literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Arabar baten gainean: Andoni Urrestarazu

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-1-9

 

        «Euskaldun guzien eginbear nagusiena euskaraz egin, ikasi, goratu ta zabaltzea da. Ezin iñor aldatu bearkun ontatik, euskera alboan uzten duena, jakin edo ez jakin, nai edo nai ez, gure erriaren ondatzean erruduna dela esan bear».

        Beste ezeren gainetik, Andoni Karmelo arabako genuen, arabarra batik bat, bere idazkiak sinatzeko erabili goitizen guztiek argikiro salatzen digutenez: Egino, Urtubi, Utarra, Urabain, eta bereziki, ezagunen zaigun Umandi huraxe, Arazpeko peñaren izena. Azparrenan zukeen ezizen horien guztien mitologia izkutua eiki, eta Azparrenan ere bazuen Landazabal-Garagaltza ama-sendiaren sorleku agerikoa Araian. Urrestarazu-Urtubi aitaren aldetiko sustraiak Gasteiztarrak zituen ordea. 1902.eko uztailaren 16an sorturik, gazteren gazte lekutu zen etxetik ikasle, Arrasaten eta Gasteizen, soldaduskarenak bahiturik Afrikara eraman zuen arte. Bi izan ziren beraz, Araiarrak beharrez ezagutu zituen gerrateak. Besteak, etxekoak, lantokia Madrildik Donostiara aldatu berria zuela harrapatu zuen, eta «Araba» gudalostean, Laredokoa arte iritsi eta iraun zuen, gartzelaratze sari. Guda osteko bizitokia Gasteizen izan zuen, arrebaren etxean, baita Frankoren aurka izkutuan eramaniko lanen ihardun-tokia. Hantxe, espetxearena arra-oroitu zioten domaiaz, behin baino gehiagotan, ezazoi. 1951.eko grebaren ostean, Gasteiztik ehun kilometrotara erbesteratzeko agindu zioten, eta Iruñera jo ondorean, Paris eta Baiona izan zituen helduleku. 1979.era arte ez zen Gasteiza berriz ere itzuliko, ohi gisaz, arrebarenera. Haatik, luze joan zitzaion oraino, 1993.eko azaroaren 21an zendu baitzen arabar hiriburu kuttunean.

        Euskara Gasteizen edoski zuen lehen aldikoz, Arana-Goiriren ikaspideaz baliaturik. Orduz geroztik, ez zuen lagako, eta batzutan bere kasa, besteetan lagundurik —Madrilen zegoela Juan Ruiz de Escalera Maidagan, eta Donostian, Toribio Altzaga eta Maria Dolores Agirre izan ziren, besteak beste, bere irakasleak—, ikasle izatetik irakasle izatera igaro zen konturateke. Gasteizen ikasle izan zituenen artean izen sonatuak ez ziren falta: Jose Angel Cuerda, Salvador Espriu, edota Sánchez Carrión.

        Izkiriaturik utzi zizkigunen zerrendatzeak aldizkarietan agerikoak lituzke hasmenta. Euzko Deya-n 1954.ean hasi zen idazten, izenpetu gabe agertu ziren gehientsuenak berarenak zirela. Beste batzuk honakoak izan ziren: Alderdi, Euzko Gogoa, Estibaliz, Goiz argi, Karmel,... 1966.ean, eta urte batez, Irazkintza izeneko bi-hilabetekaria sortu zuen Baionan, ikastola guztietarako aldizkaria izan nahiko zukeena.

        Karrikara atera zuen lehenbiziko liburua Gramática vasca ezaguna izan zen, Zarauzko Itxaropenean, 1955.ean. Fite agorturik, beste bi argitalpen jaso zituen, Auñamendin 1959.ean, eta Kardaberaz Bazkunean 1976.ean. Eskolak prestatzeko ontzen zituen zirriborroekin osatutakoa Jon Etxaide lagunari helarazi zion, eta hark argitara behar zuela iritzirik, Julio Urkixo mintegikoengana jo zuen. Koldo Mitxelenak berak aztertuta atera zen. Gramatika honen osagarri, ber toki eta urtean, Bizkaierazko aditz erak azaldu zen. Denborak joan denborak etorri, zaharkiturik geratua zelakoan, kasetetan grabaturiko gehigarri modukoak argitara eman zituen 1977.ean, Euzkal-eliztiaren betebidea: complemento de la gramatica vasca. 1986.ean gramatikaren laburpena atera zuen, Euzkal elizti laburra, euskararen ezagupen txiki bat eduki nahi dutenentzat, eta 1989.ean lehenagoko gramatikaren euskarazko aldaera, Euskal eliztia.

        Aurreruntz izenburukoa Buenos Airesko Ekinekoek agertarazi zuten, bi hizkuntzetan, 1957.ean zilar hirian burutu batzaldian Basurkorekin batera irabazi saria alegia. Literatura alorrean, halere, ondu zuen saiorik garrantzitsuena, baita oparoena ere, 500 orrialdetik gorakoa, Gentza-bearrean elaberria litzateke, 1985.ekoa.

        Gerra aurretik euskaltzaindiak eginiko lana goraipatu zuen arren, ez zitzaizkion laket bereziki ondorenean euskara batua sortzeko egin ziren ahaleginak. Berauk erabili euskarak, Azkueren Gipuzkera osotuan zuen oinarria: «Nire lerroak josteko darabildan euzkerak errikoia izan nai du, edo jatorra izan diteken aren urbil bederik ibiltzea, gure euskalki guztien jokaeretan dantzatzen, guziak nireak eta ororenak diralarik». Horregatik, euskaltzain urgazlea bazen ere, 1993.ean Euskaltzaindiak ohorezko izendatzeko propostau zionean, honek ezetz, ez zuela nahi, eta errefusatu zion aunitzek goaitatu goza-mizka gutiziatsuari. Ez zuen berdin jokatu, berriz, 1922.ean Euskarazaintzakoek euskarazain oso izendatu zutenean. Tartean, naski, batuaren inguruko zorioneko hika mika mingarria: «Eta gaurko ontan euskara batua deitzen dana eskeintzen digute, bide berri ta egokia bezela aurkeztu nahi dutena, batasunerako onena izango bailitzan. Geron ustez arazo oni buruz geyegi edo da itzegin eta idatzi dana, ta batasunaren alde egonarren ez deritzaigu ezinbestekoa dala ta askoz gutxiago arrapaladan eta edonolaz egitea». Honen inguruko kezkez mintzo, Euzkal betekizunak eta Euzkeraren ebazkizun aundia agertarazi zizkigun, 1977.ean eta 1991.ean hurrenez hurren.

        Hil hurran zegoela, euskara ezin falta bere azken nahian: «Ene bizian barna burutu al-izan ditudan nere lan txikiak, Euzkadi nere aberriarentzat nolabait onuragarriak izan ditezken, ene yoran bizienak agerrarazi nai ditut; eta yainkoari Aren eskubidezkoak diran azkatasuna ta buru jabetzea eman dezaizkiola, arren eta arren, eskatzen diot, aren bizia bere egiazko euzkal-gogoaz antolatu al dezaken, bere izkuntza dan euskeraren edatze osoaz, euzkal-bizia egitan izan dedin ezinbesteko bidea dalarik».

 

Bilaketa