literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Donibane Lohitzuneko Pierres Etxeberri Dorrek euskaratu «Nabigazioneko liburua»

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-3-10

 

        Bat baino gehiago badira Etxeberri izeneko euskal idazleak, hor baititugu, ezta aipatu beharra ere, Sarako miriku famatua edo Ziburuko olerkari teologo haundia. Halarik ere, bada beste Etxeberri bat, ez sona horren aditukoa, hemen aipatzea benetan merezi duena, hau da, Pierres Etxeberri Dorre deiturikoa, Donibane Lohitzuneko semea.

        Dorre honek beste euskaldun batek izkiriatu frantses liburutiko itzulpena egin zuen, itsasgizon eta pilotuei espreski zuzendurikoa. Izan ere, 1632. urtean Rouen hiriko Raph du Petit-Val izeneko etxean argitara eman baitzuen Ziburu edo Zubiburu herrikoa den Martin Hoiartzabalgoak bere Les voyages aventureux du capitaine Martin de Hoyarzabal habitant de Zubiburu. Beraz liburu honetako itzulpena da Piarres Etxeberrik moldatu zuena. Honen ale bakarra geratzen omen da egun, Pariseko Liburutegi Nazionalean, zeharo desegina eta zaharkituta oso dagoena. Edizio faksimila Donostiako Txertoa argitaletxeak inprimatu zuen Estellerriko delako Graficas Lizarra famatuetan 1985.ean, 350tako hedapena labur batean. Vinsonek Hoiarzabalen liburuaren lehendabiziko edizioa ez omen zuen ezagutzen, bai baina bigarrena, Bordelen 1633. urtean agertu zena hain zuzen ere, «revueu corrigé en ceste derniere impression, augmenté de la declinaison du soleil»... Bestaldetik argitalpen honetan honela justifikatzen da inprimatzailea: «le lecteur trouvera mots de divers languages et divers ortographies, la raison en este que l'author qui viest pas français mais basque des frontiéres d'Espagne.

        Euskaldunek marinela bezala zuten ospe haundia kontutan harturik, ez da harritzekoa 1677. urtean Dorrek horrelakorik egin izana. Hau da, luzamendu gehiagotan sartu gabe, Lapurdiko kostaldeko euskaraz egin zuen egokipena: Liburu hau da ixasoco nabigazionecoa, Martin de Hoyarzabalec egiña franceses eta Piarres Detcheverry edo Dorrec escararat emana, eta cerbait guehiago abanzatuba, Bayonan, Fauvet imprimerian Carmesseteco aldean, DCLXXVII. Horrela hasten da gure Donibaneko Dorreak: «Jaquitecoduç liburu hunetan comprenitçen direla arrutac, lecoc, çundac, eta marea contubac eta entradac, eçagutçac halturac hala nola, lebantecoac, Espainnyacoac, Franciacoac, Bretaniacoac, Normandiacoac, eta Picardiacoac, Flandrescoac, Angueleterracoac, Irlandacoac, Escosiacoac eta Ternubacoac, hala nola baitire seguidan iscribaubac placerduten maistrubentcat, perilletaric goardatcec».

        Beste aldetik ere, hirurogeitamar inguru kapituluez hornituriko aurkibide zabala dugu Dorreren itzulpen moldatuak eskeintzen diguna aipatu leku guzietako berri ezin praktikoagoak argigarri itsasgizonendako. Ez ostera guretako, itsas lehorreko nafar gari ereile petoendako, horrelako ziotan guztiz profanoak garenondako, bada seguroenik, ez lekiguke praktikoegia agituko Itsasoko nabigazioneko hau gure lurraldeko hamaika playa-zelai arruntetan murgiltzeko, ez horixe!

 

Bilaketa