literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Kontuz gero liberalkeriarekin!

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-9-22 eta 1995-9-29

 

        1. «Ez icutu, iracurle ona, eta ez becozcotu bereala asieratic liburuts onenganaco. Ez ereicaraz escutic asca papera, bada naiz itz gorrizuritzeraño quiscaldu ta goritubac egon, biyoc bertan etsecoi ta aisquire-izquetan erabillico ditugun jardungariyac, etzaizquitzu, ez, berarekin biatzac erreco, bada emen esaten degun suba, itzaldaketada, ta ez besteric». Honelaxe hasten da El liberalismo es pecado izenburuko lan erraldoiaren euskarazko aldaera. 1891.ean eta Barcelonako gaztedi kristauaren elkargoak bultzaturik, lan honen edizio monumentala eta eleaniztuna agertu zen suskripzioaren bidez lorturiko sosei esker —erabili dugun liburukian suskriptoreen bigarren eta laugarren zerrendak agertzen dira soilik, Catalunyako izenez horniturik, eta bertan Euskal Herritako suskriptorez osotu hirugarren zerrendaren berri eman arren, ez da inon ageri—, Urrezko Inurriaren argitaletxearen eskutik. Hauxe zenbatu gabeko 630 orrialdetako liburukote mardula dugu, 34 zentrimetotakoa, urrutira ez karreatzeko modukoa, katalaneraz gainera honako beste zazpi hizkuntza hauetiko ordainekin: gaztelera, euskara, portugesa, latina, italiera, frantsesa, eta alemaniera, bakoitza bere tipografia berezian, eta grabatu eder eta ugarien laguntzaz.

        Halere lan honen inguruko historia osoa zazpi bat urte lehentxeago hasia zen, Revista popular zeritzan aldizkariaren zuzendaria zen Félix Sarda-Salvany jaun presbiteroak El liberalismo es pecado: cuestiones candentes 228 orrialdetako lan gotorra 1884. urtean argira eman zuenean Barcelonako Pino karrikan zegoen Tipografía Católica izeneko argitaletxean. Sarrera batek, berrogei kapituluk eta epilogoak osatzen du hau, eta liburuan berean idazlearen beste zenbait lanen zerrenda jasotzen da —marketing marketsa ez ta gero—, besteen artean, A una señora y a muchas, Casa y casino, El sacerdocio doméstico, Las diversiones y la moral, ¿Para que sirven las monjas?, eta aipatu Revista popular astekariaren barruan zeukan «Lecciones de teología moral» edota «Propaganda católica» saioei zegozkienak. Soma daitekeenez, ez da hagitz beharrezkoa gertatzen Aita Sardaren pentsamoldea azaltzea, baina nonbait despistaturen bat balitz, hona hemen aldizkari herrikoi hortaz berak zegien azalpena: astekari ilustratua, Erromako onespenaz Barcelonan argitaratzen dena, bere helbururik garrantzitsuena kristautasunaren sustapena eta zabalkuntza zelarik.

        Liburu honen lehendabiziko euskaratzea itzultzaile izenik gabekoa dugu, nahiz Villasante frantxikotarrak bere euskal literaturaren historian Zegamako J.M. Etxeberria kanonigo batek eginikoa zela esan. Guk ez dakigu zein kriterioarekin baina, ez eta non idorokitua den izena, nahiz arras fidaturik onartzen dugun Gernikakoak dioena, alabainan bai badakigula idazkia Barcelonan ere agertu zela 1887. urtean, Santa Monikako ramblan zegoen aipa Urrezko Inurriaren moldiztegian hain zuzen ere. Hitzez hitzezko itzulpen zehatza dugu hauxe, nahiz aurkibidean bi kapitulu gehiago dauden: Liberalen dotriña pecatu da: galda bician dauden aucibideac Erriaren errevista deritzan paperaren zucendari D. Felix Sarda eta Salvani apaizac arguitara emanac. Aurrekaldean, jatorrizkoan ere agertzen den Burgosko eliz barrutiko gotzainek elkar harturik egin gutunaren aipu bera dugu: «Dei bedi racionalisten, irabiazalcen, edo naiz liberalen dotriña, ezur eta mami, oso ta bici, naiz ezcutuan eta naiz aguirian, fede eguiazcoaren ucamena izango da beti» Itzultzaileak bere uztatik propio gehitu zuen bakarra liburuaren bukaeran dagoen 17 orrialdetako «Meza santua ondo enzuteco modua» izenburuko eranskina dugu.

 

        2. Urte bat beranduxeago Bai pecatu da liberalqueriya izenburuko idazkia agertu zen Baionako Lasserre liburugilea baitan: «Haec scribo vobis ut non peccetis, gauza oyec escribitzen dizquitzutet pecatu eguin ez dezazuten». Berrogeitamar orrialde exkaseko idazki ttipi hau ez da itzulpen zuzena. Sardaren ideiak gogoan harturik, idazleak elkarrizketa bat osotzen du Ikasle (Y.) eta maisu (M.) baten artean, non galdera-erantzunen bidez liberalkeriaren desegokitasuna zertan den argi ta garbi utzi nahi duen sei kapituluen barrena. Hitzaurrearekin batera, orduan Baionako apezpikuaren bikario zegoen Manuel Intxauspe beraren argitaratzeko eskubidea badakar, gipuzkera ederrean ziberotarra izan arren: «Guc Bayonaco jaun obispoaren vicario generalac iracurri degu liburucho bat...». Liburu honen egilea ez da nihon ere ageri, baina ezaguna da Azkoitiko semea zen Jose Ignazio Arana lagundikoak egina dela. Baroiko etxekoa etzen soraio ibili ikasteko orenean, leku aunitzetan ikasle baitugu: Azkoitia bera, Amezketa, Ezkioga, Albistur, Arantzazu eta Iruñean gutxienez. 1854.ean lagundian sartu zen Loiolan, eta hainbat lekutako etxeetatik pasa ostean, Burgosko Oñan zendu zen 1896.ean. Lan nahiko izkiriatu zuen, besteen artean Lizargarate eta Garzia ordekideekin batera Vida de algunos claros varones guipuzcoanos de la Compañía de Jesús, Tolosan ageri zena, Modesto Gorosabelen moldiztegian 1870.ean; San Ignacio Loyolacoaren vicitza laburtua euscaraz eta gaztelaniaz, Bilboko Larunbe anaien moldetegitik ateratakoa 1872.ean —lan honen bukaeran, euskarari buruzko bi eranskin badaude—1890. urteko El basco izeneko aldizkarian eta hamasei emanaldietan ageri Disertación sobre la ortografía euskera, urte berean lan soila argitaratu zena 67 orrialdetako liburuxka bat bezala; edota Euskal Erria aldizkarian agertu zituen 30 artikulu baino gehiago.

        Gure Aranak aski ongi ezagutzen zuen Sardaren jatorrizko lana, eta euskaldunen ohitza haikatzeko asmoz, honela arrazointzen zuen ontologikoki: «l. Pecatu al da liberalqueriya? M. Aissa da pecatu! l. Cergatic ordea? M. Gaiztaqueri guciya, pecatu da, diyo San Juan Evangelistac, osoro da gauza gaiztoa, liberalqueriya, beraz pecatu da an. l. Liberalqueriya osoro gauza gaiztoa dana orain ezagutzen det. M. Argatican ere pecatu da. l. Pecatu chiquiya edo aundiya da? M. Osoro da aundiya. Liberalqueriya, utseguite aundi bat da, pecatu mortala». Ontologikoki ere badu autzakia demokrazia zalantzan jartzeko: «Politicaraco edo erriyen gobernuraco libertadea, au da, sociedadeac edo gente billerac nai dan guisara gobernatzea, elizaren aguimbidea eta legueac ecertan iduqui gabe. Vitoriaco obispo jaunac beste bostequin batera, orain iru urte eguindaco carta eder eta egoqui batean, iracurtzen degu liberalqueriya dala erlijiyorican gabeco politica». Azkenik, arrazoi komertzialak ere egon bide bazeuden: «M. Gazeta liberalak nabarmenquiro edo osoro gaiztoac direnean, El motín, El globo, El liberal, eta beste asco becela, catolico onai izua ematen diye, bañon aurretic aitatu diran bi gaceta ayec, La época eta La unión alegia, piscanan eta ezcutuban dacarte puzoya, eta gaitzic ez dutelacoan catolicoric onenac ere iracurtzen dituzte gaceta oyec, eta iguerri gabean becela, irintsitzen dute berac dacarten puzoya. l. Euscal Erriyan cer gaceta ditugu caltegarriyenac? M. La voz de Guipúzcoa, El noticiero bilbaíno, eta oyen antzeco beste batzuec». Napartheid komikiaz ote zen?

 

Bilaketa