literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Euskal eskolaren hasi-masiak: Iturriaga

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-9-1 eta 200-9-8

 

        Ikasturte berri bat hastera doan honetan, hona hemen euskal eskolaren aurre-historiaren pasarte interesgarria, Iturriaga hernaniarrak XIX. mendeko lehenbiziko erdialdean gorpuztu zuena hain zuzen ere

        Ez dakigu egiazki zeintzuk izan zitezkeen arrazoiak edo zerk bultzatu zuen gure hernaniar hau, baina zalantzarik ez dago honetan. Iturriaga hirugarren abizena dugu, ez ordea lehenbizikoa, ez eta bigarrena, Larramendik egin zuen antzera. Baten batek esan du bere lehengo abizenaren ageriko erdaltasunak eraginda izan zitekeela, baina orduan zergatik aukeratu hirugarrena eta ez bigarrena? Aitaren deskarguan? Edozein modutan ere, gure artean Iturriaga iragan zaigu ezagun, eta ohiturari muzin egin barik, guk ere horrela deituko dugu, bego beraz Iturriaga. Guztiarekin, ez legoke sobera oso bere aikoen estratigrafia xumea egitea, hobekiro kokatzearren baizik ez bada ere.

        Agustin Inazio Maria 1778ko urtarrilaren 31an sortu zen Hernanin, bataio agirietan agertzen zaigun bezala. Aita Juan Jose Pascual Iturriaga zuen, eta ama Maria Antonia Ugalde Amitesarobe. Aita Errenteriakoa zuen eta ama berriz Hernanikoa; Pascual abizen errefusagarria antza Errioxa aldeko Autol herritik Errenteriara heldu Andres aitatxiari zor zion. Ikasketak Andoaingo apezgaitegian nola Oñatiko unibertsitatean burutu zituen, eta 1804 edo 1805 urteez geroztik bere sorterriko apez lanetan bagenuen. Alabaina, apez bezela egin zuen lanarengatik ez zen ezaguna bereziki, irakaskuntzan burutu zuenarengatik baizik. Apeztu aitzin arrakasta handiz irakasle lanei atxekirik bazegoela badakigu. Edozein modutan ere, hatsarri garrantzitsua dugu 1817 urtez geroztikoan garatutakoa.

        Herriko zenbaitzuk bultzaturik edo, urte hartan Hernanin eskola berri baten eraikitzeko baimena eskatu zien Gipuzkoako batzar nagusiei. Esangabe doa eskatutakoa onartua izan zela. Ez zegoen bakarrik, ordea, zeregin hauetan. Lanak Kaietano anaia eta Manuel Larrarte maisu eta organujolearen artean banatu ziren. Agustinek erdal gramatikak irakatsiko zituen: gaztelera, frantsesa eta latina, baita kristau doktrina ere. Bere anaia Kaietanok berriz matematikak eta geografia. Eta azkenik, Manuel Larrartek irakurtzen, idazten eta musika. Berebiziko arrakasta izan zuten, eta Gipuzkoatik ezezik baita Nafarroatik ere etortzen zirenak ez omen ziren gutxi.

        Irakaskuntzak Iturriagari sortarazten zion kezka nagusia, ordea, euskera bera zen, Iztuetari eginiko gutuneria mardoan irakur daitekeen bezala: «Orain dala saspi urte humechoaquin dempora iragotcen nubenean esagutu nuben cer eraqueria andia eguiten zan emengo escoletan erderas gaztiai iracurtcen eracustearequin, izanic milla bider errasago eusqueraz icastea eta eracustea». Hori zela eta, 1830ean Arrasaten bildurik zeuden batzar nagusiei igorri salaketa batean Gipuzkoako irakaskuntzaren egoera saminki deskribatzen zuen Iturriagak. Erdararen aurka zuzenki jo gabe, euskararen irakasteko beharraz ohartarazi nahi izan zien batzarkideei. Honek guztiak aski argi azal litzake lehenbiziko bi lanen nondik norakoak. Izan ere, 1841ean Arte de aprender la lengua castellana para el uso de las escuelas de las primeras letras de Guipúzcoa 85 orrialdeko lanttoa agertarazi baitzuen, eta 1842an berriz, Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa. Biak Hernanin agertu ziren, bada: «No habiendo podido conseguir que Baroja, ocupado en la obra de la revolución francesa, se dedicase por mucho tiempo a la impresión de mis libritos para las escuelas de primeras letras, me he resuelto a hacer aquí mismo una pequeña prensa y a divertirme yo mismo en su publicación, desengañado de todo lo que depende de voluntad ajena».

        Lehendabizikoaren izenburuaren azpian, aisa ikus daiteke Larramendik hernaniarrengan zuen aitagoitasuna eta eredua —oroit bedi Larramendiren El imposible vencido gramatikak duen azpi-izenburua, hau da, Arte de la lengua bascongada—, Iturriagak Iztuetari esan zionez: «Llevo adelante mi gramática que tendrá por título Compendio fraseológico de la gramática del Padre Larramendi o cosa semejante. De este modo se conseguirá más fácilmente la licencia de imprimirla y nosotros conseguiremos una equivalencia de la reimpresión del Imposible vencido». Bigarrenaz esan daiteke aski argi dagoela Iturriagak ez zuela asmo literariorik, eta irakaskuntzara aiduru zegoen gogotik eta zeharo. Nolanahi ere Bonaparteri egundoko laketu zitzaizkion itzulpenak, eta bigarren edizioa apailatu zuen, Londresen 1857an ageri zena. Louis-Lucienen asmoak betetzera zetorren huraxe, ordea, ez eskolakoak Iturriagak nahi bezala, eta horrenbestez printzeak beste hiru euskalkietako aldaerak gehi frantses testuarekin atera zuen liburua, horretarako Duvoisin, Intxauspe eta Uriarteren lankidetza izan zuela, nork bederak zegokion hizkelgian naski. Harrez geroztik ere, edizioak ugari izan dira.

        Iturriagaren hirugarren lana, berriz, Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano con un diccionario vasco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos izan zen, 1842an ageri zena, orduan bai, Donostiako Barojarenean. Alegien liburuan nabariagoa da Iturriagak zuen helburu literarioa, ez aurrekoetan bezala, eta hortaz, bertsoz emanda tajutu zituen bere animalien ipuiak. Hauxe dateke, agian, Iturriagaren lanik ezagunena, edizio gehien pairatu duena halaber. Alta ez dira alegiak bakarrik, izan ere, Samaniegoren 55 ipuiren itzulpenarekin batera, Bergiliren lehenbiziko eta hirugarren eglogak, San Ignazioren martxa eta ezpata-dantzaren hitzak baitaude liburuan jasorik.

        Eskolaren gaira itzul gaitezen baina. Iturriagaren asmo pedagogikoak ez zetozen batera XIX. mendean zegoen errealitatearekin, are gutxiago gainera euskararen puntuan. Jada ahitua zen argien mendean alfabetizazio portzentaiak ez ziren ezertan haunditu, ez eta hurrik eman ere, eta zenbait kasutan ere nabarmen txipitu ziren, izan ere, populazioaren hazkundea eta hezkuntzarena ez baitziren proportzionalak izaten. Bere bigarren lanerako tajutu zuen sarreran bere asmo pedagogikoen nondik norakoak eskeini zizkigun Iturriagak, baita euskararen inguruan zuen juzkua: «Es muy de extrañar que siendo el romance la lengua de nuestro gobierno, y cuando los señores maestros de primeras letras encargados de enseñárselo a sus discípulos, por sernos a los bascongados necesario e indispensable a unos, útil a otros y conveniente a todos, no se hayan proporcionado medios auxiliares, que faciliten su enseñanza. Sin embargo son estos tanto más necesarios cuanto que el genio del romance es diametralmente opuesto al del bascuence». Euskaraz ere honela zioen: «Eraqueria da uste izatea iscuntza bat bestea baño gaitzagoa dala. Eusqueran ez du beste cer esanic autsez betea beti vici izatea besteric».

        Azken buruan, Iturriaga beldurrez zegoen ea bere liburuak onartuko zituztenentz. Arazoak izan zituen jada ideologia mailan, baina euskarak, Gipuzkoa batean inokuoagotzat jo zitekeen gauza izanik ere, bere zama ideologikoa ere bazekarren berekin nonbait. Lehenbiziko liburua argitara eman baino lehen, jada Hernaniko eskolan erabilia izan zen metodo hura, esperientziaren lekukotasunarekin arrazoi erantzunezina aurkeztu ahal izateko Probintziari. Helburua zen Madrildik pasatu gabe beharreko baimenak eta babesak erdiestea, haatik, Iturriaga nahikoa ezezkor agertzen zuen bere burua: «Bastará luego que la Diputación o la Provincia recomiende a los pueblos su uso, para que se introduzca en las escuelas y lograremos nuestro objetivo sin necesidad de recurrir a la Junta de Inspección de Madrid, donde puede haber enemigos de nuestra lengua, y aquí enemigos de otra especie en la junta de inspección del país».

        Bestaldetik ere, eta esan bezala, Iturriagak bere eskolan erabiltzen zituen metodo pedagogiko berriak ez ziren guztien gustokoak, ez eta Hernanin nola Donostian burutzen ziren tertulietan parte hartzen zutenena ere. Hau dela eta, 1822an Hernanin aurkeztu salaketa batean zeuden izenetako bat dugu Iturriagarena: «En una palabra, y sin pasión, éste ha echado a perder a todos con su viciada y falsa filosofía, por cuanto su maestro seductor los tiene imbuídos en la falsa y perniciosa doctrina del infame Voltaire y de los protestantes». Hau dela eta, 1823az geroztik, Hernaniko ikastetxea itxi behar izan zuen, eta lehenbiziko karlistada bukatu zela, ihesean joan zen Iturriaga, lehenbizi Hondarribia eta Zestoara, eta geroago, Lapurdiko Milafrangan zegoen Larralde gaztelura, Arkaingotzeko markisaren babesera. Iturriaga ez zen 1840ra arte berriz ere Hernaniratu, baina orduan ere arazoak oro ez zeuden guztiz jabalduta. Lehenagoko etsaiekin hartzara topo egin zuela, hauen amorrazioa arragoritu zen neurriz gain, alabaina hauek berek Iruñeko apezpikuari helarazi zioten ohartxo haserretuan Iturriagak gotzaiaren babesa zeukala atzeman daiteke, garaiak, hagitz izukaizki ez bada ere, aldatzen hasiak zirelako seinale: «Se ha presentado aquí ese hereje consumado con el descaro que acostumbran los herejes, y según parece con todas las licencias de su Ilma. para predicar y confesar».

 

Bilaketa