literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Glu, glu, glu, ardozaleak gara gu!

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-3 eta 1997-10-10

 

        Hiztegiak aski argirik salatzen digun bezalaxe, euskaldunok bi izan ditugu urte aroak, eta biak, San Miel egunek partiturik. Maiatzaren 8ko San Miel txikiarekin uda partea badatorkigu festa giroan, eta irailaren 29ko San Miel nagusiarekin, aldiz, negu aldiak garaitzen gaitu goibel. Historia zaigu engoitik herriz herri eginiko ibilaldi txuri-gorri gautiarra osatu duen xurrutaldi, maitasaio, astakeri, saltajauzi, kanta erlats, oihu beltz, beila sakon, soinu gorratzaile. Historia zaigu, oro har, aurtengo udako festaroa. Eta urdaia garagardok hanturik, hamaika neurona haboro gaupasen lurrin etiliko amiotu batek gohaindurik, harzara ogen ez egiteko erabakia —beharbada sendoegia ez dena— aizaratzeko unea iritsia dugu. Badakigu, halaz guziz, geurzko uda hasmentan, ahantzbide erpinduan behera joanen zaizkigula oraingo asmo garbitzaileak oro, urtero legez. Aztura xurrutzailea ikuzteko dukegun saioa geroago irautenago ari dela esan ahal izateko, hona hemen, euskal izkiriagintza izkutuaren adibide zenbait, guztiz lagungarriak daitezkelakoan. Horrela ez balitz, eta jarraiko testuak irakurrita ere, botilaren tutuari muturra eransteko tentazioari ezin eutsi dabilenak, hurbilen duen tabernari buruz jo beza, bertan elkartuko gara eta!

        Asko eta asko badira edatearen kontra prediketan aritu apezak, ia guztiak generrake beldurrik gabe, nahiz eta mezan berean ere ardoaren ageriko apologia egin eliztar guzien aurrean, kaliza ezpainetaratu ostean aurpegiaren atseginduak salatu gisa. Ekarriko dugun adibide bakarra Otxandioko apeza izan zen Andres Iturzatea Egiaren eskutik. Honek Tolosako Lopezen baitan 1894.ean argitara eman Urtearen domeca guztiñetaraco berbaldi-etan «Ordiqueriaren gañeco berbaldia» eskeini zigun bizkaiera goxo batean: «Baneucaz berba duiñecoaac, ordiqueriazco ecandu lotsagarrizcoaren irudi bici bat zuei emateco, ez daucat badaezbadaric, guztioc gorrotauco ceunqueela ecingueiagoan ecandu ain madaricatua. Icusico ez baguendu sarri ta sarri jazoten dana, ecin sinistu izango geunque, guizonaac elduten dirala abere ta patariaac baño charragoaac izatera. Abere ta patariac balietan dira euren oiñ, escu, beso, begui eta euren gorputzeco beste emparau zatiacaz, baña ordi batec ez daqui eta ecin baliau leiteque bere eguiqueracaz. Beguiratu eguiozue, ardauac eraguinda dagoan ordi bateri, eta aguertuco jatzue ceuen beguien aurrean icusgarriric itsiena eta ezaiñena».

        «Gizonari etorri leikiozan gauzarik negargarrienak eta mingarrienak ugorki edo alkolaren bidez yatorkozala diñoe gaur gizon aittu gusti gustiak, eta uste au gizon gustien artean zabal zabal dabil». Gizon aditu guztiekin batera bide zihoan beraz Bizkaiko Aldundi Goitia Bilbon zuen irarkolan Edariaren kaltezko gudea izenburukoa 1923.ean argitara eman zuenean. Bi hizkuntzetan zekarkigun lan honetan —alekiari buelta emanda Campaña contra el alcoholismo lakarra baitagerkigu— gogor-gogorrak zizkiguten bizkai gobernukoek edari alkoholdunei aitzi, ahoan bilorik gabe, nor zipriztindu ere: «Alkolaren zalekeria edo alkola edateko oittura txar iguingarria, Bizkayan geroago ta bide andiagoak artzen ari da. Onezkero bada, laterri-agintariak bear diran esi edo trabak ipiñi bear eutsozan, baña eztogu uste gobernuak orretaraino esirik ipiñiko dautsonik gatzari, España laterria ba, ardao artzallea da, ta etxatorko ondo laterriari ardaoaren kontrako legerik ipintea». Aferaren deskribapen zehatz mehatz ezezik, baita horren konpontzeko beharreko zigor arauak jasotzen ditu paper honek: «Erriko udalak agindutta daukozan orduen barruan bakarrik egon leikez trabenak eta ostantzeko edari dendak zabalduta, ta ordu orretatik kanpora edo ordu orrek baño beluago zabalduta aurkittuko dan edari dendearen yaubea, erruduna izango data, zigorra ezarriko yako berari be. Iñoiz iñungo udalen bat berak lendik aginduta daukozan trabenak zabalduta eukitteko ordu orrek luzetzeko asmoz Aldundi orretara ori egiteko eske etorriko balitz, Aldundiak beti atzeratuko dau eskari ori ta eztau aintzakotzat artuko ezetza bidaldurik beti».

        Ordikeriaren aurkako gurutzadari bultzada emateko, arras argigarria bada aipatu Edariaren kaltezko gudea hartan jasotzen den honako ahapaldi hau: «Edariaren kontra guda gogorra, eten bako gudea erabilliko da Bizkai gustian, onetarako Junta de Cultura Vasca deritxon Bazkunak, edariaren kalteak argitara atarako dituen idazki, idazti ta onetarikoak egiteko ardurea arturik». Eta halaxe izan zen hainbat eta hainbat kasutan, arazo moral-ekonomiko batek bere islada iltzarazi zuelako euskal letretan, bada, Lore Jokoetan nahiz Euskal Jaietan antolaturiko sariketa ezberdinetan, zurruteroen kontrako idaz-gaia saritu baitzuten, hona hemen zenbait adibide erakusgarri. Debako sendagilea izan zen Martin Aranburuk Erari espirituzcoac gueyegui eratetic personai eta familiai etortzen zaizten ondoren caltegarrien gañean arguibidea izenburuko lanttoa ondu zuen 1900.eko Azpeitiko euskal itz jostaldietarako, Donostiako moldiztegi probintzialean hurrengo urtean agertu zena. Honetan, eta alkohol mota guztiak deitoratzen bazituen ere, gure gurea zeukan sagardoaren ondasunak, beste edariekin alderaturik behinik behin, goraki nabarmentzen zituen: «Nacio bacoitzac dauzcala bere ardo generoac, nola diran sagardoa gure euskal-errian, cerveza Alemaniyan, koumis Rusiyan, pulké Mejico aldean, eta onela beste erari modu asco nacio eta cembait provintzitan usariyo diranac (...) Sagardoac asco eraten danean sortzen duan urdalleco zabaltzea, da gauza chit bidezcoa, bada eraria irrinchitzen danean, sartzen da urdallean zagui chiqui baten barruan sartuco litzaquean becela, eta bat batera sartzen bada erari asco eta asco, zaguiya premitzen da, gueyegui zabaldu azten da, eta guelditzen da esate bateraco puztuta balego bezala (...) Sagardoaren ordialdiac ez du iñolaz ere eguiten uriracequiaren bitartez artzen danac beciñ calte aundiric, eta ez da ere utzitzen guizona, ganadu baten antzera biurturic, baicic lendabizi muguitu azten du mingaña bear baño gueyago, ascotan sortzen dituala iñorc ez cequien moduco versolariac, ceñac pishcaca eta poliqui gueroagoan mutu biurtzen diran eta gañera anca elbarri, sagardoteritic echeraco bidea ongui neurtuaz joateco moduan».

        1914.ean Ondarribian ospatu behar ziren euskal jaiak bertan behera geratu ziren Europako gerrate haundia zela bide. Dena den, eta literatur lehiketarako lanak epez barne emanak bazeudelako edo, sariak bai banatu zirela. Horri esker, jakin badakigu sariketaren IX. sailean Damaso Intzakoaren Ordikeria eta Blas Pradere Arrutiren Edaleentzako gogoangarriak saritutakoak izan zirela. Oñatikoaren arabera «edari galgarriyetarako griña kendu nai bada, oituraz bakarrik eta noiznai ez edan, ordu gaiztoan askok eta askok egiten duten bezala; premi gabe edo egarririk ez dala, beñere ez edan, eta, egarriz edan bear danean ere zalapartan edota edaldi batean ez edan, urdaillerako kaltegarri da ta, pitxinka edan edota txurrutaka, eta onela edari askoz gutxigorekin eta obetoago egarriya kentzen da». Jean Etxepare Bidagorri sendagile baxenafarrak ere, alkoholaz zuen juzku petrala azaleratu zigun 1920.eko Eskualduna aldizkarian «Jan-edanak» artikuluxkan: «Ai, arno hori! Zenbatek ez dute uste indar-emaile dela arnoa: edanago eta azkarrago gizona! Bereziki langilea, iduri zeiei, horrek daukala xutik. Etzanik ba horrek, lurrean ihauska, herrestan langile dohakabea! Edaleak, aitor-azue, arno xorta batek zainak pizten baditu, hiltzen dituela sobera edateak. Emagun, hots, hein batez indar emaile dela arnoa. Handik goiti, janak eta oro gal-araziz, barnea errez, odola pozoindatuz, estropuzko min bat hatzemaiten badu edaleak, hura gaizkonduz, usiak hartuz, bertzenaz errexki sendatu ahalko zena gangranatuz, hilerrietarat deramake arnoak bere gizona. Eta zalu! Gaude garbiki, ez ote duen ezpatak baino gehiago hilik arnoak berak».

        Beraz, miriku, apez edota politiko jendakien iritzia bere eginez, herri kantak maleruski badiosku: «Ai ardua, ai ardua / Gizonaren ingainua / Biga-bostetan galerazi deitak gaiko lua / Bai eta biharamunean lanialako gogua». Alabaina, eta herri kantagintzaren aholkularitza gogotik onartuz, esandako guztia esanda, oraindik ardozale amorratuok garenok, zeharo etsiturik izan arren, kantatu ere honela kanta dezakegu: «Arno onaren gozoa / Hortan dut neure gogoa / Mundu hunetan bizi naizeno / Zainetan odol dudano / Santa sekulan ez diot / Erranen arno onari adio».

 

Bilaketa