literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jusef Egiategi xiberutar ilüstratia

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-9-15

 

        Arras aisa balezakete asma euskara gurea vox vulgaris tankerako elekatze zabar eta desorekatzat eukitzeko joera dutenek. Euskarak ez duke balio goren mailako abstrakzio kontzeptualizatuak adiarazteko. Ezta urrik eman ere, elkor antzua baita. Gaztel mintzaira setazko kultur transmisio eragile deno, herri txipitakoa justu bordetako mintzoa genuke, horixe ere ezpada, hautsez beteriko mandio ahaztuetan utzi beharrekoa. Beste hariko ezpala. Susmoa dut zioa silogismoen aurreko zatietan dagoela, eta ez hitzen egituretan edo hiztegietan. Gaztelau andeatzaileak ezpatakadaz gure berba zilotzen saia denerako, xafla zorrotik elki gabe diraugu. Zauri bainan ez herioak mende. Ez oraino. Beraz, ateratzearen ber ez litzate biziki arraroa izanen XVIII. mendean euskaraz eginiko filosofia liburu bat ildo entziklopedistaren gerizapean kausitzea sinesgaitza zinez gerta dakien: «Jakintzüek dakie hüskara ama mintzoetarik dela bata, hartakoz ere jinkoak eman zereion obedantza güziak dütiala, bena delakoz zeiakinen saldoa hanitzez jakintzüena beno handiago, ta hen üstiala hüskara lizatiala hiztera nahasi bat, ezkiderik, jarraikirik elükiana bakhotzik, halako basa sinhestearen garhaitzeko. Ehünetan entzünik gaude, hüskaratik lankhei honik sorth'eztaitekiala».

        Andozeko Txomin Peillen Parisko xiberutarrak aspaldi batean jada Jusef Egiategi zenaren berri utzia digu. Euskaltzaindiak euskal klasikoak ezagutarazteko duen bilduma sail geldoan, eta horren seigarren zenbakiaz hornitua, bazen atera 1983. urtean argira Bizkaiko hiriburuan xiberutar horren Lehen liburia edo filosofo huskaldunaren ekheia izenburuko lan mardula. Sarrera batean, Txomin Peillenek berak aitortzen du nolatan liburu horren ezagutzera ailegatu zen. Antza 1966. urte inguruan, egokitu zitzaion Pariseko Bibliotheque Nationale delakoan egotea. Profitatu bide zitzaion, hortxe eskuizkribu baten aipamena ediren baitzuen «Départament des manuscrits» izeneko sailan 155 zenbakiarekin, Le philosophe basque, copie sur le edition de Francfort, 1785 aleghia. Eskuizkribu hau aipatu hiri germanikoan agertzekoa zen Beiñat Edelmanen moldizkidian esan urtean eta izenburu honen azpian: Filosofo húskaldünaren ekheia Juseff Eguiateguy, Züberoan Errejent denaren obra (Studium, operaque ponenda in philosophando, non arbitrantur, def. Ag.). Hauxe 1750. urte inguruan egina zatekeen, eta lan erraldoi baten lehendabiziko zatia baino ez litzateke. Egiategiren asmoa lan entziklopedikoa sortzea zen edo Lino Akesolo karmeldar jakintsuaren hitzetan: «obra en cuatro libros de enciclopedia práctica». Lehenengo liburuki honetan berrogei kapitulu edo, Egiategik darabilen bezala, berezita daude, gai ezberdinei buruzkoak, besteak beste, bertüdia, nekezia, baloria, izkontzia, axolgabia, egia, amorioa, lotsa,... halarik ere, badira oraino beste 39 kapitulu galdurik dirautenak, ezin interesgarriagoak agi litezkeenak: soldado güdarietzaz, herria edo bakia.

        Bigerren libria Pariseko liburutegian da, sail bereko 154 zenbakiarekin. Ale hau liburuki lodixka bat dugu hiru zatitan banandua, lehengo bat Oihenarteren esarea bilduma 50 orrialdetan barna beren frantses itzulpenarekin 538 zenbakiraino: «Obra hau hirur partetan erthailtürik dagoena. Lehena Mosde Oihenarterena. Bigarrena eta hirurgarrena harenaren üdüriala direnak ez izanik ere, irakurtez ta gogamenez parropiazko errejent mehe batena». Bigarren zatia beraz Oharkerac, esanguiac eta bibétac, Juseff Eguiatéguic Zuberoan errejent denac bildu dutienac. Hirugarren berriz Mundiaren berritzias Mosde Etcheberriren gogomenac. Bi hauek filosofia eta historia entziklopedia txikiak dira alfabetikoki paratuta eta autzerdarazko itzulpenarekin. 1778. urterako egin bide zituen.

        Gogoratu beharreko hirugarren liburua, Aberastarzun guzien guiltz bakhoitza, liburu hirurguérréna, etcheco andere hüscalduna etchalteco lanêtzas jakinturic aberatz guerthuren dena, Anjel Irigaraik idorokitua eta ezagutzera emanikoa dugu. Honen eraginez erosi zuen Gipuzkoako Aldundegiak. Etxe ekonomiazko liburu hau Paben agertzekoa zen 1782.ean, bertako Cordelieren khantian zegoen J.P.Vignancourtaren moldizkidian. Eskiribazaliren bissaori izenburuko sarreran Andre Margaita Basaburuarra iz«eneko neska ziberotar baten kontaera dakar. Bere bizitza Parisen eman ostean, eta dirutza ederra bilduta, herrira itzultzea deliberatzen du. Etxera deneko apez eta parropiako andereen lausengu hirotu baino ez ditu jasaten, gaztetango lagun baten bisita izan artio, eta berarengandik Ziberuko benetako egoera negargarriaren berri jasotzen du. Aferari aurre egin nahian, liburu bat idazteko mandatua uzten dio errejent liburu egile famatu bati.Segituan, Egiategiren liburua garatzen da zenbait kapitulo edo berezitan, haietako bat eta luzeena erlietzaz izenekoa izanik, besteen artean.

 

Bilaketa