literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Zenbait edizio faksimil berriez

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-7-21 eta 28

 

        1. Euskal testu zaharrak laket ditugunok pozez hartu dugu oixtian karrikara zenbait faksimilen ateraraztea, tartean orain arte guztiz kausigaitzak direnak ere bai.

 

        Voltoire

        Ez da luze igaro gure «Klasiko bitxi arront klasiko» zutabe honetan NUPeko liburutegiaren altxorrez iharduki genuenetik. Orduan NUPeko liburutegian gordetzen diren liburu baliosen artean Xuriorena eta Voltoirerena azpimarratu genituen, eta Voltoireren Tresora-ren berri ematerakoan akats larria labandu zitzaigun, izan ere, berriki agertu den liburu honen azken faksimila ez baitu Xarrittonek atondu Xarles Videgainek baizik. Bihoa ezerren aitzinetik geure barkamen eskea huts galanta honengatik, izan ere entzunez aritu baikinen edizio berri honetaz, anartean eskuraragabe genituelarik. Azkenik, noiz edo noiz iritsi da Iruñeko liburudendetara, ale bakan batzuk baizik ez badira ere.

        Videgainek prestaturiko edizioa, bestalde, princeps-a dugu, 1620koa hain zuzen ere, eta horrek ere berebiziko balioa gehitzen dio fotokopiari. Voltoireren L'interprect ou traduction du François, espagnol et basque lehenbiziko edizio honen liburuki bakarra geratzen zaigu, jada Vinsonek argitu zigun gisara, Bordeleko liburutegian gordetzen dena. Arras zehatza zen Vinson jaunak, bestalde, ez zigun edizio honen argitaratze urtea eman, XVII. mendekoa zela baizik ez. Videgaini esker, ordea, orain badakigu Voltoireren liburu hau lan goiztiar oso izan zela, 1620koa hain zuzen, eta liburu zaharrenekin agitu antzera, Euskal Herritik kanpo Lyongo A. Rovyer erregearen inprimatzaile baitan agertu zen, ondoren atera edizioekin gertatu zenaren kontrara.

 

        Escualdun cocinera

        Voltoirerena ez da Manucius deitu editoreek atera faksimil bakarra. Iruñeko liburudendeetara 1864eko Escualdun cocinera famatua ere iritsi zaigu. Honen faksimila zerbait zaharxeago da 1999ko abenduan agertu baitzen. Escualdun cocinera, ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baiteçaque Baionako Zilhargin karrikako 12. zenbakian zegoen Cluzeau liburu eta paper martxantaren baitan izan zen inprimaturik idazle-izenik gabe, alabaina ia gauza segurra da egilea sukaldariago zela euskal idazlea baino, hasierako oharrak salatu bezala, «Liburu huntan hanitz gauça frantxes guisa izendatuac içanen dire ezdazkiulacotz escuaraz icenac». Hirurogei horrialdeetan barrena 150 errezetatik gora eskeintzen dizkigu egile sukaldari ezezagun honek, bat bedera goxoago, eta tartean edari ezin kilikagarriagorena ere bai. Hona hemen etxeko kirsch wasser delakoa: «Hartcen tuçu guereci hechurrak, crascatzen tuçu eta botatcen agoardienterat. Uzten tuçu goçatcerat abricot hechur amandaric gabiak eman ahal içan arte. Usten tuçu oraino goçatcerat bi ilhabete, guero pasatcen duçu. Kirsch wasser guisa hau hain ona da eta gostu bera du çoina erosten beitute hainitz khario, eta proguechu bera estomakeco».

        Alabaina, santujaleetan horren oparoa den geure literatura urrian honakoa ez da argitara emaniko sukaldaritza lan bakarra. Tolosako Eusebio Lopezen moldiztegi ezagunean Cocinan icasteco liburua chit bearra famili gucietan lendabicicoa eusqueras izenburuko liburua atera zen 1889an, 58 orrialdeko liburuttoa 67 errezetekin hain zuzen. Honetan ere ez da egile izenik agertzen, eta inolako sarrerarik gabe zein inondik inorako kokagarririk aurkezteke, «gaztelako eltze modua» izeneko errezetarekin hasten zaigu testua. Izenburuak argikiro salatzen digunez, egile ezezagun honek ez zuen ezagutzen oraingoan Manucius-ekoek ateratako faksimilaren jatorrizkoa, eta hortaz «lendabizikoa euskeraz» ezarri zion. Oraingoan aukera polita daukagu iparraldeko errezeta bilduma ezagutzeko, alabaina, eskertzekoa zatekeen testu zaharrarekin sarreraren bat sartu izan balitz errezeten kokagarri.

 

        2. Iruñeko liburudendetara iritsitakoen artean Leopoldo Zugazaren zaintzapekoan inprimaturiko hiru liburu daude, Mogel eta Zamakola bizkaitarren bana, eta Euskaltzaleak elkartearen asmoak jasotzen dituen hirugarren bat. Leopoldo Zugaza euskaltzale ezaguna liburuaren munduarekin hertsiki lotuta dagoen pertsona da. Durangoko liburu azokaren sortzaile eta bultzatzaileetakoa, editorea dugu, baita Gaiak aldizkariaren sortzailea 1976az geroztik. Oraingo honetan, Zarauzko Olerti Etxea izeneko argitaletxeak ahalbideturik, «Gizonak&Lanak» bibliofiliako lanen bilduma kudeatzen digu Zugazak, eta hortxe kokatu behar ditugu aipatu lanok. Euskaltzaleak zertarako? Acción Popular Vasca: su finalidad, su organización, su programa izenburu argigarriko lana da Zugazaren beraren sarrera eroaten duen hirutako bakarra, sobera harritzekoa ere ez dena, izan ere, Zugaza elkarkidea baita. Liburuxka polita, koloreetan eta irudiekin, 300 ale zenbakiduneko jaulkipen hau liburuzaleendako harribitxia dugu dudarik gabe.

 

        Mogel

        Juan Antonio Mogel bizkaieraren idazle klasikoaren lan batekin ematen zaio hasmenta bilduma honi, berriz. Versiones Bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos o demonstración práctica de la pureza, fecundidad y eloquencias del idioma Bascuence contra las preocupaciones de varios escritores extraños y contra algunos bascongados que sólo tienen una noticia superficial del idioma patrio izenburu arnasestugarriko itzulpen bidezko lan apologetikoa dugu, Tolosako Francisco de la Lamaren etxean 1802an inprimatu zena. Faksimilarekin batera Adolfo Arejitaren sarrera badatorkigu, Mogelen bizitza eta lanez gain Versiones Bascongadas honen kokatzeko saiotxoarekin. Mogelek eginiko itzulpen hauek argitaratu ahal izana nabarmentzen digu Arejitak gutxiz gehien, alabaina ezin da ahaztu Mogelek beste lan apologetikoak ere argitara eman zituela arazo haundirik gabe. Hauen artean Historiaren Akademiak argitara ematen zuen Memorial histórico español, colección de documentos, opúsculos y antigüedades izaera entziklopedikoko bildumaren barruan eta bere 1854eko zazpigarren liburukian agertu zen Cartas y disertaciones de don Juan Antonio Mogel sobre la lengua vascongada: disertación histórico-geográfica sobre los iberos y sicanos que entraron en Italia, en el Lacio y territorio de Roma introduciendo el idioma vascuence aipatu beharra dago. Mogelen lan hau Garibairen oroitzapenak eta erranairuak jasotzen zituen liburutzarraren epilogo moduan atera zen, baina baita aparteko liburuxka gisa ere, eta separata huraxe da hain zuzen ere orain dela bost urte Valentziako Paris argitaletxeak faksimilean atera zuena.

 

        Zamakola

        «Gizonak&Lanak» bildumaren bigarren zenbakia, azkenez, Juan Antonio Iza Zamakola Don Preciso zenaren Perfecciones analíticas de la lengua bascongada dugu, Bilboko Miserikordia etxean Felipe Moralesek inprimaturik 1822an karrikaratu zen lana zehazki. Hamalau orrialdeko lan faksimilaren aurretik Xabier Kaltzakortak ondu sarrera luzeagoa dugu, 30 orrialdekoa, ez ordea, geure uste apalean, Zamakola bezalako idazle interesgarriak beharko lukeen bezainbestekoa. Esate batera, eta adibide soil gisa, interesatuta daudenendako bibliografia ematen hasiz gero, ezin utzizkoak diren lanak ez ematea huts nabarmena litzateke, eta horra hor, besteak beste, Kaltzakortaren sarreran falta diren Basurtoren «Elementos neoclásicos...» RIEV-eko artikulua, Herguetaren Don Preciso liburua, edota Nietoren la obra de Juan Antonio Iza Zamakola foiletoa. Bestalde, eta Zamakolaren faksimilak lortu gogo luketenek jakin behar dute gorago aipatu Valentziako París argitaletxeak aspaldidanik dituela Don Precisoren lan folklorikoak salgai, baita Madrilgo lagunenak ere, Crotalogía eta beste. Valentzia urruti bada ere, París liburudendaren katalogoak errazki atxeki daitezke Interneten bitartez, beraz, klikatu ta josta!

 

Bilaketa