literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Bizkaitar bidaialari biz

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-9-15

 

        Bada euskal literaturan uste ohi dena baino emankorragoa den atala, bidaietako testuei dagokiena hain zuzen ere; gure honetan Duqc, Joanategi, Bengoa Akordabeitia edota Anabitarteren liburuak aipatuak ditugu honezkero, alabaina genero honi letxezkiokeen beste zenbait idazki badira aipagai, besteak beste, Bilbao marinelarenak edota Olabarri misiolariarenak

 

        Bilbao

        Hiru bat urte dira Aranbarri-Izagirre tandem emankorrak Batxi Bilbaoren berri naroa eman zigula honek Euzkadi eta Napartarra argitalpenetan ateratako izkribuen bilduma ederraren bitartez, Hau mundu arrano hau. Euskal literaturaren kronikatzar, historia eta krestomatietan idazle honen gainean ezer gutxi agertu ez bada ere, Izagirre faktoriakoak ez ziren etsi eta aurrera egin zuten idazle bizkaitar ahantziaren arrasto urrien atzetik. Emaitzak bistan dira. Juan Bautista Bilbao Elgezabal 1887ko irailaren 7an jaio zen Arratzuko errementariarenean. Gazterik gazte sartu zen itsasontzietan maiordomo gisa, eta nahikoa gazte ere Jesusa Zabala mendatarrarekin ezkondu eta hiru alaben aita bilakatu zen Gernikan. Lehenengo Mundu Gerrak ikaragarriko mozkinak erakarri zizkion Bizkaiko nabierei neutraltasun plantan batekin eta bestearekin trafikatzen jakin izan zutelako. Batxi idazlea itsasetxe hauen biktima izan zen, eta 1915 urte osoa Euskal Herria jo gabe portuz portu eman ostean 1916ko urtarrilaren 16an zendu zen, bere itsaskide ia guztiak bezala, Palicetik 40 miliara Bayo izeneko itsasontziak mina baten kontra jo zuenean.

        Jeltzale sutsua, Sabino Aranaren zirkulukoa zen Gernikan, Aranbarri-Izagirrek jasorikoaren arauera, eta bere etxean Aranaren beraren gutunak bazeuden, tamalez bonbardaketan galdu zirenak. Honengatik ere, Batxiren kronikak oro Euzkadi egunkarian eta Napartarra astekarian azaldu ziren, lehenbizikoan gutxiz gehien. Idazle oparoa, 1913ko abendutik 1916ko urtarrilera bitartean berrehun kolaborazio inguru igorri zizkien esan argitalpenei. Hiru motatakoak dira bere artikulu guztiak, edo Gernikako etxean idatzitako bertako kronika alderdikoi eta publizitarioak, edo saio moduan agertu zituen ipuinak, «Euzkadiko ipuñak» eta «Herri sekulakue», edo, finean, atzerriko kronikak, bere lanik nagusia, interesgarrien eta borobilen, Euskal Herritiko urruntasunak lagundu baitzuen ideologia jeltzalearen aldeko lan proselitista eta publizitario ez egiten, kosmopolitagoa baina, euskarazko kazetaritzan guztiz gauza berria zena.

 

        Olabarri

        Markos Olabarri Arratia aldeko Diman jaio zen. Fraide hirukoiztar sarturik Erroman burutu zituen ikasketa nagusiak eta Madagaskarrera egin zuen misiolari 1949an. Afrikako uhartean urte purrusta emanik, Euskal Herrira itzuli zitzaigun 1990ean adinean sarturik. Alta adinak ez zuen misiolari izandakoa guztiz makaldu, eta idazlanei zeharo atxekirik, zenbait euskal aldizkarietan hasi zen idazten. Aiurri haundiko gizona izanki, misiolari hirukoiztarrek Madagaskarren bizitakoak eta jaso zituen liburu batean, Euskaldun batzuen abenturak izenburuko liburuan hain zuzen, Bilboko Ega argitaldariak 1993an karrikaratu zuena, Lino Akesoloren sarrerarekin eta guzti.

        Liburua hasteko, irlaren berri laburra ematen duen hitzaurrea dakar Olabarrik, ohiko atlasetan komunzki agertzen ez diren datu elirekin, hango etnien berri esaterako: antaifasy, antaimoro, antaisaka, antanbahoaka, antandroy, antankarana, antanosy, bara, betsileo, betsimisaraka, bezanozano, merina, sakalava, sihanaka, tsimihety, mahafaly, tanala, vezo... Liburuaren eitea, ordea, nahikoa autobiografikoa da: Madagaskarrera atera baino lehen Marsellan emaniko egunen berri ematen digu Olabarrik, baita bertan hartu zuten Eridan itsasontzian Madagaskarko Toamasina hiriraino eginiko itsas-bidaiaren ingurukoak ere. Ondoan datozen hamar kapituluetan barrena pasadizo, gertaera, kontu-zahar, ipuin, deskribapen eta beste plazaratzen ditu Olabarri misiolari zaharrak, kapitulu gehienen goiburua zonalde bati dohakiolarik: Soavinandriana, Maintirano, Ankadinondry, Bevato, Fenoarivo, Antananarivo, Tsiroanomandidy...

 

Bilaketa