literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sakan Mix I: Blas Alegria Lakuntzako apez edestaria

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-1-31; 1997-2-7; eta 1997-2-14

 

        1. SAKANAkoa ez da atzo goizean Vascongadetatik arribatu arrotz samalda eli batek Aralar eta Urbasa-Andia mendartetako trokak izendatzeko asmaturiko deitura berria, eta hau badiogu, ezta erretolika merke eta ments egitearren, halakorik nahi baino gehiagotan aditzea egokitzen baitzaigu, tamalez ordea. Bada jakin baitakigu, egun egungo arrandioso enpoildu handiuste pailardarre astofaldun eta, hondarrean, politiko erdaldun bekaiztik aisaegi bezain usuegi gure mendebaldeko auzanaiengan ediren ohi duela euskalgai bakarra, ertaroan berebizikoak iparraldekoengan kausitzen zuen gisa berean, eta oroit bestenaz dokumentazio zaharrean Baxenafarroari aipu egiteko hazta daitekeen izen arrunta tierra de bascos dugula. Berriz ere nihil novum sub sole. Are tamalgarriagoa generrake, izan ere mugerrietan sakanarik badira, eta guk dakigunez bederen, Ollaran aldeko Artetan zein Senosiainen, Belatesakana zein Aransakan dermioak, hurrenez hurren, badaude, eta zihurrenik halako gehiagorik datezke oraino. Naski Arakil ibaiak kurritu nasa arraildu sakonarena ongi aukeratu izena dugula, orografiari gagozkiola behinik behin. Eta gure Sakanan, behinola Aranazko herria zen hartan, Lakuntza hiria dugu, eta honetan ere, Dendaberri etxea, gure gaurko gizonaren sortetxea izan zena.

        Txema Larreak eta Periko Diez-Ultzurrungok arestian apailatu Nafarroako euskal idazleak krestomatiaren lehendabiziko alean zioten landara, edozelan ere, arras gutxitua, 1983.eko azaroaren 9an Blas Alegria beraren jaioterrian Euskaltzaindikoek ospatu omenaldian irakurtu hitzaldietan jasotzen dena dugu lakuntzar honen ezagutarazgarri. Hartan hiriko erretorea zen Eugenio Ulaiarrek emandako berri andana guria bezain maratza badaukagu batik bat. Gure idazlea 1883.eko otsailaren 4an sortu, eta ber herrian 1947.eko urriaren 12an zendu zitzaigun, hirutan hogeitalau urtetan. Aita, Jose Bizente Alegria Gillen, karlista amorratua zuen, eta ama, Anizeta Alegria Razkin, Etxarren-Arakilgo alaba. Gizon altua eta maikia, aurpegi latz eta eite seriosa izateagatik ere xelebria eta umore onekoa. Lehendabiziko ikasketak txoko honetara honezkero ekarri Biktoriano Huizi etxarriarrarekin egin zituen Unanun, haatik ez dakigu hark zein neurrian benetan erakarri zuen euskal idazgintzarako. Teologia ozta ozta nonbait amaitu ostean Lakuntzan geratuko zen betiko. Apez laguntzaile gisa ia beti, erretore lau urtetako epe laburrean ihardun zuen, 1934.etik 1938.era doan laurteko laburrean, Juan Eskala joan eta Nemesio Asurmendi etorri arteko betan. Bien bitartean Arakilgo arziprestazgoaren kapelau izendatu zuten, eta horren kariaz, tenore laburretan izanik ere, Latasa, Ilarregi edota Hiriberrin izandu zen. Iruñeko apezgaitegian 1925.ean sortu eta guda arte iraun Euskeraren Adiskideak batzako taldekidea ere izan genuen. Hartan laguna zuen Migel Intxaurrondo euskara irakaslearen arta betetzeko aukera luzatu bide zioten, baina langintza horrek altaraturik edota Dionisia bere arrebak zukuruzturik, etzuen zeregin horretan jardun, zoritxarrez, nahiz hainbat tokitan horrela ziurtatzen den oraindik orain.

        Alegriaren ezagutzen dugun lehendabiziko idazlana Euskal Esnalean agertarazi zuen 1926.ean: «Irakurgai alaiak: Lakuntzako pertza». Tolosako Doroteo Ziaurrizi eskeini hau Larrea-Diez Ultzurrungoren bilduman badakarkigu irakurgai. Horrenbesteko sona izan duen pertzaren pasadizoa Jose Maria Iribarrenek 1940.eko Retablo de curiosidades nahiz 1946.eko De pascuas a ramos liburuetan ezagutzera eman zuen irakurlego erdaldunaren artean, aldez aitzinetik Alegriak berauk eskeini berria modu nahikoa satirikoan erabiliz: «Lakuntzako pertzak zer piñ egin zun? Ire aitak eta amak egin zuena». Edozein modutan ere, Donostiako izparringian agertu zuena ezta pentsa litekeenez Lakuntzako pertzarekin egitan agitutakoa, baizik eta Damaren istorioa, bere bestelako idazlanetan ere errepikatu zuen izaite mitologikoa: «Ordu asko juatenmenzazkion damatxoari erreka baztarrian txutxunpiko, ugeizko moto gorria aliñokan, oñ txiki txuriyek sartuik ur otzien, onen geñalde agiri zen bere aurpegi zoagarrien iduri eder garbiyei beeire txoatuik. Arren begiyen dizdiikoak norbeit jotzen bazuen, adio, arren biyotza domatuik, betiko garbi enamoatuik. Bera berriz iñortaz ere enamoatzen ez».

        Halarik ere, egun Alegriaren ezagutzen ditugun gutiz gehiengo idazkiak Olabe sariketarekin dute zer ikusirik. 1887.eko azaroaren 15ean Euskara Bazkunak Serafin Olabe izendatu zuen ohorezko bazkide, eta hortik letorke sariketaren izena. Hasiera hasieretatik aurkeztu zuen bere burua honetara, gaurko sariketetako hainbat sasi-idazleok dagigukeen antzera. Horrelakoa dugu Aña Mari: misiotako antzerkia, Iruñeko Sarasate pasealekuko 15 zenbakian zegoen Ricardo Gartziaren alargunaren irarkolan argitaratutako liburuxka, 1928.ean Euskararen Adiskideek antolatu antzerki batzaldian saritua hots. Azalaren marrazkia M. Sagastik egina duen honek Migel Intxaurrondo irakaslea zuen aitaponte baikor. Bere 64 orrialdetan barrena Lakuntzako Baratzarrekalde baserrian bizi den familiaren berri ematen du antzertilan zalui laster honek.

 

        2. Ohi zenez, bi dira hariak txirikordatzen dituzten ideirik nagusiak: Euskalerria eta erlijioa. Beraz, nekez harri gaitzake horrelakorik letzea: «Gure gazte denboran... aik ziran egunak, aik. Aurreneko egunetik mutillak agiñ adarrak ekarri, ta neska ezkongaientzat moltxoka pollitak egin ondoren, polliki polliki jantzi, ta urren goizian goi, loretegi zuri gorrien antzera atal goienian jartzen zituzten. Ardi ta arkume gizenenak ill, ta mutillak aragiari, neskatxak tripakiari; aik, larreñetan gierriñakin; oik ibai bazterrian lilaiakin; gizonek sua pistu, emakumeak tresnak prestu, ta pertzak garbitu; almiantia aurretik, txuntxuna atzetik, umiak dantzan, danak autzelan! Pest egunian irri-arra bakoitza bere aldetik, aizpak eta anaiak, izebak eta osabak, lengusu ta illobak, aide ta ezagunak, etxe bete betian, guziak hasiz, denak alai eta pozik. Orduko ingurutxo ta alkate dantzak... ikusgarriak ziñez! Nai zuten guzientzat ardua ugari ontzi polit ziderrezkotan. Agintari ta buruzaiak leku egokian exeri-ta, patxaraz dantzariai begira. Mutilla burutsian, neskatxa lotsati, lotsati; jazkera erraza, baña txukun eta garbi... aik ziran dantzak! Neska mutillak, alkar ez ikutzeko, surtzapi me politen mutur bana artu-ta... ez ola, boa! atzo, galde gorde gabeko aul aik bezala, lotu-ta.. izañen antzera itsasirik... ni banintz alkate!». Alta horrelako deskribaketen ondoan lirismozko uneak ere badira, Erremun Indianok Aña Mariz kantatzen duen honakoa esaterako: «Emen bizi da, barrendik dago / Bere kaiolan txortxola / Bakarrik dago aztarrika ta / urrumeda dariola / Urrumedorrek ala pistu du / Nere barruan su garra / Goiko basuan piztutzen dunez / Tximistak egur igarra».

        «Laude et similime pluris Basconicis fuuntur in osis», ez gehiago ez eta gutxiagorik ere, Alegria lakuntzarrak 1929. urteko Olabe sarirako aurkeztu zuen lanaren sinatzeko erabili ezizen undatsa genuen. Dama izenburuko idazki honek neurriz kanpokoa izateagatik sariketaz kanpo utzi zioten, alabaina epaimahaikoek izkiriatuari zerion onegitea etzuten eskertu gabe utzi nahi izan eta 300 pezetetako dirusaria eman zioten kontsolagarri. Etzen gauza berbera agitu 1930-31.eko biurtekoan helduko zen lehiaketara «Esan eta egin» lemapean aurkeztu lanarekin. Gure ama: euskararen garai ontako egonera ta berori zaindu ta geituerazteko biderik egokienak, Iruñean 1932.ean karrikaratu zen, euskaraz eta erderaz. Manuel Irujok aldez aurretik proposatu gai honen jorratzeko Alegriaren lanak lehendabiziko saria jaso zuen, 1000 pezeta borobil osotara. Xabier Gorosterratzu zensoreak etzuen, agi danean, lan haundirik izan bertan azaltzen zirenak eragozteko. Lehendabiziko 53 orrialdeak euskaraz datozkigu eta jarraian dirauten gainontzekoetan, 92.era arte, erderazko itzulpen zuzena jasotzen da. «Azalpena»-ren ostean, «eusko idazkera»-ri buruzko hainbat dakarzkigu, finitzeko egileen zerrenda luzeak eskeintzen dizkigularik. Zinez harritzen gaitu Lakuntzakoak darabilen bibliografia aberatsa eta aipatzen dituenen zeaztasun egokia. Hiru taldetan banatzen ditu sarrerak oro, hala nola, Euskaltzaindikoak, idazlari euskaldunak, eta erdaldunak. Lehendabizikoen arteanAzkue, Agirre, Altube, Brousiain, Campión, Eleizalde, Intza, Lhande, Urkixo, Bahr, Orixe, Schuchardt, Uhlenbeck, Etxegarai anaiak edota Eguzkitza. Bigarren multzoan berriz Agirre Asteasukoa, Anabitarte, Beobide, Jorge Agirre, Altzaga, Allende-Salazar, Apraiz, Ariztimuño, Arrandiaga, Ignazio Artetxe, Azkue, Baltzola, Basabe, Barbier, Barandiaran, Bera, Blazy, Daranatz, Decrept, Donostia, Alfredo Etxabe, Etxaniz, Elizondo aba, Elortza, Etxepare, Etxalar, Fernández, Gerra, Garralda —«Salazenkoan iratsi du!»—, Galdos, Goienetxe, Intxaurrondo, Iraizoz, Larreche, Jautarkol, Landeta, Larunbe, Lekuona, Leizaola, Lertxundi, Lezo, Markiegi, Manterola, Mokoroa, Oiarzabal, Pagoaga, Rekondo, Sagartzazu, Saint-Pierre, Jose Maria Huarte Jauregi, Urkia, Urreta, Urrutia, Zamarripa eta Zinkunegi. Eta azkenik, hirugarren tropelean, honakoak: Amado Alonso, Juan Fernández, Amador de los Ríos, Antonio Belazquez, Bosch Gimpera, Navarro Tomás, Julio Cejador, Enrique Eguren, Ramon Menendez Pidal, Enrique Beati-Moglia, Bonaparte, Cardaillac, Dogson, Faddegon, Farinelli, Geers, Giese, Gavel, Karl Hanneman, Herelle, Humboldt, Linschman, Luchaire, Mahn, Marr, Menteath, Michel, Pais, Rousselot, Stempf, Trebitsch, Urtel, Van Eys, Vinson eta Vvinkler. Hainbat argitarapenen aipamena ere badagi, Euskalerriaren Alde, Gure Herria, RIEV, Gure mixiolaria, Prantxiskotarra, Argia, Eskualduna... Zerrenden luzea izanik ere apal eta umil honela zioskun: «Sakon xamar begiratzen asi ezkero uts askotxo aurkituko dira izandi hontan, baña, gure naia betetzeko aski da». Bukatzeko, olerkiari nahiz olerkariei buruzko hainbat burutapen aireratzen zituen: «Bertsolariaz landa, ez da izan olerkari aintzakorik orain arte gure errian. Bilbeari axaletik begiratzea aski da, berealaxe ezagutzeko ezdala egundañotan alakorik Euskal Errian sortu». Euskararen egoeraz Alegriak zerabilen eritzia eztzen, pentsa litekeenari aitzi, bat ere baikorra, eta zorrotz oso bazitzaigun agertzen, bai euskara idatziari zihoakionean: «Agirian dago, esan bezala, anitz idatsi eta lanketa ez gutxi egiten dela euskeraz, ala euskeraren alde. Ta, irakurri? Ez. Gezurra dirudi baña alaxe da. Irakurle geienak eusko ikasle edo euskelariak dirade. Euskaldun gainerakoak ezta asmorik ere! Aldistingiak, gai gutxi dutelakoz, ainbestian! Liburuak... neketan!», ala euskara mintzatuari ere heltzen zionean: «Esan dugu euskera mintzatua aldapen bera eroriaz ondamenera dijoala. Zoritxarrez ala da egia. Ontan guztiok bat gaude ta, zeaztu bearrik ez. (...) Irri parrak lenbizian, hable en cristiano irringitzak, gero, ta azkeniko, ixo, ixo, ta atzerrian edo balitz bakarrik, utse, Euskalerri bere berean ordea, ori bai dala mingarri! (...) Gaur edo biar, oitako batek umerik izaten badu, euskara zertako? Tximu baten antzera txiki ta ondien parregarri ibiltzekonaiko naiz ni, esango du. Erdera apo! erdera irakatsi bear zitzaien. Euskera, p'a kaikus ser y errematar laydazer. Ori duk». Hiru ziren bereziki euskararen etsai nagusienak Alegriaren begiko: irakaskuntza, bizibeharraren joan etorriak —ezin ahantzi Alegriaren hainbat senidek Ameriketara joan beharra izan zuela—, langintza zerbaitetarako eusko gizonen urritasuna, eta Euskal Herriko bihotzaren berri eta izatearen jakingabetasuna. Geroxeago ere lan honen VI. kapitulua argitara eman zen Lilaya izenburuarekin RIEVen.

 

        3. Nolanahi ere gure zalantzak baditugu Alegriaren lan honen jatortasunari dagokionez. Azalduko dugu. Honezkero agertu zaigun Migel Intxaurrondok —Alegriaren Aña Mari antzertilanaren zensore eta Apezgaitegiaren euskara irakasle hura— urte batzuk lehenago kaleratu liburu batean, zerrenda ber ber hauek jada argitara eman zituen, igualak, erderaz baina. Idazki hau 1926.eko La iglesia y el euskera: obligación de hablar al pueblo en su lengua nativa y de cultivarla izenburukoa dugu. Pezeta bakarra balio zuen hau Iruñeko gotzaia zen Mateo Mugika eta Nafar Aldundiari eskeini zien. 1926/27 ikasturteari hasiera emateko apezgaitegi kontzilarrean egin ekitaldian irakurritako hitzaldia dugu hondarrean. Leon Leonek iruzkin ezin baikorragoa egin zion 1927.eko Gure Herria-n: «Ez dakit ene idurikoak direnetz bertzeak, bainan orai arte haize hegoa enuen gutienik maite. Zertako? Kaskoa erhausten dautalakotz. Bainan iragan astez geroz buruko min guziak barkatuak diozkat. Erran zaharrak diona, emaitzek harroka hausten eta guritzen dutela, egia bada, egun hautan hegoak egin emaitzak nondik nola enituen hautsiko eta gurituko, enizenaz geroz ez harrroka, ez harria, ez eta harrigarria? Asma hegalpean zer ekarri dautan? Liburu bat, liburuño bat, bere hatsa bezain beroa, beroa bezain bihotz altchagarria, eta eskuarari buruz zerbait ari direnentzat zinez sustagarria». 98 orrialdetako lan maratz eta zaindua dugu. Orriazpian datzan ohartegi zabalak erudizio handia salatzen digu. Lehendabiziko zatian herriari bere hizkuntzan hitzegiteko beharraz dihardu, eta bigarrenean berriz herri hizkuntza sakontzeko apezek duten artaz. Bi gehigarri dakartza. Bata garaiko euskaltzain, euskaltzale eta euskal idazle zerrenda luzea eta bestea apezgoarendako komenigarriak datezkeen hainbat idazki eta liburu. Bi gehigarri hauek lirateke Alegriak pirateatutakoak horren nabarmenki. Dena den, Intxaurrondo lagunak onarturik zatekeela bagaude. Gizon honengana iritsirik ordea, derragun Migel Intxaurrondo Arriaran Araiz aldeko Arriben 1897.ean jaio zela, Iruñean apeztu eta Etulainen erretore aritu zela, eta 1926. urteaz geroztik Iruñeko apezgaitegian euskara irakasle ihardun zuela lau urtez. Gerrate zibilak Madrilen harrapatu zuen eta Gineara bidaldu zuten osteen kapelau. Ginean ibili ostean, Kartagenan eta Puerto Ricoko Humacaon izan zen: «Zortzi urtetara dijoa onera etorri nintzela, mixiolari bezela. Len mariñela nintzan. Ontzitan ibiltzen nintzan ara ta onera. Guda ontzitan. Kapellau bezela. Eta xahartuxe egin nintzanean, lurrera jo nun. Baño Madrillen ere, alperkeriaz aspertuta, berriz lantoki berrira etorri nintzan» («Humacao, Puerto Ricotik», Principe de Viana aldizkariaren euskal gehigarrian, 1967.eko uztailan). Azken honetan zendu zen 1979.eko maiatzaren 28an. Aipatu lanaz gainera euskara ikasteko Metodo práctico del euskera ondu zuen, Iruñean, San Zernin karrikan Jose Aramendiak zuen moldetegian, 1928.ean. Zensorea etzen edonor, bada Blas Fagoaga izan baitzen liburu zuzentzailea, eta jaso kritikak oro hagitz onak izan ziren eskuarki, guzietan beroenetakoa Henri Gavelek zuzendu ziona: «Ce livre représente un travail des plus méritoires, et nous paraît appelé à rendre d'eminents services pour l'enseignement du basque en Haute-Navarre». Gramatika, guziarekin, zailduegia zekarren, hitanoaren aldaerekin ere, eta jasotzen zuen euskara eredua gutiz gehien gipuzkera-nafarrera izan arren, hainbat ekialdeko ikutuak bazituen. 450 inguruko aleki honi erdal-euskal hiztegi batek ematen dio amaiera. Olerki mailan ere, erdal olerki bat agertarazi zuen 1924.eko Euskalerriaren Alde aldizkarian: «Sembrando el trigo marzal», Etulainen egina, eta euskal olerki bat 1926.eko Euskal Esnalea donostiarran, Iruñean egina ordea, «Aingeruaren iltzean»: «Amatxo, amatxo, amatxo / Batek erran dit belarrira / Amatxo, amatxo, amatxo / Berekin juaiteko goitira. Semetxo, semetxo, semetxo / Dakuskizun oyek... nun dira? / Oi zoinek dautsu erran semetxo / Yuaiteko ayekin belarrira». Hiztegigintzaren arloan Euskaltzaindiari «Palabras vascas que no se encuentran en el diccionario V.E.F. del sr. Azkue» izenburuko zazpi orrialdetako hitz zerrenda laburra igorri zion, Araitz, Goizueta, Larraun, Lesaka eta Baztanen bilduak zirenak. Azken orrian Azkuek berak erantsi zuen: «Hay otra remensa del mismo que contiene 47 palabras», baina oraino ez omen da ageri. Azkenik, Silbia Baleztena Azkarateren Jerusalem erdal saioa euskaratu zuen, baina tamalez ezin izan zuen argitaratu gerratea zela eta. Honetan Palestina alde hartaniko Españako konsularen emazteak bizitakoak jasotzen dira. Batzutan Bibliaren gertaeren berkokapenak dira, eta besteetan azalpen historikoak zein ohiturazko deskribapenak. Guziarekin etzen oso liburu ona, eta idazlearen aurreiritziak zein antisemitismoa nabariak dira.

        Sakanako sako luzera itzuliz, eta Alegriaren lanekin ahitzekoz, 1932.eko sariketan «Costumbres, justas y regocijos de la zona euskérica de Navarra» sailerako «Egi eta fedeak» izenpean aurkeztu Jolas urrina aipatu behar dugu. Honetan ere 1000 pezetako saria eskuratu zuen. 1933-34.ean ospatu laugarren sariketarako, eta «Folklore en euskera» zeritzaien bostgarren sailerako Atsegina izenburukoa igorri zuen «Gogoz eta legez» lemapean. Alabainan urte horretako politika aldaketarekin, ez zuten ez eta lana irakurri egin. Egia esateko, hau izan zen Olabe sariaren euskarazko sailaren akabaera, izan ere, 1935-36 biurtekoaren bostgarren sariketarako ez baitzen euskarazko lanen aurkezteko deialdirik egin. Eta gerrateak etzuen hau bakarrik kalitu, baizik euskal idazleen lana ere ondatu zuen zeharo. Alegriaren lan gehienak gerratearekin batera desagertu ziren, batzuk erre zizkiotelako, eta beste batzuk berauk desagertarazi zituelako beldurrez, batik bat, guda bitartean Getarian senitartekoekin emaniko denboraldian, itsasora bota zituenak. Guziarekin olerkari bezala egin zituen beste lan batzuk baditugu irurgai oraino: «Oliteko gaztelua» olerkia, «Biotz mina» San Sebastiango ermitari eskeini olerkia bere erdal aldaera den «Añoranza» delakoarekin, eta Lakuntzako Agotza etxean oraino dituzten bere bertso batzuk ere, matatxerriaren inguruan eginak diren «Berso berriak: Belarri bakarreko zerri bromazalia» deitutakoak eta 1945.eko urtarrilaren 25.eko data daramatenak hots. Halaber Ulaiar jaunak 47 bat sermoi idoro zituen, datarik gabekoak, eta beste antzertilan bat izan zitekeen baten egiteko eskemak , San Migel Aralarkoaren inguruan.

 

Bilaketa