literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Belatarren erakaspenak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-15 eta 1995-12-22

 

        1. Lehen hala, orai hula, gero ez dakit nola. Belatarrak edo apika Jean Louis Davant ürrüstoitarrak erabili Belatiarrak deitura hobetsi beharko Zuberoko sendi idazlaria izendatzeko orduan. Litekeen arabar etorkia alde batera utzirik —hontaz esan Jean Philippe Bela Velez Medrano sendi nafarraren bitartez Belen askazien zuhaitza berreraikitzen ahalegindu zela— gaurkoan Bela zuberotarrak hizpide.

        Nabarrenkoxe eta Oloroe Biarnoko hiriak lotzen dituen bide ertzean dagoen Sangoin herrixkako laborari baten semea zen Gratien Bela, Sohütako Domekera ezkondu zen eta hortik nonbait nobletu. XVI. mende honetan une nahasiak bizi ziren erreforma zela eta. Hortaz ez da aipatu ere egin behar Alli jaunak horren kuttuna duen Leizarragaren itzulpena bera. Nafarroako erregetza, Juana Labritekoa buru, kalbinismora bildu zitzaionean, Belatarrak katoliko genituen oraino, Oloroeko Regis apezpikua bera Mauleko etxe batean gordeaz. Alabaina erregeren prokuradore ordezkoa izatera iritsi zen 1550.ean. Zuberoako sindikoa ere izan zen. Gratien honen semea, Gérard Bela dugu, Catherine Johannekoarekin ezkondu zena. Hauxe jada hugonotea. Nafarroako Enrike IIIak 1577.ean baile eta juje izendatu ere, arazo franko izan omen zituen erlijio aukeragatik, eta denbora luzexka eman behar izan zuen Biarnon —oroit bedi bestenaz 1572. urteko San Bartolomeren gaua edo aipatu Juana Labriten semea Ravaillac katoliko sutsuak hil zuela labankadaz Parisen 1610.ean—. Gérardek bi seme utzi zituen, Isaak bata, Sohütara ezkondu zena eta Zuberoko jaunen sindiko (1612-1660), eta bestea sona haundiko Jakes, Maulera lotua.

        Jakes Bela Maulen sortu zen 1586.eko otsailaren 15an. Zuzenbide ikasketak Tolosan egin zituen doktore tesia latinez irakurri zuelarik. Protestante kalbindarra, Lextarreko gorteko abokatua izan zen kostata ere eta erregeren juje eta bailea Maulen eta Othegainen. Papista ertsia zen bere emazte Joanna Arbiderekin etzen ongiegi moldatu, baina hiru seme izan zituen, protestante iraun Salomon Belaspect eta Felipe Belapoey, eta katoliko bihurtu zen Athanase Belapeyre. Jakes kultura handiko gizona bazen, anitz hizkuntza menderatzen zituena, hala nola, euskara, gaskona-biarnera, frantsa, espainera, italiera, latina, grekera eta hebraiera. Idazle naroa, lan orohartzailea ondu zuen, Tablettes izenburukoa. Sei liburukiz osatu lan entziklopediko honek 45.000 orrialdetik gora zuen, ale bat galdurik baita. Egun, argitarateke dirau, kopia bat Pabeko Archives Départementales delakoan dagoela, eta beste bi Pariseko Bibliothèque Nationale deritzanean. F hizkiari dagokion sarreran Dictionnaire basque eta Conpemdium de grammaire basque leudeke, bainan ments dira. Peillenek Jean Philippek hartu zituela uste du. P hizkiaren sarreran 44 euskal erran zahar edo atsotitz datoz. Mitxelenaren aburuz atsotitz hauen balorea linguistikoa litzateke oro har, Bertrand Zalgize edota Oihenarteren bildumei ezer gutxi erants dakiekela. Ez da harritzekoa garai honetan horrelako grina kausitzea errefrau bildumekiko, Europa osoan zabaldurik zegoen moda bat baitzen, beha bedi Erasmoren Adagia bildumari, edo orobat guretako hurbilagoa datekeen Voltoireren L'interprect ou traduction du francois, espagnol et basque. Horrelako lan oparoa ontzeko behar adineko iturriez badihardu Christian Desplatek bere artikulu batean: «Les tablettes de J. de Bela: le milieu culturel d'un gentilhomme souletin à le fin du XVIIe siécle», Idéologies et practiques culturelles dans le sociéte basque, Baionan, 1985.ean, Pabe eta Aturri alderdiko unibertsitatearen eskutik. Bertan, Jakesek zuen liburutegiaz ematen du berri. Bestelako lanak ere izkiriatu zituen, esate baterako Commentaire sur le costume de Soule Zuberoko foruez egindako 600 orrialdetako eskuizkribua Pariseko Bibliothèque Nationalean, edo Traité de la mémoire locale lan judizialak. Baita Beñat Goienetxe zenari buruzko Journal de l'insurrection des basques sous la conduite de Matalas, Pariseko liburutegian —oroitu gure Matalaz Belatarrengandik hain gertu zegoen Sohütan hil zutela—.

        Berri haboro Bela aiaren azkenetako kimu batekin ezkondurik zegoen Gustave Clément-Simonek dakar bere Le protestantisme et l'erudiction dans le pays basque au commencement du XVII siècle: Jacques de Bela, biographie. Extraits de ses oeuvres inédites, Parisen, 1896.ean. Jakes Bela 1667. urteko maiatzaren 28an zendu zitzaigun Zuberoko hiriburuan lautan hogeitamaika urte zituela.

        Jakes Belaren hiru semeetan katolikoa Athanase Belapeire dugu. Jakina ahaidegok orok aldatu zutela abizena, frango aldaera buruhauskor sortuz: Belapeyre, Belaspect, Belapoey, Belaperitz,... Athanase Maulen sortu zen eta Tolosan ikasi. Sohütako erretora izatera iritsia, baita Zuberoko ofizialia eta bikari orokorra ere izan zen. Euskaraz izkiriaturiko lan bat utzi zigun: Catechima laburra eta Jasu-Christ goure ginco jaunaren eçagutcia salvatu içateco Çuberoa herrico uscaldunen eguina, Paben ageri zena, Jerome Dupouxen baitan, 1696. urtean. Duela dozena bat urte Euskaltzaindiak duen Euskararen Lekukoak sailan beragertu zen Jean Louis Davantek berak paraturiko edizio txukun batean.

 

        2. Zura berago, harra barnago. Belatarren artean ospetsuena Jean Philippe ote dugu, Jakesen birbiloba zena hain zuzen. Maulen sortua 1709. urtean. Gazte gaztetik Frantziako gudalostean sartu zen Grenoblen, eta kadetea zela, espetxeratua izan zen bere kapitaina zena duelun hiltzeagatik. Kartzelatik ihes egin ostean, fraile sartu zen, baina komentuko bizitzak abondo ez aseturik, Sajoniako Augusto III.aren armadan eman zuen bere izena. Dragoien osteetan Poloniako burujabetasunaren alde borroka egin zuen Dantzing aldean. Artzainez mozorroturik Poloniako Estanislao erregea salbatzea erdietsi zuen nonbait, eta hark esker onez, Metz hiriko dragoien teniente koronela izendatu zuen saritzat. 1745.ean Frantziako Luis XV.ak euskaldunez osaturiko batalloi sortzeko eskaera luzatu zion, eta horrela Cantabres Volontaires izeneko talde armatua sortu zuen 1046 gizonekin, mendi gatazketarako batik bat berezia zena. Talde honen bandera urdina zen, San Andresen zilarrezko gurutzearekin eta Nafarroako erresumaren armarria erdi erdian zuela. Bolondresen koronela izan ostean 1749.ean utzi egin zuen, bizitakoak oinarri Exercices et évolutions à l'usage du régiment Royal Cantabres izeneko lana lehendabizi utziz. Urte horretatik aitzina, idazteari lotuko zitzaion bereziki.

        Bere lan gehienak argitaratu gabe geratu ziren, esaterako Mémoire aux etats sur les services rendus au pays de Soule par le maison de Bela edo Mémoires militaires du chevalier de Bela. Oroitzapen hauetako zenbait gauza Agosti Chahok agertu zuen bere L'Ariel aldizkarian 1846.ean, eta baita ere Ducéréren eskutik 1896.ean. Ondu idazkirik ospetsuena Pariseko Bibliothèque Nationalean N.A.F. 22.06 signaturaz gordetzen den Histoire des basques depuis leurs origines jusq'a 1748 izenburuko eskuizkribua dugu. Euskal Herri guzietako historia hau euskalki ezberdinetako hiztegi batek ahitzen du, grekera, latina, hebraiera, gaeliko, bretoiera, arabiera, gotikoa, alemanera, espainera eta italierazko ordainekin. Txomin Peillenen aburuz Jean Philippe Jakesek utzi zituen idazkiez baliatu zen bereak osatzeko. Hontaz artikulu bat agertu zuen 1983.ean Fontes Linguae Vasconum nafar gobernuaren aldizkarian. Horrelako lan erraldoiak hamaika zailtasun ediren zituen argitaratua izateko, eta Oloroeko Barthelemy Jean Baptista apezpikua izanen zen Dom Sanadon beneditarrari eman zion aterabide bila. Honek Belaren idazkia inausi zuen eta Essai sur le noblesse des basques pour servir d'introduction a l'histoire générale de les peuples, rédigé sur les mémoires d'un militaire basque par un ami de la nation 254 orrialdetako izenburuko liburua agertarazi zuen Paben J.P. Vignancourenean 1785. urtean. Clément-Simonek ere eskuizkribuaren zatitxo bat agertu zuen bere La société bearnaise au XVIII siécle liburuan. Sanadonen aldaera españolez eginiko bi itzulpenen iturria gertatuko zen, bata hurrengo urtean bertan, Diego Lazkano presbitero giputzak paratu Ensayo sobre la nobleza de los bascongados para que sirva de introducción a la historia general de aquellos pueblos compuesto en francés de las memorias de un militar bascongado por un amigo de esta nación, Tolosan, Francisco Lamakoarenean, 1786.ean, eta heldu zen mendean Jose Girondarena, Donostiako Pio Zuazuaren moldiztegian 1858. urtean argitaratu zeharkako itzulpena.

        Nekazaritza nahiz ekonomiaz ziharduten beste zenbait lan eskuratu omen zituen, argitaratu ez zirenak, eta tamalez egun ezagunak ez direnak. Ekonomia mailan bederen, ezagun da ohialgintzan aritu zela, ohial lantegi bat sortu baitzuen. Beste maila batean, medikuntza herrikoi eta sendabelarrei buruzko lan zabala ondu zuen, Receptes et secrets divers de la nature recueillis en faveur des pauvres, par les soins de Mr le Chr de Bela brigadier des armées du roy. Eskuizkribu honek 1776. urteko data erakusten du, folio neurriko bost liburuki dira, osotara 547 orrialde direla. Bertan gaitzak eta eritasunak osatzeko erabideak eskeintzen dira. Egun, lan honen kopia bat Gasteizko Sancho el Sabio liburutegian da.

        Bere Bere bizitzaren azken urtetan, Zuberoko noblezian sartzea lortu zuen Hiruriko kontea lagun. Ohore honenjasale izateak bere kurrikuluma ilundu zuen nonbait, izan ere, 1770.ean hirugarren estaduaren kanporaketa erdietsi zuen konplotaren barruan baitzegoen. Lau urte beranduxeago, Zuberoko zenbait lurren erret eskubideak erosi zituen, Larrañe, Urdaize, edota Ospitalepiakoak besteak beste, eta haundikeri petralez harrotu zen edozein jauntxo hantustetsuk bezala jokatuz. Halarik ere, 1789. urteko iraultzak etzuen behar baino gehiago aztoratu, eta ondasun erdiak bakarrik galduz, Zuberoan lasai geratzeko aukera etzuen galdu. Azkenean, 1796.ean hil zen Paben. Jean Jaurgain zenak «Notice sur le chevalier de Bela» izenburuko artikulua utzi zigun berri iturri.

 

Bilaketa