literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Iturriagaren eta Samaniegoren zinak eta minak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-11-28

 

        Ez dira ezagunak Agustin Ignazio Maria apez alegigileak bere lehenbiziko abizena erdeinatzeko izan zitzakeen arrazoiak. Seguru gaude, alta, Yon Juaristi Linacerok —berak proposatu ortografia berriari jarraikiz— malenkonia ugari ikus lezakeela Autoletik etorria bide zen Pascual deituraren ezabapenean. Nahiz bilbotarrak bere floka malenkoniatsuan aipatzen ez duen, arras seguru gaude Euskal Herria, Euzkadi arana-goiritarraren gainetik, hobesten dugun 25.000 etazaleekin kokatuko lukeela hernaniarra —ikus bigarren edizioaren 202 orrialdea—. Finean floka bluien gaineko kontu zaharrak dirudite haboro adimen ahigabeko pentsalari baten arrazoi funtsgarriak baino, bilbotarrak bataiatu xingola hitsak baino hots. Aitak jaraunzpen utzitako lehenbiziko deiturari erakutsi aiherra leuntzekotan edo, haren bigarrenari eutsi zion, eta amaren Ugalde-Amitesarobe bikotearen gainetik Iturriaga hobetsi zuen bere buruaren ezagutarazle hauta betiko. Hemezortzigarren gizaldian sortu izanak, baita liberala izateak ere, nolaz edo halaz, Juaristi bezalako bihotz erreko Unamuno txipik egiten ohi duten oldar eruditotatik babestu bide zuten gure hernaniar xaloa. Gaitzerdi ordea!

        Sobera entzuna dateke Iturriagak irakaskuntzan egin zuen lana, Hernanin, Kaietano anaiarekin eta Manuel Larrarte organojolearekin ireki zuen eskolan burutua alegia. Argien garaiko pedagogia zein gaitegi berritzaileei berauk ondu idazkiak gehitu behar, eta hauen guztien artean, Donostiako Barojarenean 1842.ean ateratako Fábulas y otras composiciones en verso bascongado dugu gure interesekoa. Honetan, besteak beste, Samaniegoren 55 alegiren itzulpena eskeini zigun. Ez zuen, naski, bulta luzea igaro behar bekaizti erretxinen salaketa iristeko: «En una palabra, y sin pasión, éste ha hechado a perder a todos con su viciada filosofía, por cuanto su maestro seductor los tiene imbuídos en la falsa y perniciosa doctrina del infame Voltaire y de los protestantes».1823.erako jada eskola itxi zioten, eta lehenbiziko karlistadaren ostean, ihes eginda genuen Iturriaga, Ondarribian, Zestoan eta Milafrangako Larralde gazteluan, Arkangoitzeko markisaren babespean. 1841.ean sorterrira itzuli zenean, sobera asaldatu ziren erkideak, eta Iruñeko apezpikuari lar izioturik idatzi zioten: «Se ha presentado aquí ese hereje consumado con el descaro que acostumbran los herejes y según parece con todas las licencias de su ilma. para predicar y confesar».

        Arabarrak ere, giputzak egin antzera, aitak utzi lehenbiziko abizena baztertu egin zuen, huraxe, sendiaren ohiko aztura zela onartu behar baden ere. Hezkuntza arloan, arras lotuta zetxekion Bergaran Peñafloridakoak eta ireki ikastetxeari, eta 1782.etik, eskolaren bigarren zuzendaria izan zen hain zuzen ere. Edozein modutan ere, 1793.eko frantsestealdia bukatuta, eta elkartearen langintzak arrapiztu nahi izan zirenean, elkarkide gehienen ustearen kontra, Samaniegok Bergarako ikastetxea ez zabaltzea eta herri gehienetan dohaineko eskolak ezartzeari hobekiro zeritzon. Aitzitik, ez zen horrela gertatu. Bestalde, konbentzioarena eta gero, ilunbe aro bat hasi zen Espainian iraultzaren beldurrez, inkisizioari, garaietan zuen indar itzelaren eta beldurgarriaren puska ederra berreskuratzeko baliagarri zitzaiona. Samaniego ere, honen ehizakia izan zen. Erakunde sainduak Bilboko Jose Antonio Epaltza merkataria hartu zuenean, debekaturik zeuden liburuak bazekartzan Iparraldetik. Berarentzat propio zeramanarekin batera beste hiru ale ere bazituen, Bergarako ikastetxerako, Fernando Landetxo batentzat eta gure biasteritarrarentzat. Liburua Cordorceten Espainiarren aholkua zen, eta igorlea Donibane Lohitzuneko Ducos izeneko medikua ba omen zen. Orduko horretan, elizaren gestapo liburuak jasotzearekin konformatu zen. Alabaina, 1793.eko martxoaren 11an, Bilboko Jose Maria Murga Barreda handikiak salatu zuen debekatutako liburuak eukitzeagatik, eta horrekin, bueltaka hasiko zen pilota geldiezin agitu zen, geroago eta salaketa undatsago, geroago eta kakaztenago. Egoera zinez larria izatera iritsi zenean, Madrilera joanik, Eugenio Llaguno Amirola justizia ministro berriarekin hitz egin zuen, bestalde, laguna eta arabarra zena, eta handik gutxira, inkisizidore nagusia zen Manuel Abad Sierrak Samaniegorena artxibatzea agindu zuen. Nonbait, baten batzuk, jinkoarengandik gertuago bizi dira beste batzuk baino.

 

Bilaketa