literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.314 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Salvat Monho eta Ihartze Bidassouet aiten gainean

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-3-29

 

        Ezagun da 1789.eko iraultzarekin anitz apez hegoalderatu zirela halabeharrez, besteak beste 1809. urtean karrikaratuko zen Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, edo ezagunagoa gertatu den bezala izendatzearren, Meditazione handiak lan gotorraren egilea zen Martin Duhalde ustariztarra, Oiartzun eta Hernanin ihardun zuena. Horietako beste bat 1749.ean Isturitzen sortu zen Salvat Monho genuke. Ikasketak Donibane Lohitzunen burutu ostean 1774.ean apeztu zen, Azkaine, Uztaritze eta Bardozen artzai lana egin zuelarik. 1803.ean iparraldera itzuli zenean, Ainhoako erretorea dugu, eta 1804.etik 1819.era doan bitartean Irisarrin. Azken urte horretan eta Bardozera bueltatzeko manatua eman ziotenean zendu zen. Baxenafarrerazko ikutu zenbaitez kutxatu lapurterazko bertso paper abondo izkiriatu bazituen, gai erlijiosoaz nola profanoaz, Pierre Lafitte zenak 1970. urteko Gure herria aldizkarian zatika lehendabizi eta bi urte beranduxeago osoz Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821) izenburupean eta Baionako Ikas argitaletxearen eskutik argitara eman zituenak. Iraultza gaitzat harturik bertso ederrak ondu zituen, berbarako Percheren gudalostearen martxaren airean behar den Orroitzapenak izenekoa: «Mundu hunen hastapenetik / Gure egunetaraino / Kain infamearenganik / Ez du jautsi Pinet baino / Munstri itsusiagorik / Robespierre eta Jourdan / Gizonen etsaiez landan / Ez Frantzian ez Europan / Hain fama gaixtoagorik. Robespierrek Pinet horri / Gu gaituk nausi Frantzian / Flakoenen espantagarri / Manatuz egun guzian / Zenbait heriotze berri / Jenderik aberatsenak / Utziz bre ontasunak / Dirua ezin eremanak / Joanen dituk ihesi». Iraultzatik ihesean hegoalderatu zirenek bere islada Mogelen Peru Abarka elaberrian ere izan zuten: «Gerla zer dan ez dut jakin. Ihes egin nuen andik, ta ebildu naz Españako iri euskaldunetan nola ala ezkutuz edo ageriz. Beldur izigarrietan igaro nituen asko egun. Maiz bihillatua izandu nintzan pranzes izenagatik. Behin baño gehiagotan egin nuen lo basoan bizkaitarren beldurrez», eta Monhok berak on zezakeen bertso hau ekarri zuen Eibarkoak: «Gerlara ethorri ginian / Gure bizien perillean / Gure agintariak pranzes / Alons, chasseur, avancez / Guk euskara eranzutea / Diabruak eraman bazinzez».

        Bidassouet abatea ez zatekeen egun hagitz ezaguna jazotzen den horietako. Pierre Ihartze Hazparne herriko Bidassouet-Aroztegienean sortu zen 1765.eko irailaren 25an, eta Elizaberri nahiz Sueskunen lehendabiziko ikasketak burutu ostean Pabe eta Larresoron izan genuen teologiazko ikasle. Azken horretan ziharduela 1790.eko biltzarrak apezgaitegia uzteko behartu zuen, latina nahiz euskaraz haurrek lau hilabeteetan irakurtzen ikasteko esku liburu bat ontzeko aprobetxatu zuena. Haatik apeza izateari etzion muzin egin nahi eta Baiona eta Oloroeko gotzai konstituzionalak azken hiri honetan apezteko esan zionean, bere burua prest hatzematen etzuela estakuru jarriaz, Iruñera ihes egin zuen benetako zeritzon apezpikuaren bila. Bazekien ordea Akizeko aurreko apezpikua izana zen Laquieuville-Viel Donostian zegoela, eta bertan iraultzatik anka egiten zuten nobizeak apezten zituela, beraz giputz hirira jo zuen eta 1791.erako azpidiakonatutza jasoa bazuen. Sorterritik oraino beste bidazti bi egin beharrean izan zen, itzain zein artzaiaz mozorroturik, 1792.ean behingoz apez zedin. Horrenbeste itzulik sorterritik hastanarazi zuen 1792.eko uztailaren 29an iraultzaileei beldurrez. Gendulaingo kontearen gerizapean babesturik Oronoz eta Garesen izan zen, handik, Bizkaiko Arrigorriagara eta Bilbotik pasatuz, Santiagora abiatu zela erromes. Bertan Markinakoa zen Mugartegi eliznagusiko kanonigoa zenak eskeiniari zaputz egin barik zazpi urtez bederen geratu zen Galizako hirian Hazparnera itzuli aurretik. Nolanahi ere bere pasadizoak hobekiro ezagutu nahiko lukeenak 43 orrialdetako honako idazkitxo hau irakur lezake, Adventures de M. L'abbé Diharce de Bidassouet ecrites par un de ses élèves, Baionako Lamaignererenean eta 1835.eko azaroan.

        Bat baino gehiago ziren izkiriaturik laga zituenak. Gorago ekarri dugunaz gainera 1808.ean Baionako Cluzeau argitaldarian Essai de quelques notes sur la langue basque inprimarazi zuen, alabaina bere lanik gutiziatsuena Historire des cantabres ou des premiers colons de toute l'Europe avec celle des basques leurs descendants directs et leur langue asiatique-basque idazkia genuke ezbairik gabe, Parisen 1825.ean agertu zena, Jules Didoten etxean. Honen berri emateko aldez aurretik bazen agertu Baionako Duhart-Fauvet baitan zortzi horrialdetako prospektua, Recherches sur l'origine véritable et réelle des escu-alde-duns, par syncope escualduns, anciennement guiçons (hommes) cantabres et aujourd'hui généralement basques français, espagnols, puisées dans l'écriture sainte. Lanaren aurrekaldean lehendabiziko ale bezala aurkezten zaio irakurleari baina agidanean bigarrenik etzen sekula ere agertu. 416 orrialdetan barrena escualdunac hitzaren etimologia proposatu ostean euskal herriaren etorki, bilakaera eta historiaz aritu zen: «De l'arrivée des basques escualdunac en Suéde, en Espagne, en la Turquia méridionale». Lécluseren ingurukoek hista egin zioten baina Vinson etzen ber iritzikoa: «Tourn'e en ridicule par Lécluse et ses amis, en valait ni cet honneur ni cette indignité. Il avait en linguistique des idées extravagantes, mais il était fort instruit et en manquait pas de talent».

 

Bilaketa