literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Joanes Otsalde Iruñeko ferietan

 

Joxemiel Bidador

 

Diario de Noticias, 2002ko Sanferminak

 

        Baigorriko Nafarroaren Eguna festaren karian behialakoan bi Nafarroez mintzatzeko Zaldiko Maldikokoek luzatu konbitari errefuxatu ezinean hortxe izan ginen hizlari Noel Elorga euskaltzale porrokatua eta biok aintzineko Zakudinda karrikako Erraldoien Txoko udal aterbe berrituan. Eguneroko errealitatean bortupeko penintsularrak eta bortugoitiko kontinentalak elkarrengandik zinez urruntzen gaituzten aldeak afari bitartean azaleratu zituen bidarraitarrak, izan ere, eta probokaziorako asmorik ez izanagatik, neukan eta dudan ikuspegi banatzailea neronek mahaiganeratu ostean, sobera zuzen ez baitzeritzon Elorgak prediku aretoan berean bide horretan tematzeari. Horretan bada, kontatu zigun enpresa gizonak zertan izan zen bere lehenbiziko itzulia Iruñe aldera, Sanferminen aitzakiz eta ahaideren zenbaiten bisitari aitzakiapean. Etxeberri klasikoaren hitzak murtxikatuz, Euskaldunon Hiri-buruzagira hurbildutakoan nabarmenegi zitzaion Elorgari paisaiaren higatze goibela, ihartze basatia, Esteribar oro siku ez baita. Mazela berde eta hegi belartsuei baizik ohitua ez dagoenarentzat kokuerri beste kontinente batean sartzea bezalakoxea liteke, hainbatean adituriko Algeria ezezagunean bezala edo. Lehenbiziko inpresioa hala edo nola liserituta, hiriko zurrunbilo txuri-gorriaren barruan horrezkero, bazkalaurreko aperitifa irensteko orenean, jateko zer atera eta olibak, azeituna beltz zapaldu horietakoak, hemen ere geroago eta gutxiagotan ikus daitezkeen horietakoak. Zomorro beltzak zirelakoan, kakalardo erraldoiak ozpinetan edo, bat bera ere ez jatearekin batera estrainekoz sentitu zuen nazka okaztagarriak bizi osorako oliben jatetik libratu zuen gure Elorga. Ez da filusea gero.

        Ez zituzkeen halako larderiak Joanes Otsalde Etxetxurik, lurtarra zenez geroz lurtar. Noel Elorgaren sorterrikidea, Baxe-Nafarroako Bidarrain jaio zen beraz, 1814ko irailaren 28an baina. Ez dira gutxi bertsolari ezagun honen berri eman digutenak. Lehenbizikoen artean Jules Moulier Oxobi zena, apaiz alegigile findua, bidarraitarra halabeharrez eta Otsalderen beraren garaikide labur bazen ere, bertsolaria 1897ko abenduaren 13an zendu zelarik alegigilea bederatzi urte eskas baitzituen: «Bidarrain sortua nuk mendien artean / Hik ezagutu dukan etxeño batean / Hire koplak ikasi ditiat haurrean / Doidoi nindoalarik zangoen gainean». Honek bada «Oxalde: nortsu zen eta zertsu bizitze ereman zuen» eman zuen argitara Gure Herria aldizkaritxoan 1950ean. Eskola frantsesean ez sobera higatua, deskribatu zigun Urkizuk berriz, gaztetan libertizionia maitatu zuena. Heldu arora iritsi berri zela 1832an ezkondu zen Otsalde, Aiherrako Maria Peydouvan neskatxarekin, hamaika seme-alaba edukitzeko beta aisa eman ziena. Tajuzko ogibidea hartu beharrean familia luzearen aitzina aterako bazuen, eta 1838an guarda sartu zen, nahi baino gehixeago zotukatu zituen lanbidea bestalde: lehendabizi Sarara, handik Lekornera, azkenik eta 1859az geroz Beraskoitzen ibiltzeko. Noiz edo noiz, ordea, eta lanaldiaren asperdurak nahikoa unaturik bide denez, guardekoa largatu eta Ameriketara jauzia egin zigun Otsaldek, Argentinako Gualegira zehazki, alabainan hango bizimoduarekin ez sobera laketurik, bertsolari handia etxera itzuli zen, eta orduan betiko.

        Ez ziren guardetako lanak Otsalde ezagunarazi zutenak, ezpada bertsoetarako zuen dohai paregabea, nolanahikoa ez zatekeena nabarmengarri suertatu zenerako koblari haundien garaian: Etxahun, Bordel, Larralde, Elizanburu... Oxobiren esanetan, herriko pesta, tobera, eztei, pilota-partida, berrogei urtez ez Baigorritik Maulerat, aipagarri bilkurarik izan Eskual Herrian Otxalde bertsolaria gabe, orai duela mendetsu bat drixolari jaunen jaun bazabilan. Gehigizko dirudien arren egiatik ez omen zen sobera desbideratu alegigilea. Asko dirateke galduriko bertsoak, baina iritsi zaizkigunen artean badira honen erakusle garbiak direnak, esate baterako Irisarriko Toberetarako 1883an jarri zituenak, Pepa eta Koakin, Elizaberri Arbaindeko ostalari eta Bordako Pepa Etxepare neskatoaren arteko berri lizunak zehazki eta altu ematen dizkigutenak. Izan ere, ez baitzen Otsalde eginikako bertsoez ahalketzen zirenetakoa, eta zenbaitetan ere, paperean pausatu eta saltzeko ausardia izan zuen: «Bi sosetan kopiak ez tira garasti / Aurthen nahi duienak paperik erosi». Ezagun da, bestalde, Otsaldek Etxahuneko Piarres Topet koblakari barkoxtarrarekin izan zuen harreman ona, «Etxahun eta Otsalde» famatuan betiko zizelkaturik jasota geratu zitzaiguna:

 

                «Etxahun Ziberuan, Otxalde Lapurdin,

                Buruzagi dirade kantore egitin

                Ezkutuzu gu beldur nur-nahi jin dadin

                Erranen diezugu orotan Uskal-Herrin

                Jokaturen dugula her plazer zaienin».

 

        Otsalderen trebezia XIX. mende akaberako Abbadieren lore joko mardoetan ispilatu zen distirant, behin baino gehiagotan gailendu baitzen antzikur poetiko hartan, mirail ezinago literario hartan: «Kantu berriak Urruñako pilota partidaren sujeten gainean emanak» (Urruña, 1851), «Enperatrizari» eta «Soldado ondoan» (Sara, 1868), «Kilo egilearen kantuak» (Sara, 1878), «Beranteko urrikiak» (Maule 1880), «Madalen Larralde» (Donibane Garazi, 1894),... Otsalderen bat-bateko bertsorik iritsi ez bazaigu ere, sariketetan aurkezturiko bertso-paper hauek bertsogile bikaina zela argikiro frogatzen digute, teknikoki akasbako bertsoak baitira, neurririk zailenetan eginikakoak gainera. Honen adibiderik ezagunenetakoa hamar ahapaldiko bertso-sorta umoretsu bat dugu, «Iruñeko ferietan», Otsaldek Sanferminetako abere azokan noizbait edo, norbaitek bizitakoen inguruan eman zigun bertso sorta narratiboa, neurri zail eta gutxitan erabiltzen den horietako batean, zortzi silabako sei lerroko koplak, hirugarren lerroak ezik, beste guztiek errima bera dutela. Askotxo dira Iruñeko agintariek Sanfermin hauetarako aldatu nahi dizkiguten gauzak, gehiegi ausaz, eta ganadu feria ere ez da libratu, bada arrazoiak arrazoi eta zergatietan sartzeke, kontua da tokiz Erripaldako Garitonera aldatu digutela aurtengo honetan. Otsaldek harilkatutakoak, ordean, zaila duke kanbiamendurik, eta azienden salmentetan oraino maltzurkeria kokina nagusi dugu ezpairik gabe. Hortaz, eta Artozki luthierrak bezala astotan interesik duenak, balia ditzan Otsalderen hitzok, erosteko ezpada behinik-behin, kantutan libertigarri agitzen baitira osoro.

 

                «Iruñeko ferietan

                Iragan Sanferminetan

                Ehun zaldi arribatu

                Andaluziatik tropan

                Merkatu eder bat zautan

                Zaudelarik bi lerrotan

 

                Bat zen pikarta xuria

                Hartan bota dut begia

                Andaluzak egin zautan

                Bi untz-urreren galdia

                Eskain orduko erdia

                Hartzak, hire duk zaldia

 

                Han nintzen harrapatua

                Aginduaz dolutua

                Urruntzeko izan banu

                Hirur arditen lekua

                Gizonez inguratua

                Iduri preso hartua

 

                Zeruko Jainko Jaun ona!

                Zerk ekarri nu ni huna?

                Andaluz bat zazpi urtez

                Presondegian egona

                Laburzki mintzo zautana

                Konda niri hitzemana

 

                Jauna nahi dut pagatu

                Bainan lehenik miratu

                Zaldiaren miratzeko

                Denborarikan ez duzu

                Orai soma konda zazu

                Gero miratuko duzu

 

                Han nintzen plaza betean

                Jende ainitzen artean

                Gogoeta hau egin nuen

                Orduko estremitatean

                Bertze nunbait pasa niro

                Jaun hori puñal batean

 

                Eman orduko kondua

                Eztitzen hasi mundua

                Garistutik hartu nuen

                Delako behor mainkua

                Emanik behar dirua

                Hustu bainuen lekua

 

                Utzirik bide ederra

                Hartu dut oihan bazterra

                Zaldia nuen desferra

                Begi batetik okerra

                Usu soinatzen kitarra

                Eztularekin uzkerra

 

                Nunbaitik argi aldera

                Arribatzen naiz etxera

                Nere andrea etorri zaut

                Argiarekin atera

                Jarri behorrari beha

                Ez baitzen kontent sobera

 

                Horixe da behor txarra

                Eta bertzalde xaharra

                Hortan gastatu dautazu

                Familiako beharra?

                Bisosetan sal nitzazke

                Zaldia eta senarra.

 

Bilaketa