bidaietan laguntzaile aritu zitzaion, berbarako, 1866.ean Nafarroan barrena eginikoan, Itzagaondoko bailarako euskararen geografia historikoaren azterketa egiteko aprobetxatu zuena.

 

Bilaketa